Asteroko buletina
Zemendia hamaika, garaiak ereiten.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Borraja loreak
2024-05-16 11:56 | Maitane

Aupa Jakoba, nire baratzeko borrajei lorea atera zitzaien eta horrelaxe utzi nituen. Gaur atxurkada emateko asmoa nuen bertatik kentzeko, baina loreetan erle pilo bat zeudela ikusi dut. Ez diet kalterik egin nahi erleei eta ez dakit zer egin. Zuk zer egingo zenuke? Mila esker, Maitane.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-16 17:16

Gure etxeko baratzean hor ditugu batean eta bestean sakabanatuta, berak sortzen diren eran utzita. Denak loretan daude, eta etxeko erleak zoratuta. . Lorea zimeldu eta pasa ahala moztu eta kentzen ditugu. Bateren bat utzita haziak sakabanatu eta hurrengo urtean ere izan daitezen. Gure etxeko baratzean hor ditugu batean eta bestean sakabanatuta, berak sortzen diren eran utzita. Denak loretan daude, eta etxeko erleak zoratuta. . Lorea zimeldu eta pasa ahala moztu eta kentzen ditugu. Bateren bat utzita haziak sakabanatu eta hurrengo urtean ere izan daitezen.

Gaur arte erantzundakoak (770 galdera-erantzun)

Egun on!
Nola du izena landare honek. Betadine koloreko izerdia du eta, uste dut, garain batean zauriak eta osatzeko erabiltzen zela, baserri ondoan beti egoten zela.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-04-24 11:39

Guk zaran-belarra esaten diogu. Inguruan iodo-belarra ere esaten diote. Enada-belarra eta ainhara-belarra ere esaten zaio. Bere izerdi hori zauriak sendatzeko eta garatxoak kentzeko erabiltzen da. Zatitxo bat moztu eta zaurian sortzen den izerdi horrekin igurtzi garatxoa. Etxe inguruetan bizitzen da bai. Gure beharra du bizitzeko eta geuk ere bai berea.

ahozko hizkuntzan españolezko hizki batez   Añarra esaten dugu

                              euskeraz  nik Ainarra edo... ez nekien nola izango zen

                              frantzesez  Agnarra

kontua da hiztegia 3000 n ez zen agertzen ez eta Euskadi.elhuyar hiztegian ere

ea ulertzeko moduan idatzi dudan

Jon Uitzi

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-03-24 21:30

Añarra esaten diozuen hori txilarra edo ainarra da. Landare askori esaten zaio, denak hiru generotan bilduak. Baita izen asko dituzte: ainar, ainara, inar, ainizkar, ginarra, kilarra, gindarra, ilar...

Hemen duzu Euskaltzaindiako orotariko Hiztegian nola agertzen den:

https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_oehberria&task=bilaketa&Itemid=413&lang=eu&query=ainar

Geranioak bihar kimatzeko asmotan nengoen, ondo nabil?
2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-03-15 21:53

Ilbeheran kimatzea komeni da, bai, baina biharko eguna baino hobea izango da etzi goiza, soilik goiza.

Maite-ren erantzuna
2020-03-23 20:24
Egin det, mila esker

Noiz podatu behar dira? Aurreko urtetan lore gutxi eman dute.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-03-08 20:09

Hortentsiak otsaila-martxoa aldera inausten dira. Ahal baduzu ilbeheran. Lore gutxi ematearena inausketa gogorregia egitearekin lotuta dator. Moztu adarren hirutik bat, zaharrenak, eta besteak oso-osorik utzi. Hurrengo urtean berdin. Moztutakoak adarra berritu egiten dute behe-behetik eta osorik utzitakoak loratu egingo dira, erruz.

Usoak uxatzeko pintxo, gezurrezko hontza eta horrelakoaz gain ba alda landare ero, ukendu edo horrelakorik??
mila esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-02-27 18:52

Ez dut horrelakorik ezagutzen. Inori ez diot entzun edo ikusi helburu horrekin landarerik erabiltzen duenik...

Noiz erein liteke agria patata Goizuetan?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-02-25 16:14

Patata ereiteko sasoi onena ilbehera da. Hurrengo ilbehera martxoaren 5 eta 17 artekoa izango da. Patatarentzako egun onenak sustrai egunak dira, hain juxtu martxoaren 11 eta 12.

Egun on,

Baratzeko plangintza egiten duda batzuk ditut, ea argitu ahal dizkidazun. Rotazioak familika egin nahi baditut, udan solanazeo guztiak sail batean jarri beharko nituzke....beraz tomateak piperren ondoan egongo litezke adibidez. Zure liburuan ordea, famili bereko bi landare ondoan ez jartzeko irakurri dut...

Pixka bat nahastuta nago orain 😅

Eskerrik asko!!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-02-19 09:39

Txandakatzea ez da familiaka egin behar. Bi gauza izan behar dituzu kontutan: familia bateko bat ez da jarri behar familia bereko beste baten ondoren eta elkarren aldamenean ez jarri, ahal bada. Garrantzitsuena lehena da. Bigarrena ahal baduzu.

Noiz da Berastegin paretean dugun mahatsa inausteko garai ona?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-02-09 15:48

Hasi berria dugun ilbehera hau ona da. Jeneralean martxoan egin beharreko lana da, baina aurten eguraldiak hartu duen trazarekin, orain egin dezakezu.

Ondarroako Zaldupe eskolako ikasleak gara, LH 3. mailakoak, eta jakin nahi dugu ea clavo hazia euskaraz nola deitzen den. Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-02-06 15:21

Pentsatzen dut ILTZEA espeziari edo bizigarriari buruz ariko zaretela galdezka. Iltzea, sukaldean erabiltzen dena ez da hazia, lorea baizik. Lorea lehortu egiten da eta iltzearen forma hori duenez halaxe esaten zaio ILTZEA.

Syzygium aromaticum zuhaitza da, 20 metrora arte ere hazi daitekeena. Iltze-belar izena ere eman izan zaio, adibidez “BIOLOGIA/1 Landare eta animalien izenak” izendegian (UZEI, Donostia, 1984). Nire iritziz egokiagoa da gaur erabiltzen den ILTZE izen soila.

Hil honetan noiz bota behar da karea koskorra garoari?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-02-03 12:41

Nahi duzunean. Bere lana egiteko zenbat eta lehenago hobe. Aurten gainera garoak aurreratuta datoz eta kanpoa mugitzen ari da. Zu ere mugitu, beraz.

Arratsalde on, Jakoba:

Zer moduz habil?

Kimaketa kontuetaz ez zeukeat ideiarik eta, dakienari galdetzea onena. Lagun batek galdetu zidak ea hagina kimatzeko garai onena zein den. Aralarren ditek (argazkia atxiki diat) eta itxuraz balio sentimental handikoa duk eta ez ditek gaizki egin nahi. Ez nauk ausartu gaizki erantzutera. karkar.

Eskerrik asko!!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-01-28 16:54

Arratsalde on!

Ondo nauk, hi ere halaxe izango haizela pentsatzen diat…

Hartu nian hire ezkur-festa ederra. Mila esker.

Haginarena onena ez kimatzea dek. oso ondo ikusten dek zuhaitza eta nik horrelaxe utziko nikek. 

Ikusten dek itxiturara arrimatzen dituken aziendek ederki kimatzen dutela bere aldea… 

Adarren bat kendu nahi izanez gero kimu berria hastean moztu, izerdi berriarekin batera, alegia. Eta mozten dena enborraren kontratik, ez utzi adar puskarik.

Ondo izan

Kaixo! Pardak egiteko kañabera moztu nahi dut. Noiz komeni da moztea??

Mila esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-01-06 17:37

Kanabera pardatarako edo arbatarako neguan mozten da. Nire uztez sasoi onena otsaileko ilgora da.

Egun on,

Larunbatero saiatzen naiz Jakoba Errekondoren landaberri programa bikaina entzuten.  Nahiko berria naiz gai hauetan, eta aurten Olentzerok “Bizi Baratzea” liburua ekarri dit. Nire baratzean bere aholkuak kontuan hartzen saiatzen naiz. Orain "Landareak lantzen” gida liburua erostea pentsatzen ari naiz, baina,  honako zalantza sortu zait  gida liburu hau aplikagarria al da Ebro ibaiko zonalde honetan
 
Baratza dudan soroaren altitudea 400 metro ingrurukoa da eta Wikipedian honako hau hartu dut: 

"Vianak Ebro ibaiko depresiogunearen berezko klima mediterraneo-kontinentala dauka. Neguak hotzak, udak beroak, aldaketa termiko handiak, eta euriak nahiko eskasak eta irregularrak izaten dira (batez ere udaberrian eta udazkenean egiten du euria). Urteko batez besteko tenperatura 10 eta 13 gradu artekoa eta prezipitazioak 500” ingurukoak diot nik.

Zuen erantzunaren zain, agur bero bat.
Kontxi (baratze zalea)
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-01-10 11:12

Kaixo Kontxi,

Zalantzarik gabe balio du. 
Euskaraz ateratzen ditugun liburuak Euskal Herri osorako pentsatuz eginak daude. 
LANDAREAK LANTZEN  2020 liburu-agendako 150-151 orrialdeetan ikusten baduzu, urteko egutegia dago. Bertan azaltzen da barazki bakoitza erein, landatu eta uzta biltzeko sasoia. Sasoi hori zabala da beti, gehienetan gutxienez bi hilabete. Zeure baratzera aplikatzen zeuk ikasi beharko duzu, eta bereziki horretarako tresna egokia da agenda. Urtero idatziz eta emaitzaren jarraipena eginez ikasteko da. 
Baratzea zein lurraldetan dagoen bezain garrantzitsua da lurralde horretan nola kukatua dagoen: ospela, egutera, orientazioa, bailara, mendi-mazela, gaina…
 
Animatu eta erakutsiko diguzu.
Ondo izan

Jakoba

Azaroko ze ilargitan komeni da tipula landatzea?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-11-08 16:14

Tipula beti ilbeheran landatu behar da. Ilbeheraren barruan sustrai egunak dira onenak. Aurtengo azaroko ilbehera 16ko 14:55etatik 29ko 11:35 artean izango da. Sustrai eguna 22a izango da.

Aupa, Jakoba: orain dela bost urte negutegi bat erosi nian eta geroztik bertan aldatu dizkiat tomateak. Gainera, tomatezalea izaki, fungizida eta intsektizidarik gabeko edo gutxiko tomateak jan nahi nizkian.

Esan bezala, urtero , negutegiaren erdialdean ( altura gehien duen eremuan) bi ilara tomate jarri izan dizkiat. Ingurukoek diotenez ez duk lur oso ona ( rellenokoa omen duk), baina urtero karea eta simaurra emanez nire ustez zerbait gozatu diat. Iaz tomate exkaxak izan nizkian, baina aurtengoa desastre bat izan duk.

Beti bezala erosi nizkian 20 landare txertatutakoak, eta ondo hasi hituen hazten ( martxoaren amaieran jarrita). Baina landare ederrak zeudenean hasi zitzaizkioan hostoak ihartzen eta ihartzen. Nire ustez ez huen erdoia. Denborak aurrera egin ahala gero eta gehiago joan hituen hostoak ihartzen. Eman dituen tomateak benetako kanikak izan dituk.

Zerk eragin ote dik horretara heltzeko? Urtero leku berean aldatzeak eragin ote dezake? Nik tomateak azaroan edo abenduan kendu ondoren letxuga batzuk eta espinakak jarri izandu dizkiat. Lurra gehiago ari ote nauk esplotatzen?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-21 16:46

Nire ustez gorrina sartu da. Azeri-buztanaren eta asunaren purinak erabili beharko dituzu. Bestetik lur oso eskasa ikusten dut argazkietan. Simaurra ejmaten diozula diozu, vaina kolorean antzematen da oso lur buztintsua dela. Hori tomateari ez zaio batere gustatzen. Simaurra eman behar diozu. Orain da hori egiteko sasoia azaroa-abendua. Baina eman, ez erakutsi... Eman lodi: lurra simaurrez estali. Asko! Eta urtero. Pixkanaka lurra hobetzeko...

Kaixo Jakoba. Gu Amaiurko eskolako ikasleak gara, LH 4., 5. eta 6. mailakoak. Pikua noiz landatzen den jakin nahiko genuen.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-15 11:01

Pikondoak hostoa galtzen du neguan. Sasoi horixe da egokiena landatzeko. Izotzaren beldurrik ez den eguna aukeratu, bestela landatzerakoan harrotzen den lurrean ere izotza sar daiteke eta sustraiak kaltetu.

Landarea sustrai eta guzti baduzute, lehen zegoen maila bereraino lurperatu, ez gehiago ez gutxiago.

Bestela oso erraza da pikondoa adarretik sortzea. Hartu metro beteko adarra eta zulo luze bat egin aitzurrarekin lurrazalean, sakondu gabe, aitzurraren buruaren altueran. Adarra sartu luzetaka eta muturreko 20-25 zentimetro bistan utzi. Udaberrian hostoak ematen dituen bezala, lurpean sustraiak garatuko ditu.

Kaixo! Ekainaren erdialdean orburu landara bi landatu genituen ta en dira hasi. Beheko hostoak lehortzen zaizkie. Inguruan iñurri asko egoten ohi dira. Zer egin dezakegu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-14 10:51

Orburuak orain, udazkenean sartzean indartzen eta berritzen da azpitik altsumak emanez. Agian udako beroekin ur falta ere izango zuten. Inurriak baldin badabiltza, agian hostoetan zorriak izango dituzte. Horiek tratatzea da onena; xaboi pitasikoa eta tabakoa erabili. Laguntzeko inguruan ongarri asko jarri. Orburuak janari asko eskatzen du. Simaur edo luar zaharra jarri erruz buelta osoan.

Abaltzisketako eskolako ikasleak gara. Orain dela 2 aste Aloevera landatu genuen. Lehenengo astean egunero ura eman genion baina pixkanaka marroia jartzen hasi da. Zer egin beharko genuke? Eskerrikasko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-14 10:58

Aloe vera hori ondo dago. Tokiz aldatzeak hori dakar, bizitoki berrira egokitu beharra. Agian gehitxo ureztatuko zenuten, baina garrantzitsuena da ontziak ur gehiegi dagoenean erraz alde egiteko nahikoa zulo izan dezala. Gorritzea toki berrirakoe gokitzapena da. Agian lehen etxe barru batean, negutegian edo eguzki gutxiago hartzen zuen tokiren batean biziko zen. Orain argitara atera eta eguzkiak ematen dionean gorritu egiten da, gure kopeta bezalaxe.

Aupa,
Hurrak (avellana) landatzeko zein da garairik onena eta nola egin behar da?

Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-08 10:38

Hurrondoak hostoa galdu egiten du neguan. Hori egiten duten landare ia denak bezala negu neguan landatu behar da, abendua eta otsaila artean. Nola? Hazitik landarea sortu dezakezu, orain erori berriak diren hurrak, gustuko dituzun aldaerakoak, bildu eta hondarretan sartuta jaso; kanpoan, negua sentitzen eta euriarekin bustitzen direlarik. Euririk ez bada ureztatu. Otsailean atera eta erein, baratzean edo otzian. Bestela landarea eskuratu, beste hurrondoren baten azpiko aldean topatuko duzu alerik. Erosi nahi baduzu zihurtatu zer nolako aldaera den. Landatzeko tokia ondo aukeratu, gerora zein tamaina izango duen eta itzala nora egingo duen eta abar kontutan edukiz. Aurrez zuloa egin dezakezu eta neguan landatu. Lurra simaur edo luar zaharrarekin nahasi. Landarea lehengo sakonera berean jartzea garrantzitsua da, azalean nabarmena izango da noraino zegoewn lehen lurpean. Agian, lehen udan ur pixka batekin algundu beharko diozu.

Kaixo jakoba, landareak kendutakoan, kuiatxoa, tomateak, lekak edo dena delakoa, landare hori luarra egiteko erabili daiteke edo hobe ez? dituen gaitzak txertatuko ditu luarrean ondoren lurra kutxatuz?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-17 16:23

Gaitzak espora bidez hedatzen dira. Landarea gaixo egon bada, pentsatu zure baratzeko ingurune guztia esporez gainezka dagoela, hurrengo landare ahulen edo zaurituen zain. Beraz, gaitzengatik behintzat lasai bota luar pilara. Bakterio edo virus edo bestelako eraso arraroren bat badago, hori beste upeleko sagardoa da. Orduan bai, seguruenera erretzea hobe.

Eta orain hortaz landatu nahi ditut ia zer irtetzen zaizikidan.
.. Horrekein guztiarekin lotuta beste galdera bat sortu zait, noiz izango litzateke garai egokia hazi horiek berriz ere irten ezkero jasotzeko?

Hurrenarte Jakoba
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-17 16:27

Ondo helduta daudenean ederki igarriko diozu. Ez dago sasoi bakar bat. Zeureak noiz landatu dituzunaren eta eguraldiaren arabera lehenago edo geroago izango da. Heldu eta azala zailtzen zaienean, orduan.

Porruari irteten zaion bezalako lore edo eta hazi sorta luzea irten zaio baratzuriari. Balio dit hazi horrek ereiteko? orain arte baratzuri aleak landatu ditut eta burutu egiten zait. Jakin nahi dudana da hazi horrek ia balio duen.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-02 11:20

Garatu egin zaizu baratzuria. Garatu edo tontortu, zildu, kukulatu, morronkatu, goiti joan, muskildu, hozitu, buztandu, gogortu, burutu. Lorea eman du gararen gain gainean eta lore horiek haziak. Baratxuri batzuek hazia eman beharrean baratxuri atal txikiak ematen dituzte. Atalak badira baratxuri arrunta bezala landatu. Haziak badira, erein eta landarea egitean landatu, tipula balitz bezala. Hazitik baratxuri aldaera desberdinak ezateko aukera duzu, ea zer emaitza eskuratzen duzun.

Kaixo, Jakoba. Galdera batzuk egin nahi nizkizuke: Lehena, noiz da sasoirik egokiena banbu kainabera beltza mozteko, mendian ibiltzeko makilak egiteko? Eta banbu berde arrunta? Eta behin galderekin hasita, hurritz makilak noiz? Esker mila aunitz.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-01 20:13

Hurritza azaroko ilgoran mozten da. Banbuak, bata zein bestea otsailekoan.

Egunon Jakoba, bulboak dazkat landatzeko, tulipanak, narzisoak, fresiak, anemonak eta ranunkuloak, noiz da momentu egokiena landatzeko, ilbeheran edo ilgoran?? zeozer berezirik bakoitzarentzako?? Mila esker,
Garbiñe
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-21 16:49

Berezitasunik gabe, denak ilgoran. Denekin lorea da bilatzen duzuna, eta hori ilgorak sustatzen du.

Duela bi egunetatik nabaritu dugu gauez baserriko terraza arraz betetzen dela, ehundaka. Pentsatzen degu geraniotik ateratzen direla, zulotxo batzuk dituztelako hostoetan, baina egunez ya desagertu egiten dira. Hauek hiltzean likido berde bat geratzen da lurrean. Zergatik izan daiteke? Nola bukatu eurekin?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-21 17:13

Nik esango nuke roska deitzen diren harren multzokoak direla. Denetatik jaten dute, lore landareak bezala barazkiak. Erakarri eta hiltzeko nahasketa bat prestatu daiteke: zahiari edo irinari azukrea nahasi. Bacillus thuringiensis deituriko produktu naturala erantsi eta ur piska batekin ore bat egin ondo-ondo nahasita. Landareen inguruan jarri.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora