Asteroko buletina
Maiatzeko perrexila urte osorako, irailekoa betirako.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Fruta aleak kendu arbolari lehen urtean
2024-04-25 20:33 | Iker

Aupa Jakoba! Aurten otsailean honako fruta arbolak landatu genituen: muxika, udareondoa, aranondoa eta gereziondoa. Kontua da muxika eta udarea jada fruitua ematen hasi direla eta ez dakit komenigarria ote den lehen urte honetako fruta kentzea indarra galdu ez dezan edo horrela uztea. Esker mila!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-04-26 17:21

Zalantzarik gabe nik kendu egingo nituzke. Ondo dago nahi zen barietatea dela ziurtatzeko, baina kendu. Hobe da arbolak duen indar guztia ondo itsastera, sustraiak luzatzera, adarrak berritzera eta bizitoki berriko baldintzetara egokitzeko bideratzea. Arbola horiek jakin ezazu non bizi ziren, eta zeurera etorri dira. Egokitzea hobea izango da hazteko fruitu alerik ez badu.

Gaur arte erantzundakoak (761 galdera-erantzun)

Kaixo!!!
Erdoiaren aurkako tratamentua ikusi dut osin edo azeri buztan ura + esnea + salda bordelesa

Baino bakoitza zein proportziotan? Ureta disolbatu behar da dana?
Ze komeni da tratamentuak goizeko edo arratxaldeko ihintzarekin? Edo eguardian edo egin behar da?

Mila eskerr guztiagatik
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-18 18:24

Azeribuztan ura: 200 gr hosto heze 10 litro uretan 24 orduz beratu eta 20 minutuz irakin. Horri litro bat esne (ahal baduzu gordina) nahasi. Salda bordelesa gehitu, paketean jarriko dizu proportzioa, 10 litro horientzako kalkuloa egin eta lixto.

Formula horiek denak "Bizi Baratzea" liburuan dituzu.

Tratamentua eguzkitan egitea komeni da, bazkalondorengo beroan onena. Bestela eguerdian.

Kaixo Jakoba, galdera bat lengoan etxeko jardineran landaketan nabillela har potolo potolo ta zuri batzuk topatu nittun, zer dira. Onak edo txarrak dira nire lorentzat? Zer egingo nuke kendu ala utzi, eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-18 17:48

Har lodi zurizta horiek kentzea hobe. Landareen sustraiak jateko gai dira. Zenbat eta lehenago kendu hobe.

Kaixo Jakoba, lur sail berri bat hartu dut eta han behi gorotza dago,baina gorotz horrek lau bat urte ditu tapatu gabe.Hau da galdera, gorotz horrek balio al dit baratza ongarritzeko? Edo beste ongarri bat botako diot?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-15 09:49

Gorotz hori estali gabe egon bada, luze, lurrerako liratekeen elikagaiak galtzen joan da. Euriarekin urtu eta alde egin. Ongarri pobrea izango da. Materia organikoa izango da eta alde horretatik oso ona da. Lurra ez du aberastuko baina bizia emango dio. Nik zalantzarik gabe baratzean erabiliko nuke.

Kaixo Jakoba!
Gure osaba banabarrak (babarrunak Leitzen) ereitteko gogoz dago baino aste honetan eguraldi txarra datorrela eta kezkatuta. Ez daki zer egin...
Zuri galdetzeko eskatu dit, ia zein egun den ona, noiz ekin diezaioken lan horri.
Ilargiari erreparatu behar zaiola eta ia noiz, nola, ...

Eskerrik asko denagatik,
Segi bizkor!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-15 09:24

Egun onenak maiatzean 22 eta 23 goizak, eta 31 egun osoa; eta ekainean 1 egun osoa, 18 eta 19 ilunabarrak, 27 arratsaldea, 28 egun osoa eta 29 goiza. Ez hain onak, baina txarrak ez maiatzaren 28, 29 eta 30 eta ekainaren 24 arratsaldea eta 25 egun osoa.

Kaixo,
Maiatzean edo ekainean zeintzuk lirateke egun aproposenak artoa eta babarruna ereiteko?
Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-14 16:38

Onenak maiatzean 22 eta 23 goizak, eta 31 egun osoa; eta ekainean 1 egun osoa, 18 eta 19 ilunabarrak, 27 arratsaldea, 28 egun osoa eta 29 goiza. Ez hain onak, baina txarrak ez maiatzaren 28, 29 eta 30 eta ekainaren 24 arratsaldea eta 25 egun osoa.

Artoa erein dut eta nere galdera da: zenbat denbora behar du landarea azaltzeko? Mila esker zure erantzuna gatik
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-14 16:04

Artoak, orokorrean, 6-8 egun behar ditu jaiotzeko. Asko jota 15 egun. Ez bada jaio arrazoi hauetakoren bat medio izan daiteke: hazia antzua, sakonegi ereina (4 cm inguru komeni da), lurpeko edo lurgaineko animaliaren batek edo hegaztiren batek jan izana.

Tipula jarri nuen eta oso ondo dator bainan barrrabasakin ez dut burutik altxatzen,nola dezaket tipula garbi mantendu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-13 22:09

Ez duzu gauza onik. Barrabasa kentzeko modurik ez da. Atera eta atera, hori da egin beharrekoa. Eta tipula ezin da aitzurrez landu, ukitzea nahikoa baita zauri bat egin eta bertatik usteldurak eragiten dituzten onddoak sartzeko. Eskuz egin beharreko lana da. Eta komeni da tipula belarrik gabe mantentzea, izan ere lehortea gustatzen zaio eta beroa, eguzkiak bere burua eta inguruan duen lurra ondo berotzea.

Hurrengorako kontutan izan, barrabasa izaten den lur sailean ez jarri tipularik. Eta barrabasa ere estu hartu. Lurra rotabatorrarekin lantzean dakar barrabasa barra-barra zabaltzea.

Arratsalde on Jakoba. Lehendabizi zorionak eta esker mila zure lanagatik.
Hazitegian ditudan piperrak uste dut oso triste daudela, belarri makur.
Zer egin dezaket horiek poztasun pitin bat hartzeko.
Mila esker.
Imanol
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-10 10:42

Argazkia ikusita hor zerbait berezia badagoela esango nuke. Hosto berriak batez ere bihurrituta eta kiribilduta ageri direla dirudi. Nik esango nuke ziztadak ematen dizkion intsekturen bat edo birusen bat dutela. Intsektua balitz nahiz eta txikia izan, ondo miatuta topatuko zenuke. Birusena okerragoa da. Intsektuak badu tratamentua, birusak ez. Bada ezpada, intsektuentzako tratamentua eman: xaboi potasikoarekin hasi. Ondo ondo busti landarea alde guztietatik; ez landareagatik, ezkutatuta egon daitezkeen intsektuak busti egin behar direlako. Behar bada tabako ura eta asun ura ere erantsi.

Kaixo Jakoba,
Konpostagailuan bere gisa ernatu zen. Ez dakit melokotoi edo albertxiku hezurretik, baina zuhaitz koxkorra egin da urte batzutan. Hala ere gaitza duela iruditzen zait. Hostoak oso kixkurtuak ditu. Zer iruditzen zaizu zuri?
Zer egingo dugu? Eta txertatzea komeni zaigu? Fruitua ematea nahi badugu?

Eskerrik asko, ongi segi!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-09 12:03

Landarea melokotoia, muxika, brinoia edo horietakoa da. Albertxikua ez. Gaitza dauka. Muxika edo melokotoiaren lepra da gaitza. Taphrina deformans onddoak sortzen du. Oso zaila da bere aurka egitea orain. Gaitza ez hedatzeko kuprea erabili behar da, salda bordelesa. Azeribuztanaren ura eta xaboi pixka bat nahastuta eman. Gaitzari benetan aurre egiteko, hostoa erortzen hastean hostajea tratatu eta, batez ere, udaberrian lorea irekitzera doaneanbegiak puzten hasten direnean tratamentu pare bat egin, loreak erabat ireki aurretik, 4-8 eguneko tartearekin. Lehen esandako nahasketarekin. Lorearen ondoren ateratzen dira hostoak eta orduantxe kutsatzen da gaitza, iazko udazkenean geratutako arrastoetatik.

Kaixo Jakoba,
Azken bi urte bueltan aurretik ikusi gabeko belar txarra daukat bai negutegian baita kanpoan ere...sasoi honetan...ez dakit zer egin...kendu ta berriro hazten zaizkit...ideiarik bai zer dan? erremediorik ba al dago honen kontra egiteko? argazki pare bat bidaltzen dizkizut...ea ezaguna egiten zaizun...
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-09 11:56

Horrela ikusita belarra ez dut identifikatzen. Loratzen deneko argazkiren bat ba al duzu? Gustura ikusiko nuke, eta identifikatzen saiatu. Bestela, orokorrean esan daitekeena da loratzean fruitua eta hazia ematen ez uzteko. Sustraietik ugaritzen dena bada, kontuz "rotabatorrarekin", sustraiak ebaki eta hedatuko baititu. Eta badaki, zenbat eta ugariago moztu orduan eta kalte gehiago egingo diozu.

Kaixo Jakoba:
Nahineuke jakin gorosti landarebat basoan dagona aldatzeko garaian gauden ala datorren urterarte lagatzia hobe dan.
Ezkerrikasko, Ondo izan
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-10 10:25

Hostoa galtzen ez duten landareak neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran landatu behar dira. Oraintxe udaberriaren erdian gaude. Landarea oso ttikia bada, eta sustrai guztiekin ateratzeko moduan badago posible da orain egitea. Baina bi baldintza horiek zorrotz bete ahal izanez gero. Eta aurtengo udan maiz maiz ureztatu. Bestela hobe duzu hurrengo urterako utzi. Eta martxoaren erdia-amaiera aldera gogoan izan eta orduan aldatu.

Tomateak euli zuriz eta pulgoiek beteta ditut, behintzat horiek direla uste dut. Nola egin daiteke horiek kentzeko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-09 11:25

Euli zuriari lehortea gustatzen zaio. Zorriari ongarri asko hartzen duten landareen kimua. Lurreko ongarria edo nitrogeno gaindosia kendu ezin duzunez, tratau egin beharko duzu. Tratamentuan erabiliko duzun urak berak uxatuko du euli zuria. BIZI BARATZEA liburuaren intsektiziden atalean jartzen duen bezala, tratatzeko jarri 100 gramo litro erdi alkohol eta litro erdi uretan, hamabost egunez beratzen utzi. Hamar litro uretan urtu eta xaboi potasikoa erantsi. Hamabost egun itxaroten ari zaren artean egun batez beratutakoarekin egin tratamentu pare bat. Xaboi potasikoa garrantzitsua da. Biak akabatuko ditu. Berarekin soilik ere trata dezakezu.

Kaixo Jakoba, melokotoi bat daukit mazeta batetan sartuta, datorren urtean asmoa daukit mazetatik lurrera aldatzea, hau da, hostoak ximeltzen hasi zaizkio zer egin dezaket melokotoia bizkortzeko?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-09 11:17

Lurrean aldatzeko sasoi onena negua da, hostoa galtzen duten landareak aldatzeko garaia.

Hostoetako zimurrena muxika edo melokotoiaren lepra da, gaitza. Taphrina deformans onddoak sortzen du. Oso zaila da bere aurka egitea orain. Gaitza ez hedatzeko kuprea erabili behar da, salda bordelesa. Azeribuztanaren ura eta xaboi pixka bat nahastuta eman. Gaitzari benetan aurre egiteko, hostoa erortzen hastean hostajea tratatu eta, batez ere, udaberrian lorea irekitzera doaneanbegiak puzten hasten direnean tratamentu pare bat egin, loreak erabat ireki aurretik, 4-8 eguneko tartearekin. Lehen esandako nahasketarekin. Lorearen ondoren ateratzen dira hostoak eta orduantxe kutsatzen da gaitza, iazko udazkenean geratutako arrastoetatik.

Aupa jakoba, ongarri berdea ereiten badut, zatza ere botatzea komenigarria da ? Edo ongarri berdeaz nahikoa da? Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-09 11:12

Biak erabili ditzakezu batera. Ongarri berdea eginez gero, sats gutxiago erabili beharko duzu. Satsak ongarri berdearen "usteltzea" sustatuko du. Eta ongarri horren ontzea edo lurreko bere lana azkartu eta indartu nahi baduzu, karea eman.

LYME gaixotasuna ez hartzeko ze egiten dute baserrietan eta ze egin dezakegu gu mendira joaten garenean?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-09 11:08

Hemen landareetaz dakigu. Lyme gaixotasuna akainek kutsatzen dutela bai, eta aurten sekula baino goizago eta ugariago ikusi ditugula mendian, ere bai. Bina hortik aurrera nik ez dakit zure galdera hori erantzuten. Irratian aipatuko dut eta ea norbaitek erantzun argiren bat emateko gai den. Medikuak, albaitariak edo mendizale jantziak erantzuteko galdera da.

Kaixo Jakoba! Badakizu euskeraz tupa deitzen diogun lurrari, nola esaten dioten erderaz? Eskerrikasko!! Ondo izan.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-06 22:14

Nik esango nuke marga dela. Euskaltzaindiaren Orotariko Hiztegian Tufa eta Cayuela aipatzen ditu...

Aupa Jakoba egun onak nafarrotik!! Baratze bat dugu, pixka bat hezea den lekuan eta errak baten ondoan, bi lursailekin: bata babestua negutegi gisa (idorragoa) eta bestea kanpoan (hezeagoa). Urtero azenarioak ereiten ditugu, eta bi lurretan egin dugu proba, baina zailtasunak izateran ditu ateratzeko: asko kostatzen zaie, normalean baino hazi gehiago erein behar dugu, belar txar asko atera ez azpiratzeko... ez da ohikoa, jendeak arazorik gabe izaten dituelako azenarioak baratzetan. Laguntzerik? Aldez aurretik eskerrak zure lanagatik!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-09 10:59

Lur itoak ez zaizkio gustatzen azenarioari, beraz lurra lehortze aldera lan egin behar dezute. Inguruko landareek eman dezaketen itzala kendu, lurra harrotu karea emanez, eta asko gustatzen zaiona errautsa edo sutako hautsa da. Simaurra ere ez zaio gustatzen, batez ere oso ondo ondu gabekoa. Ea horrela...

Aupa Jakoba : Aste honetan jabetu naiz baserri aurrean dudan aranondo oparoak gaixotasunen bat duela. Lehenik beheko adarrean hasi bazen ere, erabat zabaltzen doa bere zimeltze egoera. Ez dut zorririk edota beste ezer ikusten. Alez beteta dago, kolorea jaon zaie hostoei eta erraz atzematen zaio gaixo dagoela landarea.
Zer egin dezaket?
Mila esker eta segi pizkor
Xanti
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-10 10:19

Argazkian ez da oso ondo ikusten, baina Aranondoa ez dut oso gaizki ikusten. Nik esango nuke arazoa inguruan duela. Aranondoari ez zaio itzala gustatzen. Eta hezetasuna ere ez. Beraz onena bakarrik, inguruan beste arbola edo zuhaitzik izan gabe du. Argazkian zuhaitzez inguratua ikusten dut... Horietakoren bat kentzerik bai? Egin behar duzun guztiak bide honi jarraitu behar dio: eguzkia eta argitasuna eman eta hezetasuna kendu. Hezetasuna kentzeko lurrean ura bideratu, eguzkia lurreraino sar dadila, karea eman...

Kaixo Jakoba!! Ardi batzuk dauzket belaze batean eta belarra jaten dijoazenen menta uzten dute jan gabe. Abuztualden saila moztu eitende eta ardik atea eiteitut, urtetik urtea menta gehiago dauketela iruitzen zait. Zer egin nezake menta gutxitzeko? Noiz da komigarria moztea menta oi??
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-01 22:12

Menda lur aberatsetan ugaltzen da. Artaldea dabilenez, etengabe ongarritzen dute sail hori. Horrek dakar lurrean nitrogeno freskoa barra-barra izango dela. Horrek indartzen du menda. Artaldea ateratzea ezinezkoa izango denez bi lan hartu: batetik ilgora guztietan menda moztu eta lur horri karea eman. Mozteak mendaren sustraietako erreserba makalduko du. Kareak lurraren pH-a goratuko du, lurra harrotuko du, hezetasuna urrituko du eta ongarri nitrogenatua desegiten lagunduko du, dena mendaren gustuen aurka.

Kaixo Jakoba, Amaia Azpeititik (Gipuzkoa). Kezkatuta idazten dizut, izan ere, etxean ditugun zuhaitzak geroz eta apalago nabaritzen ditugu. Intxaurrondoak (50 urte inguru) enborraren oinetik du azala harrotuta, geroz eta handiago egiten ari da zauria. Bestetik, Haritzek (batak 80 eta besteak 100 urte) enborraren erdialdean dituzte zauririk handienak, zulo izatera iritsi arte. Harrogunea kareaz estaltzeko ohitura izan dugu, baina arrakasta handirik gabe. Zer egin genezake?

Mila-mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-30 08:15

Argazkiko zuhaitzaren arazoa belarra moztetik etor daitekeela dirudi. Belarra mozterakoan makinak zuhaitzaren azala jotzen badu hau harrotu eta erori egingo da. Zauria ikusiko duzu. Lan hori etengabe errepikatzen bada, zauria haunditu besterik ez da egingo, zuhaitzari kalte handian eraginez. Indarra baduela ikusten da, altsuma berria botatzeko gai baita. Belarra mozteko makinak bezala desbrozadorak ere kalte bera eragiten du.

Hobe duzu zuhaitzaren ipurdiaren inguruan belarra handia utzi. Edo zuhaitzaren inguruan lore edo zuhaixka batzuk jartzeko txokoa sortu. Azpian edertzen dute eta belarra mozteko makinei azaletik urrun dagoen muga jartzen die.

Haritzen enborraren erdialdeko zauri horiek ikusi egin beharko dira, zer diren eta nondik-norako arrazoia duten jakiteko...

Zer gertatzen zaio gure limoneroari? Ostoak horitu eta erori egiten zaizkio
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-30 08:02

Lorontzia ikusi behar da arazoaz jabetzeko. Baina elikadura arazo bat aurrikusi daiteke. Aurrez, hala ere kotxinila edo antzeko izurriteren bat ez duela ziurtatu behar da. Hostoetan eta adar ttikietan lapa antzeko intsektu itsatsi batzuk dira kotxinilak. Bera dagoen tokian hostajea erori aurretik kraka beltz batek estaltzen du. Bestela elikadurari erreparatu: ontzia txikiegia eta landare handia mantendu behar. Hori gutxi balitz fruitu mordoxka. Hasteko, kendu fruituak. Nahi izatera erakusle izango den bakar bat utzi. Ontzi handiago batean jarri, ondo drainatzen duela ziurtatu, urak erraz alde egin behar du. Lur ona jarri, ahal duzun onena eta ureztaketa zaindu. Maiz ureztatu, baina esan bezala, soberan duen urak erraz alde egiteko moduan.

Kaixo,
sagarrondoak eta intxaurrak ditugun lur zatian belarra moztu dugu eta honekin zer egin ez dakigu. Txarra al da zuhaitzei azpietan jartzea??
Mila esker.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-29 11:11

Onena belarra usteldu eta ongarri bihurtzea da. Horretarako bi aukera dituzu. Batetik belarra moztu ahala, lur gainean bertan utzi zabalduta eta laister ustelduko da eta lurrak irantsiko du. Bestea, belarra pilatan jarri, simaurra balitz bezala eta luartu edo konpostatu. Azken aukera honetan tartean jartzeko simaur edo luar pixka bat baduzu hobe.

Aukera txarrena arbolen ipurdi bueltan jartzea da. Ez da ondo usteltuko eta sustraiak jaten dizkieten satainak bertan gozo biziko dira bere harraparien eta arerioengandik ederki ezkutatuta. Bestetik arbilak elikatzen dituzten sustraiak enborretik urrun daude, gutxienak enbor bueltan. Beraz janaria denean zabaltzea komeni da.

Egunon, esan didate baba berdearen alea, leka babarruan urte bisiestoetan alderantziz osatzen dala, horrela da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-29 11:06

Ez dut inoiz ezagutu hori. Eta lehenengo aldiz antzuten dut. Beraz hurrengo urte bisiestoan frogatu beharko dugu esaera hori. Hala ere, urte bisiestoek duten berezitasun bakarra da urtez urte pilatzen den denbora atzerapen txiki bati tartea egitea eta lau urtez behin atzerapen hori "berdintzea". Beraz landareen ikuspegitik aparteko ezer ez dakartela esatera ausartzen naiz. Egutegirik ez dute behar landareek, gu baino azkarragoak dira...

Kaixo! Hilabete honetan noiz da egunik aproposena patata ereiteko? Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-29 10:59

Patata ilbeheran landatzen da. Egun onenak sustrai egunak dira. Maiatzean bi baldintza horiek betetzen dituzten egunak hauetxek dira: 14 arratsaldea, 15 egun osoa, 16 goiza eta 17 16:00 arte.

Telebista programa batean ("Mountain men") ikusi nuen akazia azalarekin eltxoak uxatzeko pasta bat egiten zutela. Probatu nahi det baino jakin behar nuke ze garaitan kendu behar nioke azala akaziari ahalik eta kalte txikiena egiteko arbolari.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-20 21:47

Lehenengo jakin beharko genuke akazia zer zuhaitzeri deitzen zioten. Guk akazia deitzen duguna benetan sasiakazia da, Robinia pseudoacacia. Benetako akaziak mimosaren familliakoak dira (Acacia dealbata). Hala ere, azala kentzeko onena adarren bat moztea da. Horrela adar horren azala erabili eta kitto. Zuhaitzari azala kendu eta zauria bertan utzita, kalte handia litzateke. Beno, baita ere jakin beharko genuke zenbat azal behar den...

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora