Astelehenero 8:00etan zure epostan
Arrasti on, Jakoba.
Irudietan duzun landarea dut etxean. Azken aldi honetan, gero eta okerrago ikusten ari naiz.
Esango didazu ze landara mota dan eta zer egin dezakedan bere osasuna hobetzeko?
Mila esker.
Nire ustez landarea Blossfelden kalantxoea da (Kalantxoe blossfeldiana). Euli zuri izurrite beldurgarriak harrapatu du. Inguruan beste landarerik badu haien panorama ere ondo begiratu. Xok-tratamendu bat egin behar diozu ahalik eta azkarren. Atera landarea lurretik, lur guztia ondo ondo kendu sustraien artetik. Ontzi handi batean nahasi koilarakada bat xaboi potasiko 5-10 litro uretan eta landarea oso-osorik bertan urperatu eta eduki gutxienez 12 orduz. Lurra den-dena bota. Loreontzia ere xaboiarekin ondo-ondo garbitu. Lur berria jarri eta bertan landatu eta ureztatu. Ohitura hartu eta ongarriketa zaindu: uretan nahasteko ongarri likidoa erosi, lorea ematen duten landareentzako berezia eta esaten duen dosiaren erdia erabiliaz hilean behin edo bitan ureztaketa urari nahasita eman. kBere zaintza hobetzeko trikimailuak nire “Etxeko landareak” liburuan dituzu 77 orrialdean: Hostoak sekula ez busti (Ura azpiko plateratik eman), tamainan ureztatu, loratzeko argia murriztu (egunero arratsaldean kaxa batekin estali eta lore kimuak azalduko ditu, orduan utzi kaxarenari), loraldiaren ondoren deskantsua eman (argi gutxiago dagoen toki batera eraman eta oso-oso gutxi ureztatu hilabetez) gero lehengo tokira eraman eta urtero lur berria jarri.
Gaur arte erantzundakoak (1327 galdera-erantzun)
Kaixo lagunok. Gaztainondo txiki bat daukat loreontzian eta lurrean sartu nahi nuke, oraintxe bertan egin dezaket ala otsail aldera arte itxoin behar dut? Eskerrik asko eta hurrena arte.
Kaixo, Ima. Loreontzian hazitako landareak noiznahi aldatu daitezke, landarea oso-osorik mugituko baitugu: adarje eta sustraije guztia. Noiznahi, baina baldin eta oinarrizko betebehar batzuei iskin egiten ez badiegu. Loreontzian bizi den landarea ur gaineko bitsetan, ur-aparretan bizi da: lor onena, ongarriak eskuera, behar duenean nahikoa ur... Ima, zerorrek erantzun behar duzun galdera hauxe da: aldatuta jarriko dudan toki berrian gaztainondoak orain artean izan duen zaintza bera izango al du? Batez ere, ia egunero ureztatuko al duzu? Hala ere, urte sasoi okerrenean, bero-sapa-sargori-erre, aldatu baino, loreontzian mantendu ahal izanez gero, datorren negura itxaron eta otsail alde horretan aldatu.
Kaixo lagunak. Schefflera bat daukagu etxean. Oso luze egin zaigu eta jakin nahi genuke nola eta noiz moztu, eta zer egin behar dugun mozten dugunarekin beste landare bat lortzeko. Eskerrik asko eta beste bat arte.
Kaixo Marisa. Orain sasoi egokia da mozteko. Abuztuaren amaia artean, lasai nahi duzunean. Nondik moztu erabakitzeko, moztu ordurako kimu berria bota eta laster berriz ere gorantz joko duela kontuan izan. Hau da, hostaia multzoa eduki nahi duzuna baino 30-50 zentimetro beheragotik moztu. Mozten duzun zatiko adarrak banatu eta uretan sartu edo zuzenean lurrean jarri. Erraz itsasten da, baina hormona hautsez laguntzen baduzu alde ederrean etorriko zaizkizu. Uretan jartzen baduzu, sustraiak pixka bat garatu ordurako lurretara pasa. Aldaxka edo eskejeak zuzenean lurretan sartuz gero, honi beti heze eutsi eta toki epelean eduki, eguzki zuzenetik urruti. Lan hauek denak ilbeheran egiten saiatu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545