Astelehenero 8:00etan zure epostan
Aia, Usurbil eta Zizurkilgo udalerriei eragingo lieke Alerion Spain SL enpresak "Aitz eta Andatz" izena jarri dion makroproiektuak. Bi haize errota jartzea da haren asmoa, Ezkeltzu mendi inguruan. 2022an egon zen paraje horretan bertan makroproiektu eoliko bat jartzeko beste proiektu bat, 2024an bertan behera geratu zena.
Aia, Usurbil eta Zizurkilgo lurrei eragingo lieke Alerion Spain SL enpresak jarri nahi duen makroproiektu eolikoak.
Azaroaren 5ean argitaratu du Eusko Jaurlaritzak iragarkia, non azaltzen den Alerion Spain SL enpresak aldez aurreko administrazio-baimenaren eskaera egin diola, 9,9 MW potentzia gordineko proiektua instalatzeko Aia, Usurbil eta Zizurkilgo udal-mugarteetan.
Jaurlaritzaren iragarkian zehazten diren koordenatu geografikoak mapan kokatuta, hauxe litzateke bi haize errotako makroproiektuak hartuko lukeen eremua (ARGIAko kide Asier Iturraldek egindako mapa):
Iragarkia argitaratu den egunetik hasita, hogei eguneko epea dute parke eoliko hori ezarri eta ustiatzeko interesa duten pertsona fisiko edo juridikoek lehia-eskabidea aurkezteko.
2022ko otsailean zabaldu zen gaurkoaren moduko iragarki bat, zeinetan azaltzen zen Green Capital Development enpresak lau aerosorgailu jarri nahi zituela Ezkeltzu mendiaren inguruan.
2024ko azaroaren 19ko ebazpen baten bidez jakinarazi zion Jaurlaritzak Usurbilgo Udalari “espedientea iraungitzat eta amaitutzat" jotzea erabaki zuela. Izan ere, enpresak behin baino gehiagotan eskatu zuen prozesua geldiaraztea edo luzatzea. Noaua aldizkariak xehe kontatu zuen prozesua artikulu honetan. Bertan ohartarazi zuten, ordea, enpresak bazuela oraindik errekurtsoa aurkezteko aukera eta administrazio-bidea ez zegoela amaituta.
2025eko otsailaren 3an, Zizurkilgo Udalak publiko egin zuen enpresak ahoz esan ziola proiektua behin betiko bertan behera uztea erabaki zuela. Udalaren oharrak zioenez, "Espainiako Aire Segurtasuneko Agentziaren (AESA) irizpen teknikoak erabakigarriak izan dira proiektuaren geldialdia erabakitzeko; izan ere, agentziaren arabera, Zizurkilgo egitasmoak aire-segurtasun arazoak sor zitzakeen. Ondorioz, ezinezkoa bihurtu da proiektua gauzatzea". Proiektu honek aire segurtasunarekin zituen oztopoez informatu genuen 2024ko irailean, artikulu honetan.
2022an sortu zen Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldea eta uztailaren 21ean mahai-ingurua antolatu zuen Zizurkilen, herritarrei proiektuaren berri emateko. "Zizurkili geratzen zaion gune natural bakanetakoa da eta txikitu egingo dute", adierazi zion bertako kide Ainhoa Gil-ek ARGIAri.
Taldeak Aiztondo bailaran sentsibilizazio lana egin zuen: energiaren arazoari buruzko hitzaldiak antolatu zituen, "trantsizio" deituaren kontraesanei buruzkoak ere bai, krisi klimatikoari buruzkoak... eta proiektuak jopuntuan jarriko zuen bioaniztasuna eta ondare kulturala agertzen zituen erakusketa ere osatu zuen. Izan ere, 36ko gerrako lubakiak daude bertan, baita sarobeak eta elur zuloa ere eta Aranzadiren Ornitho plataformaren arabera, 2021ean 106 txori espezie erregistratu ziren bertan. Horrez guztiaz gain, bertan makroproiektu eolikoak jartzeak abeltzaintzari ere bete betean eragingo lioke: "Eskeltzuko sailak pribatuak dira baina duela 20 urte baserritar elkartea egin zuten gain horretan dauden jabetza pribatu denak elkartuta eta geroztik Zizurkilgo baserritar bakoitzak aukera dauka udan ganadua hara eramateko; hau da, jabetzaz pribatua izan arren herri sail bezala erabiltzen da", azaldu zuen Gilek, aipatutako artikulu horretan. Eta ohartarazi zuen parke eolikoek sortzen duten burrunba eta uhinek ganadua izutzen dutela, "bi jarduerak ez dira bateragarriak".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545