Uztailako kallaren kantia, xakia bai eta xakukorik ez, edo xakurik ez da xakukoa bai.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Sutako hautsa, lekak eta azenarioak erein
2025-05-05 21:39 | M jose

Iakoba buztin lurra da gure etxian eta sutako autsa ze landareri etorriko litzayoke ondo ? Beste galdera baina aziya egiteko ze garay da ona? Eta azenayua ? Eskerrikasko


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-05-07 17:54

Errautsak kaltzioa du osagai nagusia, baina kareak ez bezala, beste mineral batzuk ere baditu. Bere lan garrantzitsuenak hauek dira: lurra harrotu eta lehortu egiten du, lurraren egoera kimikoa neurtzen duen pHa igotzen du lurraren azidotasuna apalduz eta mineral batzuen mugimendua erraztuz (landareak ere errazago hartzen dituelarik) eta kaltzioa erantsita landareak eskuera edukiko du elikagai garrantzitsu hori fruituak hobeak eta iraunkorragoak emateko.

Ia landare guztientzako ona da buztin lurretan. Ahabia, hortentsia eta lur azidozaleak diren landareak ezik gainontzeko guztientzako ona da. Ongarriketa garai nagusia udazken-negua da. Ongarri organikoa (simaurra, luarra…) eta errautsa edo karea ez dira batera eman behar. Batetik bestera ilargialdi bat izatea komeni da, hilabete bat gutxienez. Azaroa-abenduan simaurra eta urtarrila-otsailean errautsa, adibidez.

Leka, bai motza eta bai luzea, maiatzean hasi eta abuztuaren erdira arte ereiten da. Negutegiaren barruan egin nahi baduzu martxoaren erdian hasi eta abuztuaren amaiera arte egiten da.

Azenarioa Martxoaren amaieratik irailaren hasiera arte ereiten da.

Gaur arte erantzundakoak (1007 galdera-erantzun)

Gabon Jakoba, galdera bat. Bizi lagun batek honako hau egin dio zuhaitzari. Berreskuratzeko aukerarik egongo al litzateke? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-11 17:26

Oso zaila izango du bizitza normala izatea, baina itxuraz ez dio azala den-dena kendu eta irauteko aukera ikusten diot.

Orain hostajea galduko du baina udaberrian berriairtengo zaiola uste dut. Seguruenera beste urtetan baino gutxiago, baina atera bai. Bizi laguna dezu ala erahil laguna, edo bizi etsaia...

Kaixo Jakoba. Berez sortutako zuhaitz baten goiko adarrak kimatu nahi ditut, itzala ematen dutelako taulen batzuetan. Gustatuko litzaidake jakitea ze motatako zuhaitz den, ia bere egurra erabilgarria den eta noiz izango den komenigarria kimatzea. Mila esker.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-29 15:20

Nire ustez sahatsa da, Salix generokoa. Sahatsaren egurrak ez du erebilpen berezirik gaur egun. Egur biguina du eta egitura nahasiko adarrak. Honexegatik ez da saskigintzan erabiltzen. Sutarako, hesitarako edo bere azpian dagoen baratzean adarretarako, arbatzeko alegia erabiltzeko.

Kimaketa egiteko sasoi onena otsaileko edo martxoko ilbehera.

Kaixo, eskolan baratzeko proiektua gauzatu behar degu eta...zalantzak ditut. Beti hazitik hasi beharrean egokiagoa iruditzen zait, urte sasoia kontuan hartuta, fruitutik hastea, neguko landareak jartzearekin batera noski.Zer iruditzen zaizu?ba al dezute unitate didaktiko interesgarri baten berri?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-29 15:25

Gai horiek jorratzen dituen Unitate Didaktiko oso bat daukazu, neronek egindakoa:

https://eathink2015.org/download/KIT_Basque_Country-20170928T110432Z-001.zip

Bisi lagun batek zuaitza oni aberia hau egin dio bada zerbait egitea ez legortzeko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-29 15:31

Barkatu hain berandu erantzutea, baina mezu batzuk nahasita ibili ditut...

Zuhaitz horren etorkizuna oso latza da. Seguruenera erabat ihartuko da. Ahal baduzu zaurian gaitzik ez sartzeko ahalegina egin. Horretarako salda bordelesa hautsa eta ur pittin bat nahasi, ore antzeko bat egiteko. Isipu batekin tarteka eman.

Jakoba, tomateok Baztango klasekoak zirela eta erosi nituen landareak Donezteben. Zure iritzia jakin nahi det, izan ere oso ale ederrak jasotzen ari naiz eta datorren urtean etxean erein nahi dittut. Ongi deritzozu hazitako jasotzea ala ez zaizu iruditzen balioko duenik?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-29 15:36

Ez dakit nongo arrazakoak edo aldaerakoak izango diren, baina itxura ederra dute. Zure baratzean ongi ematen dutenaren seinale. Horrexegatik bakarrik merezi du hazia jaso eta aurrerako landareak sortzeko mantentzea.

Baratzearen galdera bat daukat: nola tratatu ala saihetsi daiteke armiarma gorria leketan? Mila esker!

Ondo izan,
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-29 15:42

Zeure eskutan dauden bi gauza egitea komeni da behintzat. Batetik inguruneko hezetasuna handitu. Aire eta inguru lehorrak indartzen du armiarma gorria. Bestetik gehiegizko ongarriketarekin kontuz, eta batez ere nitrogeno gaindosia. Hau da, ondo heldu gabeko edo luartu gabeko ongarririk ez erabili. Eta ondo egindakoa ere tamainan.

Sagardo zukua eta sagardoa egiteko pausoak ondo azaltzen dituen euskarazko libururik ba ote dago?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-29 15:51

Ez dago ez horrelakorik, nire ustetan behintzat. Egin beharko genuke!

Neroni ibiltzen naiz batean eta bestean ikastaroak ematen, etxean nola egin biak, baina ez dut ezer idazteko tarterik izan.

Duela bi urte gure eskolako terraza eguzkitsuan baratzea lantzen hasi ginen haur hezkuntzako haurrekin.
Gauza da, arbola bat ere landatu nahi genukeela, limoiondoa, gereziondoa, sagarrondoa,...
Nahaia librea da, ezta?
Terraza dela kontutan edukita, zein izango litzateke aproposena, errezena?
Andoaingo Ondarreta Herri ikastetxea.

Aldez aurretik, mila esker
3 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 16:04

Kaixo Elena,
Esaidazu zein baldintza izango dituen: itzala, erdi itzala, goizez, arratsaldez, lurrean biziko da edo ontzian, jardinera handi bat egiteko aukerarik baldin badago eta abar.
Horrekin aukeraketa errazago egingo dugu.
Mila esker
Laister arte
Jakoba

Ortega Larrañaga, Elena-ren erantzuna
2019-09-30 16:27

Kaixo Jakoba. 

Nik esango nuke Hegomendebaleko orientazioa duela. Negu partían arratsaldeko eguzkia du eta udan berriz bete betean. 

Ustez, ontzi handi bat jarri ahalko genuke, beti ere kontutan edukita, gelen gaineko terraza dela.

Terraza, nahiko handia da. 

Hara hor, iaz ateratako argazkiak. 4 urtekoak. 

Mila esker zure arretatik. 

Ondo izan

Elena

Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-01 12:10

Proposamen bikoitza egingo dizut. Limoiondoa eta kumkuata. Biak zitrikoak dira. Limoiondoa ondo ezagutzen dugu eta bere fruituaren erabileraak ere bai. Kumkuata, aldiz berria da lurralde hauetan, baina ikastetxe baterako ezaugarri egokiak ditu: fruitu arbola txikia da, zitrikoa denez fruitu ikusgarriak ditu, fruitu txikiak haurekin ikastetxean bertan gozatzeko. Izan ere fruitua arboletik hartu eta zuzenean jaten da, azala kentzeko zuritu beharrik gabe, azal mehe eta guzti. Gozoa da, ez da limoia bezala bizia.

Biek bakoitzak bere ontzi HANDIA beharko du. Tamaina horren araberako uzta eta arbola izango dituzue. Hori bai, uda partean ere bateren batek ureztatu beharko ditu. Beste aukera ureztaketa sistema programatu bat jartzea da.

Egunon
Aurten lehendabiziz kuia landatu dut eta disgusto handia dut landareak makal daudelako. Lora dexente euki arren uzteltzen ari dira eta landara batek sustraiatik gertuko hostorik gabe dago.

Ez dakit zer egin

Eskerrik asko

PD: gainontzeko landarak eta fruituak primeran doaz, xomorro, baretxo, eta abarreko bizilagunekin leian egon arren. (eskerrik asko bai irratiz eta bai boletinean emandako aholhuengatik)
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 15:44

Kuiak ez du arazo handirik izaten, baldin eta lurra urtsua ez bada. Lurra beti heze baldin badago edo maiz urasetzen bada kuiak gaitza harrapatzeko arriskua handia da. Bestetik kuiak janari asko behar du. Asko esaten dudanean ASKO esan nahi dut. Kuiak ondoena simaur pilaren bazkerrean etortzen dira. Baserri ugaritan ikusiko dituzu horrela.

Kaixo Jakoba. Bide bazterrean enbarazu egiten duten morera zuhaitz batzuk kendu beharrean gara. Su egurretarako erabili nahi ditugu. Zein sasoi da egokiena botatzeko? Mila esker.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 16:29

Su egurretarako probetxu onena aterako diezu negu-neguan eta ilbeheran eraitsita. Marugatzeak ez du egur gogorra baina su polita egingo dizu horrela botata.

Egun on Jakoba, terrazako arbustoek kotxinila zuria izan zuten duela bi urte. Bat galdu zen, baina besteak salbatu ziren. Abuztu honetan, ordea, arbustoetako bat lauzpabost egunetan suak erreta bezala geratu da, erabat igartuta. Sargoriagatik izango zela pentsatu genuen, juxtu teilatuaren hegaleko aterpearen parean geratzen zen arbustoa zelako. Baina ondokoa ere ziztu batean igartzen hasi da orain...
Igartutako arbustoari kotoi erako orban zuriak agertu zaizkio. Begira hasi gara eta "kotoi" hori gainontzeko arbusto guztietara hedatu dela konturatu gara... kotxinila ote berriz ere??
Nola tratatu beharko genituzke?
Igartutako arbustoen lurretan aldatu al daitezke arbusto berriak? Ala lurra aldatuta hobe?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 15:36

Kotxinila itxura du. Kotoi zorria ere izan daiteke. Biak izurrite gaiztoak dira, zein baino zein. Erasoa hain handia izanda eta hedatua egonik, nik denak kendu egingo nituzke eta erre. Zaila da lurretik ugaltzea horiek, baina inguruan egongo dira negua pasatzen. Ahal izanez gero ontziak hustu, ondo-ondo garbitu eta lur berrian jarri landare berriak.

Behin tomate landarea eta aleak garatu eta ontzen hasten direnean, altuera egoki batetik mozten ahal da zuztor nagusia edo kaltea eragin dezake? Zer da komenigarriena?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 15:31

Nire iritziz onena bere horretan uztea da. Goi horretan hostoak ditu eta hostoetan sortzen du landareak janaria. Kenduta aleak heldu eta elikatzeko janari gutxiago izango du landareak.

Egun on, Jakoba: bojaren harraren aurka bacilus turingiensis botatzen ari natzaio, baina zenbatero eta noiz arte egin beharko nioke? Eskerrik asko...
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 15:27

Tratamentu hori oso egokia da. Zortzi-hamar egunero egin behar duzu eta urria arte. Bacillus desberdinak daude eta aldatzea komeni da. 2-3 tratamentu batekin, gero beste hainbeste beste batekin eta berriro lehengoa eta horrela. Eraginkortasuna hobetzeko xaboi potasiko piska bat erantsi eta Neem olioa ere nahastu.

Kaixo. Otsaileko sustrai egunetan aguakatea landatu nuen, artean sustraia hazitik eman berria zuela. Kostata baina landarea indar izugarriz etorri zen, apirila-maiatza aldera edo. Lehen unean lorontzi txikia erabili nuen eta nire kezka da ez ote zaion komeni lorontzi handigora pasatzea, eta batez ere noiz den garai egokiena horretarako.
Iritzi ezberdinak ditut inguruan, berehala egiteko diotenak, eta baita neguari itxarotea komeni dela diotenak ere. Noiz aldatu beharko nuke?
Mila esker aldez aurretik.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 16:11

Ontzitik ontzira noiznahi landatu daiteke, sustraiak ez bai dituzu moztuko. Hala ere sasoi bereziki ona da izerdia mugitzera doanekoa. Hostoa galtzen ez duten landareetan martxoa amaiera aldeko ilbehera.

Arratsalde on Jakoba! Etxean lorontzi batean dugun gorostiari adar bat idortu zaio. Zeren ondorio izan daiteke? Poto handiago batera pasa beharko genuke? Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 15:17

Garbi ikusten da lur gutxi duela. Lur gutxi ez, oso gutxi. Ihartu den adarrak sustraiak bistan ditu... Pasa ontzi askoz ere handiago batera ahalik eta azkarren. Gorosti gajoa!

Kaixo Jakoba, aurten artoak zanbroa du, iaz baino ugariago. Argazkiko arto landareetan ikusten den zuri horri esaten zaio zanbroa Altzagan. Kentzea komeni al da? Hala bere horretan utzita hobe? Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-23 10:45

Zanbroa deitzen duzun hori artaburua erasotzen duen onddo bat da, Ustilago maydis. Beizaman añua edo arto-añua deitzen diote, beste toki batzuetan ikatza ere bai. Onddoak arta ale esnetsuak erasotzen ditu eta forma berezietako kozkor horiek sortzen dira. Mexikon huitlakotxe edo kuitlakotxe deitzen dute eta urte guztiko gutizia onena bezala dute. Gero eta gehiago baloratzen da jaki hori mundu guztian eta Mexikoko boilurra edo trufa eta kabiar azteka esaten zaio. Agi danean, izugarrizko nutrizio balioak ditu.

Txartzat baduzu, onena ahalik eta azkarren kendu eta erretzea da onena.

Haritzaren ezkurra erabiliz landarea ateratzeko zer pauso eman behar dira?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-21 19:21

Haritza aukeratu zeure arabera: handia, dotorea, azkar hostotzen dena, udazken kolore pilotena duena... Ezkurrak heldu eta lurrera erortzen direnean bildu. Oso-osorik daudenak eta itxura onena dutenak hautatu. Geruzatu: errekako hondarra behar dugu, zulatutako ontzi batean hondar geruza bat jarri eta gainean ezkur geruza bat, gainean hondarra, gainean ezkurrak... Hondar geruza batekin bukatu. Ontzi hau kanpoan jarriko dugu negu guztia han igaro dezan. Beti heze egon behar du, baina ito gabe.

Ezkurrak neguko hotza sentituko du eta udaberrian erraz ernatuko da, hondarrak ebaki txikiak egingo dizkio azala leuna badu eta hezetasunean hazia puztu eta ernatzeko prestatuko da. Neguan otsailean haziak atera eta erein, edo hondarretan bertan kimuak atera arte itxaron eta orduan landaretxoak landatu.

Baratzean getozka landarea ugaritzen ari zaigu, kentzen saiatzen naiz baina berriak sortzen dira
Jakin nahi dugu komeni den kentzea edo hobe den bertan uztea lurra estal dezaten
Mila esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 15:06

Zeuk ikusi behar duzu. Gehiegi ugaltzen bada kendu. Jangarria da, beraz badakizu... Negu partean hutsik dauden taulenetan bertan utzi daiteke eta udaberrian kendu. Berozaleak diren landareen artetik kendu (tomate, tipula, baratxuria eta abar).

Tomate bateo xartaxa du eta berde dago oraindik. Gainontzekoek sano daudela ematen dute.
Xartaxtutako tomate hori landaretik ateratzea komeni da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-19 15:12

Zalantzarik gabe kendu. Xartaxa edo gorrina azaldu ordurako kendu eta garbitzea ona da. Tomate bat galduko duzu, baina agian gainontzeko guztiak salbatuko dituzu.

Aitak baserrian landatuta dauka, baina ez dakigu zein Sagar mota den, jakingo zenuke zein den esaten?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 15:12

Barrutik mami gorria duten sagarrak hiru izenez ezagutzen ditut: Azalain, Santio sagarra eta tomate sagarra. Santio sagarra da niretzat ezagunena. Hura, ordea, luze antzerakoa da, zure argazkikoa borobil samarra dela iruditzen zait.

Mixurka landare bat daukat, lore ontzi baten mixurka hazi batetik irtenda, 80cm altuera badu.
Noiz da garai ona lurrera aldatzeko? Mixurka lurrera aldatutakoan nolako ongarria?
Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-16 09:18

Mixurka fruitu arbola desberdinei deitzeko erabiltzen da: albertxikoa, melokotoia, mizpira...

Denek, hala ere ezaugarri garrantzitsuena bera dute, ziklo berdintsua, alegia. Hostajea galtzen dute neguan eta sasoi hori baliatuko dugu landaketa egiteko. Beraz abendua-urtarrila alde hori izango da onena. Izotz egunetan ez landatu.

Ongarria organikoa (simaurra, luarra, zizare-lurra...) jarri inguruan erruz, landarea bera ukitzen ez duela. Udaberria iristerako desegiten hasia egongo da, eta ederki aprobetxatuko du.

Egunon.
Egutegiaren arabera, oraintxe ilargi berapenean gaudela, egun aproposak sira hauek geranioen eskejeak hartu eta landatzeko? Delako sustraia errexteko hormona hori gomendagarria da?
Milaka eskerrak aitzinetik.
Ixabel.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-08 13:09

Bai oso sasoi ona da lan horietarako. Hormonarena zeuk ikusi, geranioa berez errez antzera itsasten da. Hala ere etxean ere egin dezakezu hormona salda: bai dilistekin baita sahats edo zume hostoekin ere.

Babarrunak landatzeko garaian ze distantziatara landatzea litzatekeen egokiena jakin nahiko nuke. Gure etxean 120 zentimetrotara landatu izan ditugu beti, baina toki askotan ilarak binaka ikusten ari naiz, elkarren artean metro erdiko distantzia daukate eta gero ziriak elkarri lotuta "X" moduan. Nola da egokiena? Eskerrik asko!!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-08 13:16

Makilarik gabe sarea jartzez gero, iladak metrobete eta metro eta erdi arteko tartearekin ereiten dira. Beraz zuen 1,2 metro egokia da. Argazkikoaren moduan, makilekin lotzeko, ilada artean 70-90 zentimetro eta iladan bertan, zulotik zulora 50-70. Egokiena zeuk erabaki. Beti esan izan da babarrun finena itzaletan hazitako lekak ematen duela. Gero sistema bakoitzak dituen lanak ere kontutan hartu eta zeuk erabaki...

Sagasti bat dut eta belarra moztutzekoan sagarrondoen adar bajuak arazoak ematen didate. Datorren urteari begira, gutxi gora behera, jakin nahi nuke noiz moztu kalte haundirik egin gabe. Zure erantzunaren zain, mila esker.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-05 14:59

Hori egiteko sasoi onena martxoa da. Izerdi berria laister etorriko da eta egindako zauriak ixten lagunduko du. Ilbeheran egiteko lana da kimaketa.

Jakoba, leno galdetu nizun tipula garbi edukitzeko sistema zein den eta erantzun zidazun gainean egon eta eskuz egiteko lana zela,kaso egin dizut eta oso gustora nago,zortzi ziento aterattut eta tipula eharra,tipula zuria da bainan bastante bizia hau zergatik da? Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-05 15:23

Tipularen bizitasuna edo gozotasuna aldaera edo barietateari lotua da. Berezko ezaugarria da. Klase bakoitzari lotutakoa. Bizi punttua duenak beti izango du. Baratzean nola landu denak ez du ia eraginik. Pixka bat giroari lotzen zaio, hau da, giro hezeetan bizitasuna apaldu egiten da, aldiz giro bero eta batez ere lehorrarekin bizitasuna handitu egiten da. Baina, beti izango du bizitik.

Hurrengorako jakin behar dena da aldaera edo barietate hori zein den berdina ez jartzeko.

gora