Astelehenero 8:00etan zure epostan
Urriaren 29an, 18:00etan Cristina Enean, bertako arto barietateak berreskuratzeari buruzko jardunaldia egingo du Cristina Enea Fundazioaren Haziera hazi artxiboak. Bertan, bi esperientzia ezagutzeko aukera izango du bertaratzen denak: batetik, Jon Harlouchet-ek azalduko du nola ari den Arto Gorria elkartea hamar urtez barietatea berreskuratzen eta arto ekologikoaren kontsumoa sustatzen. Bestetik, Haziera hazien artxiboak beste hainbat eragilerekin elkarlanean egina duen Nafarroa iparraldeko lau ibarretako arto barietateen prospekzioaren emaitzak aurkeztuko ditu.
Arto Gorria elkarteak Ipar Euskal Herriko hamabost ekoizle ekologiko baino gehiago biltzen ditu. Izen bereko arto barietatea lantzen dute, Euskal Herriko antzinako artoetatik abiatuta. Marka komun horren pean, hainbat produktu saltzen dituzte, hala nola alea, irina eta polenta. Elkarteak, gainera, harrizko errota ibiltari bat du, etxaldez etxalde mugitzen duena, laborari bakoitzak bere uzta eho dezan.
Cristina Enea Fundazioaren Haziera hazien artxiboak antolatu du jardunaldia, eta bertako langile den Marc Badal-ek azaldu duenez, "Harlouchetek arto gorriaren historia aurkeztuko du, barietate hori berreskuratzeko egin duten prozesua eta elkarteak gaur egun egiten duen lana". Badalen iritziz, jardunaldia aukera aparta izango da ikusteko nola laguntzen duten ekoizleen arteko lankidetzak, tokiko eraldaketak eta kontsumitzaileen inplikazioak nekazaritza-ondarea bizirik mantentzen.
Biharko Lurraren Elkartearekin (BLE) harreman estua du Arto Gorria elkarteak, eta BLEko teknikaria den Manon Mercier-ek ere parte hartuko du hitzaldian.
2025ean Nafarroako iparraldeko lau ibarretan tokiko arto barietateen bilketa eta datuen azterketa egin zuten, hainbat eragileren artean: Zubietako (Nafarroa) errota eta udala, Cederna Garalur landa garapenerako elkartea eta Cristina Enea Fundazioaren Haziera hazien artxiboa. Garazi Zabaletak kontatu zuen artikulu honetan, eta udaberriko Bizi Baratzea Orrian landu genuen gaia.
Tokiko arto barietateen prospekzio lan horren emaitzak ere aurkeztuko dituzte. Eta lan horretan bildutako tokiko artoak erakusten dituzten argazkien erakusketa ere ikusgai dago, abenduaren 21era arte.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545