Orirtete, arto ereitte; orerorte, gariereitte; Sanlorentzôta, arbiereitte.

Hidrogeno naturala bilatuko dute Euskal Herriko mendietan: lau pista garrantzitsu

Uda honetan Gipuzkoako eta Arabako ekialdean, eta Nafarroako Iparraldean hidrogeno zuria edo naturala bilatzeko baimenak eman ditu Espainiako Trantsizio Energetikorako Ministerioak. Mantle8 enpresa frantziarrak egingo ditu miaketak, besteak beste Aralar, Urbasa eta Andia, eta Lokizeko mendilerroetan.


2026ko abuztuaren 28a
Mantle8 enpresak bere webgunean duen irudia arakatze lanetan Nafarroan, atzean Lokiz mendilerroa duela.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Zer da hidrogeno zuria?

Lur azpian era naturalean sortu den hidrogenoa da hidrogeno zuria edo naturala. Hidrogenoa unibertsoan gehien dagoen atomoa da, ikusgai dagoen materiaren %75 gutxi gorabehera. Aspalditik lortzen da hidrogenoa bestelako moldez, baina zuriaren bilaketa azken urteetako kontua da. Ugaria da munduan barrena eta AEBetan, Errusian, Marokon, Filipinetan, Italian, Frantzian, Txinan edota beste hainbat herrialdetan ari dira bilatze lanetan, baina oraindik Malin bakarrik ustiatzen da.

Afrikako herrialde hartako Bourakebougou herri txikian 2012tik hidrogeno putzu batek zentral elektriko bat elikatzen du, eta herriko 1.500 pertsonek hortik lortzen duten elektrizitatea. Oraingoz ez dago bestelako ustiatze industrialik munduan. Edozein modutan, sarean gaiaz apur bat irakurtzen duena laster ohartuko da nola hedabide, gobernu eta enpresa ugari hidrogeno zuria gero eta gehiago saltzen ari diren etorkizuneko energia merke, ugari eta berriztagarri gisa.

Zein eremu aztertuko dira?

Mantle 8-k Aralar 1 eta Aralar 2 izendatu ditu bi azterketa proiektuak, baina mendilerro horretatik askoz harago doaz miaketa lanak. Ministerioak ekainaren 5ean eman zituen arakatze baimenak. Aralar 1-ekin laukizuzen bat eginez gero, mapan halakoak dira: goiko ezkerraldeko erpina Zaldibia (Gipuzkoa) inguruan dago eta eskuinaldekoa Nafarroako Pirinioetako Erro herrian; azpiko erpinaren lerro zuzena, aldiz, Nafarroako ekialdeko Etxarri-Aranatzetik Nafarroako Esteribar udaleraino doa.

Aralar 2-n honako lurrak miatuko dituzte: lauki zuzenaren goiko erpinak Araia (Araba) eta Uharte Arakil (Nafarroa) dira, eta behekoak Arabako Kanpetzu bailaratik Erreniegako mendietara, Gares iparraldean. Beraz, 1.680 kilometro koadrotan bilatuko da hidrogenoa, batez ere Nafarroan, baina baita Arabako eta Gipuzkoako ekialdeko zati batzuetan ere.

Eta zergatik eremu horiek? Besteak beste, badutelako antzekotasuna Frantziako ipar ekialdean 2023an Folschviller udalerrian topatu ziren putzuetako parajeekin. Hango putzuek hidrogeno maila garbi handia ei dute, %90etik gorakoa. Gainerakoa metanoa izaten da. Hidrogeno naturala eratzen da ura burdina duten harri eta mineralekin kontaktuan sartzen denean, eta adituek uste dute euskal mendi horietako kareharrietan izan daitezkeela halako putzuak.

Aztertuko diren hiru mendilerro ezagunek, Aralarrek, Andiak eta Urbasak, natur gune izendapena dute eta Aralar, gainera, Natura 2000 Sarean dago. Orain arte, eremu horietan aurreikusitako energia eoliko eta fotovoltaikoari lotutako hainbat proiektu atzera bota izan dituzte izendapen horiengatik.

Iturria: Espainiako Trantsizio Energetikorako Ministerioa eta Sustrai Erakuntza

Zer baimentzen dio Trantsizio Ministerioak Mantle8-ri?

Enpresak bere webgunean jakinarazi duenez, oraingoz “baimena azaleko mailako lan ez-inbaditzailetara bakarrik mugatzen da: kartografia geologikoa, lurpeko gasen, uraren eta harriaren laginak, eta monitorizazio sismiko pasiboa. Baimen hauek ez dute zulaketa, industria erauzketa, sarbide bide berrien eraikuntza edo azpiegitura iraunkorrik baimentzen”. Datozen hilabeteetan, beraz, Mantle8-ko geologo talde bat aipatu mendietan ibiliko da zundaketa txikiak egiten. Azpimarratzen dutenez, datozen asteetan eremu horietako udaletako agintariekin bilduko dira egingo diren lanen berri emateko. Dagoeneko udal batzuk kexu agertu dira Trantsizio Ministeriotik oraindik ez zaielako inongo informaziorik eman. Dozenaka udalerriri eragiten die baimenak.

Halako bilaketa lan gehienetan egiten den gisan, hidrogenoaz gain enpresak helioa ere bilatuko du. Aditu askoren ustez, bigarren elementu horren salmentak errentagarriago egingo luke hidrogeno zuriaren ustiatzea.

Hidrogenoaren zailtasunak

Harritzekoa da hidrogeno zuria hain ugaria izanda oraindik era erraldoian ez ustiatzea, are gehiago Mali moduko herri txiki batean 2012tik horretan ari direnean. Azken hamarkadetan hidrogenoa batez ere industria kimikoan erabili da, eta horretarako hidrogeno grisa erabili da; hau da, petrolioa edo gasa erabilita sortutako elektrizitatearekin lortutako hidrogenoa. Arazorik handiena da prozesuan CO2 kopuru handia sortzen dela. Horren erremedio gisa aurkeztu zen hidrogeno berdea, hau da, energia berriztagarritik datorren elektrizitatearekin elektrolisia izeneko prozesuan lortutakoa. Europar Batasunean bereziki, ehunka mila milioi euro inbertitu dira azken sei-zazpi urteetan hidrogeno berdearen ikerketan, baina dagoeneko horretarako sekulako dirutza publikoak eskuratu dituzten multinazionalek onartu dute sortzea oso garestia dela eta teknologiak oraindik ez duela ahalbidetzen erabilera egokia. Bestelako hidrogeno motak ere lortzen dira, baina oso urriak dira.

Azken finean, hidrogenoa da dagoen atomorik txikiena eta horregatik oso iheskorra da. Horrek oso zail egiten du biltegiratzea eta garraiatzea. Gainera oso erreaktiboa da eta harekin erraz sortzen dira bestelako konposatuak, eta horiek samur hondatzen dituzte hodiak eta biltegiratzeko bestelako materialak. Antonio Aretxabala geologoak hidrogeno zuriaz berriki idatzi duen artikuluan dioenez, gainera, “oso suharbera da eta ez du segurtasunik ematen” eta horregatik, Europan automoziorako ikertzen ari zirenek oraingoz baztertu egin dute. Eta bere erabilerari buruzko ondorio honetara iristen da: “Gainerako hidrogenoak moduan, zuria interesgarria litzateke baldin eta, garraiatu eta biltegiratu gabe, tokian tokiko erabilera emango balitzaio, sortu den tokian baliatuz, Bourakegougouko putzu xumean bezala”. Geologoaren ustez, hidrogeno zuria egongo da etorkizuneko mix energetikoan, baina tokian tokiko energia gisa erabilita eta ez garraio edota industrian hidrokarburoen ordezkagarri.

Landare: 34 urte elikadura ekologikoa arrakastaz ereiten
Iruñeko Arrotxapea auzoan eta Atarrabian (Nafarroa) ditu bere dendak Landarek, produktu ekologikoen kontsumitzaile elkarteak. 3.500 bat bazkide, helburu nagusi batekin: ekologikoan kontsumitzea, gertuko ekoizleekin, eta... (+)
Danoneren eta Nestléren umeentzako jaki ontziak milaka mikropastikoz kutsatuta daude, Greenpeacek egindako ikerketaren arabera
Greenpeacek aste honetan eman du bere ikerketaren berri, eta bertan zehazten denez, plastikotan bildutako haurtxoentzako elikagai horiek polimero sintetikoen sarbide handia dira. Horietako errazio elikagai... (+)
Kuba "erregai erreserbarik gabe" geratu da
Iragan urtarrilaz geroztik AEBek inoizko blokeo zorrotzena daramate irlaren aurka, eta ondorioak gero eta larriagoak dira herritarrentzat: Vicente de la O Levy Energia eta Mehatze... (+)
“Hiru ipuinetan pertsonaiek askapen prozesuak bizi dituzte eta zerbait traditu behar dute beren buruarekin leialagoak izateko”
Jone Bordatok (Hazparne, 1984) urrian eman zuen argitara Erroen Izerdia (Elkar) ipuin liburua eta ostegun honetan aurkeztuko du Azkaineko Bil Tokin, 19:00etan, Azokaroa kari. Ekainaren... (+)
Biometanizazioaren olatuak azpian har dezake Nafarroa
Lehenago fotovoltaikoaren eta eolikoaren eztandak izan ziren moduan, orain biometanizazio planten txanda da Nafarroan, gehienak ekimen pribatutik bideratuak. Berez, berriztagarria da biogasa sortzeko prozesua, baina... (+)
gora