Lorontzi batean dudan kala bat zatitu nahi dut, beste lorontzi batean ere jartzeko. Hori orain, neguan, egiterik ba al dago?
Ohiko kalak abuztuan banatu eta ugaltzen dira. Orain indarrean dago eta kalte handia egingo zenioke. Onena hurrengo uda arte itxarotea. Beste aukerarik ez baduzu, egin baina kontu handiz egin: lur guztia kontuz kontuz kendu eta lurpeko patatak bere hosto kimu beredeekin banatu eta landatu. Gero toki babesean jarri udaberria iritsi arte. Koloretako kala txikia baldin bada bai. Horiek neguan deskantsuan egoten dira eta orain banatu daiteke.
Gaur arte erantzundakoak (921 galdera-erantzun)
Zergatik geriza erdibitu egiten da gorritze sasoian
Heldutasunera iristen ari den garaian alearen azala gero eta finagoa da. Tarte horretan ur estresa sortzen bada, hau da ur gutxi izan eta bapatean ur asko, alea azkarregi hazten da eta azala zartatu. Uraren emana kontrolatu behar da eta ur asko izaten den sasoietarako lurra erraz drainatu eta lehortzeko aukerak landu behar dira.
Akazia galtzeko noiz moztu
Galtzea nahi bada izerditan dagoenean moztea da onena, kalte gehiena orduan egingo zaio. Era berean, kaltea areagotzeko, ilgoran eta lore edo fruitu egunean moztu. Ekainean egingo nuke nik. Ilgora 6tik 18ra izango da eta lore edo fruitu egunak 6, 9, 10, 14 eta 15.
Kaixo, Aurten plastikoa jarri dut baratzean (eta goteoko instalazioa) lehenengo aldiz. Barraskilo pilo bat izaten dugu, zoritxarrez. Behin albahaka landare bi jarri nituen eta osorik jan zizkidaten. Duela aste pare bat piperrak landatu nituen eta atzo bertara gerturatu nintzenean zulo batzuetan landarerik ez zegoela konturatu nintzen. Euri pilo bat egin duenez, suposatu dut barraskiloek jan dituztela. Orain plastikoa dudanez, ezin diet plastikozko botilarik jarri mini inbernadero/babesleku moduan. Bola urdinak eta arrautza azalak ere bota izan ditut, baina ez dira nahikoa, baratza handi samarra baita. Zer egin dezaket?
Babeslekua jarri duzu bai, barraskiloena. Eta horiek gutxi balira, baita bareena ere. Hor egongo dira gustura asko plastikoaren itzalean eta lurraren hezetasunean. Biek jango zituzten zure piperrak. Ilundutakoan inguratu eta miatzea besterik ez duzu izango gertatzen ari denaz jabetzeko. Ikusitako bareak eta barraskiloak bildu eta hil edo beste bizilekuren batera eraman… Oso zaila izango duzu babestea, baina saiatu landaretxoak kabitzen diren botila estuak topatzen, gero plastikoaren zuloetan sartzeko. Plastikoaren zuloa irakitzeko ebaki bat egin eta gero handitutakoan kendu eta ebakia bildu.
Egunon, garoa edo iratzea galtzeko ekaineko zein egunetan moztea den egokiena jakin nahiko nuke?
Egokiena ilgoran moztea da eta lore edo fruitu egunean bada hobe. Aurten ekaineko ilgora 6tik 18ra arte izango da. Lore eta fruitu egunak hauek: 6, 9, 10, 14, 15 eta 18 arratsaldea. Uztaileko ilgora ere ez da txarra. Ilgora 3tik 16ra izango da eta lore eta egun egokiak 3, 4, 5 goiza, 6 arratsaldea, 7, 11, 12 eta 16 goiza.
kaixo bi gereziondoak moztu behar genituen etxeko paretaren obra egiterakoan ez dakit horregatik den ala ez, baina gaixo daude, ez dute fruiturik eman aspaldi, batek gainera adar handi bat hilda du. hemen bidaltzen dizkizut argazkiak. Eskertuko nizuke esango bazenidan zer egin sendatzeko mila esker Esther
Zerorrek esan duzu, obra egiterakoan moztutako adar handi horiek utzi dituzten zauriak ezin itxi eta bertatik sartu da barru-barruraino gaitza. Hezurdun fruitua ematen duten arbolak oso sentiberak dira, zauriak kontuz egin behar zaizkie, gainontzean hemengo hezetasunarekin zauritik onddoak sartzen dira. Nire iritziz arbola horiek etorkizun pattala dute. Adar handia iharra duen horrek behintzat… Adar iharrak kendu eta zer buelta ematen dioten ikusi. Gaitzari aurre egiteko gorrinaren aurkako tratamendua erabili: asun ura, salda bordelesa eta xaboi potasikoa. Euri giroa datorren bakoitzean aurrez tratatu.
