Urtarril hotza, neguaren bihotza

Urari buruzko mahai-inguruak, azoka, abereen eta etxaldeko lanen erakusketa... larunbatean Miarritzen

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak 21. aldiz antolatu du Lurrama, bertako laborantza herrikoiaren festa. Ura du aurtengo gaia eta Frantziako Ardèche da eskualde gonbidatua. Miarritzeko Irati gelan izango da, azaroaren 6tik 8ra eta bertaratzen denak gozatuko du laborantza iraunkorrean diharduten laborariek zuzenean salduko dituzten elikagaien azokarekin, abereen eta etxaldeko lanen erakustaldiekin, hitzaldi eta mahai-inguruekin, bertako produktuz prestatutako apairuekin eta kultur ekitaldiekin. ARGIA ere bertan izango da, azokan, Bizi Baratzea alorreko argitalpenak ezagutzera ematen.


2026ko azaroaren 02a
2025eko Lurramako ekitaldi bat.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Ama ura zaindu da Lurramaren aurtengo lema. Gilles Boeuf ozeanografo eta ikerlaria izango da gazaita, eta honela mintzatu da ARGIAn, Jenofa Berhokoirigoinek egindako elkarrizketa mamitsuan: “Bizidunak jakin du 4.000 milioi urtez aldatzen, eta gu ezaxolakerian gabiltza eta ez gara gai aldatzeko”.

"Ur geza lurreko edozoin gizakirentzat beharrezkoa da, alta munduan den ur guziaren %1a baizik ez da", ohartarazi du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG), aurtengo Lurrama aurkezteko prentsara bidali duen oharrean. Azaldu du uraren bolumena ez dela biziki aldatzen, baina bere zikloa bai: "Adibidez, euriteak gero eta azkarragoak dira eta uholde handiak eragiten dituzte; edo urik gabeko garaiak gero eta luzeagoak dira. Fenomeno horiek, uraren eskuragarritasuna zailduko dute gero hurbilean".

"Bizidun guzien errespetuz beharrezkoa zaigu lehentasunak emaitea uraren erabilerarentzat, justizia soziala bermatuta", EHLG

Uraren eskuragarritasuna zailduko dela aurreikusita, ura zertarako baliatu behar den (eta zertarako ez) eta justizia soziala nola bermatu behar den planteatu du Lurramak. EHLG-ren hitzetan, "Mundu honetako boteretsuenak ura berenganatzen entseatzen dira, adibidez, etxeetan piszina indibidualen garatze handia dago edo laborantzan zereal ekoizleek ura ustiatzen dute maila freatikoetako ura bazina erraldoietan stokatuta". Hausnarketarako galdera hau planteatu du EHLG-k: "Errekak idortzen direlarik, ur edangarria kutsatua delarik edo herri batzuek urik ez dutelarik… auto edo traktorearen garbiketa lehentasuna ote da?". Zentzu horretan, premiak eta apetak bereiztea eskatu du: "Adibidez, Coca Cola edaria ekoizteko ur asko erabiltzen da, alta Coca Colak ez du ura ordezkatzen ahal gure organismoetan. Bizidun guzien errespetuz beharrezkoa zaigu lehentasunak emaitea uraren erabilerarentzat, justizia soziala bermatuta".

Klima larrialdiak uraren zikloetan dakartzan aldaketeri aurre egiteko, "bizimodu berriak asmatu" eta uraren kontsumoa "berriz pentsatu" behar dugula argudiatu du EHLGk. Laborantzan ere arazo larria da ur eskasia, baina mezu baikorra zabaldu du EHLGk: "Laborantza herrikoia, etxalde ttipiekin, bere ingurunean integratua dena, eta kalitatezko elikagaiak ekoizten dituena prest da desafio berriei aurre egiteko".

2025eko tokiko laborarien azoka. Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Ura ardatz duten hitzaldi eta mahai-inguruak

Hauxe Lurramaren egitau oparoa, euskarazko itzulpen zerbitzua eskainiko duena:

Ura eta osagarria: eritu aitzin lantzekoa mahai-inguruan arituko dira azaroaren 6an, 15:00etan, Jean François Lagraula (biologikoan ari den laboraria, Ur Agentziako Bazinen Batzordeko kidea), Patrick Bonilla, Eneko Aldana (Euskal Hirigunean edateko ura eta saneamendu kolektiboaren ardura duen lehendakariordea) eta Sophie Chapelle (kazetaria, Pesticides Kids liburuaren idazlea).

Ura, zer gatazka? hitzaldia emango du Julie Trottier-ek azaroaren 6an, 17:00etan. Trottier CNRS-eko ikerketa-zuzendaria da, eta urarekin lotuak diren gaietan espezialista.

Ura eta elikadura bizia da hitzaldia emango du Gilles Boeuf-ek azaroaren 7an, 11:00etan. Boeuf ozeanografoa da eta ingurumenean berezitutako ikerlaria.

Laborarien praktikak aztertuko dituzte mahai-inguruan azaroaren 7an, 15:00etn, kide hauek: Argitxu Iturria (Garroko zuzendaria), Régis Gonnet (Ardècheko laboraria), Xabi Harlouchet (Laboraria Ahatsan) eta Hervé Damestoy (Euskal Hirigunean Laborantza, Mendia eta Arrantzaren ardura duen lehendakariordea).

