Asteroko buletina
Negu bigunegiak, uda gogorregia.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Kala bat orain zatitu?
2024-12-24 11:39 | Olatz

Lorontzi batean dudan kala bat zatitu nahi dut, beste lorontzi batean ere jartzeko. Hori orain, neguan, egiterik ba al dago?


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-26 16:22

Ohiko kalak abuztuan banatu eta ugaltzen dira. Orain indarrean dago eta kalte handia egingo zenioke. Onena hurrengo uda arte itxarotea. Beste aukerarik ez baduzu, egin baina kontu handiz egin: lur guztia kontuz kontuz kendu eta lurpeko patatak bere hosto kimu beredeekin banatu eta landatu. Gero toki babesean jarri udaberria iritsi arte. Koloretako kala txikia baldin bada bai. Horiek neguan deskantsuan egoten dira eta orain banatu daiteke.

Gaur arte erantzundakoak (921 galdera-erantzun)

Epa
Pinu baso txiki bat bota behar dut laster eta bota ondoren zein zuhaitz landatu erabaki nahian nabil. Urkia, haritza eta pagoa landatzea pentsatzen hari nintzen. Egokia iruditzen zaizu hiru hauek baso berdinean nahastea?
Baso hau iparekialdera begira dago Urko mendiaren magalean (Aginaga auzoa Eibar). 500m-tako altueran dago.
Zein zuhaitz esango zenuke direla bertakoak?
Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-01-08 10:45

Baso berria sortzeko ez da hirukote txarra. Haritza da hiruren artean berozaleena, pagoari hezetasuna gustatzen zaio eta urkiak hotza maite du. Nahi baduzu beheko aldean haritza jarri, goian pagoa eta urkia beste bien artean, nahasian.

Bertako zuhaitzak asko dira. Zeuk hautatutakoez gain lizarra, astigarrak, ezkiak, otsolizarra, maspila edo basagurbea, hostazuria, zumarra, ametza, artea, artelatza, erkametza, hagina, pinu gorria eta abar. Basoa osatzeko ertzetan edota tartean jar dotzakezu fruitu arbola basak (hurritza, maaltza, sagar makatza, oilarana, gurbitza, elorri beltza...) eta baita auhaixkak ere.

Kaixo!
Erramu eta gorosti landare txikiak ditugu lorontzietan, ze garai da ona landatzeko?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-26 22:58

Hostajea galtzen ez duten landarean neguaren aurretik edo atzetik landatu behar dira. Urriaren amaiera edo azaroaren hasiera, toki oso hotzetarako egokia da. Martxoa edo apirila edozein tokitarako ona. Hotzaren beldur bazara apirila arte itxaron, baina bestela martxoan ere lasai landatu. Lorontzietan izateak bere abantailak ditu, nagusia sustrai guztiekin jarraituko duela landareak. Bestalde, lorontzitik ateratzerakoan sustraiak azpiko aldean kiribilduta daudela ikusten baduzu, kiribilak askatu eta bizitoki berriko zuloan sustraiak luze-luze eginda jarri.

Kaixo fenomeno, aguakatea hemen hazten den jakin nahiko nuke. Hala bada, garaia eta nola zaindu jakin nahiko nuke. Eskerrik asko Jakoba!!!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-24 18:46

Ahuakatondoa itsasaldeko lurretan ondo hazten da. Zenbat eta toki babesagoan hobe. Azpeitia hotza xamarra irudituko zaiola uste dut. Hala ere badira aldaera edo barietate desberdinak eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. -7° C arte izoztu gabe eusten dionik ere bada. Toki egutera gozoa baduzu, aldaera gogor horietakoren bat eskuratu eta saiatu. Landatzeko sasoia udaberriaren hasiera da, hostajerik ez baitu galtzen, apirila aldera. Zaintzan ez du apartekorik eskatzen. Arbola handia egiten dela gogoan izan, jartzen duzun tokian gero, urteetara enbarazurik egin ez dezan... Lehen urtetan eta gero hotz handia egiten duenetan, babestu: arbolaren inguruan simaur berria jarri, beroa zabaldu dezan; enborra eta adar nagusiak oihalez bildu eta ahal izanez gero izotzaren goitik beherako eraso zuzena kenduko dion txapela tankerako estalkia jarri.

Kaixo, Jakoba! Gorosti ondo bat sartu nahi genuke baratzaren ertzetako batean. Noiz da garairik egokiena eta sartuko dugun tokiak nolakoa izan behar du (egutera, laiotza...)? Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-24 18:07

Gorostiak hostajerik ez du galtzen neguan, horregatik negua amaitzean landatu behar da. Itsasaldeko lur epeletan martxoaren amaieran eta barrualderago bada, apirilean.

Gororstia edozein tokitara egokituko da, baina egutera nahiago du. Hala ere baratze ertza izaki, pentsatu handia izango den egunean itzala egingo duela eta ahal dela ez dezala baratzearen aldera egin...

Arteak podatzeko garai egokia? Eta landatzeko tiesto batzutatik lurrera?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-22 22:22

Arteak neguan ez du hostajea galtzen, ez da soiltzen, horregatik urrian edo, hobe, martxoa-apirilean landatu behar da. Inausketari dagokionez kimua mugitzen zaionean, orduan izerdi berria datorkiola adierazten bait du. Honek zauriak ixten lagunduko dio.

Etxean daukadan orkideak loreak eduki ondoren gelditu diren baretan, orkidea landareak (ez loreak), txikiak irten dira. Nola (eta noiz) egingo dut hortik ontzi batera pasatzeko ?
Ze zaiketa behar ditu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-22 22:18

Zorionak! Loreen adarretan landaretxoak eman baditu indarrean dela adierazten du. Ez ezer egin landaretxo horiek sustraiak ematen ez dituzten artean. Orain arte bezala zaindu, alegia. Sustraiak luzatzen dituenean lorearen txorten hori landarearen azpitik moztu eta orkideoentzako berezia den "lurretan" landatu. Ez da benetako lurra, azal kozkorrak balira bezalako nahasketa bat baizik. Lorontziak gardea izan behar du. Amaren aldamenean jarri, toki onean dagoela nabarmena da eta.

Kaixo, jakin nahi nuke gereziak noiz txertatu behar diren. Ze hilabete, urtaroan eta ze ilargirekin. Erantzuna jaso nahi nuke lehenbailehen mesedez.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 16:57

Gereziondoa bi sasoitan txertatzen da hemen. Negu-udaberrian, martxoan adarreko edo zotzeko txertua eginez. Udan begiko txertoa egiten da. Esan ohi da gereziondoarentzako hilabete egokiena iraila dela. Txertuak denak ilgoran egitea gomendatzen da. Niri ilbeheraren amaieran egitea gustatzen zait, ilgora etprri ordurako izerdiaren emana har dezan.

Aholkua bat emango dizut: tokia. Gereziondoari lur harroa gustatzen zaio, motela edo buztintsua behintzat ez, eta eguzkizalea da.

Etxe inguruan 4-5 sagarrondo ditugu. Noiz inausi behar dira?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 17:45

Sagarrondoa inausi behar duzun edo ez erabaki behar duzu lehenengo.

Nahikoa tokia badute eta ez badute ez beraien artean ez ingurukoei enbarazorik egiten ez nituzke inausiko. Errazago biziko dira, hobeto eta fruitua urte gehiagotan emango dute.

Hala ere inaustea erabakitzen baduzu, martxoko ilbeheran egin.

Haritz zuhaixka bat landatu nahi dugu baserri kanpo aldean. Abenduan landatu nahi dugu, Urte garai honetan landatzeko eragozpenik ba al dago? Zein tokitan komeni da landatzea, toki eguzkitsuan, humelean, ekialdean...
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 17:41

Abendua urte sasoi ona da hostajea galtzen duten landareak landatzeko. Ahal baduzu ilbeheran egin. Garrantzitsua da hotz handiak eta izotzak direnean ez egitea, sustraiak erretzeko arriskua dago eta.

Haritza gogorra da eta ia edozein tokitan etorriko da. Hala ere eguzki alde gozoa gustatzen zaio. Beroena hegoa da, ondoren mendebala, gero ekia eta hotzena iparra.

Kaixo Jakoba, permakultura erara jarria dugu baratzea, eta azkenaldian barazki artean perretxiku batzuk ari zaizkigu ateratzen. Zer esan nahi du horrek? Eta desorekaren baten adierazle balitz, zer egin genezake zuzentzeko?
Mila esker aldez aurretik!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 17:36

Perretxikoak azaltzeak gauza bat adierazten du nabarmen: hezetasuna dago. Baina baita ere bizitza asko dagoela lur horretan. Horixe bilatzen da lurrean landareei azpiak egiten zaizkienean. Arazoa izan dezakezu hezetasun hori gehiegizkoa bada eta lehorzaleak diren landareak jartzea. Horri aurre egiteko taulenetan edo baratzeko zatietan tontorrak egin. Lurra bera tontortu edo egurreki, harriekin edo dena delakoarekin lurra altxa hezetasun horri ihes egin eta lur harroa eta lehorragoa izateko.

25 urte dituen Pagoari beheko adar batzuk moztu beharrean gaude. Noiz eta nola mesedez. Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 17:29

Pago horieri adar txikiak bakarrik moztu. Handiek enbarazu egiten badute, handi horien adar txikiak kendu, ahalik eta handi gehienak errespetatuz. Inausketa ilbeheran egin behar da eta martxoan, izerdi berria etortzekoa denean.

Egunon Jakoba, noiz eta nola landatu illarrak. Mila esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 16:46

Ilarrak ez dira landatzen, erein egiten dira, hazia erein, alegia.

Hona "BIZI BARATZEA" liburuan diodana:

Babaren paretsu egiten da ilarra. Goizekoak irailean eta azkenekoak otsailean ereiten dira. Goiz eginez gero, hotzak etorri aurretik zertxobait hazten da; behin 5 bat cm-ko landarea bada hotz handienari ere aurre egingo dio. Neguan, sustraiak zabalduko ditu eta udaberria etortzen denean, eguna luzatzen hasten dela jabetzen denean ziztuan etorri eta loratuko dira.

Errenka batetik bestera 60-75 cm tartea utzi, zenbat eta luzeagoa egingo den tarte handiagoa utzi. Hazia errenkan, denean ugari botatzen da. 3-5 cm sakon sartu. Lurra hotzegia badago edo bero handiegiak badira ez da ondo jaiotzen. 15-20cm inguru hazi denean landarea lurreztatzea ona da, sendotu egingo du. Gero, arbatu egin behar da: hesolak sarearekin, zuhaitz eta zuhaixken zarbak.... edozein erabili daiteke. Lan hau azkar egite komeni da, landarea etzaten bada, bigarren mailako zurtoinak botako ditu eta uzta urritu eta atzeratuko da.

Bere langintza errazteko trikimailuak ere azaltzen ditut bertan:

Ilarra udaberrirako soilik egiteko ohitura dugu hemen. Saiatu udazkenean ere eskuratzen: ekaina edo uztaileko ilgoran goizeko aldaeraren bat erein.

Kontuz haize tokietan...

Udazkenean, hotz egiten badu, ereiteko errenka egiten dugunean azpian simaur berri pixka bat jarri, lurrez estali eta haren gainean erein. Simaurrak lurra berotuko du eta aiseago ernatuko da.

Txoriek ilarrak guk adina maite dituzte. Ereiten ditugunean ongi zanpatu aldameneko lurra, bi hanken artean. Denetatik ikusten da txori-izugarri: nylon hariak gurutzatuta, diskoak zintzilik, sareak... Gero, gu baino lehenago jabetuko dira lekak eta aleak jateko moduan direla. Orduan sarea da onena.

Oilarana (prunus mahaleb) landatu ahal izateko non aurki ditzaket haziak, non da ohikoa zuhaitz hau? (ze parajetan....) Beharbada errazago da adaxka bidez lortzea ala?
Turkian bere hazia lehortu eta xehetuta gozoei zaporea emateko erabiltzen dute gainetik botata.
Euskaldunak ze erabilera eman izan dio? (egurra pipak eta egiteko, fruta tinturetarako....)
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 16:35

Eusko Jaurlaritzak 1985ean argitaratutako "Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Landare Katalogoa"-n Oilaranaren kokapen ugari aipaten du. Araban Cestafe, Ribera, Ilarduia, Sobron, Arluzea, Cabrera, Kodesko Kostalera, Cervera eta Bernedo. Bizkaian Ogoño, Karrantza, Atxarte, Aramotz mendia eta Mendiola. Gipuzkoan Lizartza, Ataungo Aitarte-Ezkizabal eta Azpildi.

Mendi karetsuen goiko alde hotzak maite ditu, batez ere hegoaldera begira dauden penditz eguteretan.

Ugaritzeko onena zuhaitz horiek topatu eta bere haziak hartzea da onena. Adaxkatik ere saioa egin daiteke; hormonak erabiltze izango da onena. Nik ez dut zuzeneko erabilera berezirik ezagutu, ebanista baten lan batzuk kenduta.

Hemen duela urte batzuk ARGIA astekarian argitaratu nituen oilaranari buruzko artikulu parea:

http://www.argia.eus/argia-astekaria/1765/ahanzturaren-onurak

Hemen ardoa egiteko edo ardoak ontzeko erabilera aipatzen dut.

http://www.argia.eus/argia-astekaria/2340/litxarreroon-lilura

Kaixo Jakoba , proiektu berri baten aurrean gaude eta laguntza behar dugu, azaroan gaude, lurra prestatu ondoren zer landatu dezakegu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 16:06

Gauza asko landatu daiteke urte aro honetan: ilarra, baba, baratxuria, tipula... Garrantzitsuena zuen planifikaio lana da. Zenbat lur dezute, zer jaso nahi dezute, zenbat ordu eskainiko diozue baratzeari, noiz jaso nahi dezute uzta...

Hala ere, www.bizibaratzea.eus webgunean astero astero jartzen dugu sasoi horretan egin beharreko lanen berri, kanporako bezala berotegirako. Bertako buletina jasotzeko helbide elektroniko bat eman besterik ez duzu eta puntual-puntual astelehenoro, goizeko 08:00etan jasoko duzu beste osagai batzuen artean lan horiek dakartzan buletina. Adibidez aste honetarako lanak honoko hauek dira:

Baratzean ereiteko: laboreak (olo, gari, zekale, garagar...), porrua, baratxuria, udaberriko aza, uraza, baba eta ilarra. Berotegiaren babesperako erein daitezke: porrua, tipula gorria, baratxuria, errefautxoa, errukula, uraza, kukulua, ziazerba, baba eta ilarra.

Berotegian ereiteko: patata. Landatzeko: tipulina, uraza, kukulua eta ziazerba ere.

Laboreak ereiteko garaia etorri zen, azaroa hazi aroa. Gari, olo, garagar, zekale eta abar azaroko ilgoran ereiten dira. Ilgora honetan ezin egin bada otsailerako utzi. Neurria hartzeko, esaerak dio hazia zabaldu, txapela bota eta txapelapean hamar ale badaude tamainan!

Zuritu nahi diren karduak estali daitezke. Baita eskarolak ere, estalki bat ipiniz edo hostoak jaso eta motots batean lotuz. Hiru bat aste beharko dute zuritzeko. Kontuz barraskilo eta bareekin, bildu-estali horietan ederki babestuko baitira, eta gozo-gozoan jan. Euri asko ari badu usteltzeko arriskua ere kontutan izan.

Libre diren sailetan ondutako ongarria zabaldu daiteke: simaurra, satsa, luarra edo konposta, zizare-lurra... Oraindik lurra erabat hoztu gabe dago eta emandakoa ederki bereganatuko du. Neguan edo udaberrian jarriko ditugun landareen premia asetuko du.

Neguko erreboilak landatzeko azken aukera: idi-bihotza edo tulipa, hiazintoa, lilipa edo nartzisoa, irisa, fresia, azpelarra, eta abar

Soropila ongarritzeko garaia da. Urte osorako oinarrizko ongarri organikoa orain eman.

Arratsaldeon Jakoba!
Etxe ondoko baso txiki batean (10 pago zuhaitzekoa) 2 pago iertuta (zikatuta) daude eta jakin nahi nuke azaroko ilgoran botatzea idea ona den. Bota ahal badaiteke, jakin nahi dut segituan moztu behar den sutarako prestatzeko edo utzi egin behar den.

Milesker eta agur bat.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 15:50

Barkatu atzerapenagatik.

Pagoa su-egurretarako abuztua, iraila, urria edo azaroko ilgoran botatzen da. Onena aurrenekoak dira. Hala ere zuhaitza ihartua badago ez dago alde handirik. Bota nahi duzunean. Ilargiaren eraginak izerdian eragiten du. Ihartutakoa aldiz, beti berdin egongo da. Bota lasai eta ahal duzun azkarren ebaki. Zenbat eta lehorrago, orduan eta zailagoa da egurra pitzatzea.

Arratsalde on:
Jakin nahiko nuke ea noiz diren egun egokiak kiwiak biltzeko.
Zure erantzunaren zain,
Eskerrik asko aldez aurretik
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-11-13 19:44

Gordetzeko, luze irauteko jaso nahi badira, ilbeheran bildu. Ilbeheraren barruan fruitu egunak lirateke egokienak. Beti ere izotzak etorri aurretik; Euskal Herrian aldaketa asko dira izotzaren aldetik, beraz zeuk ikusi zur kiwi horien aldean nola datorren hotza. Aurten azaroan ilbehera 8an hasi zen eta 22ko 03:07arte izango da. Fruitu egunak berria, 12 eta 13 (dagoenerako paseak direnak) eta 21 egun osoa. Abenduan ilbehera 5eko 12:43etan hasiko da eta 19an 10:33etan amaitu. Fruitu egunak 8 (10:00etatik), 9 egun osoa, 10 (15:00etatik 19:00etara) eta 18 (12:00etatik 17:00etara) izango dira.

Uzta on!

Membrillo zuhaitzean jaso gabe gelditu diren fruituak eta lurrean erorita, guztiak arrak dituztenak edo, (arra ez da ikusten baina bihotzak arrautza (?) bolatxo beltzez josita daudela) konpostera bota daitezke edo erre behar dira?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 15:43

Gaitz gogorren bat ez badute, fruituak lasai bota daitezke konposterara edo luartokira. Iransagarren bihotzean har horien arrasto horiengatik soilik, bota bai luartokira.

Baratzean lantzen ditugun landareak bezain baliotsuak dira belar txar deitzen diegun horiek ere. Nahiz eta txartzat ditugun, gure barazkiak irensten dituztela eta, mesedegarriak zaizkigu, horiek erabiltzen jakinez gero, hala nola, sendagaiak egiteko, lurzoruaren egoera adierazten dute...

Hortaz, hurrengoa jakin nahiko nuke: baratzeko belar txarren gaineko informazioa ( izenak -euskaraz ere bai-argazkiak, ezaugarriak, erabilerak, bioadierazpena...) non kontsulta dezakedan (webgunea, liburuak, aldizkariak...).

Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 13:58

Ederki diozu belar "txar" horiena. Nik esaten dut belarrak txarrak direla bere onura edo alde ona topatzen ez dugun artean. Euskal Herrian horieri buruzko informazioa biltzen duen ez internetgune ez liburu ez dut ezagutzen. Hala ere belarrei buruzko edozeinek balioko dizu, ongurukoak baitira orokorrean baratzean topatuko ditugunak. Zenbait belar kanpotik ekartzen dugu, haziekin nahasita edo beste landareekin lurrean eta abar. Liburu eta argitarapen asko dago, baina nik maiz eskuartean izaten dudan bat gomendatuko dizut: "Urola bailarako landareak" Xabier eta Igotz Arenas dira egileak, 206koa da eta argitaratzailea Azpeitiko Udala da.

Kaixo Jakoba;
Marrubi landare aurten sortu berriak, lekuz aldatu nahi ditut.
Azaroa hilabete aproposa al da?
eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-11-11 23:27

Azaroa oso hilabete ona da. Baina baita abendua, urtarrila eta otsaila ere. Toki oso hotzetan baita martxoa ere.

Nahi duzunean, landatu. Kontutan izan behar duzun gauza bakarra hotza da. Hotz handia egingo duela sumatzen baduzu ez egin landaketa, sustraiak erre daitezke eta.

Landaketa egindakoan ongarri organikoa eman, erruz eman. Geruza lodi bat 3-4 behatz jarri denean, udaberrian eta udan nabarmenduko duzu. Marrubiak janari asko eskatzen du.

Egun on, Errekondo jauna:
badut lur sail bat azaletik metro erdira igeltsua dudana. Arbolak sartzen saiatzen naiz, baina emaitzak kaskarrak dira: intxaurrondoa, konferentzia-madariak... Hori gutxi balitz, orkatzek gainerakoa egiten dute ondo hazten diren arbola gazteei enborra horzkatzeko. Horrela pasatu da gaztainondo bat, orain dela gutxi. Arazoa intxaurrondo birekin ere: negutegitik ekarrita, kimu indartsuenak txertoaren azpitik jaio zaizkie, txertotik gorakoak apenas indarrik dutela, bizirik badaude ere. Arlo horretan belarra eta sasia kontrolatzeko, nahiko lan! Ez dakit zer konponbide egon daitekeen Landamineko arlo honentzat... Urdaibaiko itsasaldean.
Ondo izan.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-11-11 23:22

Igeltsuarenak ez du erremediorik, baina arazoa hori dela erabakitzeko, besteak konpondu behar dira.

Orkatzak atzeratzeko enborrak eta adar nagusiak baratzuri urarekin edo baratxuriarekin berarekin zuzenean igurtzi. Ez zaie usaina gustatzen eta pakean utziko dituzte.

Txertatutako intxaurrondoei buruz, txertuaren azpiko kimuak txikiak direnean kendu behar dira, sortu ahala. Beti, etengabe, alegia. Horiek bizi eta liuzatzen badira, txertuaren goiko aldekoak ez dira sekula haziko. Hortik hasi beraz.

Egun on , Jakoba:
garai batean indarrez zetorren feijoa hemengo baserriren batean, baina orain isildu da oihartzen hori. Garai hartan, sartu nituen pare bat froga egiteko, esan baitzidaten harra eta emea behar zirela; badira hamar urte. Bat desagertu zen, ez dut gogoan zelan, baina bat badago. Arazoa da ez duela ezer ematen. metro bi izango ditu, argazkian ikus daitekeen bezala.
Beste bat ekarri nuen, eta negutegian esan zidaten hermafrodita zela (argazkian landarerik txikiena). Kontua da, ez batak ez besteak ez dutela garaurik ematen. Ez dakit zer deritzozun.
Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-11-11 23:16

Feijoak aldaera asko dago, batzuek bere burua ernaldu dezakete eta beste batzuek ez. Jakin beharko litzateke zein aldaeratakoak diren zuk dituzunak.

Lehen galdera lorerik ematen ote duten da. Loreak zabaldu eta gero fruiturik ez badute ematen arazoa polinizazio falta izan daiteke, hau da polen arra emearengana ez iristea. Adibidez “Robert” edo “Superba” bezalako aldaera batekoak badira beste polinizatzaile bat hearko dute beti. Aldiz, “Apollo” edo “Unique” bezalako aldaeratakoak badira bere burua ernaltzeko gai dira.

Hala ere argazkiak ikusten denak gaztea dirudi, fruitua eman ahal izateko heldutasunera iritsi gabea, alegia.

Egun on, Jakoba:
arakatzarekin arazoak izan ditugu (uva crispa?). Gurasoen sasoian arakatz emankorrak ezagutu ditut hemen Urdaibaiko txoko honetan. Benetan esker oneko zuhamuxka!
Saiatu naiz kimuak landatzen, negutegian erosita, baina ez dute ondorio onik izan. Nolako lurra behar dute? Udazkenean aldaskak sar daitezke lurrean? Nolako zaintza?
Esker mila.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-11-08 23:00

Arakatza, Ribes uva-crispa, gazteleraz uva espina, landare arantzatsua da. Toki eguzkitsuak maite ditu arakatzak, baina zenbait aldaerek sufritu egiten dute eguzki galdatan.

Ugaritzeko aldaxka baino eraginkorragoa da adarrak lurpera eramatea, handik kimu berriak ematean lurpeko tarte horretan sustraiak emango dituzte, ondoren moztu eta landatu. Antzeko lana egin daiteke landarearen ipurdia lurrez estaliz. Urtebete ondoren lurpean egond en zatia sustraiz jantzia izango da, moztu eta landatu. Ongarri zalea da arakatza. Neguan bere inguruko lurra satsarekin edo luarrarekin estali. Fruitu asko badu maiatza aldera beste ongarrialdi bat eman.

Egun on, Jakoba:
oraingo honetan mizpira-arbolari buruzko argibideen eskean natorkizu.
Anderak nahi duela-eta (badakizu), bertoko mizpira bat edo beste jartzeko asmoa daukat, negu honetan. Eskuratzea ere ez da erraza izango. Zuloa egin aurretik, mizpirari zer gustatzen zaion jakitea ere primeran legoke.
Dena ez dela hartzea-eta, nire ekarpentxoa egingo dut zuk inoiz aipatzen dituzun ahuakateei buruz. Gure ortuaren ondoan bada bat handi samarra, eta fruituak ederto ematen dituena, hala kopuruan nola neurrian. Balentziatik abuztuan ekarri nituen bi internet bidez, eta oratu dute. Bertoko ahuakatetik, haziak erne zaizkigu eta metro bateko landareak baditugu (4). Ea zerbait ematen duten. Beraz, harrigarria bada ere ahuakateak hemen, hori bai: kostaldean.
Ondo izan.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-11-08 22:47

Andrearen hori ez dut ulertzen baina mizpirondoak ez du aparteko baldintzarik ezkatzen. Lurra zenbat eta hobea izan orduan eta hobeto emango dizu.

Eskuratzeko ez dut uste arazo handirik izango duzunik. Muintegiren batean galdetu eta ez badute ekarriko dizute. Oraindik garaiz zabiltza. Ahuakateondoak gero eta ugariagoak dira gure lurretan. Itsasaldeko lur epeletan fruitu ederrez jantziak oraintxe ikusten dira. Bejondeiola zureekin andreari.

Kaixo, Jakoba:
irasagar-ondo ederra zahartuta zeegoela-eta, eperditik moztu nuen. Orain, haren sustraietatik kimuak atera dira, dozena erdi edo. Entzuna daukat eztitzerik ez dutela eskatzen. Hala ere, hainbesteko kimu izateak ere ez dirudi aproposa: orientabideren bat luzatuko zenuke?
Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-11-08 22:40

Irasagarrondoa eztitu daiteke. Bai irasagarrarekin, beste aldaeraren batekin, edo baita madariarekin ere. Otsaila aldera adarreko txertua eta uztaila-abuztuan begiko txertua eginez.

Ez eztitzea erabakiz gero, eperdian sortu diren altsuma horietatik onena edo zuzenena datorrena aukeratu eta besteak moztu. Gero ere sortuko dira berriak, haiek ere kendu.

Aupa Jakoba: zer moduz?
Zure izkribuak arakatzen ibilita, apur bat harrituta geratzen naiz, ongarri mineralak iragaitzez bezala aipatzen dituzula iruditzen baitzait . Nire uste apalean, gaur egun askorentzat baliabide ezin utzizkoa da ortuko lanetan. Aziendarik apenas dago Urdaibaiko eskualde honetan; bestelako patariak, aldiz, (untxi, oilo, ahate...) ikustea ere zaila da. Horregatik, gainerakoan egiten duzun lan eskerga horretaz gain, eskertuko nuke nik, behinik behin, orientabideren bat edo beste emango bazenu ongarri mineralei buruz: proportzioak, ongaitzak, alternatibak, eta antzekoak. Nire lur sailean ongarrien atala konpontzeke daukat. Hirian bizi garenez gero, konposta egitea ere, ez da horren erraza. Lehengo egunean baserritar jubilatu bati galdetuta, jakin nuen zohikatza (turba) ere erabil litekeela, hazirik ez baitarama berarekin. Simaurrak edo satsak, haren ustez, hazi ugari dakarkiote lurrari. Eskatzen hasiz gero, errautsei eta kareari buruz argibideren bat gehiago ere eskertzekoa litzateke.
Ondo izan, eta esker anitz.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-11-08 22:35

Hau diot nire "Bizi Baratzea" liburuan:

Ongarri mineralak bi eratakoak izan daitezke: mineral naturalak eta sintetikoak. Izenak esaten duen eran, naturalak naturak berak sortutakoak dira, lurrean bertan topatzen dira. Sintetikoak, aldiz, industriatan sortzen dira. Baratze ahalik eta logikoena egitez gero, ongarri mineralak ahal den gutxien erabiltzea komeni da, baita naturalak ere. Ongarri hauek lurraren oreka dantzan jartzen dute. Batzuk ikaragarrizko kaltea eragiten dute mikroorganismoak makalduz eta lurrari bizia kenduz. Beste batzuk janariak blokeatzea ekar dezakete, eta landareak jaki horiek hartu ezinik izango dira. Era berean lurra okitu daiteke eta pozoituta bezala, erreta gelditu, ezer emateko gai ez dela: erabat antzua.

Horrez gain, ongarri naturalak soilik erabiltzea komeni dela diot. Organikoak ahal bada: luarra, satsak, orbelak, etab. Horiek dira kalitatezko elikagaiak sortzeko bide onena. Zohikatza ere erabili daiteke, noski, organikoa da eta naturala, baina arazo larri bat sor dezakezu lurrean: urzale amorratua da eta berari ura falta zaionean, landareen barruan dagoena hartzeko gai da, hauek erabat ihartuz.

Errautsak eta kareak aparteko "liburu" bat mereziko lukete. Aipaturiko "Bizi Baratzea"n orriak dira material hauei emanak. Beraz izkribu horretan topatuko ditukelakoan...

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora