Bizitza baratze bat da, lurpetik azaleratu ezazu

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Gereziondoa zimeltzen
2026-05-21 14:20 | Bixente

Kaixo Jakoba. Duela 2 hilabete, gereziondoa landatu nuen eta, itxuraz, zimeltzen ari da. Zergatik ote da? Nire uztetan gehiegi urestatzearren izan daiteke. Lursaila Araban, Agurainetik gertu dago. Eskerrik asko. Bixente


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-05-21 17:09

Nik esango nuke beroarekin sufritzen ari dela. Ura eman, eta eman. Lur horrek daukan itxuragatik erraz alde egingo dio urak. Gehiago laguntzeko inguruan jarri lurgainean ongarri organiko (simaur, luar…) jeruza eder bat, 10 cm lodi edo gehiagokoa, eta hura ureztatu maíz, bero egiten duen egunetan egunero. Lehen urtea du eta sustrairik ez du bere kasa ura topatzeko.

Gaur arte erantzundakoak (1277 galdera-erantzun)

Kaixo lagunok. Gaztainondo txiki bat daukat loreontzian eta lurrean sartu nahi nuke, oraintxe bertan egin dezaket ala otsail aldera arte itxoin behar dut? Eskerrik asko eta hurrena arte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-09-06 00:00

Kaixo, Ima. Loreontzian hazitako landareak noiznahi aldatu daitezke, landarea oso-osorik mugituko baitugu: adarje eta sustraije guztia. Noiznahi, baina baldin eta oinarrizko betebehar batzuei iskin egiten ez badiegu. Loreontzian bizi den landarea ur gaineko bitsetan, ur-aparretan bizi da: lor onena, ongarriak eskuera, behar duenean nahikoa ur... Ima, zerorrek erantzun behar duzun galdera hauxe da: aldatuta jarriko dudan toki berrian gaztainondoak orain artean izan duen zaintza bera izango al du? Batez ere, ia egunero ureztatuko al duzu? Hala ere, urte sasoi okerrenean, bero-sapa-sargori-erre, aldatu baino, loreontzian mantendu ahal izanez gero, datorren negura itxaron eta otsail alde horretan aldatu.

Kaixo lagunak. Schefflera bat daukagu etxean. Oso luze egin zaigu eta jakin nahi genuke nola eta noiz moztu, eta zer egin behar dugun mozten dugunarekin beste landare bat lortzeko. Eskerrik asko eta beste bat arte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-07-19 00:00

Kaixo Marisa. Orain sasoi egokia da mozteko. Abuztuaren amaia artean, lasai nahi duzunean. Nondik moztu erabakitzeko, moztu ordurako kimu berria bota eta laster berriz ere gorantz joko duela kontuan izan. Hau da, hostaia multzoa eduki nahi duzuna baino 30-50 zentimetro beheragotik moztu. Mozten duzun zatiko adarrak banatu eta uretan sartu edo zuzenean lurrean jarri. Erraz itsasten da, baina hormona hautsez laguntzen baduzu alde ederrean etorriko zaizkizu. Uretan jartzen baduzu, sustraiak pixka bat garatu ordurako lurretara pasa. Aldaxka edo eskejeak zuzenean lurretan sartuz gero, honi beti heze eutsi eta toki epelean eduki, eguzki zuzenetik urruti. Lan hauek denak ilbeheran egiten saiatu.

gora