Asteroko buletina
Baratzezaintza da ikasi, ikasi eta ikasi. Hori da ondo pasatzea. Beti ikasten ari zara

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Sagarrondoaren hostoak zimurtzen
2024-06-12 17:07 | Beñat Saez de Urabain Zeberio

Kaixo Jakoba, gaur sagarrak nola zihoazen ikusten ari nintzela "txoisagar" baten hostoak zimurtzen eta belzten ari direla konturatu naiz. Interneten begira ibili naiz eta ez dut ezaugarri horiek betetzen dituen gaitzik aurkitu. Hemen uzten dizut argazki bat. Ze gaitz den eta tratamendurik ba ote duen jakin nahiko nuke. Eskerrik asko.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-06-12 19:08

Nik uste dut hosto horiek hotza pasa dutela. Hosto zaharrenak daude zimurtuta, baina baita erredura antzeko zauri gorrizta-marroiak dituzte. Zauri horiek ez diote hostoari behar bezala zabaltzen uzten eta horrela kizkur itxura hartzen dute. Gorriune horiek hotzak, edo kazkabarrak sortua izango dela dirudi. Kimuaren muturreko hosto berriak, ordea, ondo datoz, sano eta ez gorriune eta ez kizkurrik gabe. Beraz, nik lasai hartuko nuke eta hosto berri horiei begiratu.

Gaur arte erantzundakoak (789 galdera-erantzun)

Aste honetan baratzeko lurra irauli eta ongarritu daiteke? Zein ordenean? Lur zati txikia da (Donostian) eta lurra oso prentsatuta dago. Zein ongarri mota da hoberen? Lurrak irauli eta ongarritu gabe dago aspaldidanik eta udazkenean landatu genuena ez da hazi behar den bezala.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-03-13 15:59

Lurra itoa bada, buztintsua izango da. Hau harrotzeko bideak hiru dira: ongarri organikoa ematea, hondarra ematea edo karea ematea. Organikoa nahi duzuna izan daiteke: simaurra ala luarra edo konposta. Hondarra beti errekakoa, sekula ez itsasokoa. Eta karea izan daiteke: harrobiko kareharri hautsa (kareharria edo dolomita), sutautsa edo errautsa, kare bizia ala kare hila.

Ongarri organikoa onena udazkenean ematea da, azaro aedo abendua aldera. Aspaldi ongarritu gabea bada asko eman, ASKO. Lurra ongarriz estalia ikusten dela utzi. Neguan, otsaila aldera karea. Negua bukatzen denerako lurrak dena bereganatua izango du. Ongarri zaharra edo ondo egina badaukazu neguan ere eman daiteke. Oraindik ez baduzu ongarritu simaur zaharra edo ondo egindako luarra eman. Eta gero sailka, hustu ahala urtean zehar ere ongarri gehiago eman.

Ongarri organikoa eta baratzean bertan sortzen den belar eta hondakin organikoak ondo erabiliz gero, lurra bera nola harrotzen ari den jabetuko zara eta gero eta iraultzeko behar eta gogo gutxiago izango duzu. Orduan emango du baratzeak bere onena. Honetarako ikusi galdera hau:

LURRA IRAULI EDO EZ

2016-11-04 05:56, Joxi

Lur zati bat eskuratu berri dut. Urte bete bat darama ezer landatu barik, baina oso lur askea da. Merezi al du iraultzea laiekin edo nahikoa da aitzurrarekin mugitzea?

Zerorrek esan duzu dena: lur askea da. Honelakoetan hobe da ez iraultzea eta lurra bere horretan uztea. Egin behar dugun lana errazteko adina landu, ahal den eta arinen eta nahikoa da. Askoz ere emankorragoa izango da lurra irauli gabe.

Honela diot nire “BIZI BARATZEA” liburuaren 38. orrialdean: “Gaur egun, hala ere, lurra irauli gabe lantzeko joera hedatzen ari da. Lurrak berezko egitura du, mailaka eta geruzaka antolatua. Maila bakoitzak berezko bizitza du eta mailak iruliz gero bizitza hori zaildu eta eragotzi daiteke.”

Beraz aitzurrarekin axal-axalean mugitu eta nahikoa izango duzu. Lantze honen neurria urte sasoiaren eta eguraldiaren araberakoa izango da. Zeuk hartuko diozu tamaina.

4x3ko negutegia daukat. Jakin nahi nuke, bueltan, kanpotik zolda belarra landatzeak on egingo dien barruko tomateei. Mila esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-03-13 11:20

Zolda-belarra laguntzaile oso ona da eta mesede asko dakartza bera dagoen inguruko landare jende guztiari. Tomatearen kasuan bi lan bereziki sustatuko lituzke: loretik fruitua emateko erlastarrak eta erleak erlarriko ditu, batetik, eta bestetik, lurra aberasteko erabili dezakezu. ARGIAn argitaratu nuen artikulu honetan ikusi dezakezu nola egin: http://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/fruitua-nahi-zolda-belarra-jarri.

Zolda-belarra bi lan hauetarako hobe legoke berotegian barruan kanpoan baino, nahiz eta kanpoan ere lagundu. Lurrari laguntzeko, hala ere, berdetan moztu eta lurrari ematea litzateke onena.

Kaixo Jakoba.
Izpilikuaren gaineko erreportaia idazten ari naiz, baina zoratzear nago. Kontua da, ez dudala inon euskaraz dagoen ganorazko dokumenturik edo entziklopediarik aurkitzen. Nire asmoa da, Izpiliku fina, Astaizpilikua eta Labandin landareen morfologia ( osagai aktiboak eta abar) eta bakoitzak dauzkan ezaugarriak/ gaitasunak azaltzea. Ez dakit zuk horren inguruan idatziren bat izango duzun, edo jakingo duzun horri buruzko entziklopedia edo kontsulta-liburuak non aurki ditzakedan. Dagoeneko, liburutegira, Euskaltzaindiara eta hainbat liburundendatan bilatu dut, baina alferrik. Euskaraz ez dago halakorik.
Eskerrik asko aldez aurretik, zure erantzunaren zain.
Ondo izan.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-02-28 15:20

Arrazoi faltarik ez duzu. Nik ere ez dut izpilikuei  buruzko ganorazko informazioa euskaraz duen dokumenturik ezagutzen. Egin beharra dago hori ere… Nik argia astekarian idatzi izan dut sendi horri buruz, hona: http://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/pesia-eta-zirimola, http://www.argia.eus/argia-astekaria/2235/3000, http://www.argia.eus/argia-astekaria/2514/euliskea, baina zuk eskatzen duzunerako ez dizute asko lagunduko.

Ea bada zeuk sortzen duzun eta denontzako onura hori ekartzen…

Kaixo Jakoba:
Larrosa daukat balkoiko loreontzi batean. Pentsatuta neukan kimatzea martxoan, baina ikusi dut adaxka berriak ateratzen hasi zaizkiola. Komeni da kimatzea? eta nola kimatzen da larrosa?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-02-17 15:45

Arrosaondo edo arrosa landare mota asko dago: igokariak, lorealdi luzekoak, urtean behin besterik loratzen ez direnak… Lorontzian baduzu, arrosaondo motza eta lorealdi luzekoa izango dela pentsatzen dut. Hauek martxoan inausteko esaten dut, baina esateko era bat da. Garrantzitsuena kimu berriak azaltzen direnean egitea da. Honek izerdi berria mugitu dela adierazten du. Izerdi honek di-da batean itxiko ditu inausketan egingo dizkiozun zauriak.

Inausketa egitea komeni da arrosaondoa lahar-edo igokaria delako (kiwia, mahatsa, etab. bezala). Arrosaondo motz hauek jeneralean txertua izaten dute oinean. Txertu horren gainetik 2-4 adar indartsu izatea komeni da. Hauek mozten dira, motz, asko jota arrabete luze utzita. Honela arrosaondoa beti gaztea, berrituta, indarrean izango da, eta loreak ere sendoagoak izango dira.

Lan hau bezain garrantzitsua da ongarritzea. Loraldi oparoa nahi baduzu, eman jaten. Eman eta eman. Ongarri organikoa onena: simaurra, luarra edo konposta. Eta ongarriketa udaberrian eta udan errepikatu.

Kaixo Jakoba,

Atzo, Otsagabian, landareei musikak egiten dien eraginaren gakoa "harmoniak" direla erran zenuen. Nere zalantza zera da: harmonia (musika sortzean erabiltzen diren soinuen konbinazioa eta egiturak) edo harmonikoak (soinu bat entzuten dugunean, batera entzuten ari diren bertze soinuak) dira landareei eragiteko gakoa?


Esker mila

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-02-17 13:24

Gai honen inguruan saio eta esperimento mordoa egin izan da eta egiten ari da. Ni ez naiz jakitun, baina batetik eta bestetik iritsi izan zait harreman honen eraginaren berri. Iruditzen zait nik esango nizukeen edozer baino gauza interesgarriagorik erraz topatuko duzula. Eta zeure iritzia moldatzen duzunean gu denoi irakasteko eskatuko nizuke, jakinmin handia dago eta. Mila esker!!

Kaixo Jakoba!!!
Bizkaian kokatua dagoen Arrieta herritik idazten dizut zalantza bat galdetzeko. Auzokide batek tirabeke ilarraren hazi batzuk oparitu zizkidan eta orain bilatu dut tartetxo bat ereiteko. Irakurtzen ibili naiz eta leku gehienetan diote ilarrekin hazitegiak egitea ez dala gomendagarria geroko aldaketa ez dutelako ondo eramaten. Hazi hauen ereitea zelan egitea gomendatzen diguzu??
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-02-17 12:43

Zuzenean baratzean erein behar dira. Egia da ilarrak arazoak ditu batetik bestera aldatzerako garaian. Ahal duzun azkarren erein. Ilarrentzako sasoi onena ilgora da.

Egun on Jakoba:
Bizkaiko Zalla herriko baserritarrekin hitz egiten, zera diote:
"El día del Angel, 1 de Marzo, se hace a todas las lunas"
Berdin ilgoran edo ilbeheran, egun honetan ereiten omen dituzte beti piperra eta tomatea. Hazitarako kipulak jarri ere.
Egun horrek, ilargiarekiko berezitasunik daukan jakin nahi nuke.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-02-17 15:20

Hasteko kontuz erligioarekin hain lotutako esaerekin. Hortik dator, baita ere, “ilbeherako ostirala ilgora da eta ilgorako ostirala ilbehera” delako esaera. Aingeru horri mirariren bat egin arazi nahi zaio urtero… Hotzean pentsatuta martxoak bat sasoi berriaren hasiera gisa har daiteke: egun argia asko luzatu da, udaberria laister dator eta neguari lotutako hotza, iluntasuna eta abar atzera uzten ari garenaren irudipena dugu. Era berean udako landareetan pentsatzeko sasoia ere bada eta aipatzen dituzun ereintza horiek egitekoa ere bai. Ilgora izan edo ilbehera izan ereitearen hori, aspaldiko esaera batek ederki laburbiltzen du: “izan ilzahar, izan ilberri, emaiozu hazia eguraldi onari”. Ilargiak badakigu eragina baduela, baina miraririk ez du egingo. Lana ondo egitea da garrantzitsuena.

Honoko testu hau idatzi nuen behin martxoko ilargiari buruz. Lurrari begira daudenen gogoak biziberritzen dituen bezala, baita itsasora begira daudenena ere:

MARTXOAN ARRAINETA

 

Garai batean, negu partean, errioan eta itsasbazterrean arrantzatzen zen batik bat. Orain ere, errioko angularen arrantza urriko ilargi berria baino astebete lehenagotik hurrengo martxoko ilargi berriaren ondorengo astebetera arte burutu daiteke.

Martxoan, behin neguko itsasoaren zakarrena pasata, urrutiragoko arrantzara ateratzen ziren. Arraineta konstelazioan gaude eta giro aldaketak arrain migratzaileak dakartza. Martxoan berdela, eta gero antxua, hegaluzea etab.

Garrantzitsua da martxoko ilargia. Ilargi berrialdiaren lehen egunetan, untzi itxura du, adarrak goruntz... Untzietara! Dei egiten duela dirudi.

Isis jainkosaren ohorezko jaia, Egipton lehenik, gero greko eta erromatarrek beregatanua, itsasoratzeko sasoi honi ekiteko deia zen. Martxoaren 5ean jainkosa itsasora karreatzen zuten “Carrus navalis” deiturikoan. Itxuraz “karnabal” hitzaren jatorria horixe da. Kristauen Ama Birjina da Isis.

Zenbat Isis-Ama Birjin ote daude gure untzi, portu eta itsasgizon eta emakumeen otoitzetan?

Argazkiko landarea nola ugaldu dezakedan jakin nahiko nuke: haziekin balitz nola lortu haziak, zuztarra lurperatuz, zuztarra moztu ta sustraituz...
Zeintzu behar dituen jakin nahiko nuke ere.
Eskerrik asko zuen denboragatik eta egiten duzuen lanagatik.
Ongi izan
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-01-19 20:33

Landare honen izena Euryops pectinatus da, bitxilore horia edo bitxilore grisa. Landare gogorra eta emankorra da. Lorontzian edo lurrean jarri dezakezu. Lorontzian bizi bada janaria ugari eman. Nahiz eta lehorteari aurre egiteko gai izan, lurrari erabat lehortzen ez uztea da onena, bestela loraldia zapuzteko arriskua izango da. Inausketa udazkenean egin behar da, forma trinkoari eta beteari eusteko. Orduan moztutako adarretatik aldaxkak kendu eta horiek erabiliko ditugu ugaltzeko. Muturreko 2-3 hosto txikienak utzi eta beste guztiak kendu ondoren lurretan sartu hostoetaraino edo uretan jarri, sustraiak emandakoan lurrean landatzeko.

Zein ordenatan egin behar izaten dira, bata eta bestea? Eta zenbateko denbora-tartea utzi behar izaten da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-01-19 20:35

Nik nahiago izaten dut lehenengo ongarritu eta ondoren karetu. Udazkenean ongarrituz gero neguan lurrera sartuko da. Gero neguan karetu, Kareak ongarria mugitzea dakar lurrean eta horretarako ongarria ondo asentatua izatea komeni da. Batetik bestera gutxienez ilargi bat utzi, hilabete bat, alegia. Gehiago bada ez da ezer gertatzen. Tartea laburragoa bada arazoak izan daitezke.

Egunon Jakoba,
ipini ahal ditzakezu berriro satorrak uxatzeko modu batzuk? Nik zepoak erabiltzen ditut baina... pazientzi askoz

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-01-20 10:30

Nahikoa lan ematen digu bai lurpeko lagun honek. Alde egin arazteko intsusa (Sanbucus nigra) edo tartikua (Euphorbia lathyris) irakinez egindako urak botatzen zaizkio zuloan, egin berria denean hobe. Bestetik, satorra uxatzeko era errazagoa bada: metro eta erdiko burdinezko hagatxoak behar dira. Erdia lurrean sartu eta beste erdia airean geratzen delarik. Kanpoko horren muturrean buruz behera plastikozko botila sartu buruz behera. Haizeak botila dantzatzen duenean honek dardara eragingo du eta lurpean ere bibrazioa sortuko da. Hau ez dute batere gustuko eta inguru horretatik alde egingo dute.

Ea bada honela lortzen duzun...

Lur zati bat eskuratu berri dut. Urte bete bat darama ezer landatu barik, baina oso lur askea da. Merezi al du iraultzea laiekin edo nahikoa da aitzurrarekin mugitzea?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-01-09 18:00

Zerorrek esan duzu dena: lur askea da. Honelakoetan hobe da ez iraultzea eta lurra bere horretan uztea. Egin behar dugun lana errazteko adina landu, ahal den eta arinen eta nahikoa da. Askoz ere emankorragoa izango da lurra irauli gabe.

Honela diot nire “BIZI BARATZEA” liburuaren 38. orrialdean: “Gaur egun, hala ere, lurra irauli gabe lantzeko joera hedatzen ari da. Lurrak berezko egitura du, mailaka eta geruzaka antolatua. Maila bakoitzak berezko bizitza du eta mailak iruliz gero bizitza hori zaildu eta eragotzi daiteke.”

Beraz aitzurrarekin axal-aalean mugitu eta nahikoa izango duzu. Lantze honen neurria urte sasoiaren eta eguraldiaren araberakoa izango da. Zeuk hartuko diozu tamaina.

Noiz batzen dira fruituak arbolatik?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-01-02 12:30

Kiwia (Actinidia sinensis), gure lurretan ez da arbolean bertan heltzen edo umatzen. Arbolean utziz gero hotz handiak hastean biguintzen hasiko litzateke, baina denak batera, eta konturatzerako usteltzen ere bai. Kiwia jasotzeko edo gordetzeko nahi baduzu ahal den helduena baina izotzak harrapatu gabe batu behar da. Jeneralean urriaren amaieran edo azaroaren erdia aldera. Eta iraupen luzeagoa izan dezaten ilbeheran.

