Artoak ontzeko erein behar dira garagarrilean; guk erein genituen uztan, horregatik geratu ginen ez buru eta ez buztan.

Neholako akordiorik gabe bukatu da klimaren COP31

NBEren klima aldaketari buruzko goi bilerak porrot egin du: Parte hartzaileek ez dute Turkia eta Australia antolatzaileek proposaturiko testua onartu. Erregai fosilen auzia eta garapen bidean dauden herrialdeen trantsizioen finantzazioa izan dira eztabaidagai nagusi. Petroestatuen eta larrialdia oztopatu nahi dutenen arteko talkaren agertoki izan da goi bilera.


2026ko azaroaren 23a
COP31 bukatzen ari zela, hainbat ekintzailek protestatu zuten bertan, bileraren porrota eta herrialdeen errua salatzeko. Argazkian, "ahalgea" edota "porrota" irakur daitezke pankartetan.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Akordio politikorik gabe amaitu da klimari buruzko goi bilera, Turkiak eta Australiak (herrialde antolatzaileak) proposaturiko testuak ez-adostasunak sortu baititu. Aurreikusi bezala, erregai fosilen auzia eta herrialde pobreenen trantsizio finantzaketak izan dira akordioa eragotzi duten gaiak. 2023an, Dubain egindako COP28an, onartu zuten erregai fosilak pixkanaka baztertzea etorkizunean, eta hari beretik, iaz, Brasilen egin zen COP30an Lula da Silva presidenteak mahai gainean jarri zuen erregai fosilen erabilera eteteko bide orria adostea. Horrelakorik ez da aurtengo testu proposamenean agertu, eta horrek ekarri du Europako Batasuneko ordezkariek, adibidez, akordioa baztertzea.

El Salto hedabideak zabaldu duen gisara, negoziazioak beste bi egunez luzatu dira, baina alferrik. Alde batetik Saudia Arabia eta bere aliatuak, erregai fosilen defentsa sutsua egin duten petroestatuak, ondorioei erreparatzen ez dietenak. Bestetik, berriz, urtero handitzen doan larrialdia geldotu nahi duten estatuak, eta horretarako erregai fosilen auzia aipatu nahi dutenak.

Frantziako Trantsizio Ekologikoko ministro Monique Barbutek, hala nola, salatu du erregai fosilen gaia baztertu izana: "Ezin dugu erran munduari 1,5 graduko berotzera heltzear gaudela, eta betan deus gertatzen ari ez balitz bezala jarduten segitu". Erregai fosilen aipamenik ez, eta karbonoa kaptatzeko teknologiei buruzko hainbat eztabaida agertu izana salatu du gainera, "egiazko arazoa ez dugula errekonozitzen erakusten du". Panamako Ingurumen ministro Juan Carlos Navarro izan da hori salatu duen beste protagonista: "Ez da onargarria erregai fosilen aipamen bat bera ere ez duen COP bat edukitzea. Zintzoki, ez dugu onartuko". Modu argian mintzatu zaie beste agintariei: "Kutsatzen duenak pagatzen du, errealitatean erraza da. Problema sortzen baduzu, konpontzen laguntzen duzu". 

Juan Carlos Navarro Panamako Ingurumen ministroa izan da COP31ko akordioa eragotzi duen ordezkarietariko bat. NBE / Kiara Worth

Akordioa eragotzi duen bigarren puntu nagusia garapen bidean dauden herrialdeen trantsizioen finantzazioa izan da. Antolatzaileek proposaturiko zirriborroan bi blokeen galdeak koordinatzen entseatu dira: batetik, garapen bidean dauden herrialdeenak, eta, bestetik, herrialde aberatsenenak. Saiakera horrek ere porrot egin du azkenean: EBko kide ainitzek erran dute "finantza krisian" direla, eta ez duela zentzurik herrialde pobreenak laguntzeak, emisioak murrizteko borondate politikorik ez badago. Bestalde, karbonoa atzemateko CCUS teknologiaren inguruko desadostasun ugari agertu dira, Europako herrialdeek adierazi baitute horrek ez dituela hidrokarburoak utziko eta berotze globala behar beste motelduko.

Orain arteko COPik luzeena izan da, baina baita antzuena ere. "Agenda orokorrari buruz akordio zabala erdietsi genuen, baina azkenean, bi kontutan baino ez da sortu desadostasuna", adierazi du COP31ko presidentekide Chris Bowenek. EBk ezarri du marra gorria, eta harekin bat egin dute Erresuma Batuak, Norvegiak, Panamak eta Pazifikoko hainbat mikroestatuk. Alta, estatu horien jarrera ere salatu dute beste batzuek, Power Shift Africako sortzaile Mohamed Adowk adibidez: "EBko gobernuek erregai fosilen bukaerari buruzko bide-orriak galdetzen dituzte, beraiek erregai horiek erabiltzen dituzten bitartean eta herrialde pobreenen trantsiziorako finantzaketa blokeatzen dutenean". Herrialde horien "hipokrisia" salatu, eta COP31 "inoizko txarrena" izan dela erran du.

Greeanpeace erakundeak, bere aldetik, porrotaren aitzinean hartu beharreko bidea argi dauka: "Esperantza ez da zerutik jaitsiko,  eta ezta diskurtso ofizialetatik ere: egunero konkistatzen da errenditzen ez den den jendarte antolatuari esker. Borrokatzen segituko dugu: Karrikan, instituzioetan, auzitegietan eta hauteskundeetan, planeta bizigarri, justu eta erregai fosilik gabeko bat lortu arte".  

Greeanpecen ekintza, COP31an. Greenpeace

 

Planetaren gehiengoak 1,5 graduko berotze limitea jasaten du jada
Klima Aldaketaren Gobernuarteko Adituen Taldeak argitaratu du txostena. Garai aurre-industrialarekiko 1,5 graduko berotzea ez gainditzea erabaki zuten gobernuburuek 2015ean, Parisen iragan zen COP21ko goi bileran. (+)
Datu zentroen kontrako mobilizazioak egin dituzte Europa osoan
Hamabost herrialdetako ehun antolakundek baino gehiagok egin dituzte protesta koordinatuak, data zentroen eraikitzeak gelditzeko eskatuz. Naturan dituzten ondorioak eta erabiltzen duten energia ugaria salatu dute. (+)
Orion hondoratutako itsasontziaren erregaiak ebakuatu dituzte
18.900 litro gasolio atera dituzte, irailaren 24tik Orion (Gipuzkoa) urperatua dagoen Gure Gaskuña itsasontzitik. Herritarren kexuaren aitzinean, itsasontzia uretatik ateratzeko plana aztertzen ari da orain Jaurlaritza. (+)
"Lurramak berriz erakutsi du laborantza herrikoia zein inportantea den gizartearen desafioei erantzuteko"
Igandean bukatu da Lurramaren 2026ko edizioa. Milaka pertsona hurbildu dira Euskal Herriko Laborantza Ganbarak antolatzen duen ekimenera, eta antolatzaileek erran dute edizioa "ederki iragan" dela.  (+)
COP31 Turkian, larrialdi klimatikoaren aurrean "promesetatik ekintzetara" salto egin nahian
Astelehen honetan hastekoa da klimari buruzko goi bilera, Turkiako Antalya hirian. Erronkak ugariak dira, beroketa klimatikoa eta haren ondorioak gero eta ikusgarriagoak dira, eta NBEak... (+)
gora