Elikagaietako uraz mintzatuko dira azaroaren 7an, 17:00etan, François Joncour (Adour-Garonne Ur Agentziako kidea), Pettan Prebende (Gabadin laborari, Nouste Ekilili kooperatibako kidea), Belen Lausejo (Nafarroako Ur Bizia kolektiboko kidea) eta Régis Gonnet (Ardècheko laboraria eta Confédération Paysanneko bozeramailea).

2025eko artzain txakur erakustaldi bat. Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Bertako arrazetako 80 abere eta etxaldeko lanak ikusgai

Tokiko arrazetako 80 kabal egongo dira ikusgai Lurraman: manex buru beltza ardiak, manex buru gorriak, sasi ardiak; Pirenaika behiak, Biarnesak; Pirinioetako ahuntzak; pottokak eta abar...

Eta egun guztian egingo dituzte etxaldeko lanen erakustaldiak: behi jaiztea, ardi ile moztea, artzain txakurrak, gasna eta gurin egitea, ahuntz jaiztea…

2025eko gasna lehiaketako saridunak. Lurrama
Gasna eta ezti lehiaketak

Tokiko eta kalitatezko ekoizpenak ezagutarazteko helburuz, lehiaketak antolatzen dira Lurraman. Aurtengoan hiru lehiaketa egingo dituzte:

Batetik, Ossau Irati sormarkako gasnen lehiaketa egingo dute ostiralean, 9:00etan, eta hiru ataletan lehiatuko dira: etxeko gasna, bortuko gasna eta esnetegiko gasna.

Bestetik, herriko ogi lehiaketan parte hartuko dute 20 okinek, ostiralean 14:00etan. 

Hirugarrenik, akazia ezti lehiaketa egingo dute, larunbatean 9:00etan.

2025eko apairu bat, bertako produktuz osatua. Lurrama
Landare guneko egitaraua

Ezpeletako Biperra sormarkaren aurkezpena, hautsaren ekoizpena eta dastaketa egingo dute ostiralean, 9:30ean.

Sagarnoen dastaketa, Iparraldeko Sagarnoen sindikatarekin, larunbatean 11:00etan.

Herriko Garagarnoaren dastaketa, larunbatean 16:00etan.

Sagar prentsatze erakusketa, igandean 10:00etan, Sagartzea elkartearekin.

Arto irina eta taloak egitea, igandean 14:00etan, Arto Gorria elkartearekin.

Olio prentsatze erakusketa eta dastaketa, igandean 16:00etan, Nouste Ekilili proiektuarekin.

ARGIAren mahaia, 2025eko Lurraman. Aurten ere bertan izango da, Bizi Baratzea ildoko argitalpenak eskaintzen. Lurrama
Musika

Asteburu osoan arituko dira txarangak, fanfarre eta gaiteroak. 

Ostiral gauez Frikun eta Ezpalak taldeek emango dute kontzertua. Eta larunbata gauean Kalume, Kospeistar orkestra eta Kontrabanda arituko dira.

Bertako arto barietateei buruzko jardunaldia Donostian
2026-10-26 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 29an, 18:00etan Cristina Enean, bertako arto barietateak berreskuratzeari buruzko jardunaldia egingo du Cristina Enea Fundazioaren Haziera hazi artxiboak. Bertan, bi esperientzia ezagutzeko aukera izango... (+)
EH Biziriken hitzaldi bira, "EAEko alderdi politikoek ingurugiroaren suntsiketan duten paper aktiboa" salatzeko
2026-10-26 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 28an Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) emango dute EH Bizirikeko kideek lehen hitzaldia, eta abenduaren 12an Bilbon bukatuko dute zazpi hitzaldiz osatutako bira. Hitzaldi horietan aztertuko dute... (+)
Ongi-etorri, mantangorri
2026-10-19 | Estitxu Eizagirre
Urriaren 17an Ordiziako (Gipuzkoa) Plaza Nagusian aurkeztu zuen EHKOlektiboak zigilu agroekologikoa: marigorriaren irudia ikus zitekeen Euskal Herri osotik etorritako ekoizleen mahaietan eta elikagaien etiketetan. Goiz... (+)
EH Bilduk datu-zentroen hedapena mugatzea eskatu du "industria lehenesteko", baina bultzatzen jarraitzea erabaki du Legebiltzarrak
2026-10-16 | Estitxu Eizagirre
Eusko Legebiltzarrean datu zentroei buruzko eztabaida egin dute urriaren 15eko Osoko Bilkuran. EH Bilduk mozio bidez eskatu zuen "hipereskalako" datu zentroen hedapena "mugatzeko", eskura dagoen... (+)
Zazpi lurraldeetako elikagai agroekologikoak eskuratzeko aukera urriaren 17an Ordizian
2026-10-14 | Estitxu Eizagirre
EHKOlektiboak azoka berezia antolatu du Ordizian (Gipuzkoa), larunbata honetan. Bertan aurkeztuko dute marigorri bat iruditzat duen zigilua: Euskal Herriko etxalde agroekologikoen identifikatzailea. Dagoeneko zigilu hori... (+)
gora