Gaitzaren aita edozein izan daiteke, baina zalantzarik gabe, ama dieta txar bat izan zen

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Gereziondoa ihartzen/lehortzen
2025-06-10 09:50 | Andoni Zubeldia

Kaixo, Aurten etxeondoko lorategian daukagun gereziondoa ihartzen edo lehortzen ari zaigu. Udaberrian sartu ginenean lorea eta hostoa hasi zitzaion baño adar puntak nahiko triste egon dira. Itxura dauke puntako adarrak lehortzen ari direla. Gaitzen bat izan daiteke? Egoera honi buelta emateko zerbait egin dezakegu? Eskerrik asko aldez aurretik. Andoni


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-06-10 18:41

Bi arrazoi nagusi ikusten ditut nik. Batetik zauriak: inausketakoak, enborraren ipurdian duen lanpara eta antzeko zauri “ustez txikiak” eta toki hezea izatea. Horien bien ondorioz onddoek sortutako gaitzak sartzen dira eta horien emaitza da gereziondo horren panorama. Gomendioak: ez inausi, ezta adarrik txikiena ere, eta enborrean belarra mozterakoan eta abarretan ez ukitu azala; gogoan izan edozein zauri txiki nahikoa dela gaitzak sartzeko. Bestetik lagunduko lioke hezetasuna arintzeak: lurra harrotu (belarra aretuz, karea emanez 150 gr/m2 eta abar) ahal bada itzala kendu lurrari, eguzkiak gehiago lehortzeko, drainatze kanalak sortu, lurrazaleko urak ahalik eta azkarren alde egin dezan eta abar. Arbolari ere lagundu onddoen aurkako tratamenduekin: azeribuztan eta asun urak eta salda bordelesa, zortzi egunero suspertzen den arte.

Gaur arte erantzundakoak (1040 galdera-erantzun)

Bada hilabete berotegian ilarra landatu eta behin uzta jasotzen hasi ondoren erabat zuritu zitzaigula. Horiek bota eta tomatea jarri genuen bertan. Segituan orbain zuriak atera zaizkie. Zer egin/bota genezake?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-19 15:00

Zuri hori eta ilarrena ez da gauza bera. Ilarrena zurina da edo oidioa; onddo batek sortutako gaitza. Tomatearen hau elikagairen baten falta dela iruditzen zait. Hori sortu daiteke beste elikagairen bat gaindosian egon eta landareak behar bezala hartu ezin duelako edo faltan den hori lurrean ez dagoelako. Aurrez ilarrak egon badira bertan nitrogeno gaindosia egon daiteke lurrean. Gehiegizko nitrogeno horrek beste elikagaiak blokeatu ditzake eta nire ustez tomate honek potasio falta du, edo boro edo zink edo manganeso. Edo denak batera. Nitrogeno gaindosi horri aurre egiteko karea eman lurrari; 150-200 gr/m2 eta tomateen tartean hostoa baliatuko diezun barazkiak jarri: letxuga, ziazerba, zerba, eskarola…

Kaixo Jakoba. Urretxaren azalagaz sonpriñuak egiteko garairik onena maiatzeko ilgora izango litzatekela ondorioztatu daiteke ezta? Asuntoa da azala zenbat eta hezeago egon soinua hobea dela eta izerdia azalaren azpitik badago errezago askatzen dela. Bide batez, jakitunek diñoe espezifikoki izerdia azal azpitik doanean eta ez egur barnetik mozten dala, hori ere bereizten al da? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-19 13:44

Maiatzeko ilgora izan da bai sasoi ohikoena, sunpriñuak egiteko hurritzari azala kentzeko. Beti dabil izerdia bai barrutik bai azalpetik. Barruko zuretik edo giharretik, hildako zelulek osatzen dituzten tutuetan barrena  izerdi gordina dabil, sustraietatik hostoetarantz. Azalpetik, aldiz, bertako zelula bizi-biziek antolatutako tutuetan barrena izerdi landua jaisten da. Batzuetan izerdi batek indar gehiago izan dezake besteak baino. Horregatik ilgoran askatu behar da azala.

Marrubiek duten zomorro txapalari nola egin surre? Kalabaza ereiteko egunik onena?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-17 17:19

Kukurrutxa esaten zaie zonorro horieri. Lurraukitzen dutenean lehendik bareak edo barraskiloak kosk egin eta zauria irekitako marrubi aleak erasotzen dituzte. Altxa marrubi aleak makiltxo batzuekin edo bestelako sistemaren batekin, lurra ukitu ez dezaten. Horrela ez dira marrubiraino iritsiko.

Ilgora egokiena, maiatzaren 28 arte, hura barne; eta fruitu egunak dira onenak maiatzaren 17 eta 25                                                        

Kaixo, Jakin nahiko Nuke leka eta babarruna ereiteko eta piperrak landatzeko noiz arteko marjina daukaten. Azken eunetako euriaren ondorioz, lurra lokaztua daukat eta. Hobe da itxarotea? Edo asteburuako eguraldi ona aprobetxatzea? Mila esker! Ane

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-16 10:18

Babarrun luzea ekainaren erdira arte erein daiteke, babarrun motza uztailaren erdira arte. Piperrak ekainaren erdira arte landatzen dira. Leka motza uztailaren amaiera arte eta leka luzea abuztuaren erdira arte.

Kaixo Jakoba, bi ahuakate landare hauek hazitik sortu ditut. Bat kubakoa da (tamainan igertzen da) eta bestea hemen ingurukoa da. Etxe barruan hazi ditut, altura polita hartu dute lorontzian. Arabar Errioxan bizi naiz. Duela aste batzuk, izugarrizko eguraldia egiten hasi zuen eta kanpora atera nituen. Oporretara joan nintzen gero eta hara non euriteak hasi zituen. Eguraldia hoztu zuen. Bueltatu nintzenean, mantxa marroi horiek atera zitzaizkien. Gero, gainera, nik ura potasio xaboiarekin bota nien hostoetara eta okertu egin zen egoera. Orain berriro barruan sartu ditut, eta fungizida ematen hasi naiz. Bikoteak botatzeko esaten dit, erremediorik ez dutela, baina pena ematen dit. Zer gertatzen zaie?Zer egingo zenuke zuk?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-16 09:48

Hasteko eta behin, Arabar Errioxan ahuakateondoak kanpoan ez dute iraungo. Beraz biziberritzen badira ere hasi beste bizilekuren baten bila, itsasalderago. Etxe barru bero goxoan bizi eta bapatean kanpora atera eta hotzak eta euriak harrapatu, horixe da bere egoeraren arrazoia. Ez xaboi, ez fungizida, ez dute horrelakorik behar. Bizi baldintza egokietara bueltatu behar dira. Lehengo tokian eta lehengo zaintzarekin berrituko direla dirudi, baina ezingo dituzu beti hor eduki. Eta esandakoa, kanpora ateratzeko sasoia etorriko denez, hasi bizitzeko egokia izango duten toki baten bila.

Jajoba, pata tarteka zulo batzuk ximurtzen ari dira, ze izan leike ? Nola tratatu nezake ? Bestalde intsusa landarea nola landatzen da? Aldaxkatik etorri leike ? Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-16 11:07

Patatak tuberkulu berak erabiltzen dira “ereiteko” eta batetik bestera dexenteko aldea izan daiteke, batez ere hasiera honetan. Zimurtu eta atzeratzearena begiratu beharko da ea gaitzen bat den edota lurpeko bisitariren batena. Hostoak miatu ea gaitzen baten edo izurriteren baten arrastorik topatzen duzun. Ez bada hala atera patata eta ikusi lurpean zer gertatzen ari den. Ahalik eta azkarren egin zer dela ere zabaldu ez dadin.

 

Intsusa bai, aldaxkatik ugaldu daiteke. Neguaren amaieran, otsailaren bigarren hamabostaldian, izerdi berria datorrenean sartu lurrean eta lehen urtean eguzki galdatan ez eduki, onena erdi itzaletan, eta lurrari heze eutsi.

KAixo Jakoba. Hemen, Lizarraldean 60 m2 ko lur sail bat hartu nuen iaz, baratza jarri nahiean. Goldatzerakoan konturatu nintzen lurra bolatan gelditzen dela (buztintsuegia agian?, lur txarra?), ez dela harrotzen. IAz 1000kg hondar ere bota nion eta goldatu nuen, baina aurten berdin berdin dago. LEtxugak, azak berde mantentzen dira baina ez dira haunditzen.....Zer egin dezaket? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-11 18:03

Lur buztintsua izango da. Hondar kantitate horrek asko dirudi baina ez, ez da asko, eta urte batetik bestera desagertu egiten da. Hondarra eranstea baino hobea da materia organikoa ematea: simaurra, luarra, orbela, belar moztu berri txikitua, lastoa, paper birrindua… Bai lurrari nahasita eta baita lur gaina estalita ere. Estaltzeak eguzkia kentzen dio eta hezetasunari eutsi. Horrek lurra harrotzeari laguntzen dio. Urtero-urtero ongarri organikoa eman, eta urte guztian estalita eduki. Pixkanaka igarriko diozu.

Iakoba buztin lurra da gure etxian eta sutako autsa ze landareri etorriko litzayoke ondo ? Beste galdera baina aziya egiteko ze garay da ona? Eta azenayua ? Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-07 17:54

Errautsak kaltzioa du osagai nagusia, baina kareak ez bezala, beste mineral batzuk ere baditu. Bere lan garrantzitsuenak hauek dira: lurra harrotu eta lehortu egiten du, lurraren egoera kimikoa neurtzen duen pHa igotzen du lurraren azidotasuna apalduz eta mineral batzuen mugimendua erraztuz (landareak ere errazago hartzen dituelarik) eta kaltzioa erantsita landareak eskuera edukiko du elikagai garrantzitsu hori fruituak hobeak eta iraunkorragoak emateko.

Ia landare guztientzako ona da buztin lurretan. Ahabia, hortentsia eta lur azidozaleak diren landareak ezik gainontzeko guztientzako ona da. Ongarriketa garai nagusia udazken-negua da. Ongarri organikoa (simaurra, luarra…) eta errautsa edo karea ez dira batera eman behar. Batetik bestera ilargialdi bat izatea komeni da, hilabete bat gutxienez. Azaroa-abenduan simaurra eta urtarrila-otsailean errautsa, adibidez.

Leka, bai motza eta bai luzea, maiatzean hasi eta abuztuaren erdira arte ereiten da. Negutegiaren barruan egin nahi baduzu martxoaren erdian hasi eta abuztuaren amaiera arte egiten da.

Azenarioa Martxoaren amaieratik irailaren hasiera arte ereiten da.

Kaixo Jakoba! Tomate eta piper artean letxuga landatzeko esaten dezu.Hori zeozerr bereziagatik ote den jakin nahiko nuke. Zure erantzunaren zai,agur bero bat.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-05 10:23

Baratzearen aprobetxamendua hobetzeko da, batez ere. Tomatea hazten ari den neurrian baita letxuga ere. Letxugak azkar hazten dira urte sasoi honetan eta tomateak etorri aurretik jango ditugu. Bestetik, ongarri gehiegi edo berriegia eman badiogu lurrari letxugak baliatuko du eta tomatearentzako tamainan geratuko da.

Arratsalde on Jakoba, ontzeko belarra mozteko garai ona noiz da? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-04 10:23

Garrantzitsua da belarra garatzen egotea, loratuta, baina hazirik eman gabe. Zaila da hori neurtzea belazean belar espezie asko bizi baita. Neurria zeuk hartu beharko duzu. Noiz mozten den da erabakigarria. Belarra bere onenean jasotzeko, ilgoran eta ahal izanez gero hosto egunean moztu behar da. Maiatzean ilgora 16tik 28ra izango da eta hosto egunak 22 arratsaldea, 23 eta 24 goiza. Ekainean ilgora 12tik 24ra izango da eta hosto egunak 18 arratsaldea, 19 eta 20.

Iepa Jakoba. Belardi guztia lapaitza belar txarraz josia daukat. Noiz da garai ona kentzeko? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-04 10:30

Lapaitza lurrean desoreka sortzen denean ugaritzen da; gehienetan ongarriketa desegokiaren ondorioz. Ongarriketa aztertu eta egokitzea komeni da. Hala ere dagoenerako ugaritua bada berari aurre egiteko era bakarra moztea eta moztea da. Ahal duzun gehienetan lurpeko sustrai lodikotea hustu eta berritzeko indarrik gabe utzi arte. Hemendik. Atzera hamabostean behin moztea komeni da, ilgoran bada hobe, baina horri begiratu gabe moztu, eta hosto berriak eman ahala berriz moztu.

Jakoba, Aitak utzi zuen zuhaixka hazi egin da baina ez dakit zer den eta zergatik dauzkan hostoak tximelduta. Argitzerik bai nahi ta ezinean dabilen kalekumearen dudak?😊 Mila mila esker, Onintza

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-04-29 22:05

Mertxikondoa da. Hostoak horrela azaltzen dira gaitza duelako, eta sendat<en oso zaila da. Lepra esaten zaio eta Taphrina deformans onddoak sortutakoa da. Ez da erraza sendatzen, baina saiatu nahi baduzu hona hemen tratamenduen hurrenkera. Urtero egin beharko duzu, bestela menderaezina den gaitza da lurralde hezeetan. Hiru unetan tratatzea da onena:

1.- Hostoak erortzen hasten zaizkionean, bertan dirauten gaitza sortzen duten esporak hiltzeko; kobrearekin, salda bordelesa adibidez.

2.- Otsailean, begiak ireki baino lehenago, Kobre oxidoarekin (NORDOX, adibidez).

3.- Begiak irekitzen hasten direnean, lorea ireki aurretik, SEPTUM bezalako biofungizida batekin.

Tratamendu guztietan azeribuztan ura erabiliko oinarri bezala, ur hutsaren ordez, edo parte batean behintzat. Etxean egiteko modukoa duzu salda bordelesa, eta hura azeribuztanaren urarekin hiru tratamenduetan erabili. Honela egitez gero, loreak zimeldu eta erori direnean laugarren tratamendu bat emango nioke.

Duela dozena bat urte basoa berritu genuen pago eta aritzak landatuz pinua zen tokian.Azkenaldian larra-oteak moztu ta landareen azpiko adarrak mozten, puntetako sardengoak mozten eta antzeko lanetan gabiltz. Zalantza dugu orain hostoa atera zaionean egokian ote den inauste lan hauekin jarraitzea, ez bada egokia orain, noiz egin beharko genuke zure ustez?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-04-28 12:19

Orain egiten jarraitu daiteke. Beste aukera udan berdetako inausketa egitea da. Ekainean eta uztailean ilgoran egin dezakezu, horrek adarren eta hostoen hazkuntza sustatuko du.

Kaixo Jakoba. Aurten lehen aldiz artoa eta babarruna elkarrekin ereitera animatu gara. Beste galdera baten ikusi dugu ze egun izango diren onenak, baina, gure zalantza da ea biak batera erein behar ote diren ala artoa lehenik, egun batzuk/ilargi bat pasatzen utzi pixkat hazteko eta ostean babarruna (arto berriari lotu ahal izateko). Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-04-28 09:34

Ohikoena biak batera ereitea da. Babarrunak aihena luzatzen hasten denerako artoa ez dago nahikoa hazita, baina laster eskainiko dio behar duen heldulekua. Horrela eginez gero komeni da lan txiki bat egitea: artoa luzatzen hasten denean alde guztietara zabaldutako aihenak artoarengana biltzea. Beste era horretara ere erein daiteke: lehenik artoa erein eta handik aste pare batera, gutxi gorabehera, babarruna erein artoaren oinean. Honen aihena luzatzen hasten denerako artoa nahikoa hazita egongo da heldu eta berarekin gorantz ekiteko.

Horrela egin beharko diogu orduan. Ala ere, argazki honetan ikusten den bezala, hosto hauek ximelduta egotea ere, horregatik izan daiteke? gaitzen bat izango zela uste genuen.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-04-26 21:03

Jarraipena egin, agian gaitzen bat ere izan daiteke, baina behetik hain indartsu dator… Bestetik eusteko jarritako soka mehe txuri hori kendu ahalik eta azkarren. Azala zaurituta edukiko du seguru.

Egun on, Jagoba Zalantza bat galdetzeko idazten dizut. Baserri ondoko pikuondoen erramak biderantz irtetzen ziren eta ebaki egin behar izan genituen eta moztuta gorde genituen lehortzerakoan etorkizunean sutarako erabiltzeko. Baina atzo interneten begira hasi nintzen eta pikuondoaren egurra sutarako txarra dela esaten zuen, toxikoa dela eta ez erabiltzeko. Zuk badakizu erabili daitekeen edo badaezpada hobeto ez erabiltzea? Eskertuko nizuke erantzutea, Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-04-25 21:29

Pikondoaren egurraren tozikotasuna izerdi zuritik datorkio. Izerdi horrek ukitzen dueña erre egiten du, horregatik garatxoak eta kentzeko erabiltzen da. Egurrak lehortu denean ez du erretzen.  Hala ere egurra oso kaskarra da sutarako, harroa da, biguina, eskasa eta erraz usteltzen da. Hala ere lasai errre dezakezu.

Aupa Jakoba Ondarroan dagoen Lizar honi zer gertatzen zaio? zergatik goikaldeko kimuak ez dira zabaldu? ez dakit argazkian ongi antzematen den baina enborra marroituta dauka justu zati hortan Milesker aldez aurretik

0 erantzun | Zeuk erantzun

Kaixo Noiz atera behar ditut tipulinak, hil beran edo ilgoran? Zurtoina iartuta, hori hori dagoenean? Jada, buru handiak dituzte, baina zurtoina berde berde Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-04-25 21:37

Atera eta helburua luze gordetzea bada ilbeheran. Atera eta di-da jateko asmoa baduzu ilgoran. Jeneralean zurtoina horitzen hasitakoan jasotzen dira, berde daude hostoak, baina muturrak horitzen hasi direnean.

Tomate landarea landatu berri det. Nola zaintzen den tomate landarea , ausoak edo kontutan izatea jakin nahi dut. Posible da?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-04-21 12:14

Tomatearen zaintzan kontutan izatekoak:

Lur aberatsa eskatzen du; nahikoa ongarri ez badu ondo heldutako simaurra edo luarra nahasi lurrari. Karea ez ahaztu, 100 gr /m2.

Ilaren arteko tartea, 1 m.

Ilaran landareen artekoa 75-80 cm.

Tontor bat egin, 40 cm inguru.

Tontorrean zuloa prestatu eta asun zarba berde bat edo hosto batzuk sartu.

Asunaren gainean lur pixka bat jarri.

Horren gainean landatu tomate landarea.

Basokada bat urarekin ureztatu, behar badu bi egunetan. Gehiago EZ UREZTATU.

Hesolak edo makilak jarri.

Makilen gainean plastiko gardenarekin txapela bat antolatu, soilik gainean.

Inausketak eguerdiko ordu beroenetan egin eta kendu behar den kimua oso txikia denean, zauria txikia izan dadin.

Tomate tartean eta inguruetan tageteak (Tagetes patula) eta albahaka landatu.

Tomateari aldamenean izatea gustatzen ez zaizkionak: piperra, alberjinia, kuia, kuiatxoa, apio-arbia, erremolatxa eta patata.

Auzoan behi eta ardi simaurra eskuratzeko aukera dugu gure lorategi/baratzean erabiltzeko. Jakin nahiko nuke simaur berria jasotzen badugu, nola ondu (estalita? estali gabe? itzaletan? irauli behar da?), nola egin izurrririk edo hazirik ez ekartzeko gure lorategi/baratzera, zenbat denbora beharko duen ontzeko, eta urteko zein sasoitan komeni den simaur berri hori eskuratzea. Aldez aurretik, eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-04-30 16:20

Ikastaro oso batean argitzeko galdera pila da hau… Begira, eta gauzak ondo egiten hasteko emango dizut nekazaritza ekologikoan lanean dabiltzan nekazariek argitaratu zuten simaurra luartzeko gidarako esteka, hauxe: https://www.biolur.eus/documentos/descargas/KONPOST_GIDA_ENEEK_2013.pdf

Liburuxka bat da, ez da luzea eta erraz ulertzeko moduan azaltzen du zer eta nola egin. Hor daukazu prozesu osoa argi asko. Zure galdera guztiek hor dute erantzuna. Hortik zalantzaren bat sortzen bazaizu berriro idatzi eta hitz egingo dugu.

Kaixo, Jakoba: Artea gaixo daukat. Hostoetan orban beltzak ditu, eta hosto ugari erori zaizkio. Gorriña izan daiteke? Horrela bada, zer egin dezaket? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-04-17 12:33

Orban iluna edo orban beltza deritzon gaitza da. Cycloconium quercus-ilicis onddoa da, gazteleraz “roña” eta “repilo” esaten zaio. Ez da oso ezaguna hemen. Itxuraz zuhaitz ale bakanei erasotzen die, agian ahulduta daudenak beste arrazoiren bat medio: ur gehiegia, lur astunegia… Orban borobil nabarmen horiek sortzen ditu, inguruan zirkulu horixkak dituena (batzuetan ia ez dira ikusten). Hostoak osorik horitu eta erori daitezke, zuhaitza asko soilduz. Udazkenean eta udaberrian, kimu berriak sortu aurretik, orain adibidez, kobrea duten produktuekin tratatu: salda bordelesa, kobre oxikloruroa eta abar. Beti ere tratamendua lagundu xaboi potasiko pixka batekin eta ahal izanez gero azeribuztan ura edo mindarekin. 10 egunero tratatu 3-4 aldiz.

1. Jakoba laranjaondoa landatzeko, nola prestatu bear det lurra edo egiten deten zuloxka? 2. Etxean ezurretik etorritako aguakateondo bat daukat, fuerte aguakatea zen. Hori nola landatukoet, lurra nola prestatu ? Eta gero aguakate berdiña emango liteke ? Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-04-14 11:28

Loreontzi batean etorriko da, noski, landarea. Ba ontziaren bikoitza den zuloa egin, alde guztietara, sakoneran eta zabaleran. Ateratako lurra simaur edo luar zaharrarekin nahasi eta azpian jarri. LOreintzitik ahal bada bere lur guztiarekin atera eta gero lurraren azala, enborra sortzen den tokiaarekin parean behar da jarri, kontuz sakonegi edo harroegi ez jarri. Ingurua ere lur nahasiaz bete eta arinki zanpatu. Behar badu hesola bat jarri, haize nagusiak ematen duen aldetik eta lasai antzera lotu, mugimendu pixka bat izan dezan. Kontutan izan ahuakateondoa zuhaitz handia egiten dela, non jarri ondo erabakitzeko. Hazitik sortua denez aukera handia dago bere berdeina ez den zuhaitza sortzeko, eta ondorioz esta emango duen fruitua ere. Berdin berdina nahi baduzu txertatzea da onena.

Kaixo, Zuriñe nauzue Lehenengoz eskerrzea eskeintzen diguzun zerbitzu hau. Zalantza: zer deritzozu arraultz oskolak txikituta baratzean botatzeari? Kaltzioa emango diote? Karearen funtzioa bete dezakete? Mila esker, berriz ere eta ongi izan!!! El lun., 7 abr. 2025 17:0

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-04-09 16:52

Arrautz oskolen osagai nagusia karea da. Txiki txiki eginda lurrari nahasi daiteke, hori eginez gero denborarekin kaltzioa askatuko da, baina denbora asko beharko du. Ez du beraz karearen lana egingo, denbora puska batean behintzat. Nik nahiago dut luarraren pilari erantsi eta gero dena batera etorriko da lurrera.

Egun on, Jakoba. Aurrekoan irrati saioan entzun nizun, ereiteko hobe ilgora, orokorrean....baina, eta hemen doa nire zalantza: berdin da sustrai, hosto edo fruitu jan nahi ditugun landareak? Mila esker!!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-04-07 17:05

Biodinamikan ari den jendearen iritzia, banatuta dago. Zenbaitek diote ereintza lanak denak ilgoran egin behar direla eta beste batzuek diote landareari zer etekina kentzen diogunaren arabera erein behar dela. Nik urtero Bizi Baratzean argitaratzen dudan “Ilargia eta Landareak” agendan nire iritzia jartzen dut, honela:

  • Ilbeherako lanak: Hostoa, sustraia, zuztarra edo tuberkulua baliatuko diegun barazkoak erein eta landatu.
  • Ilgorako lanak: Lorea, fruitua edo hazia baliatzen diegun barazkiak erein eta landatu.

Sagarrondo eta antzerako fruta arboletan goroldioa kentzeko tratamendua komenigarria den jakin nahi nuke, baita komeni bada larrosei ere berdina egitea posible den. Zein tratamendu litzateke egokiena? Milesker eta agur t'erdi.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-04-07 16:06

Enborretan eta adarretan goroldioa azaltzeak gauza bakarra adierazten du: ingurune hezean bizi dira. Hezetasun hori berez ez da ona gehiegizkoa bada. Are eta kaltegarriagoa da arrosondoetan. Hezetasun hori zergatik dagoen ikusi beharko litzateke: orientazioa ez da beroena, itzal handia dago bai landareetan bertan edota inguruko beste zuhaitzek edo antzekoek sortua, lurrean ura dabil, azalean edo sakonean… Hori jakindakoan konpontzen saia gaitezke: ura bideratuz, itzala kenduz, landareak bakanduz… Bestela goroldioaren kontrako tratamenduak ez duela merezi iruditzen zait. Bada jendea kalte egiten duela dioena, intsektuak eta abar babesten dituelako, azalari bere lana egitea eragozten diotelako eta abar. Nik, baina, hezetasuna kendu gabe bera kentzen saiatzea alferrikako lana dela uste dut.

gora