Hiru urte daramat gardenia landara batekin, tiestuz aldatuz ta lur azidoa jarriz, ura be nahikotzu, beti eze. Horri gutxikin dabil, handitzerakoan, bejegitu ta galdu iten dauz, kimu berriak oparo, baina horriak handitzerakoan galdu. Kalean dago arratzaldeko eguzkitan bakarrik. Ze falta dau? Esk asko
Gardenia da nik ezagutzen dudan landare mokofinenetakoa. Euskal Herri hezean ez dut eder eta mardul urtetan bizi den bakar baten berririk. Lur azidoarena ongi, baina ongarriketa nahitaezkoa du. Urarena ere bai, beti euri ur epela, ez kanilako kaltziodun ura; baina garrantzitsuagoa da egun beroetan hezetasuna hostoetan izatea lurrean baino. Zaila da hori lortzea kanpoan bizi delarik, baina egun beroetan eguzkiak jotzen ez duen orduetan hostajea oparo ihinztatu. Arratsaldeko eguzkia da txarrena. Eguneko gogorrena da, egunaren bero guztiaren errematea. Hobe litzateke “ahulagoak” diren eguzki orduak izatea. Beirate baten atzean ageri da argazkian, kontuz horrekin, eguzkiak erraz erre ditzake hostoak. Arratsaldeko eguzkira begira badago, mendebaldera dagoela dio. Hortik beste arazo bat ere baletorke: haizearena. Haize nagusia mendebalekoa da, eta haize-pasan bizitzea ez du atsegin. Neguan 15ºCtik gora egon behar da.
Kaixo Jakoba, limoiondo bati kelatoa bota diot burdin falta konpontzeko. Zenbat egunetan egin beharko zen tratamendua? Eskerrik asko
Kelatoa dosi oso txikietan erabili behar da, gainontzean emandakoaren zati handi bat alferrik galtzeko arriskua dago. Urtean zehar 3-5 emanalditan banatzen da. Limoiondoak ia urte osoko ziklo mugitua duela kontutan izanda egin banaketa. Bestetik, lur karetsua ez zaio komeni eta loreontzian bizi bada kanilako ura beharrean euri ura erabili ureztatzeko.
Orain ere galdezka gatoz. Zer da hau Jakoba? Eta Zer egin? Prunus persica da. Ez dakit argazkia atxikitzea lortu deten
Lepra da argazkiko muxikaren hostoetan ikusten dena. Taphrina deformans esaten zaion onddo batek eragiten du. Neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran begiak puztu eta irekitzen hasten direnean erasotzen du. Lehenik loreak irekitzen dira eta gero haien azpitik kimu eta hosto berriak etorriko dira. Irekiera horretan onddoaren esporak begi barrura sartu eta kutsatzen ditu lehen hostoak. Jeneralean gerora kon pontzen da, hosto berriak garbiak ekarriz, baina ez beti. Tratamendua salda bordelesarekin egiten da. Asun ura nahasiz gero hobe, baina xaboi potasiko pittin bat ere. Tratamendua lehen lorea ireki aurretik egin behar da, eta azken lorea zimeldu denean errepikatu.
Kaixo Jakoba, Sagarrondo bateko enborraren beheko partearen azalean halako zuloak edo arrailak atera zaizkio. Badirudi janda dagoela. Ez dakit zer den eta pentsatu dut zuhaitza moztea datorren urtean beste bat landatzeko, nahiz eta loratan egon. Eskerrik asko
Zulo edo arrail, nik esango nuke zauriak direla. Zauriak azala jan dion animaliaren batek edo inguruan lanean aritu den makinaren batek eginak izango dira. Hala ere zauriaren ertzetan orbaina indarrean egiten ari dela ikusten da. Nik uste dut urte pare batean ia erabat itxiko duela. Janaria eman eta gaitzak eta izurriteak zaindu eta etorriko da. Zauriak berriz ez gertatzea komeni…
Goizeko eguzkia duen terraza handi samar batean jarri nahi genituzke ale batzuk. Bazkalondoan galtzen du eguzki argia. Aukera dugu igokaria zein bestelakoa jartzeko. Aholkurik? Bestetik, sasoi egokia da? Milesker
Edozein arrosondo mota jarri dezakezu. Zenbat eta handiagoa egiteko barietatea izaan, orduan eta loreontzi handiagoa beharko du. Eta handia esaten dudanean handia da, batzuek 100 litrotik gorakoa beharko dute. Tamaina da aukerarako baldintza bat eta bestea arrosondoak loraldi bakarra izatea, udaberrian, batez ere; eta bestea uda amaiera arte loratzen direnak. Lehenek loraldi bikaina izaten dute, betea eta barietate askok usaintsua. Bigarren motakoek lorea bakanago ematen dute, lore gutxi, baina luzez. Tamaina dela eta igokariak ez direnak lurraren mailan edo goian txertatuak izan daitezke; horrek arrosak zein mailatan izango ditugun aginduko du. Gero kolorearen aukera… Nik denetatik jarriko nuke…
Kaixo, maiatzeko ze egun lirateke onenak patata ereiteko? Eskerrik asko,
Patata ez da hazia, erreserbako tuberkulua baizik. Erein egiten duzula iruditzen bazaizu ilgora eta landatu egiten duzula uste baduzu ilbeheran. Beti sustrai egunean. Ilgoran 19, 20 eta 21 izango dira; ilbeheran, aldiz, 29, 30 eta 31.