Batutakoan toki ilun, fresko-hotz eta egurastu batean zabal-zabal eginda jarri. Garrantzitsuena hori da: argirik ez hartzea, tenperatura ahal den eta baxuena eta airea berritzea. Gero heldu arazi nahi dituzunean, helduta dagoen beste frutaren batekin (sagar, banana...) ontzi edo poltsa hermetiko batean itxita jarri.

Arratsalde on, Jakoba. Ikastolan proiektu zientifiko bat burutzen ari gara, sendabelar eta medikamentuei buruz. Gustatuko litzaiguke antibiotikoak sendabelar batekin alderatzea, baina ba al dago landarerik bakteriak hil ditzazkeena? Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-12-30 10:30

Nik ezin dizut galdera hori erantzun. Ni ez naiz landareek gure osasunean duten eraginaren gaietan jakitun. Hori sendagileren bati galdetu beharko diozu.

Hala ere maiz entzun eta irakurri izan dut landare askok badituztela osagai “antibiotikoak”: tipulak, kurkumak, baratxuriak, oreganoak eta abar.

Ea suertea dezuten eta proiektua ondo burutu dezakezuen.

Amaitzean idatzi mesedez eta guk emaitzak zabalduko ditugu.

Veza soloari buelta eman osteasn ortuariak landatu edo erein baino lehen karea dantzatzea egoki?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-12-27 09:25

Veza deitzen duzun hori Vicia sativa dela uste dut. Gazteleraz veza eta arveja deitzen zaio. Euskaraz zalkea eta duela gutxi esan didatenez txirta.

Lekaduna da zalkea, beraz lurra nitrogenoz aberastu egiten du. Bere ostean ondoen etorriko diren ortuariak hostoa aprobetxatzen diegunak dira: eskarola, zerba, letxuga, ziazerba...

Kareari dagokionez, jeneralean nitrogeno asko dagoen lurretan mesede handia egiten du. Dantzatu lasai. Nahi baduzu errautsa, kareharri xehetua edo kare bizia edo hila.

Lehengo egunean eguzkilore lehor bat oparitu zidaten (argazkia atxikita) eta jakin nahi nuen nola lor dezakedan egoera honetan mantentzea (azkenean hosto guztiak galdu gabe eta lorea ximurtu gabe) eta nola jar dezakedan zintzilik etxeko ataritik.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-12-23 09:00

Eguzkilore lehorraren etorkizuna beti bera da, zeuk ederki asko agertu duzuna: ximel-ximel egin, loreko hazi guztiak harrotu eta hosto guztiak galdu. Lehnxeago edo geroxeago hori gertatuko da. Nire ustez ilbeheran moztuz gero gehiago iraungo du. Bestetik non jartzen den ere ondo pentsatu eguzkiaren argiak azkar erreko du. Lehorrean eta ahalik eta argi gutxien hartzen duen tokian jarrita luzeago iraungo du.

Nola jartzearena beste upeleko sagardoa da. Hortan iaioa den baten bat izango duzu urrutira gabe: iltze, puntapax, lokarri, alanbre…

Egunon Jakoba!

Ba al da gurean Calçots deritzana jartzerik. Eta hala bada, zein da ereiteko garairik egokiena? Behar bereziren bat du landare honen zaintzak?

Gu zehazki Oñatin bizi gara.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-12-13 08:50

Calçota, lurreztatutako tipula da. Tipula burua landatzen da, orain lehortuta dauzkagun buruak, Irailaren hasieratik azaroa bitartean. Goiko muturra moztu eta landatzen dira, ilada artean 80 zm. eta buruik burura 30 zm.. Buruaren erreserbetatik kimu berriak etorriko dira, 5-15 tarttean buruko. Kimu hauek hazi ahala lurreztatu behar dira. Eta honela lortzen da tipula gero eta luzeagoa izatea, porruaren itxurakoa. Lurpean egonda zuritu egiten da eta bere dasta findu. Burua jarri dugunez bi urtekoa izango da udaberrian eta zildu, loratu eta hazia emateko joera azkar piztuko zaio, eta beraz luzeetsi gabe jaten hasi. Otsaila_martxoa da han barazki honen sasoia.

Ikasketa batzuk Catalunyan egina naiz, baina garai hartatik gaurko egunera gauzak asko aldatu dira. Ondoko informazioa Atxondoko Biezko Baserriko Aner lagunak eman dit. Berak “Blanca gran tardana de Lleida” deritzan aldaera erabiltzen du, Catalunyan sonatuena. Lehen tipula gorriak ere egiten ziren. Euskal Herrirako tipulina egiteko erabiltzen den “Babosa” aldaera proposatzen du berak.

Behar bereziak bi: batetik janari asko eskatzen du, aurrez eskuzabal ongarritutako lurra nahi du eta, gogoratu, tipula da: tipulak lur motela, astunak, buztintsuak eta urasetutakoak gorrotatzen ditu. Lur harroak maite ditu. Lur tontorrak egin eta alboetan landatu edo koskatan igo... Baina kontutan izan gero lurra eman eta eman lurrak bere bueltan geratzeko modua beharko duela...

Zer komeni da egitea geranioei neguan ongi irauteko eta udaberrirako berriro apain edukitzeko? Kimatu? Egarri greban ipini? Barrura sartu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-12-09 16:00

Bi aukera daude: irailaren amaiera aldera aldaxkak kendu eta landatu. Landatutako hauek eta geranio amak babesera eraman. Etxeko egutera aldeko hormaren kontra edo antzeko toki batean jarri. Barrura inola ere ez sartu, nahi baduzu aterpe ireki batean. Azken aukera honetan pixka bat ureztatu. Neguan berez ez dute asko behar.

Bigarren aukera, geranioak bere horretan, orain dauden bezala babesera eraman. Udaberrian, martxoaren hasiera aldera, izerdi berriarekin aldaxkak moztu eta landatu.

Kimatu nahi izanez gero, bi kasuetan udaberriko izerdiarekin kimatu.

Egunon Jakoba, Urriak 22-23-an Sagardoa egiteko asmoa degu, Ilargiari begira egun egokiak diren jakin nahi nuke. Botilaratzeko orduan ere zein garai den onena jakin nahi nuke ilargiari begira. Eskerrik asko aldez aurretik
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-10-20 19:55

Nire iritziz honelako lanak egiteko ilbehera da egokiena. Sagardoari gehixeago kostako zaio etortzea baina luzeago iraungo du. Botilaratzeko ere ilbehera aukeratu, inolako zalantzarik gabe. Sagardoak dantzatu ederra hartzen du botilaratzean eta hobe da ilbeheraren apaltasunean egitea. Egun ekaiztsuetan eta haizetsuetan ez nuke nik lan hori egingo. Hotzak, aldiz, lagundu egiten duela esango nuke, sagardoa garbiagoa, ama gutxiagorekin, izango da.

Landareei buruzko proeiktu bat egin behar dugu, eta pentsatu dugu baratza moduko bat egitea. Horretarako, landare ezberdinak landatu behar ditugu baino ez dakigu nondik hasi.
Lana burutu ahal izateko landareak azkar hazi behar dira,horretaz gain, landarearen zati desberdinak jaten ditugu azaldu nahi diegu . Adibidez, patata (sustraia), etab. Gainera, loredunak eta loregabeak bereizi nahiko genituzke.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-11-23 09:10

Galdera zehatzago azaltzea eskertuko nuke. Ulertzen dudanez eskolan egin nahi dezute baratzea, ezta? Haurrentzako, alegia. Noiztik noizera arteko denbora dezute? Ikasturte osoa badezute buruan inolako arazorik ez dago. Nahikoa denbora badezute. Hasteko ereiteko haziak eskuratuerraz eta azkar etorriko diren landareak sortzeko (azenarioa, perrexila, baba handia, ilarra, errefaua, ziazerba, uraza...) Bina baita landaretxoak ere, hauek azkarrago etorriko dira: tipula, porrua, eskarola, zerba... Baita landare zatiak ere landatu ditzakezue: marrubia, baratzuria, patata...

Landareen zati desberdinak baliatzeko aukera handia dago: sustraiak (azenarioa, errefaua, erramolatxa...), tuberkuluak (patata, boniatoa...), hostoak (zerba, ziazerba, eskarola, uraza, aza...), loreak (orburua, kuiatxoak, azalorea, brokolia...), fruituak (leka, tomatea, piperra, alberginia, kuiak...), haziak (babarrunak, artoa...) eta abar

Loredunak eta loregabeak bereizte nahi hori ez dut ulertzen. Loratu aurretik eta loretu ondoren baliatzen ditugunak? Loretu behar dira lorea bera, fruitua edo hazia aprobetxatuko diegun landareak. Baina loratu, loratu landare guztiak loratzen dira. Hostoa edo sustraia kendu nahi diegun landareak garatu, tontortu eta loratzeaa ez da komeni, ordea.

Kaixo Jakoba;

Azak jan-jan eginda daukoguz, ez dakigu ze xomorrok; arrak, bareak... Zer uste dozu izan daitekeela? Zelan aurre egin izurriteari?

Eskerrikasko,

Laster arte.

Oier
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-11-21 08:00

Seguruenera azaren harra da, ohikoena Pieris brassicae da. Tximeleta zurizta bat da, hostoen azpiko aldean arrautza hori-laranjak multzoka jartzen dituena. Sistema onena harrak jaiotzen direnean behatz artean zanpatuz lehertzea da. Aza sail handia baduzu beste nolabait moldatu behar. Bada bere aurka egiten duten liztor (Apanteles glomeratus), erle, armiarma eta abar, beraz hauek erakarriko dituzten beste landareak dauden tokien inguruan landatu azak: tipula, erromeroa, salbia... Harrak sortu orduko “Bacilus thuringiensis, 24” produktuarekin tratatu, ahal dela harak berak bustiaz; naturala da, harraren beraren gaitza zabaltzen duzu.

Izurrite honi aurrea hartzeko beste trikimailu bat ere bada, BIZI BARATZEA liburuaren 89. orrialdean azaltzen dudana: azaren gainean eta lurrean bere artean garoa (Pteridium aquilinum) jarri. Tximeleta arrautzak jartzera hurbiltzen denean uxatu egiten du.

Kaixo Jakoba, limoiondoari ez dakit zer gertatzen zaion, argazki batzuk bidaltzen dizkizut. Ea zer egitea komeni den.Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-11-18 10:00

Argazkiak ez du informazio gehiegirik ematen, baina saiatuko naiz. Itxuraz limoiondoa (Citrus x limon) kartzelan bizi da, lorontzi batean, alegia. Ontzia txikitxoa izango da. Fruitu arbolak hazteko ontzi handia jarri, HANDIA. Limoiondoari eguzkia gustatzen zaio, ahalik eta gehien izan dezan saiatu. Ureztaketa zaindu, erraz drainatzen diren lurrak atsegin ditu. Eta etengabe ongarritu, hilero edo bi hilabetetik behin ongarri organiko ona (simaur zaharra, luarra...) jarri lurraren gainean.

Kontutan izan: ontzietan bizitzen diren landare guztiak ahulagoak dira, eta gaitzek eta izurriteek errazago erasotu eta kaltetzen dituzte.

Kaixo Jakoba, noiz izan leike garairik egokiena intxaurrondoa tokiz aldatzeko? Eta nola?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-11-16 10:30

Intxaurrondoak (Juglans regia) hostaia galtzen du. Soiltzen diren espezie guztiak bezala udazkenean edo neguan aldatu behar da abendutik hasi eta otsaila bitartean. Guza bat bakarra izan kontutan: izotza izateko beldurrik ez dadila izan egun horietan. Landatzeko zuloan lurra harrotu egiten da eta izotz handia badator lurreko tarteetan barrena sartu eta sustraiak izoztu ditzake.

Nola egin? Landarea ahal den lur guztiarekin mugitu behar da. Ateratzerakoan ahal den eta sustrai kopuru handienari eta ahal bada oso-osorik eutsi. Sustrai handiak mozten badituzu, landareak zaputzaldia izateko arriskua izango du eta urte batzuetan agian buelta eman ezinik egongo da. Sustraietako zauri handiak babestu: salda bordeles pixka bat ontzi batean jarri, ur ttantta batzuk erantsi, ondo nahasi eta ore edo pasta antzeko horrekin busti zauriak. Hostaia berria ateratzen hasten denean asu urarekin ureztatzen baduzu alde ederreko indarrean etorriko da.

Iepa Jakoba.

Itziar naz, Errigoititik. Lehen pinudia izandako 14000 metro2tan intxaurrondoak jarri gura doguz. Etxean berez hazitako intxaurrondo emankor batetik haziak hartzea pentsatu dot, eta gero sortuko litzakezen landareak ez mendatu edo eztitu. Zer irizten deutsozu?

Bestetik, zein sasoitan erein behar dodaz? Eta zenbat denboragarrenean landatu?

Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-11-14 08:30

Hazitik sortzeko ama eta aita behar dira: aitak polen hautsa zabalduko du eta honek amaren lorea ernalduko du. Amak emango du fruitua, intxaurra. Hazi horretatik sortutako landareak ez dira inoiz erabat amaren edo aitaren berdinak. Baten antza, bestearena edo bien ezaugarrien nahasketa izango du.

Etxeko hazitik intxaustia edo intxaurraga sortzea ondo iruditzen zait. Zeuk ezagutzen duzu inork baino hobeto etxeko hori… Eztitu edo mentatu gabe denek ez dute forma berdina ez intxaur berdin-berdinik emango baina naturalagoa izango da...

Honetarako intxaurrak bildu bezain pronto geruzatu edo estratifikatu. Ipurdian zuloak dituen ontzi batean (egurrenko kaxa bat, lorontzi bat...) erreka-hondar edo hare geruza bat jarri gainean intxaur geruza bat, gainean harea... Honela ontzia bete arte. Kanpoan eduki hotzetan eta euritan, lehortzen bada ureztatu. Otsailean atera eta erein, bestela bertan ernetzen utzi eta martxoa-apirilean atera eta landatu.

Onena intxaurrondoa gero biziko den toki berean sortzea dela esanten da. Sustrai lodikote nagusi bat ematen du eta tokiz mugitzen dugunean jeneralean sustrai hau moztu egiten da. Hazia muintegian edo baratzean eginez gero ahal den azkarren jarri behin betiko tokian, lehen edo bigarren urtean.

Kontutan izan: buztin lur motelak ez ditu atsegin eta behar bezalako tartea eman landare batetik bestera, gutxienez hamar bat metrokoa...

Kaixo Jakoba.
Nere galdera da ea noiz komeni den batzea kalabazak. Ea egun apropos batzuk dauden.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-11-11 09:00
Nire iritziz, kuiak , kurkubiak eta abar (Cucurbita, Legenaria eta beste generoetakoak) jasotzeko baldintza nagusia fruitua ondo heldua eta azala zaildua eta akatsik gabekoa izatea da. Ondoren Ilargiari begira jarrita nik beti ilbeheran eta fruitu egunetan jasoko nuke. Aurtengoan, adibidez, urriak 24, 25 eta 26.

Baratzea txomin belarrak irentsia daukat (oxalis), hamaika aldiz jarri naiz balde batera landare honek sortzen dituen bulbo guztiak botatzen baina alperrik. Landare altuentzako arazo handirik ez du sortzen baina barazki baxuenei ez die hazten uzten. Zer egin nezake honen aurrean?
2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-11-09 10:30

Txomin-belarra, Lekeitio-belarra, Bermeo-belarra, barrabas-belarra, barrabasa, potox-belarra, potro-belarra... Zenbat izen ote ditu belar honek? Denak belar txarra edo gogaikarria dela adierazten dutenak. Izen zientifikoa Oxalis latifolia du.

Oso zaila da baratzetik kentzea, erabat kentzea ezinezkoa dela esango nuke. Herbizida kimikoak erabilita lurra erabat kutsatuko duzu eta denbora luzez bertan sortutako ezer ezin jan. Rotabatorra da bere lagun handiena, aipatzen dituzun lurpeko erraboilatxoak ebaki eta zabaltzen ditu. Nik uste dut barrabasarekin ezikusiarena egin behar dela eta ugari dagoen tokietan landare altuagoak izango direnak jarri eta ttikiak jartzeko edo haziak egiteko lur garbia erabili.

xane kreckelbergh-gillentegi-ren erantzuna
2019-08-19 10:07
baratze ttikientzat erranen nuke :
plastika beltzez estalgi ,pizu bat ezarriz gainetik , zapatzeko (plastika ez da batere ekologikoa orduan bere etxeko bertze zerbait erabili
Gero badakizue segurki ,hostoak jaten ahal direla ,bainan oso gutti !!!
xane
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora