Baratzezaintza, funtsean, beti izan da artea

“40 landare mota ditugu oihan baratzean, urte osoan bertatik jateko eta tresna xinpleekin lantzeko”

Baso jangarria edo oihan baratzea lantzen dute duela 14 urtetatik Odei Etxeberriak eta Gorka Torrek. Zuhaitzak eta barazkiak uztartzen dituen sistema honen oinarriak azaldu ditu Torrek Egonarria saioan, Mattin Jauregiren galderei erantzunez. Urte hauetan guztietan hainbat ondorio atera dituzte, eta buruaskitasuna helburu hartuta, barazki zehatz batzuk lantzen dituzte egun Behorlegiko lurretan: hain justu lanabes xumeenak eskatzen dituztenak eta urte osoan zehar elikatu ahal izatea bermatzen dutenak.


2024ko apirilaren 18a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Bideo honetan duzu osorik ikusentzungai Gorka Torreren elkarrizketa interesgarria:

Jarraian laburtu ditugu elkarrizketan atera diren hainbat ideia:

Oihan baratzea zer den azaldu du Gorka Torrek: "Barazkien eta arbolen uztartzean oinarritzen den antolaketa bat da, hau da, bi landare mota horiek eremu batean landatzea. Oihan edo basoan inspiratzen da: badakizue oihan batean landareak hainbat mailatan garatzen direla, arbola handietatik landare apalenetaraino. Oinarrizkoena eguzkia sartzea da, eguzkiaren energiak eraginetn baitu gai organikoen ekoizpena landarearengan. Horregatik, bereziki zaindu behar dena arbolen artean ezartzen dugun distantzia da, arbolek itzal gehiegi egin ez dezaten, eguzki izpiak tartean sartzeko gisan".

Urte osoan barazki freskoak jateko antolaketa

Buruaskitasuna dute helburu etxean. Horregatik, bi oinarri hartu dituzte oihan baratzean landuko dituzten barazkiak hautatzerakoan: batetik, teknika edo teknologia mailan buruaskitasuna bermatzea, hau da, tresna oso oinarrizkoak erabiltzea, ez petroliorik eta ez argindarrik eskatzen ez dutenak. Bestetik, urte osoan ongi elikatzea bermatuko duten barazkiak lantzea.

Horrek ekarri die barazki eta landareen hautaketa egitea: zerealak baztertu dituzte (hauek transformatzeak errotak eskatzen baititu) artoa salbu, eta nixtamalizazio prozesuaren bidez talo modukoak egiteko orea lortzen dute, aurrez irin bihurtu behar izan gabe. Eta Euskal Herriko hainbat barietate berreskuratu dituzte, batzuek oso goiz etortzen direnak eta beste batzuk oso berantiarrak direnak, urte osoan elikagai freskoak izateko: "Baditugu 40 landare mota ezberdin, aukera ematen dutenak urte osoan baratzean elikagaiak izateko, gure behar nutritiboak asetzeko eta dira landare mota batzuk ez dutenak transformaziorik behar (edo oso gutxi) eta gure ideia da urte osoan baratzean zuzenki barazkiak bildu ahal izatea. Alegia, ez dugu kontserbaziorik egiten. Beraz, ez dugu energiarik behar produktuak kontserbetan ezartzeko edo ez dugu hormagailurik erabiltzen elikagaiak kontserbatzeko elikagaiak".

Batez ere tuberkuluak lantzen dituzte: "Zehazki garatu dugu patata gozoa (boniatoa deitzen dena Hegoaldean), topinanbua (zerri patata edo gerla patata ere deitzen dena) eta tarroa".

Buruaski izaten jakitea

Mattin Jauregi Egonarria saioko aurkezleak galdetu dio ea erabat burujabe diren elikaduran. Torreren erantzuna: "Jakitatea eskuratu dugu, behar ditugun tresna guztiak ere bai eta landareen haziak eskuratzeko gaitasuna. Beraz, ziklo oso hori eraikitzea lortu dugu. Kualitatiboki badakigu urte osoan beharrezkoa dugun elikagaia ekoizten. Baina ez dugu %100 egiten, gure denbora parte bat libratu nahi baitugu beste hamaika borroketan-eta ezartzeko, beraz, ez dugu lur lanean ematen %100 bertatik elikatu nahiko bagenu beharko genukeen denbora guztia. Baina badakigu egiten eta hala egiten dugu zati handi batean".

"Baratze situazionista" bat

Osotasun gisa ikusten du Torrek oihan baratzean egiten duena: "Ni lur lan bat egitera joaten naizelarik da ariketa fisiko baten egiteko plazerra, da elikagai bat ekoiztearen plazerra, da eguzkia hartzearen plazerra, da ezagutzak transmititzeko espazio bat, da lagun batekin bertan hitz egiteko toki atsegin bat. Eta da edertasunez gozatzeko eremu bat. Alegia, ez da separaziorik, ez noa bakarrik janaria ekoiztera. Zentzu ainitzez betea da. Eta situazionisten mugimenduaren ideia garrantzitsu bat zen hain zuzen ez ditugula gure bizitzako arlo ezberdinak separatu behar, separazio hori gehiago estatuaren eta kapitalaren ondorio bat da". Haien baratzeari situazionista izena eman diote.

Zatoz bertso bazkari berezira, ilargiari begiratzen dioten baratzezaleekin ospatzera
2026-09-09 | Estitxu Eizagirre
Ilargia eta landareak 2027 agenda laster izango dugu eskuetan. Ilargiaren arabera sasoi bakoitzean landareekin zer lan egin azaltzen duen agenda honek urteurren biribila beteko du,... (+)
Laborantza herrikoiak edo agroekologiak klima hoztu dezake
2026-07-26 | Estitxu Eizagirre
Ekainean astebetez egon garen moduan, 40 gradutan maiz egon beharko badugu, gure etorkizunak desiragarritasuna galtzen du, guztion ongizatea urtzen sumatzen dugu eta zimeltzen diren landareei... (+)
"Gipuzkoako Aldundiak ez du basabizitza balioan jartzen, etekina atera behar zaionaren pentsamenduz kudeatzen du"
2026-07-14 | Estitxu Eizagirre
Edurne Huesa Otegik Aralar parke naturaleko patronatuan Landarlaneko kide gisa hartzen du parte eta Aitziber Sarobe Egigurenek Pagoeta parke naturaleko patronatuan Arkamuka ordezkatzen du. Biak... (+)
Kontserbazio ekologikorako aurreikusia zegoen Gipuzkoako Markesbaso basoa egurgintzara bideratu nahi du Kutxabankek, salatu dutenez
2026-07-09 | Estitxu Eizagirre
Kutxabankek Markesbaso finkarako aurreikusita zegoen jatorrizko proiektutik aldentzea erabaki duela salatu dute 36 talde ekologistak eta kontserbazionistak. Zestoa eta Azpeitia artean dago Kutxabanken jabetzakoa den 290... (+)
Kobre meatzeak zabaltzeko lehen urratsak Lizarraldean eta Zangotzan
2026-07-06 | Estitxu Eizagirre
Sorladako Udalak (Nafarroa) baimena eman dio Iberian Copper S.L.U. enpresari lur komunaletan meatzaritzarako egokia den jakiteko ikerketa lanak egin ditzan. Ekologistak Martxan eta Lurgorri Lizarraldeko... (+)
gora