Egunon, Nire etxeko melokotoietan argakian ikusten den onddoa atera zait (Taphrina deformans). Uste dut Kupre oxikloruroarekin tratatu dezakedala. Nola egin beharko nuke? Orain fruituak dauzkat zuahitzaten. Eskerrik asko
Argazkirik ez da iritsi baina melokotoiondoen gaitz hedatuena da urte sasoi honetan. Kuprearekin tratatzen da, bai, bere forma guztietan: oxikloruroa, salda bordelesa… Neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran begiak puztu eta irekitzen hasten direnean erasotzen du. Lehenik loreak irekitzen dira eta gero haien azpitik kimu eta hosto berriak etorriko dira. Irekiera horretan onddoaren esporak begi barrura sartu eta kutsatzen ditu lehen hostoak. Jeneralean gerora kon pontzen da, hosto berriak garbiak ekarriz, baina ez beti. Tratamendua salda bordelesarekin egiten da. Asun ura nahasiz gero hobe, baina xaboi potasiko pittin bat ere. Tratamendua lehen lorea ireki aurretik egin behar da, eta azken lorea zimeldu denean errepikatu.
Orain alferrik samar da tratatzea.
Egunon! Tomate mota desberdinak inguruan jarri ezkero, fruitu ematean jasotako hazia ez da bakoitzaren motakoa izango, ezta?
Hurbil baldin badaude polinizazio gurutzatua gertatzeko aukera handitu egiten da. Tomateak berez badu bere burua polinizatzeko eta gurutzaketa apaltzeko joera; barietate batzuk besteek baino gehiago… Horri autopolinizazioa esaten zaio. Baino hazia nahastutakoa izateko aukera ez da baztertu behar. Gerezi tomateak eta saihets nabarmeneko barietateek, adibidez polinizazio gurutzatua izateko arriskua dute. Barietate nahasgabe edo garbiak jaso nahi izatera aukera seguru bakarra isolamendua da. Landare bat aukeratu edo lore multzo bakanak eta muselina finezko oihalarekin edo begi oso-oso txikiko sarearekin bildu eta itxi, erleak eta polinizatzaileak ez sartzeko moduan. Hor barruan sortu diren fruituek dituzten haziak autopolinizazioaren ondorio direnez barietate garbiari eutsiko diote.
Arratsaldeon Jakoba, argazkian bidaltzen dizudan arrosa handi egin denez ontzitik lurrera birlandatzea egokiena izango dela pentsatzen ari naiz . Inurriz beterik dago ordea. Kaltegarriak izan litezke arrosarentzat, ala ez? Birlandaketarena ilbeheran eta sustrai egunean egin beharreko lana da, hori ikasi dugu 😉, eta horrez gain zeozer kontutan izan beharko neuke? Eta inurriei jaramonik bez, ala zeozelan eraso? Milesker
Inurriengatik ez arduratu. Beraiek moldatuko dira egoera berrira. Landaketa egunak bai horiek dira. Ahalik eta azkarren egin lan hori, izan ere udaberria amaitzen ari da eta negu amaiera.-udaberri hasierako lana da. Orain egin eta uda beroa bada ureztaketa zaindu, lehen urtean behinik.
Sagarrondoari bacilus turingesis, Neem eta jaboi potasikoaz tratatzeko komentatu zenigun maiatzeko azken astean eta ekainaren bi astetan, gero beste pausu bat geratzen zen lira jauzi eta gerorako baina ez dugu gogoratzen eta melokotoiari tratatzeko erremedioa? Orriak tximurtuta daude, eskerrik asko.
Bi gai nahasi direla iruditzen zait. Batetik sagarrondoaren harjoaren izurritearen tratamendua, ondo daude bai produktuak baita denborarena ere. Bestea melokotoiaren leprarena. Horren tratamendua loraldiarekin lotzen da. Neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran begiak puztu eta irekitzen hasten direnean erasotzen du leprak (Traphrina deformans). Lehenik loreak irekitzen dira eta gero haien azpitik kimu eta hosto berriak etorriko dira. Irekiera horretan onddoaren esporak begi barrura sartu eta kutsatzen ditu lehen hostoak. Jeneralean gerora kon pontzen da, hosto berriak garbiak ekarriz, baina ez beti. Tratamendua salda bordelesarekin egiten da. Asun ura nahasiz gero hobe, baina xaboi potasiko pittin bat ere. Tratamendua lehen lorea ireki aurretik egin behar da, eta azken lorea zimeldu denean errepikatu.
Okondotik idazten dizut. Jakin nahi nuke nola akabatu argazkian bidaltzen dizun landarearekin. Hemen usta esaten diogu.
Uztaoa, lapaitza… izen asko du euskaraz. Sustrai eta guzti ateratzea da onena baina egingarria den aukera bakarra moztu eta moztu egitea besterik ez da. Simaurrarekin edo aziendaren larretzearekin ugaritzen da. Loretzen denean haziak zabaltzen ez utzi. Eta ahal izanez gero udaberri-udan hostajea ipurditik moztu. Kalte handiena ilgoran moztuta egiten zaio. Ilgoraero mozten baduzu, laister desagertuko da. Ilgora onenak, beretzako kaltegarrienak maiatzekoa, ekainekoa eta uztailekoa dira
Kaixo! Gurean beti belarra ekain amaieran mozten da, negurako ganbaran gordetzeko. Data hori maiatza hasierara mugitu ezkero zein onura eta desabantaila ikusten dizkiozu?
Ni ez naiz lan horiek data jakin batzuei lotuta egitearen aldekoa. Belarra moztu, ondu eta jasotzeko lanak, adibidez, noizko lanak dira? Nik belarrari berari begiratzen diot. Negurako belar ondu onena izateko. Kalitate goreneko bazka izateko, noiz moztu? Belarraren energia guztia hostoetan dago eta une jakin batean garatu eta lorea ematea erabakitzen du. Energia hostoetan eta lorean egongo da. Lore hori ernaldutakoan hazia bihurtuko da; orduan energiaren zati handi bat hazian pilatuko da. Hazitan dagoenean mozten badugu hazi asko erori eta galduko da ganbararako bidean. Niretzako sasoi onena, beraz lorea irekitzen duenean da. Zeuk ikusi, ondo ikuskatu eta zuen belazeko belar nahasketako belar gehienak loratzen direnean nik orduan moztu eta onduko nuke. Eguraldiak laguntzea beste upeleko sagardoa da…
Apirila erdi aldera erein nituen kuia, kuiatxoa eta beste batzuk. Orain ari dira ernatzen. Haunditzen direnerako ez ote al da beranduxamar izango baratzean landatzeko? Martxoan erein nituen txikoria eta beste batzuk ez dira ernatu :(
Ez, ez. Lasai hartu landaketa sasoia hasia da, baina ekainaren amaiera arte landatu ditzakezu kuiatxoak, kuiak ahalik eta azkarren. Beste horiek ez ernetzearena zer ote da?
Hobe berandu ezer ez jasotzea baino. Kuia ekainaren bukaeran erein izan dut eta kuiak jaso ere(azaroan). Zuzenean lekuan hazia sartuta hobe, zaindu barraskilo eta bareak
Lurretara pasatzean horrela gelditu zait. Bi aste ondoren honela dago. Lurrari bota diot humus eta perlita. Gaizorik dago edo biziko al da? Mila esker Jakoba
Ahuakateondo hori sufritzen ari da eta ez edonola. Beroa, aldameneko lanpararen argi erretzailea… Atera azkar kanpora, ez noski izotzak harrapatzeko moduko toki batera, baina bai 20 gradutara egongo den salatik balkoipe batera edo antzeko toki batera. Argi asko duen eta udan beroa izango den toki bat behar du. Eta ez ahaztu ureztaketa, lehenengo urtean garrantzitsua da.
Kuia haziak uretan ipini ondoren, ondoratu egin behar al dute sano badaude?
Batzuk ondoratuko dira eta beste batzuk, gehienak seguruenera ez. Onena ernatze saioa egitea da uretan busti ondoren heze dagoen paper edo batean edo lurrean erein eta egun gutxitan somatuko duzu sustraia sortzen duen edo ez.
Iratzeak ipurditik atera edo moztu? Ondoren anitz ongarritu?
Ipurditik ateratzen ez baduzu jai izango duzu. Iratzeak izugarrizko sustrai erreserbak izaten ditu. Horiak akabatu ezean berritu eta berritu egingo da. Nik uste dut aukera onena lurra irauli eta sustrai horiek azaleratu, ahalik eta gehienak bildu eta kendu. Iratzea egon den tokian lurra azidoa egongo da, beraz karetzek on egingo dio. Ongarria baino garrantzitsuagoa da karea. Landaketak egin aurretik denbora tartea izanez gero, biak egin ditzakezu, ongarritu eta karetu, baina ilargi bateko aldearekin.
Brokoli, baina eta beste lore batzuetan zomorro hau hostoak zulatu eta landarea zimeltzen hari da. Zer egingo nuke honi aurre egiteko?
Aza jendearen arkakusoa da. Hobeto esanda arkakusoetako bat. Tratamendua egiten hasi ahalik eta azkarren. Ez da erraza akabatzea, salto egin eta ihes egiten dutelako. Tratamendua egiteko nahasi xaboi potasikoa eta rotenona edo piretrina (intsektizida naturalak biak). Tratatu hiru-lau egunetik behin, alerik ikusten ez duzun arte. Tratatzerakoan ondo ihinztatu landareen parte guztiak, arkakusoak berak bustitzea da helburua, beraz alde guztietatik eman ezkutuan daudenak denak bustitzea nahi baita.
Kaixo Jakoba, Hasi berriak gara. Gereziondoaren hostoetan aldaketa sumatzen ari gara. Herdoiltzen ari ote diren pentsatu dugu baina ez dakigu zer egin kasu honetan. Alea hartzen hasi berri da eta ez genioke kalterik egin nahi
Nire ustez Gnomonia gaitza izan daiteke. Apiognmonia erythrostoma onddoak sortzen du. Hezetasunak dakar, batez ere, horregatik horri aurre egiteko neurriak hartu behar dira: inguruan haizea ibiltzea erraztu, lurreko hezetasuna kentzen saiatu, inguruko itzala kendu, hurbilean zuhaitz edo arbolak baditu kendu edo tartea utzi, eta abar. Onddoa hosto ihartuetan mantentzen da, horregatik komeni da erori ahala bildu eta su eman eta erre. Baita udazkenean denak erortzen direnean ere. Sustraietan zauriak edo arbolean (inausketakoak adibidez) izanez gero edota ahula baldin badago errazago erasoko du gaitzak. Salda bordelesarekin ere tratatu daiteke, xaboi potasikoarekin nahastuta eta hosto zaurituak erori baino lehenago. Zortzi-hamar eguneko tartearekin hiru tratamendu eman. Gerora berriz azaltzen bada errepikatu.
Egun on Belazeetan uztabo asko atera da. Bere izena rumex pulcher al da? Eta orduan jangarri ona da olloentzat? https://www.miteco.gob.es/ca/biodiversidad/temas/inventarios-nacionales/iect_rumex_pulcher_tcm34-164118.pdf
Uztaoa esaten zaio Rumex generoko landare jendeari. Horietako bat da Rumex pulcher, baina Rumex generoko espezie asko dago Euskal Herrian. Eta denak ez dira R. pulcher. Denak jangarriak direla esango nuke. Oiloekin erraza da saioa egitea. Eman eta jaten badute ongi, bestela edo txarra egiten zaie edo ez dute gustuko. Horiek ere badakite mokofin izaten.
Zein egunetan inausi ditzaket intxaurrondoak? Aste honetan edo maiatzean.
Intxaurrondoak oso toki lehorrean bizi ez badira, Euskal Herriko Hego-hegoan adibidez, ez inaustea hobe da. Inausketak sortzen dizkien zaurietatik gaitzak sortzen dituzten onddoak sartuko dira; hezetasuna handia den tokietan gehiago, bere zaleak baitira onddoak.
Hala ere inausketa egin nahi baduzu oso berandu da, dagoenerako izerdia mugitua baino erabat indarrean dabil. Onena hurrengo urteko martxoaren hasierarako uztea litzateke. Aurten egitez gero maiatzaren 2 egun osoa eta 3 goiza, ilbehera eta sustrai egunak.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545