Sanbartolomeak ezkero, euliak ipurdiz gora.

Zuhaitzaren argia

Zenbat denbora da ez dituzula ohean egiten diren gauzak zuhaitz baten azpian egin? Siesta bat, adibidez. Edo txortan. Edo negar. Edo galdera beste era batera eginda, noiz jolastu zara azkenekoz zuhaitz baten azpian? Gogoan al duzu zuhaizpeko ekinaldi horietan sentitzen zenuena? Zuhaitzek badute beste landare gutxik gurekiko duten proportzioa: azpian harrapatzen gaituzte. Igokariek eta zuhaixkaren batek ere bai, baina batez ere zuhaitzek. Duten edo ematen zaien forma sinple horrek ere laguntzen du: enbor bakarra dute, gure burua baino goragotik hasten dira adarrak eta adaburu zabala eta gehienetan trinkoa dute.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko apirilaren 20a
Bartzelonako Cervantes parkean dagoen onbua.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Zuhaitzak argia bereganatzen du, argia jaten du, argia digeritzen du, bera dena argiak egin du eta argia da. Egunabarrak gosaltzeko, eguerdiko eguzki zuria bazkari, arratsaldeko horitzeak askari eta ilunsenti gorriak afaltzeko, hori du argijaten zuhaitzak. Horrekin sekulako arkitektura sortzen du: sustrai, enbor, adar, adartxo eta itsaso bat hosto, laino bat adaburu osatzen ditu. Joaquin Araujo naturalista espainiar sonatuak esana dauka, poema batean esana, bera gorpu denean bere mendiko haritz (Quercus spp.) baten zainetan lurperatzea nahi duela, haren argiaren baitan iraun nahi duela.

Argia bereganatu eta hartzen dituen aire eta uretik izugarrizko biziduna eraikitzen du, berebizikoa, banan banakoa. Zuhaitza da bizitzaren historia luzean lurrazalean sortu den izaki motarik harrigarriena. Izakirik konplexuena, ederrena eta eskuzabalena; izatez emankor, largo, esku-luze, altruista eta garai batean esaten zen eran, liberalena.

Zuhaitzaren izaera eraikitzaile, oparotasunean mugagabea eta eman eta eman ari dena, argitik datorkio. Argia bereganatu, eta klorofila dela medio, lurreko urak eta abarrak eta aireko guretzako toxina den CO2 hartu eta bizitzaren indarra diren azukreak osatzen ditu. Azukre horiek izango dira egitura eta energia. Indarra eta energia.

Zuhaitzak ingurune oso berezko bat elikatzen du. Lurra eta bertako mikroorganismoak, ura eta mineralak hartzen ditu eta langintza horretako bitartekariei (onddo, bakterio eta abar) azukreak ematen dizkie. Airetik, animalion bizitza eragozten duen baina denon oinarri diren landareen elikagai nagusia den CO2-a garbitzen du eta bizitza berak behar-beharrezkoa duen oxigenoa sortzen eta zabaltzen du. Indar eta energiazko esfera bat da zuhaitz bakoitza. Altzo bat da zuhaitz bakoitza. Sabel bat da. Magal bat da. Galtzar bat da. Bular bat da. Errape bat da. Ugatz bat da.

Gure indarra eta energia den odolaren oinarria zuhaitzarenaren bera da. Gure klorofila hemoglobina da. Hemoglobina eta klorofila molekula ia-ia bera dira. Klorofilak magnesioa du erdian, horregatik da berdea, eta hemoglobinak burdina du, horregatik da gorria. Berde eta gorri, bat.

Horregatik zuhaizpeko egonaldiaren mesedea. Erreka ondoko zuhaitzaren aldameneko umetako eta gaztetako jolas bihurrien energia. Zuhaizpean egindakoak ez dira berehalakoan ahazten. Horrela esaten zuen Pedro Mari Otañok Argentinan altzo zuen onbuaren (Phytolacca dioica) azpitik, umetan etxe atarian kolko izan zuen intxaurrondoaz (Juglans regia), Atariko intxaurra bertsoetan: 

Nere lagunik maitatuena
onbu laztana zu zera,
hargatik nator zure kolkora
ni malkoak ixurtzera. 
Iruditurik naramazula 
atariko intxaurpera... 
Beti izango zaitut gogoan 
baina joan nahi det ostera,
Euskal lurreko zuaizpe hartan
nere hezurrak uztera. 

Otañok ere antzemanak zituen zuhaitzaren indarra, energia eta argia. Zuhaitzaren argitan bilduta iraun nahi zuen betiko.

Egingo al dugu zuhaizpera? Egingo al dugu zuhaizpean?

Intsusaren xirmi-xarmak
2026-05-25 | Jakoba Errekondo
Intsusaren lorea badoa. Edota puska batean gure artean geratzeko eska diezaiokegu. Eskatu baino gehiago, gonbidatu. Limurtu eta gure arteko istorioa gozoa izango dela jabearazteko matte-matte... (+)
Sagardogintzaren zurajea
2026-05-18 | Jakoba Errekondo
Zurajea etxea da. Edozein tresna edo eraikuntzaren egitura da etxea. Gurdiak gurtetxea du, orgak orga-etxea eta xarretak xarreta-etxea; areak arretxea; goldeak golde-etxea; dolarearen egitura dolare-etxea... (+)
Hartz baratxuria eta larre lirioa
2026-05-11 | Jakoba Errekondo
Porru ederra dugu, era guztietako jendea bada. Mendira edo errio ondora joan eta ikusten duen landare guztia on, jangarri, bizi-lorea dela uste duena, eta, ahuntzak... (+)
Zuria, kolore eta olore
2026-05-04 | Jakoba Errekondo
Hor darraio genozidio batek. Ez da bakarra. Ez lehena, ezta azkena ere. Izugarria bai, zer garen eta zer izan gaitezkeen ederki asko erakusten diguna. Palestina. (+)
Azeribuztana adiskide
2026-04-26 | Jakoba Errekondo
Isatsa edo buztana, lukiaren edo azeriaren atzekia ikusten dugu euskaldunok landare batean (Equisetum telmateia). Luki-buztan, luki-belar, azeri-belar, azeri-isipu, azagari-buztan, oilar-puztan eta eztainu-belar ere esaten zaio.... (+)
gora