Asteroko buletina
Kukuak erromako zubian jotzen du amabirjina martxokoz.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Fruta aleak kendu arbolari lehen urtean
2024-04-25 20:33 | Iker

Aupa Jakoba! Aurten otsailean honako fruta arbolak landatu genituen: muxika, udareondoa, aranondoa eta gereziondoa. Kontua da muxika eta udarea jada fruitua ematen hasi direla eta ez dakit komenigarria ote den lehen urte honetako fruta kentzea indarra galdu ez dezan edo horrela uztea. Esker mila!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-26 17:21

Zalantzarik gabe nik kendu egingo nituzke. Ondo dago nahi zen barietatea dela ziurtatzeko, baina kendu. Hobe da arbolak duen indar guztia ondo itsastera, sustraiak luzatzera, adarrak berritzera eta bizitoki berriko baldintzetara egokitzeko bideratzea. Arbola horiek jakin ezazu non bizi ziren, eta zeurera etorri dira. Egokitzea hobea izango da hazteko fruitu alerik ez badu.

Gaur arte erantzundakoak (761 galdera-erantzun)

Almeza bat (Celtis australis) eduki dugu etxean azken hamabost urteotan. Gasteizko parke batean hartu genuen hazia; tetra-brik batean eman zuen haurtzaroa; lorontzi txiki batera pasa genuen gero, batzuetan hotzez, bestetan egarriz… Egundoko kalamidadeak pasarazi dizkiogu gizajoari. Azkenean nahi gabe bonsaitu dugu, ez baitu metro erditik gora egin. Eta kontzientzia txarrak eraginda, amonaren baratzean landatu dugu. Zer espero liteke orain? Berreskuratuko al du galdutako denbora? Hartuko al du inoiz Madrilgo Prado museoaren aurrean dagoen almeza tantaiaren neurria?

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2010-01-10 00:00

Kaixo Martin. Basaka ere deitzen zaio almezari. Orain zer espero daitekeen? Jar zaitez minutu soil batez haren tetra-brikean. Eta orain amonaren baratzean. Kartzelako ziegatik paradisura igaro da. Zer espero? Juxtu-juxtuan irauten egon denak bizi eta hazteko tokia topatu du. 25 metrotik gora ere hazi daiteke, beraz badu zer egina. Hasteko sustraiak botako ditu eta nahikoa jaki eta ur aurkitzen duenean etengabe gorantz joko du. Zu lasai, denbora ez du berreskuratuko baina honez gero beharko lukeen tamaina bai. Puja berriak nola luzatzen dituen ikusi eta ardatz bat indartu nahi izanez gero besteak kendu, gupidarik gabe moztu, gaztetan. Gero ezta ukitu ere, kontuz beraz non jarri duzun. Ea urte batzuk barru amonaren etxea hurbilegi dagoela eta hura bota beharrean zaren... Eta orain arteko torturen ordainetan pixka bat zaindu: simaurra eman, uda parte gorrienean ureztatu... Egia esanda ez du asko eskatzen. Zorionak almezari eta bioi.

Kaixo Jakoba. Bidezkoa da etxe barruko eta etxetik kanpoko landareen arteko bereizketa egitea? Izan ere, berez naturan sortzen dira landareak, beraz denak dira etxetik kanpokoak, ezta?

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-12-27 00:00

Kaixo Nerea. Landareak, denak zeuk diozun eran, kanpokoak dira, baina nongoak? Non da kanpo hori? Ez da gauza bera Larrabetzuko landare natural bat edo Tasmaniako bat. Espezie bakoitza bere baldintza ekologikoei lotua bizi da, toki bakoitzeko lurrari eta klimari, batik bat. Etxe barruetan urte osoan baldintza jakinak izaten dira, gutxi gorabehera: giro epela (15-25º artean) eta aire lehor samarra. Horregatik barruetan ditugun landareak naturan baldintza horiek ematen diren tokietatik ekarritakoak dira.
Eragin nabarmenena tenperaturak duenez, gehienak naturalki tropikoetakoak edo lurralde epeletakoak dira. Geurean kanpora aterako bagenitu neguko hotzekin ikaragarri sufrituko lukete. Era berean hemen kanpoan ondo bizi den landare bat, haritz bat kasu, etxe barrura sartuko bagenu ez litzateke luze biziko.

Aupa Jakoba. Bizpahiru urtez ez ditugu kiwiak  inausi, eta ondorioz sekulako adarje nahasia sortu zaigu eta sare horren gainean sortu dira fruituak. Beraz, bilduko baditugu adar horiek moztu egin beharko ditugu. Arriskurik izango al du orain mozteak? Esker aunitz eta izan ongi.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-12-13 00:00

Kaixo Nekane. Landareak mozteko urte sasoi okerrena da oraingo hau. Orain egiten diren zauriak negu osoan hor izango dira itxi gabe. Askoz egokiagoa da udaberria aldera izerdi berria datorrenean inaustea, orduan zauriak egin berritan konturatzerako itxi eta sendatuko ditu landareak. Kiwia biltzeko adar batzuk moztu beste aukerarik ez baduzu, egin ezazu, baina esandakoa kontuan izanda, hau da, behar-beharrezkoak direnak besterik ez moztu eta inausketa txukuna, landareak bere oneratuko dituena izerdi berriaren bor-borrerako utzi. Zeu ere bor-bor izango zara orduan eta kiwiak ahazteko arrisku ederra aurtengoan ere...

Kaixo, Jakoba. Baserrian iaz atera genituen insignis pinudiak. Orain, garbiketa lanak egin ondoren landaketa berriak egin beharrean gaude. Sekuoia, Douglas izeia eta kriptomeria japoniarra gomendatu dizkigute. Ez dakit egokiak diren edo interes batzuei erantzuten dien gomendioak. Nik nahiago nuke bertako espezieren bat: haritza, ametza… Zeintzuk gomendatzen dizkiguzu?

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-12-06 00:00

Kaixo Lukas. Zerorrek aipatu dituzu bi aukerak. Batetik, lurrak berak eskatzen duena, eta ematen. Haritza eta gaztaina etengabe berritzen. Urtetan pinudia izanagatik altsuma berriak bota eta berea duten lurra berreskuratu nahian. Bestetik, ustiatzaileak, “basozaleak” nahi duena, etekin azkarraren bideari azkar ekin. Ez da azkarraren lana, ordea. Gomendatu dizkizuten koniferoak, hala ere, oso egokiak dira neure ustez. Insignisarenak egin du hemen, ez dugu gehiago ezagutuko. Bueltarik ez duen gaitza sartu zuten Bizkaiko herri batetik eta gorritzen-gorritzen, ahitzen ari dira pinu guztiak.

Basoa neurea balitz denetik jarriko nuke: haritz eta gaztainondo, sekuoia, Douglas izeia eta kriptomeria, baina baita lizar, hagin, gerezi makatz, pago, ametz... Nahasketak onura besterik ez dakar: konpetentziak, badakizu, makalena ere bizkortzen du eta etekina denboran etengabekoa bihurtzen da: orain batzuk, gero beste batzuk, su-egurra dela, biomasa dela, zur-egurra dela... Hori bai, adi nori eta nola saltzen diozuen egurra ateratzeko baimena. Hortxe dago koxka.

Kaixo Jakoba, galdera hauek egin nahi nizkizuke: Tolosaldean ondo ematen al du borraja landareak? Noiz  aldatzen da? Zein baldintza behar ditu? Eta bestetik, mimosa etxe ondoan ez aldatzeko entzun izandu dut.  Sustraiak oso luze eta sendoak al ditu ba? Aldez aurretik mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-11-15 00:00

Kaixo Regina. Borrajak oso ondo emango dizu. Klima arazorik ez du izango eta zenbat eta lur hobean jarri landare ederragoa haziko da. Udaberri hasieran erein edo aldatu. Ez du aparteko behar berezirik. Borrajak badu, ordea, ugaltzeko ikaragarrizko erraztasuna. Landareren bat loratzen uzten baduzu inguruak ederki kolonizatuko ditu. Hori, badakizu, ona bezain txarra izan daiteke...
Mimosa, berriz, urzale amorratua da eta hodietan sar daiteke. Gaur egungo hodi, horma eta abarrekin, ordea, ez dut uste azarorik sortuko lizukeenik. Badaezpada, baina...

Yang tao pare bat landatuta dut, arra eta emea. Orain dela hiru urte emeak hogei fruitu eman zizkigun baina iaz eta aurten bat ere ez. Inausketa dela-eta arazoren bat dugula suposatzen dut. Enborretik ezker eta eskumara doazen adar nagusiak ere moztu beharko dira? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-11-01 00:00

Kaixo Edorta. Kiwiaren jatorrizko izena da yang tao. Arra eta emea, lehen urteetan biak antzera inausi behar dira, eusteko jarritako egituran zabaltzeko. Lan horretan adar nagusi izango direnei mutur ahulak kentzea komeni da, urtetan fruta asko hazteko gai den egitura indartsua sortzen ari baitzara. Behin zabalduta, fruta emateko desberdin inausi behar dira. Arra lorea eman ondoren, beti, udaberrian sartuta. Haren lan guztia loreak ematea da, emearenak polinizatzeko; beraz neguan ez inausi, behin lorea pasatakoan baizik. Gero, hurrengo negua artean, adar berriak eman eta hurrengo urteko loreak prestatzeko nahikoa denbora izango du. Emea aldiz lorea eman aurre horretantxe inaustea komeni da, beti ere fruta adar nagusietatik bertan zintzilik izan behar duela pentsatuz. Honetarako, adar nagusi horietan adar motz eta ahulak utzi behar dira eta inausten ditugunak bi edo hiru begi utziz, horietatik hurrengo urtetan loreak eta fruituak emango dituzten adar txikiak sor daitezen.

Kaixo Jakoba. Badakit gai hau irratian aspaldi ez dela aipatu duzula, baina ez dut gogoratzen nola kendu behar ditugun kanaberak. Guk moztu egin ditugu, baino horrela akabatzen al dira? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-10-25 00:00
Kaixo Josune. Kanabera kentzea ez da erraza. Guk ikusten ditugun kanaberen antzekoak dituzte lur azpian, eta urtetik urtera landarea erruz zabaltzen da gero eta sail handiagoak bereganatuz. Lurpeko kanabera horiek elikagaiak hartu eta erreserbak pilatzeko baliatzen ditu. Kenduz gero landareari indarra ematen dioten erreserba horiek ahultzea da helburua, eta horretarako lur gainean dauden kanaberak eta sortzen dituen puja edo kimu guztiak, eman ahala, moztea da onena.

Kanabera bizi izan den saia berreskuratzea beste upeleko sagardoa da. Erabat agortzen, elkortzen baitu lurra. Lurra gorritu, azaltzen diren kanabera-sustraiak bildu eta lodi ongarritu beharko duzu.

Kaixo. Argazkian ikusten duzuen landarea handi xamarra egin zaigu. Bestalde, beheko hostoak galtzen ari da eta ez dakigu zer egin landarea kontserbatzeko. Goreneko hostoak moztu? Orain egin daiteke? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-10-11 00:00

Kaixo Xabier. Diefenbakia bat da zuen landare hori. Argazkian garbi ikusten den eran, ontzi txikia du eta hor dagoen lurrean eskuera duen janariaren araberakoa hazi da. Landare guztiek bizitzeko etengabe hazi egin behar dute eta zeureak elikagaiak mugatuak izaki hosto kopuru jakin bat mantendu dezake. Ondorioz, hosto berri bakoitzeko zahar bat galduko du, gutxi gorabehera. Hostaje handiagoa izateko ontzi handiago batean jarri behar da, eta urari ongarri likidoa erantsi, pototan saltzen den hori eta “landare berdeentzat” jartzen duen horietakoa.

Muturra moztuta, beheragotik erraz berrituko da eta kendutako kimuak landare berriak sortzeko beste ontzi batean landatu, aise itsatsiko dira. Bestetik, itxura ederrekoa dago eta beraz bizi den tokia aproposa du. Bejondeizuela.

Aupa Jakoba. Aurrean dut duela gutxi ilenaz idatzi zenuen artikulua. Duda bat sortu zait horretaz: ukenduak egiten direla diozu... Nola egiten dira, ez ilenenak bakarrik, baina, oro har, ukenduak?

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-09-27 00:00
Kaixo, Pablo. Ukenduak egiteko era errazena eta zabalduena da hau, batez ere belarrak eta landareen zati bigunak erabiltzen direnekoa. Belarrak, olioa eta argizaria dira osagaiak. Belarrak sendagaiak ditu, olioak sendagai horiek hartzen ditu eta argizariak gorputza ematen dio ukenduari.
Litro bat oliba olio, 125 gramo argizari eta belarrak, berdetan 300 gramo inguru eta lehorrak 60 gramo. Belarrak kazola batean jarri eta olioz estali. Olioa ahal den irakin apalenean hiru bat orduz eduki (belarrekin batera sustraiak edo azalak izanez gero zortzi ordura arte eduki daiteke). Ondoren iragazi eta olioari argizaria erantsi eta bertan urtu. Ondo nahastu, berriro iragazi eta potoetara. Hoztu ahala loditu, gogortu eta erabilitako landare nahasketaren araberako kolorea hartuko du.

Kaixo lagunok. Gaztainondo txiki bat daukat loreontzian eta lurrean sartu nahi nuke, oraintxe bertan egin dezaket ala otsail aldera arte itxoin behar dut? Eskerrik asko eta hurrena arte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-09-06 00:00

Kaixo, Ima. Loreontzian hazitako landareak noiznahi aldatu daitezke, landarea oso-osorik mugituko baitugu: adarje eta sustraije guztia. Noiznahi, baina baldin eta oinarrizko betebehar batzuei iskin egiten ez badiegu. Loreontzian bizi den landarea ur gaineko bitsetan, ur-aparretan bizi da: lor onena, ongarriak eskuera, behar duenean nahikoa ur... Ima, zerorrek erantzun behar duzun galdera hauxe da: aldatuta jarriko dudan toki berrian gaztainondoak orain artean izan duen zaintza bera izango al du? Batez ere, ia egunero ureztatuko al duzu? Hala ere, urte sasoi okerrenean, bero-sapa-sargori-erre, aldatu baino, loreontzian mantendu ahal izanez gero, datorren negura itxaron eta otsail alde horretan aldatu.

Kaixo lagunak. Schefflera bat daukagu etxean. Oso luze egin zaigu eta jakin nahi genuke nola eta noiz moztu, eta zer egin behar dugun mozten dugunarekin beste landare bat lortzeko. Eskerrik asko eta beste bat arte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-07-19 00:00

Kaixo Marisa. Orain sasoi egokia da mozteko. Abuztuaren amaia artean, lasai nahi duzunean. Nondik moztu erabakitzeko, moztu ordurako kimu berria bota eta laster berriz ere gorantz joko duela kontuan izan. Hau da, hostaia multzoa eduki nahi duzuna baino 30-50 zentimetro beheragotik moztu. Mozten duzun zatiko adarrak banatu eta uretan sartu edo zuzenean lurrean jarri. Erraz itsasten da, baina hormona hautsez laguntzen baduzu alde ederrean etorriko zaizkizu. Uretan jartzen baduzu, sustraiak pixka bat garatu ordurako lurretara pasa. Aldaxka edo eskejeak zuzenean lurretan sartuz gero, honi beti heze eutsi eta toki epelean eduki, eguzki zuzenetik urruti. Lan hauek denak ilbeheran egiten saiatu.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora