Asteroko buletina
Akazia lore, antxoa urre

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Fruta aleak kendu arbolari lehen urtean
2024-04-25 20:33 | Iker

Aupa Jakoba! Aurten otsailean honako fruta arbolak landatu genituen: muxika, udareondoa, aranondoa eta gereziondoa. Kontua da muxika eta udarea jada fruitua ematen hasi direla eta ez dakit komenigarria ote den lehen urte honetako fruta kentzea indarra galdu ez dezan edo horrela uztea. Esker mila!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-26 17:21

Zalantzarik gabe nik kendu egingo nituzke. Ondo dago nahi zen barietatea dela ziurtatzeko, baina kendu. Hobe da arbolak duen indar guztia ondo itsastera, sustraiak luzatzera, adarrak berritzera eta bizitoki berriko baldintzetara egokitzeko bideratzea. Arbola horiek jakin ezazu non bizi ziren, eta zeurera etorri dira. Egokitzea hobea izango da hazteko fruitu alerik ez badu.

Gaur arte erantzundakoak (761 galdera-erantzun)

Lursail malkartsua bat dugu Berastegin, 433 m-ko altueran. Dagoneko, intxaurrondo handi bat dugu hantxe, eta, ez oso urrun, gaztainondo pare bat eta urkia. Beraz, hiru zuhaitz hauek landatu nahiko genituzke:
- gereziondoa
- udareondoa
- kiwi arbola
Hori dela eta, jakin nahi genuke zuhaitz horiek egokiak diren han landatzeko edo zer beste aukera leudekeen. Gainera, noiz den garai egokia ere jakin nahiko genuke.

Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-06 10:01

Hiru zuhaitz horiek egokiak dira Berastegirako. Han hotza da landareak bizitzeko muga, eta hiru horiek ederki iraungo dute hotzagatik. Landaketa egiteko sasoia orain hasi eta otsailaren amaiera artekoa da. Izotz egunetan ez landatu, bestela noiznahi.

Zer beste aukera landatzeko? Aukera izugarria da zuek erabaki behar duzutena da zein helburu dezuten: fruituak, su egurra, zura, itzala... Hori jakinda aukera laburtuko da, eta zerbait zehazten hasi gintezke.

Nahi nuke jakin kiwiak jasotzeko azaroko lenengo ilberako fruitu egunak hau da 1,2,eta 3 a la bukaerako ilberako 28, 29 eta 30 zein izango litzake onena edo erdi ta erdi.
Ezkerrikasko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-04 19:33

Izotzaren beldurrik ez baduzu, hobe fruitua arbolean edukitzea. Zeuk erabaki, kiwi horiek non bizi direnaren arabera. Arriskua ikusten baduzu bildu.

Larrosa oso altua dugu eta igokaria kiribilduta du. Hauxe dira gure galderak:
1-Noiz kimatu behar da larrosa?
2-Landare igokariak kalte egiten al dio?
Eskertuko genuke zure erantzuna.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-05 10:33

Arrosondoa kimatzeko sasoi egokiena izerdi berriaren hasiera da. Hurrengo urteko otsaila edo martxoa, kimuak puzten hasi zaizkiola jabetu ordurako kimatu. Bitartean adarren batek enbarazu egiten badu orain ere moztu daiteke. Igokaria, ezkertea da eta bai, kalte egiten dio, argia kendu adibidez. Noski hobe da ahalik eta azkarren kentzea.

Kaixo Jakoba: galtzen ari zitzaizkigun azelga haietaz galde egin genizun irailean, eta ur falta ote zen galdetzen zenuen edo zomorroren bat sustraiak jaten ari ote zen; bada, eguraldi bero haiekin, ureztaketan aritu ginen sarri eta ez zuten ur faltarik eta sustraien hortaz oroituta, hori begiratzeko, zainetik atera genituen pare bat eta zuri-zuri eginda zeuzkaten sustraiak, eta baita inguruko lurra ere: kotoia izanen balitz bezala, hariz beteta, nonbait onddoren baten izurritea sartu zaigu. Internetez bilatu dugunaren arabera, Sclerotium rolfsii edo ote den. Eta geroztik, eskarola lisoak ere berdin-berdin ari zaizkigu galtzen; nabaritu ahala, atera eta lur-eremu hori irauli eta karez zuritzen ari gara; ez jakin ongi ari garen edo ez. Horrela ote da? Zer iruditzen? Zer egin dezakegu?

Eskerrik asko arretagatik,

ongi izan.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-05 10:33

Onddo hori baldin bada, arazoa alderantzizkoa da, ura gehiegi. Lurra lehortzeko ahalegin guztiak egin behar dira: bat ere ez edo ahalik eta gutxien ureztatu, landare arteko tartea handitu, airea errazago mugitu eta lurra lehortu dezan, landarea kanpotik eskuratzen badezute sanoa dagoela ziurtatu. Taulenak edo lur zatiak igotzeak ere lehortzera lagunduko luke.

Aurrez bertan izandako landare gaixotuak deuseztatu, ahal baduzu erre, ez behintzat luartokira edo konposgunera bota. Kareak ere lehortzen du, baita sutako hautsak ere.

Zein Eta noiz da garaia kiwia biltzeko??
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-05 10:33

Bi baldintza kontutan izan. Batetik ahalik eta beranduen, fruitua arbolean den artean aberasten ari delako. Bestetik Izotza egin aurretik. Izotzaren bedur ez bazara utzi lasai arbolean bertan. Izotzak datozela jakin arazten dutenean aurretik bildu. Luze irauteko ahal baduzu ilbeheran jaso.

Kaixo,
Tulipan batzuk ditut landatzeko, noiz? Eta baratze barruan landatu ditzaket?
Eta kiwiak jasotzeko, noiz?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-05 10:33

Urriatik atzera, abenduaren amaiera arte landatu ditzakezu idi-bihotz erraboilak. Nahi duzun tokian: lorontzian, lorategian, baratzean.... Baratzean tokia aukeratzerakoan kontutan izan lorea zimeldu ondoren hostajea berdea den artean ezin dituzula erraboilak atera lurpetik. Beraz, hurrengo landareak jartzeko eta plangintzan kontutan izan idi-bihotzen tokia.

Kiwia jasotzeko bi baldintza kontutan izan. Batetik ahalik eta beranduen, fruitua arbolean den artean aberasten ari delako. Bestetik Izotza egin aurretik. Izotzaren bedur ez bazara utzi lasai arbolean bertan. Izotzak datozela jakin arazten dutenean aurretik bildu. Luze irauteko ahal baduzu ilbeheran jaso.

Gaubon jakoba, urriko ilbera pasa jaku,azaroako zein egun da aproposa kukubiak batzeko? Eskerrik askooo
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-05 10:33

Kurkubiak biltzeko ilbehera da egokiena eta fruitu egunak: azaroaren 2,3,11, 28 (17:00etatik atzera), 29 eta 30

Kaixo,
Etxe inguruetarako gero eta denbora gutxiago dudanez, lorategia barazkiak jartzeko aprobetxatzea pentsatu dut. Baina nire lorategia intxaurrondoen azpian dago. Irakurri dudanez, neguko barazki asko kerizpetan haz daitezke baina horrez gain, intxaurrondoek toxina bat botatzen dute konpetentziarik ez izateko. Hau guztia jakinda ere, gogo eta ilusioa dut azakiak, porrua, azelgak, letxugak... Intxaurrondo azpian izateko. Neguko baratzea intxaurrondoen azpian izatea posible izango dela uste duzu?
Solanacea familiakoak diren udako barazkiak eguzkitan jarriko nituzke noski.
Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-08-24 16:38

Lorategia intxaurrondoen kerizpean bazen, honez gero ikusi eta ikasi duzun haien eraginaz. Ez da oso idea ona intxurrondoaren kerizpea. Batetik kerizoe trinkoa duelako, baita hosto eta adarretatik darion isurkin horrek sortzen duen kalteagatik eta bestetik intxaurrondoak berak jango dituelako baratzean jartzen dituzun ongarri gehienak.

Beste aukerarik ez izan ezkero, zeuk esaten duzun era da onena.

Egun on. Kukuluak landatu ditugu; dexente hazi dira, eta lehengoan bat atera genuen, baina iruditu zitzaigun kukulua ongi egin gabe zegoela oraindik (hostoak laxo samar, ez estu-estu). Denbora gehiago utzi ditugu, baina tontortzen hasi dira. Ez da komeni tontortzea, ezta? Hobe izango dugu lehenbailehen biltzea?
Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-08-10 19:03

Kukuluak urazak bezala ez du bero handia maite, beroa etortzen denean loratzeko grina pizten zaio, eta hortik tontortzeko joera hori.

Ahal duzun azkarren jan eta kitto.

Aurten, Tuta Absolutaren arazoari beste bat gehitu behar izan diogu: tomatearen lorearen sikatzearena. Bai inbernaderoan zein kanpoan, itxuraz ondo zetorren landareari, lorak sikatu zaizkie. Tomate batzuk usteldu zaizkigu eta "falta de calcio" dela esan digute.
Lorea galtzearena zergatik izan daiteken azalduko zeniguke?.
Kokapena: Itsaso kontran, Ondarroa inguruan
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-08-06 19:36

Nire iritziz bi arazoek (tomatea usteltzea eta loreak ihartzea) iturri bera dute: landarearen estresa. Aurtengo udan gertatzen ari den eguraldi zakar hau tenperatura altuak, euri kolpe gogorrak eta abar, horrek landarearengan batez ere uraren estresa sortzen du. Une jakin batean izugarrizko ur pila izan dezake sustraien erara eta denbora tarte handirik gabe beste batean lehortea. Horrek landarearen elikaduren gorabeherak sortzen ditu: jaki batzuk ezin ditu behar bezala mugitu eta loraldia makaldu daiteke.

Kaltzioaren kasua nabarmen arazo honi lotua dago. Tomatearen ipurdi aldean borobil antzeko orban beltzak sortzen zaizkio. Kaltzio falta bera ere izan daiteke, baina uraren gorabeherak seguru arazoa ekarriko duela.

Lorea sikatzearena ere uraren faltari egotzi behar zaio: tenperatura handiekin landareaka ezin du behar adina ur hartu eta polenaren sorkuntza, polinizazioa bera eta lorearen bidea moztu egiten du, gainean dituen fruituei heldu eta hazi ahal izateko.

Jakoba, balkoiko landareei buruzko galdera bat daukat.
3 jardineratan hiedrak eta geranioak ditut. Azken boladan geranioak oso lore gutxi ematen ditu, eta gaur ikusi dut barrualdeko hosto asko kotxinillaz beteta dituela 🤔.
Taladroaren kontra Bacillus+Neem+jaboi nahasketa erabiltzen det, baino duela gutxi hasi naiz tratamendua egiten.
Bueno, galdera da ea horrek balio duen baita kotxinillaren aurka, ala zeozer berezia bota beharko niokeen.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-07-20 16:29

Tratamentua egokia da, baina askoz ere eraginkorragoa litzateke tabako-belarraren urarekin osatuko bazenuke. Litro erdi bat ura eta beste hainbeste alkoholetan jarri 100 gr. tabako lehor. Utzi beratzen dozenaren bat egun. Iragazi eta erantsi beste 9 litro ur. Hortik erantsi lehendik egiten ari zaren tratamentuari.

Tratamentuak etengabe egin, astero. Gehienak galduko dira, gelditzen direnak alkoholetan bustitako goata batekin igurtzi eta kendu.

Kaixo! Arrautzak lapurtzen ari zaidan animalia honako arrasto hau uzten ditu. Whatsappeko Biolur-eko taldeko Baratzezain Ekologikoen artean kriston eztabaida sortu da eta erabaki dugu zuri, Jakoba, galdetzea. Eskerrikasko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-06-08 10:52

Nik ez naiz animalietan jakituna, baina itxuraz katajinetak eta lepazuriak oilategietan sartu zalean dira. Oiloak ere akabatzen omen dituzte maiz. Hala ere arrautz zaleena lepazuria omen da.

Aupa, noiz moztu behar da menta?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-18 14:57

Pentsatzen dut, menta galtzeko jakin nahi dudula noiz moztu.

Horrelakoetarako, eta menta bezala beste landareak, ilgoran moztu behar dira. Onena bi edo hiru moztualdi ematea da. Urte sasoi onena hauxe da maiatzetik uztailera arteko hau.

Maiatzean gaude eta zuri noiz behinka irratiko saioan entzuten dizut,baina orain arte aurtengo maiatza giroz oso kaskarra doa. Nire galdera da, hemendik aurrera zer landatu daiteken, patata batzuk, kuiatxo bazuk, gindilla, tomate batzuk jarri nahi nuke. Noiz egin daiteke? Zer iruditzen zaizu? Besterik gabe, mila esker.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-14 15:27

Aipatzen dituzun lan horiek denak egiteko garaiz zabiltza. Patata ereiteko ilebehera baliatu, eta potamea, kiatxoa eta piper minak jartzeko ilgora.

Zein ilargi sasoitan gauden jakiteko jo www.bizibaratzea.eus webgunera. Bertan dituzu, baita ere, sasoi bakoitzean zein lan egin behar diren “Asteko lanak” atala.

Aupa Jakoba:
Oraingo honetan cyclamenari buruz galdetzeko idazten dut. Amak haziak ditu eta ereiteko noiz den sasoirik onena jakin nahiko luke.
Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-14 15:35

Ziklamena urte guztian erein daiteke. Haziak badituzunez, ahal duzun azkarren erein. Egun batez uretan beratzen eduki, lur onean erein, toki epelean eduki (18-20º) eta lurrari heze eutsi. Ez da azkar jaio eta ahazten den landarea, beraz hartu patxara.

Kaixo Jakoba:
Jakin berri dut udako zein neguko brokoliak omen daudela.
Nire zalantza da noiz landatzen ote den udakoa, orain maiatzean?
Eta bestalde, brokoli mota bera da?
Mila esker aldez aurretik!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-11 10:08

Brokolia urteko garai askotan jateko bil dezakegu freskoa. Horretarako landaketa sasoia ere oso luzea da: maiatzaren erditik irailaren erdira aldera arte. Orain maiatzean landatu ezkero, abuztuan jan dezakezu. Eta irailean jartzen duzuna hurrengo urteko negu osoan jango duzu. Landatzen duzun sasoiaren arabera abuztuatik hurrengo martxora arte jateko brokoliak izan ditzakezu. Brokolia mota bera da bai.

Brokoliak bezalaxe, azaloreak eta erromaneskuak ere antzeko zikloa dute.

1. Ortua daukagu aisialdirako Gernika aldean. Ezinezkoa zaigu ongarri naturala lortzea. Badakizu zer proportziotako (N/P/K) komeni den ohiko lurreko ortu eta arbolentzat?
2. Konpostadora sendo baten saltzailerik ezagutzen al duzu? Bi izan ditugu, baina ahulak, apurtu egin baitira.
3. Haziak. Hazi-paketea zabalduta, erabili ez diren haziekin zerbait egiterik ba al dago?
Esker mila, eta izan ondo.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-14 15:49

1.- Oso erraza da orain ongarri naturala topatzea. Haziak eta ongarriak saltzen dituen edozein tokitan aurkituko duzu zakuetan datorren ongarri organiko naturala. Lehorra eta koxkorretan dator, beraz erabiltzen eta banatzen oso erraza da. Minerala baina askoz ere hobea da.

2.- Luartoki onena bertan eraikitakoa izaten da. Egurrezko abt egitea oso erraza da. Hiru gunekoa egin; bata betetzen ari zarena, bigarrena geldirik egiten ari dena eta hirugarrena, egina dagoena eta behar ahala ateratzen ari zarena. Egur onena sasiakazia da (Robinia pseudoacacia), gogorra da eta iraupen luzea dau.

3.- Hazi gehienek urte batzuetarako bizitza dute. Erabili ez dituzunak, ontzi batean jaso toki fresko eta ikun batean.

Kaixo Jakoba,

Etxe aurrean madariondo bat daukagu urtero ale handiko madari asko ematen dituena, baina, zoritxarrez, zatitu orduko barruan arrak izaten dituzte ale guztiek. Orain, zuhaitzak lorak eman berri ditu , zerbait egin genezake aurtengo fruituetan hori ez gertatzeko?

Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-14 18:44

Madariondoaren harra, sagarra erasotzen duena bera da. Maiatzaren amaiera aldera azaltzen da lehen belaunaldia. Gero udaran bigarren belaunaldia izango da. Hura da min gehien egiten duena. Inguruan sagastirik ez bada aurrenekoa kontrolatzea komeni da, horrekin erasoa asko jeitsiko da, bigarrena ia erabat zapuztuz. Sagastiak baldin badira inguruan bietan tratatu beharko duzu.

Tratamentua egiteko harraren arrautzek jartzen dituen tximeleta noiz dabilen jakitea da onena. Horretarako feromonak dituen tranpa jartzen da, eta aste batean 4 tximeleta edo gehiago itsastita azaltzen badira handik 8-10 egunetara tratatu behar da. Orokorrean esan daiteke maiatzaren azken astean tratatu eta gero zortzi eguneko tartearekin beste tratamentu pare bat eman daitekeela. Hau uztailaren azken astean edo abuztuaren lehenengoan hasita errepikatu beharko litzateke. Tratamentuak egiteko nekazaritza ekologikoan onartutako produktuak erabili: “Bactur” edo “Madex”.

Kaixo Jakoba, "clavel chino"ak ditugu, eta pixkanaka zimeltzen bezela ari dira. Har bat aurkitu genuen pasa den astean....erruduna bera den eta zer egin dezakegun jakin nahiko genuke....Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-14 16:45

Bai harra hori izan daiteke landareak ipurditik mozten dituenak. Ipurdiko lurra pixka bat kendu eta bistaratu. Harraren kontrako tratamentua eman: osin-ura eta xaboi potasikoa nahastuta. Baita ere, surtako hautsa eskuera badezute, landarea bera azpiko aldetik hautsarekin "zikindu", horrela harrari ez zaio gustatuko.

Tomate eta babarrunak ezin dira elkarrekin landatu. Zein aldea utzi beharko genuke gutxien? Zein da arrazoia?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-14 16:49

Sustraien arteko borroka eta ezin eramana da arrazoia. Tartea metro pare batekoa utziz gero nahikoa litzateke, beti ere tarte horretan beste zerbait jarrita.

Oiartzungo Mikel naiz, orain mahatsarekin dauzkat arazoak. Argazkian ikusten da dagoenerako hostoak erasotuak daudela "mildiu" edo Oiartzunen esaten dugun bezela ordoyak jota. Ze konponbide dauka honek? Kimika bota edo ba ahal dago beste atarramendurik. Gure etxean azkenaldian txakolin ederra egiten da, baina aurten...

Agur

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-04-24 09:48

Tratatu beste aukerarik ez duzu. Jeneralean begia ireki ordurako tratatzen hasi behar duzu. Kimua arra bete luze den arte sufre hautsa ematen zaio. Orain sufrea eta salda bordelesa nahasita, esaten duten dosi erdian, baina ez hautsa, uretan baizik. Ur horri azeribuztan ura eta esnea (ahal bada gordina) erantsi. Gaitzei aurrea hartzeko da, beraz egun lanbrotsu eta ilunak baldin badatoz aurrez tratatu. Bestela hamar bat egunetik behin azeribuztanaren urarekin eta esnearekin soilik tratatu...

Ea txakolin eder hori dastatzeko adina ematen duen aurten ere...

Gaur konposta ateratzen hasi naiz baratzean banatzeko, bertan bi sagu kume azaldu dira. Behean alanbrea ipinia dut eta ez da arratoia, urtean sagutxoa inoiz barruan ikusi dut. Ez diot gehiegizko garrantzirik eman, dena dela zirrikituak ondo itxi behar ditut.

Galdera da, konpost hau kutsatuta egon daiteke saguen patogenoren batekin? edo aprobetxa dezaket?

Zure iritzia jakin nahi dut, baina akaso "bustitzea" zaila da...

Mila esker

Jon

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-04-23 22:09

Saguak habia egin du luartokia toki epela, lehorra eta babesa delako. Lasai erabili luarra edo konposta. Nik ez dut sekula patogenoen horren konturik jakin. Luarra lurrera doa, eta bertan makina bat prozesu, kimiko, fisiko eta abar, bizi beharko ditu oraindik. Lurraren biziak berak bereganatuko du luarra, ez zuk.

Atzerakoa ematen badizu, luartokia ondo miatu zirrikiturik edo tarterik ba ote dagoen, eta itxi, ondo itxi sare sendo batekin.

Kaixo Jakoba!

2 urtetan gereziondo bat beste gereziondo batetan txertatzen saiatzen nabil, ta momentuz bietan porrot egin dut.

Lehengo urtean "corona" metodoa erabili nuen

Bigarrenean berriz, txertatzeko erabiltzen diren guraizeekin saiatu nintzen

Biak otsaileko ilgoran egin nituen

Aurten, zure aholkuren bat jaso gurako nuke.

Noiz egingo zenuke txertaketa eta ze metodo erabiliko zenuke?

Nahi dudan gereziondoak maiatzean ematen du fruitua, hazia gorde ta erein eskero, noiz erein beharko nuke? datorren urteko udaberrian?

Txertaketei buruzko liburu dexenterik gomendatu alko zenidake?

Ez dut txertaketa ikastarorik bilatzen, ba al dakizu lekuren batetan egiten al den?

Eskerrik asko aldez aurretik, beti ezin izaten dut zure irratsaioa entzun, emailez erantzutea eskertuko nizuke.

Zorionak egiten duzunagatik.

Mikel

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-02-16 16:35

Gereziondoa txertatzeko metodo asko erabiltzen dira, baina ohikoenekin ere ongi erantzuten du: udaberriko zotzekoa, martxoaren hasiera aldera egiten dena eta udarako begikoa, abuztuaren amaieran edota irailaren hasieran egiten dena.

Haziak jasotzez gero geruzatu egin behar dituzu, kanpoan, azpia zulatua duen ontzi batean hondarra eta haziak geruzatan jarri (hondarra-haziak-hondarra-haziak...) eta urte gara hau arte eduki kanpoan eta heze. Orain atera eta erein baratzean, muintegian edo ontzietan.

Josu Osa txertatzaileak gomendatzen liburua hauxe da: “Injerto de todos los árboles y arbustos” Jean-Yves Prat eta Denis Retourdard, Omega argitaletxea.

Ikastaro ugari egiten da neguan bezala uda partean. Begiratu www.bizibaratzea.eus webguneko agendako ikastaroak atalean.

Kaixo Jakoba, baratzetxo bat hastear naiz, eta ondoko negutegi bat dela eta, baratze osoan zehar errenkada bat itzal edukiko dut pare bat metro zabalekoa. Bertan eguzki gutxi beharko duten barazkiak landatzea dela onena suposatzen dut. Zeintzuk gomendatzen dizkidazu? Mila esker!!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-02-16 16:41

Hostoa kentzen diegun barazkiak onenak: uraza, eskarola, ziazerba, zerba... Udazken negurako porrua, aza jendea... Era berean urte guztia baratzean igarotzen duen marrubiarentzako ere ona izango da.

Kaixo. Urki gazte bat dugu mendian sartua 500 metroko garaieran eta kimatzekotan gara indartzeko zuhaitza.noiz da garairik onena kimatzeko?
Eskerrik asko.
Ekaitz
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-01-25 20:39

Inausketa gehienak bezala urkiaren hau ere izerdia mugitzera doanean edo izerdi betean denean egitea komeni da. Martxoa izango da izerdia abiatzeko sasoia, eta orduan izango da garai onena, ilbeheran.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora