Astelehenero 8:00etan zure epostan
Tomate landarea landatu berri det. Nola zaintzen den tomate landarea , ausoak edo kontutan izatea jakin nahi dut. Posible da?
Tomatearen zaintzan kontutan izatekoak:
Lur aberatsa eskatzen du; nahikoa ongarri ez badu ondo heldutako simaurra edo luarra nahasi lurrari. Karea ez ahaztu, 100 gr /m2.
Ilaren arteko tartea, 1 m.
Ilaran landareen artekoa 75-80 cm.
Tontor bat egin, 40 cm inguru.
Tontorrean zuloa prestatu eta asun zarba berde bat edo hosto batzuk sartu.
Asunaren gainean lur pixka bat jarri.
Horren gainean landatu tomate landarea.
Basokada bat urarekin ureztatu, behar badu bi egunetan. Gehiago EZ UREZTATU.
Hesolak edo makilak jarri.
Makilen gainean plastiko gardenarekin txapela bat antolatu, soilik gainean.
Inausketak eguerdiko ordu beroenetan egin eta kendu behar den kimua oso txikia denean, zauria txikia izan dadin.
Tomate tartean eta inguruetan tageteak (Tagetes patula) eta albahaka landatu.
Tomateari aldamenean izatea gustatzen ez zaizkionak: piperra, alberjinia, kuia, kuiatxoa, apio-arbia, erremolatxa eta patata.
Gaur arte erantzundakoak (995 galdera-erantzun)
Jakoba aza egon den tokian ze landatzea komeni da orain ? Tipula bai eo ez? Eskerrikasko
Azari kentzen diogun etekina hostoa da. Hostoko barazkien ondoren fruitua ematen dutenak (tomatea, piperra, alberjinia, kuia…) jarri daiteke baina baita sustraia edota erraboila ematen dutenak ere. Beraz tipula jartzea ondo.
Kaixo Jakoba Bediatik idazten deutsut. Aguakate zuhaitz bat baratzean landatu gure dogu eta zein izingo zan egunik onena jakin gureko geunke. zuhaitzak 2 urte dekoz. Eskerrik asko
Hostorik galtzen ez duten landareak landatzeko sasoia oraintxe hasi da. Ilbeheran egiteko lana da eta egokienak sustrai egunak dira. Martxo honetan ilbehera 7tik 21 arte da, eta sustrai egunak 15 eta 16 dira.
Zelan egin "vermikonpostera" bat? Zizare gorriak egokiak dira edo inbasoreak izan daitezke?
Ez dakit gai horren inguruan. Nahiago nuke bertan espezialistak direnen batzuengana joko bazenu. Luar mota hori egiten duen jendea erraz topatuko duzu.
Kaixo, ea nik zalantzak argitu ahal dizkizudan: Zizareen konpostera bat egitea erreza da, sarean adibide asko topatuko dituzu. Nahikoa duzu tamaina bereko bi plastikozko kutxa edo kubo hartzea, bata bestearengainean pilatu daitezkeenak (ilunak badira hobe). Behekoa izuri daitekeen likidoa biltzeko izango da, eta gaineko ontzian janari hondakinak eta zizareak jarriko dira lur eta lasto apur batekin hasieran. Beraz gaineko ontzi honen behekaldean zulo batzuk egin behar dira ura behera eror dadin eta hormetan goikaldean ere zulo batzuk egin airea pasatzeko. Estalki bat ere jarri argitik babesteko eta listo. Zizareen konposteran zizareek ez dute irteterik, beraz edozein tokitan jarri daiteke, beti ere eguzkitik eta euritik babestuta (nik balkoian daukat). Erabili behar diren zizareak Kaliforniako zizare gorriak dira (Eisenia foetida), konposta egiteko aproposenak direlako. Zizare hauek ez dira inbaditzaileak. Espezie horrek "Kaliforniako" izena darama han hasi zirelako zizare hauek haztegietan hazten, baina europako bertako espeziea da.
Ezpela ihartzen ari zaigu..zer egin dezakegu ???
Har batek jaten dizkio hostoak eta kimu berrien azala. Cydalima perspectalis izena du eta gogor erasotzen du ezpela Euskal Herri hezean azken urte hauetan. Aukera bakarra intsektizida natural batekin tratatzea da. Nahasketa bat eginez gero eraginkorragoa da tratamendua: xaboi potasikoa + Neem + Bacillus thuringiensis. Azken horren klase asko dago eta komeni da aldatzea. Bat bukatzean desberdin bat eskuratu, eta gero beste bat; hona klase desberdin batzuk: aizawei, kurstaki, israelensis, galleria eta tenebrionis. Aldaketa honek eraginkortasuna handitzen du. Tratamendua beraiek ekartzen duten dosia errespetatuz egin behar da eta ezpela alde guztietatik ondo busti. 8-10 egunetik behin egin behar da, hutsik egin gabe, apirilean hasi eta urria aldera arte.
Egunon. Ardiak zein behorrak larrean ibili ohi diren belaze batean lurra lantzekotan nabil, baratzerako (porruak , tipula, illarra, patata,...). Patata eta illarra motza iada erein ditut, lurrari buelta eman nion aurretik traktorearekin, goldetu gabe aurretik. Orain tipula, porruak, landatzerako, aurrena goldetu eta ondoren lurra jiratzekotan nabil. Baina zure iritzia jakin nahiko nuke goldetzeari buruz, ona al da? Eskerrik asko.
Nire iritziz goldatzea lurraren kalitatea galtzea da. Lurra geruzaka antolatua dago eta goldetuta geruza horiek nahasi egiten dira. Askoz hobea da karramarroa edo arrea pasatzea, lurra harrotuz, baina jiratu gabe; garai batean laiarekin egiten zen eran, azaleko geruza bakarrik harrotzen zen. Azienda larrean denbora luzez ibili bada, nitrogeno gaindosia egongo da lur horretan, beraz lurra lantzen hasi aurretik karea ematea gomendatuko nizuke, hautsa beharrean koxkorrean eta gaindosian hori ere: 200 gr/m2. Hurrengo urteetan pixkanaka dosi hori jaitsi (150, 125, 100, 75) urterokorako ohikoa den 75 gr/m2 arte.
Sagarrondoa iñauzi/ kimatu behar ditugu, adar batzuk lurreraino dauKa eta. Behin adarrak kimatuta, zer edo zer eman behar diogu zauriari, gaitzik har ez dezan?
Adarrak kimatzean sortzen dizkiogun zauriak berez ixtea du onena sagarrondoak. Saltzen dituzten pasta eta ukenduek kalte besterik ez dute egiten. Zauria itxi beharko lukeen aldameneko azalari ez diote arnasa hartzen uzten ezta orbaina sortzen ere. Onena bere horretan uztea. Laguntzea nahi baduzu izerdi berria hasi denean inausi. Martxoa da hilabeterik onena eta egun egokienak ilbeherakoak dira, eta aproposenak sustrai egunak. Aurtengo martxoko ilbehera 7an hasiko da, arratsaldeko 17:00etan eta 21 arte luzatuko da. Sustrai egunak 15 eta 16 izango dira.
Noiz eta zertarako bota behar zaio lurrari diatomea? Esker mila!
Diatomea edo diatomea lurra esaten zaio aspaldi batean fosildutako izaki urtar batzuei. Bere eskeleto fosilduak dituen harria ehotu eta hauts eginda erabiltzen da. Intsektizida oso ona da. Baita lurra silizez, kaltzioz eta beste mineralez aberasteko ere.
Eguerdi on!!! Ze Egun dira onak sagardoa boteiletan sartzeko? ( hau da, embotellatzeko) Mila esker
Orokorrean sagardoa botilaratzeko egun onenak ilbeherakoak dira, eta aproposenak sustrai egunak. Zer sagardo mota nahi duzunaren arabera alda daiteke hori, baina sagardoak irautea nahi baduzu horiek egokienak. Hurrengo ilbehera martxoan izango da, 7aren 17:00etan hasi eta 21 arte. Sustrai egunak 15 eta 16 izango dira.
Egun on Jakoba!!! Baba aleak ateratzen ari zaizkit eta atera ahala belak dena jaten dit. Belak beldurtzeko ze gomendatzen didazu ? Eskerrik asko
Ez dut sistema eraginkorrik ezagutzen. Badakit artoaren kasuan zenbaitek hazia hauts gorrizta batean bustita saltzen dutela, bele, mika eta antzekoak atzeratzeko. Ez dut ezagutzen baina zein hauts den. Sail handia ez baduzu agian sarea jartzea pentsatu beharko zenuke.
Kaixo Jakoba, zer gertatzen da frutarbolak ez badoguz inausten?
Iruditzen zait galdera alderantziz egin beharrekoa dela: zer gertatzen da fruta arbolak inausten ditugunean? Zergaitik eta zertarako inausten ditugun jakin beharko genuke, noiz nola eta abar inausteko. Inausi gabe utzita, bere bizimodu naturalarekin jarraituko dute, besterik gabe, gure ekoizpen eta uzta handien goseak sortutako estresa eta arazorik gabe.
Kaixo Jakobarena, zaila egin zait zimaur desidratatua aurkitzea, azkenean lortu dut. Bi eskaini didate, oiloena edo zaldiena. Zure ustez, zein da aproposena lorategian erabiltzeko? Eskerrik asko
Biak dira oso onak, zein baino zein. Behorrarena ahulxeagoa da, eta oiloarenak nitrógeno gehiago du. Gose den edozein lurretarako biak onak. Oiloarena berdea, hostajea, belarra eta abar indartu behar duzunerako hobea.
Arratxalde on Jakoba, Kiwiak noiz kimatu bejar diren jakin nahiko nuke, baita kontutan hartu behar diren arrak edo emeak diren. Eskerrik asko
Ez da gauza bera arra edo emeak inaustea. Emeak izerdi berria hastera doanean inausi behar dira. Martxoko ilbehera da onena. Aurten 8tik 21era artean izango da. Ilbehera osoa inausketarako ona bada ere, egun onenak sustrai egunak dira, aurten 15 eta 16.Arra aldiz geroago. Izan ere arraren lan bakarra loreak zabaldu eta polena hedatzea da. Aurretik inausiz gero loraldia murriztuko dugu eta bere lana eskastu. Arra, beraz loraldia amaitu ondoren, apirila edo maiatza izan daiteke.
Egunon,arto ta babagorrie ereiteko lurra goldatzea komeni garrie dek edo txikituta nahiko?
Eta bestetik ximaurra ordezkatu zaikeat kare bizi granulatuarekin?
Ondo izan.
Goldatu beharrik ez ziok, eta egungo goldatze sakonak mesede baino kalte gehiago egiten dik. Beraz lurra azalean txikituta nahikoa duk. Bestetik, simaurra ez dik sekula ordezkatuko kareak. Biak ongarriak dituk, baina simaurra ongarri organikoa dek, bere ontze bidean mikroorganismoz eta makroorganismoz aberastu dukena. Simaurrak landarea elikatuko diteken gai asko ematen zizkiok lurrari, eta batez ere lurrari bizia ematen ziok, organismoak sustatuz. Karea, aldiz, elikagai soil bat dek, kaltzioa, eta lurra azidotu beharrean azidotasuna kendu egiten ziok. Azken lan hori oso baliagarria duk lur buztintsu astunetan, hezetasun handia dutekenetan eta simaur asko erabiltzen dukenetan. Beraz ezin dik ordezkatu batek bestearen lana. Biak erabili behar dituk, beti bat ematetik bestea ematera ilargialdi baten, hilabete baten tartea errespetatuz.
Kaixo, galdera bat egitera nator.
Gabon inguruan gorosti txiki bat erosi nuen eta iruditzen zait lorontzi aundixio batera aldatu beharko nukela, noiz da garai ona?
Mila esker eta agur bat
Izaskun
Hostorik galtzen ez duten landareak landatzeko sasoi egokiena martxoaren amaiera eta apirilaren lehen erdia dira. Aldatzerakoan lehen duen lurretik ahalik eta zati handiena kendu, behatzekin sustrai tartea hustuz. Horrela lur berri gehiago izango du eta hazteko beste poz bat ekarriko du.
Egunon Iakoba!! Ze patata mota da 60 egunetara ateratzen hasi daitekeena ? Eskerrikasko
Goizeko patatak erabili behar dira (gazteleraz “temprana” esaten diote eta frantsesez “pomme de terre primeur” edo “hâtive”). Nik erabiltzen dudan barietatea “Colomba” da eta berez 80 egun behar ditu heltzeko. Orokorrean patata barietate arruntek 120-150 egun artean behar dute heltzeko. Beraz 80 egunetan heltzen dena oso goizekoa da. Hala ere nik ez diet heltzen uzten, ez dut nahi izaten patata urte guztirako jasotzeko edo gordetzeko. Patata landarea edo zerba ihartu arte utzi beharrean loratzen hasi ordurako ateratzen hasten naiz, eta jan ahala atera. Horregatik 60 egunetan jaten hasi zaitezke. Eta gomendio bat ematea nahi baduzu: ez dago horrelako patata goxorik, edozein barietate, baina heldutasun osora iritsi aurretik bildu eta azal eta guzti jandakoa bezalakorik.
Kaixoo... Aurtengo ze egunetan ereingo ditugu tomate haziak? Eskerrikasko
Kanpoan dagoen baratze batean landatzeko izango direla iruditzen zait. Horretarako, maiatzaren bigarren hamabostaldian eta ekainaren lehenengoan landatzeko, martxoan ereiten dira tomate haziak. Onena ilgoran ereitea da, eta egun aproposenak fruitu egunak dira. Martxoan ilgorak 1etik 7ra eta 22tik ekainaren 3ra izango dira; eta fruitu egunak martxoaren 3 arratsaldea eta 4 egun osoa, 22, 23, 24 goiza, 31 eta apirilaren 1 goiza. Lehen egun horietan hasteko hazien erdiak erein eta azken egun horietan beste erdia; horrela tomate uzte luzatuko duzu.
Kaixo, hegoaldera ditugun landare trepadoran zorri hantzeko kolore hori dun bitxotxoak azaldu zaizkigu. Ze Pauso eman behar degu hauek kentzeko? Eskerrik asko
Landare igokari horiek dipladeniak dira, Mandevilla sanderi. Ikusten diren bitxo horiek zorriak direla esango nuke. Hasi tratamendu erraz baina oso eraginkor batekin: xaboi potasikoa. Litro bete edo biko ihinztagailu batean goilarakadatxo ttiki erdi edo oso bat nahasi, kafe goilaratxo horietako batekin, eta urez bete. Bi-hiru egunez behin busti landare osoa alde guztietatik. Nik uste dut ederki garbituko duzula.
Noiz da garai ona tomate hazietatik landatea ateratzeko?
Tomate haziak ereiteko bi garai daude. Tomate landareak negutegian edo berotegian landatu nahi izanez gero urtarrilean edo otsailean ereiten da hazia. Landarea kanpoan, baratze arruntean landatu nahi baduzu martxoan ereitea da onena. Ereintzarako egunik onenak ilgorakoak dira eta egokienak fruitu egunak. Otsaileko ilgoran gaude eta martxoaren 7an amaituko da. Martxoko ilgora 22an abiatu eta apirilaren 3 arte izango da. Fruitu egunak hauek dituzu: otsailaren 24, martxoaren 3 (arratsaldea), 4, 22, 23, 24 (goiza), 31 eta apirilaren 1 (goiza).
Egun on Jakoba! Ilargiaren zure liburuan irakurri dut urteko tipula landatzeko egun aproposa otsailak 9a zela baina pasa zaigu eguna... noiz landa dezaket? Oraindik ere garaian gaude? Eskerrik asko!
10 urte betetzera doan BIZI BARATZEA liburuan tipularen fitxaren trikimailuak atala irakurtzen baduzu esaten du sasoi onena otsailaren ilbehera dela. Beranduenera martxoaren erdia. Otsailaren ilbehera oraintxe da eta 22ra arte luzatuko da. Ilbehera osoa ona da landaketa hori egiteko baina egun onenak sustrai egunak dira: 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18. Martxoko ilbehera 8tik 21 arte da eta sustrai egunal 15 eta 16.
Kaixo !! Etxe aurrean gereizondo bat degu eta adarrak kimatu beharrean gaude...oztopatzen baitute pasua....noiz egin leike ???
Gereziondoa, fruitua hezurra duena ematen duten fruta arbola guztiak bezala Euskal Herri hezean ez da inausi behar gaitzak sartzen zaizkiolako. Bestetik gereziondoak bereziki, egur oso ahula, biguina du eta egingo dizkiozun zaurietatik barrura usteltzen hasiko da, arbola guztia ahulduz eta arriskutsu bilakatuz. Beraz, ahal baduzu inausi gabe pasa, adarrak okertuz eta lotuz edo… Bestetik inausten baduzu zauriak ahalik eta ttikienak egin. Inausketa orain egin daiteke otsaileko ilbeheran, 22 arte.
Kaixo ! Jakin nahi genuke zergatik udan, sartutako porruak ateratzerakoan ezin ditugun sustraitik atera eta gehienak puskatzen zaizkigu erditik......
Bi arrazoi izan daitezke: sakon landatuta daudelako edo lurra astuna, buztintsua, gogorra delako. Seguruenera bi arrazoiak elkarrekin izango dituzu zuk porru sailean. Hurrengo porru saila non jarri behar duzun erabaki orain eta gainean jarri ongarri geruza lodi-lodi bat, 10-15 cm lodi. Orbela, simaur zaharra, luar ondua, eta abar. Horrek lurra harrotu eta arinduko du.
Atsaldeon! Gure etxeko belazea errekatxo batean amaitzen da.Pixkanaka pixkanaka, uraren erosioagatik lurra juten ari da.Jakin nahinukena da Altzarerin egindako estakillak ateratzen diren edo ez. Ingurun asko dago eta...
Bai itsasten dira haltzaren aldaxkak. Arra bete luzeko adar muturrak moztu, azkenekoa ezik gainontzeko hostoak kendu, oinaren azala labana batekin urratu, eta lurrean egindako zuloan sartu eta ondo estutu. Toki epelean eduki eta lurrari heze eutsi. Udaren hasieran, ekaina aldera egin daiteke. Udaberriaren hasieran ere bai; orduan, baina hostorik ez du izango. Itsasten laguntzeko hormona kimikoak erabili ditzakezu edo ernetutako dilisten ura (dilistak paper bustian ernetu arazi, eta uretan irabiatu eta txikitu, ur horrekin ureztatu) edo sahatsa edo zumearen ura (azala uretan txiki-txiki egin eta ureztatzeko erabili). Haltzaren adarrak baino errazago itsasten dira zumearenak. Hori ere jar dezakezu, beti ere kimuberritzen hasi aurretik.
Atsaldeon. Sagarraondoa inausteko, otsaileko ze egunak diré aproposak? Eskerrik asko Jakoba
Sagarrondoa inausteko askoz ere hobea da martxoa otsaila baino. Izerdia mugitua behar du egingo dizkiozun zauriak ahalik eta azkarren ixteko. Egun onenak ilbeherakoak dira eta aproposenak sustrai egunak. Martxoan ilbehera 8 eta 21 artea izango da, eta sustrai egunak 15 eta 16. Otsailarekin egoskortzen bazara ilbehera 8ko 12:00etatik 22 arte izango da eta sustrai egunak 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18.
Basoan 7 urte dituen pinu maritimoa deitzen diotena dut sartuta eta zein da sasoirik onena basoa eta pinu ingurua garbitzeko? Orain udaberri ingurua Ala udazken-negua?
Edade horretako pinuei garoak ez die kalterik egingo beraz laharrean pentsatu behar dugu. Laharra kaltetzeko indarrean dagoen sasoian jo behar da eta kalte handiena ilgoran egiten zaio. Beraz ekaina, uztaila edo abuztuko ilgoran moztu eta garbitu pinudia.
Mandarino gazte bat daukagu. Iaz dozena bat mandarina eman zituen, aurten hiru. Zegaitik? Leku epelean dago.. Sondikan bizi da.
Iazkoa orokorrean fruituentzako urte oso txarra izan zen. Arrazoi bat hori izan daiteke eta bestea gaztea da, zeuk esan duzu, eta gazteetan normala da horrelako gorabeherak izatea. Egin dezakezun gauza bakarra laguntzea da. Inguruan, ez soilik ipurdian, zabalxeago baizik, ongarri organikoa jarri: satsa, luarra, eskuera daukazuna. Eta utzi bere horretan. Adarrik ez moztu inola ere, bestela urte batzuetan gutxiago emango dizu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545