Asteroko buletina
Aldatz gorrie, aldatz berrie.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Ahuakateondoa birlandatu
2024-12-24 10:37 | Gabino

Egun on Jakoba.
Aguakate landare bat daukat, metro ta erdikoa eta lekuz aldatzea beharrezkoa dut, galdera da noiz berlandatu?

Ongi izan eta mila esker erantzuteagatik.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-24 10:38

Hostoa galtzen ez duten landare guztiak bezala negua pasa ondoren landatzen da. Toki eta giro epelean bizi bada martxoa amaiera aldera, gainontzean apirilean. Beti ilbeheran egiteko lana da, eta ahal izanez gero sustrai egunean.

Gaur arte erantzundakoak (920 galdera-erantzun)

Kaixo Jakoba.
Arratiatik galdera bat.
Mandarina bat metatzeko baserrian epe barruan gaude?
Noiz da eperik onena, egokiena?
Mila esker.
Ondo segi

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-01-15 12:41

Hobe duzu mandarinondoa ez metatzea. Bere osasunak irabaziko du eta biziraupen luzeagoa izango du. Hala ere eragozpenen bat sortzen duen adarren bat edo kendu nahi badiozu oraindik oso garaiz zabiltza. Lan hori izerdia mugitzen hasi aurre horretantxe egin behar da, martxoa amaiera aldera. Ahal izanez gero ilbeheran.

Noiz bota daiteke karea ortuan.Zein da hobe kare bizia ala hilla

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-01-18 17:10

Ongarriketa nagusiak udazkenean eta neguan egin behar dira. Nire iritziz hurrenkera onena da: udazkenean ongarri organikoa eman (simaurra, luarra…) eta neguan karea, urtarrila edo otsaila. Tartea gutxienez hilabete batekoa. Ongarriak lurgainean utzi eta kitto.

Kare bizia erretzen duen karea da, ura edo hezetasuna hartu behar du hiltzeko. Kare biziak ukitzen duena lehortu, erre edota hiltzen du. Hortik kontuz erabili beharra (eskularru, maska, betaurreko…). Baina bere eragina hobea da, batez ere luz buztintsu heze eta bustietan. Kare hilak kaltzio kopuru bera du, baina errezago erabili daiteke. Garrantzitsuena hautsa edo koxkorra erabiltzea erabakitzea da. Ni koxkorraren aldekoa naiz, eragina denbora askoz ere luzeagoan nabaria izango delako.

Egun on! Olentzerok berotegi lanak egiten dituen apalategia oparitu dit eta nire baratza txikirako haziak erein nahiko nituzke. Joanden urtetik gordeta ditudan haziak erabiliko ditut baina jarri nahi ditudan barazki batzuenak ez ditut. Non eros ditzazket bertako hazi gutxi batzuk? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-01-13 20:44

Bertoko haziak hautatzea hasiera ona da. Inguruko lurrera eta klimara egokituta daude. Euskal Herrian Hazien Sareak badaude batean eta bestean. Horiek haziak eta landareak banatzen dituzte. Bestetik Gipuzkoan Baserritar talde baten eskutik ALEKA bertoko hazi ekologikoak sortzeko egitasmoa martxan da. Kooperatiba eta denda ekologikoetan banatzen dituzte eta bestela beraiengana jo zuzenean: www.aleka.eus edota 633 79 76 39 telefonoa.

Noiz komeni da setoa moztea nekezago hasteko? Ze urtarotan ta ze ilargitan Millesker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-01-08 21:16

Landare hesiak mozteko bi sasoi nagusi daude. Biak izerdialdi nagusien ondorengoak dira. Lehena udaberriko hazkundearen ondoren, maiatza-ekaina aldera eta bestea irailean. Kimu berriak motzago etortzeko inausketa ilbeheran egitea komeni da.

Non erosi ahal dut olió zuria?.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-01-08 11:17

Olio zuria edo olio minerala intsektizida lana egiteko erabiltzen da. Tratamenduak batez ere udazken-neguan egin behar dira. Azken hostoak erori aurretik onena. Orain ere eraginkorra da. Intsektuen gainean olio geruza geratzen da eta ito egiten ditu. Tratamendu hori oso ezaguna da batez ere fruta arboletan. Olio horiek nekazaritzako produktuak saltzen dituzten tokietan topatuko dituzu. Ez badaukate ekarriko dizute.

Kaixo Jakoba, Zuhaitzak inausten gabiltza orain eta ulertua dut ondoren produktu bat ematea komeni dela bertan zauriak sendatu eta gaixotasunik ez sartzeko. Zein da produktu hori?? Mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-01-03 13:47

Inausketarako orain ez da sasoi egokia. Onena izerdi berria mugitzera itxarotea da. Orain sortzen diren zauriak irekita egongo dira negu guztian eta gaitzak eta hezetasuna sartzeko arrizkua dago. Gero izerdia hasitakoan eginez gero (otsaila amaiera edo martxoa) izerdiak berak galeraziko die sartzea eta zauria ixteko orbaina sortuko du.

Orain egindako zaurietan ustez orbaina sortzen laguntzen duen ukendua edo pintura emateko ohitura zabaltzen ari da. Ustez zauria babesten du, baina gerora kalte besterik ez du egiten. Hezetasuna bera eta egurraren artean sartuko da, gaitzak erakarriz eta egurra ustelduz. Era berean landareak duen orbaina sortzeko berezko joera eragotziko du. Produktu horiek mesede baino kalte gehiago egiten dute. Nahi izatera salda bordelesarekin ur pixka bat nahastuta ore trinko bat egin eta horrekin margotu zauria. Izerdi berria etorri artean bi edo hirutan eman.

Kaixo Jakoba! Ulertu izan dizut baratzeko lurra hostoz estaltzea egokia dela eta horretan nabil. Baina udaberrirako karea ere eman nahiko nuke. Orden egokia orain hostoak eta ondoren karea litzateke? Hala balitz, karea zenbat denborara edo noiz bota beharko nioke? Bestetik, ximaurrik ekarri ezin dudanez, ditudan sagarrondo, limoiondo eta kaki arbolaren enborren inguruan hostoak jartzea egokia al da? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-12-30 12:28

Hostoa usteltzen hasi berria da eta nik uste hobe zenukeela lur gainean karea jarri eta orbelarekin estali. Karea orain hasiko da ongarritze, lurra harrotze eta abarreko lanetan, eta hostoak denborarekin usteldu ahala ongarri izango dira eta lurrera sartu.

Fruta arbolen inguruan orbela jartzea ere ona da. Ez pilatu enborraren aldera, inguru guztian zabaldu lur gainean. Eta hobe enborraren kontra ez jartzea, tarte bat utzi hostorik gabe enborraren inguruan.

Noiz dira neguko tenporak? Eta nola irakurri behar dira? Zeri erreparatu: tenperatura, hezetasuna, eguzki, euri, laino, gorabehera... Gomendiorik?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-12-28 10:55

Neguko tenporak abenduko hirugarren astean izaten dira. Tenporazale tradizionalek diote tenporak hiru egunetan izaten direla: asteazkena, ostirala eta larunbata. Bakoitza datorren urte sasoiko hilabete bati dagokiona, batzuk diote egunen hurrenkera berean (asteazkena urtarrila, ostirala otsaila eta larunbata martxoa) baina beste batzuk alderantzizko hurrenkera ematen diote, hau da: asteazkena martxoa, ostirala otsaila eta larunbata urtarrila. Pello Zabala handiak zioen hiru egun horiei ezik astebete osoari begiratu behar zitzaiola, asteazken horretatik hasi eta hurrengo asteazkenera arte, biak barne. Zabala jaunak asko idatzi zuen eta tartean baita tenporei buruz ere. Berak zioen batez ere gorabeherei erreparatu behar zitzaiola eta nagusiki haizeari. Haizea nondik halako giroa, eta haize aldaketek dakartzate gorabeherak; hego haizea lehor eta bero, edo neguan hotz, mendebala euria, ekia hotza, iparra hotza eta euria... Nik Pello Zabalari jarraituko nioke. Gomendio nagusia: irakurri Pello Zabalaren liburuak eta idatziak.

Egun on Jakoba,

Hilabete tipula aldatu nuela eta kafea tartean zabaltzea bururatu zait. Zer diozu, kaltegarria izan litezke?

Zure erantzunaren zai, ezker mila eta ongi izan.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-12-26 10:01

Kafe hondarra hondakin oso azidoa da, beraz lurrari emandakoan hura azidotu egingo du. Tipulak, ordea, lur azidoa ez du batere maite. Horra ekuazioa. Kafe hondar horiek onena luar pilan nahastea. Edo lur azidoa maite duten landareen azpietan erabiltzea: hortentsia, kamelia, txilarra eta abar.

Egun on Jakoba,

I-"Azufaifo" landarea noiz landatu aholkatzen duzu?

Zure erantzunaren zai, ezker mila eta ongi izan.

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-12-26 10:00

“Azufaifo” horrek (Ziziphus jujuba) izen batzuk baditu euskaraz: azufaifea, gereziantza,  belkaranki eta jujubaondo behintzat bai. Hostoa galtzen duenez, landaketa neguan egitea komeni da. Izotzik izan den edo izan daitekeen egunean ez landatu. Egokiena ilbeheran eta sustrai egunean egitea litzateke.

Atsaldeon jakoba!! Izaldio ( Idiazabaldik ) idazten diat.Piñudie bota berrie diau ta kantauriar basoa berreskuratu nahi nike , ta ze barietate aldauko nizkike? aldan barietate gehiena nahi nike jarri ta berez etortzekkenakiñ nasiz,hariztie- re badiau ta txori - keiza haundike bai ...Urmael guneak dizkiat baitaere ta igelendako eta buztiñakiñ egiñiko balerak prestatzen ibili neok ...ta aldapa pixkate badiau ta igadura arriskue matarrasan eragiñez hire aolkua nahi nikek. Baitare gustauko zitean analitikan bat lurrai ettea garai bateko hazik agertzen diñ eo ikusteko ,baiño etzekiat zeiñ dedikatzen dekenartaa..,buano gauza asko xamar dittuk baiño ia poliki polikiasten neoken berreskuratze.( Industriarako ez dek erabiliko iada gure sailahu. azkenean etxekoekgestioa utzi baizidatek..buanoeskerrikaskota esangoiak

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-12-23 22:29

Kantauriar basoak zuhaitz eta zuhaixka ugari hartzen dik bere baitan: artea, pagoa, haltza, hurritza, lizarra, elorri zuria eta beltza, ezkia, astigarrak, gaztainondoa, lertxuna, urkia, otsolizarra, hostazuria, maspila, zurzuria, hagina, gereziondoa, zumarra, gurbitza, ametza, sagar eta udare makatzak, sahatsak eta zumeak, sasiakazia, artelatza, erkametza, xarma eta abar.

Matarrasa, lurren analitikak eta kontu horietarako basogintzan biribelarri eri dituken teknikariren batzuekin eman-hartuan sartzea gomendatzen diat. Nik TANTAI basojabeen elkartearekin hitz efgitea gomendatzen diat.

Mailuki landareak osatu eta berritzeko garai egokian gara oraindik?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-12-12 11:47

Bai. Berez lan horretarako sasoi egokia azaroa dela esan ohi da, baina Eguraldiak eta lurraren giroak ametitzen badu otsailera arte ere egin daiteke.

Arratsaldeon, Errekondo jauna. Ez dizut ezer galdetu nahi, bitxikeria bat jakinarazi baizik. Tira, bitxikeria nire ustez, baina ez dakit oso normala ez ote den. Kontua da hozkailuan is ahaztuta neuzkala gaztaina batzuk, plastikozko poltsa ia itxi batean, eta bustita. Bada, gaur jateko asmoz haien bila joan eta haietako hiru ernatuak dira. Hozkailuako hotz handian eta ilunean!! Harritu egin gara. Lorontzi banatara aldatuko ditugu, noski! Ez al da bitxia? Jabi Ibañez

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-12-28 11:01

Polita da istorioa. Baina era berean erakuslea. Hotzean, baina ez jeletan eta ilunpetan ernetu da, neguaren amaieran lurpean balego bezala. Jarri bai loreontzian eta hurrengo urteko negurako pentsatu non landatu nahi dituzuen. Zorionak.

Kaixo, oraindik kiwiek batzuk arbolan daude. Noiz arte batzea posible da?

0 erantzun | Zeuk erantzun

Egunon Jakoba, kalabazak baratzean dauzkat ´noiz bidu beharko nituzke?

0 erantzun | Zeuk erantzun

Egunon Jakoba.
Zugaitzak neguko otzetik babesteko simaur berria erabiltzeko aholkatzen dezu, eta kare kapa bat erantziko benieke kaltegarria izan litezke?
Eskerrik asko, baratzeko zenbait kezkari erantzuteagatik.

Ongi izan.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-29 13:53

Hotzarekin sufritu dezaketen zuhaitzak edo edozein landare ederki babestuko du simaur berriak, onena behorrarena, beroena baita. Hartzitzen ari den artean beroa askatzen du eta sustraiak babesteaz gain landarearen inguruko airea epelduko du, hotzari aurre eginez. Karearena beste upeleko sagardoa da. Simaurra eta karea batera ematea ez da egokia. Onena orain simaurra jarri eta gero, otsaila aldera karea ematea litzateke. Aurretik edo ondoren, baina beti gutxienez ilargi baten aldearekin eman biak.

Egunon,  Mirian Arrizabalaga naiz eta oraingoan Jakobari galdera bat zuzentzeko idazten dizut. Baserrian bizi izan naiz beti eta lehen aberentzat paotxa erein eta blitzen zela esan izan didate eta haziak bilatzen dituenik ere etorri izan da galdezka. Uzta mailakatua edo esaten duten bezela uzta bat baino gehiago egin ahal zitzaizkion landarea, hortik “paotxa” hitzaren erabilera (nere ustez). Baina ez daukat argi ze landara den, gazteleraz trigo sarraceno esaten zaiona zela susmatu nuen baina euskeraz arto beltza esaten zaio orduan beste bat izango da?  Argitu ahalko zenuke zein den eta oraindik mantentzen den?  Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-27 16:41

Kaixo Marian.

Paotxa edo Pagotxa (baita ere baboxa, faruxa, ferru, baux, babos, fagotx eta abar ere esaten zaio) hirusten familiakoa da: Trifolium generokoa eta espeziea Trifolium incarnatum. Incarnatum bere lorearen kolore gorri biziagatik.

Urteko landarea da, moztu eta ez da berritzen; alpapa adibidez bai moztu eta berritu, 3-4 urtera arte. Esaera zaharrak dio Agorrilean, abuztuan, arbiarekin batera ereiten dela. Hala ere orain irailaren amaiera edota urrian ereiten da. Bakarrik edo nahasian. Ongarri berdetarako Llolloberlar ingelesarekin (Lolium perenne)nahasita ereiten zen lehen; orain gehiago oloarekin nahastuta. Azidoantzeko lurra atsegin du pH5-6,5 artekoa. Loreak irekitzen hastean mozten da eta beti esan izan da segan ikasteko belarrik onena dela. proteina iturri oso ona da. Bertatik ezagutu ez baduzu merezi du sailtxo bat ereitea, loraldia ikuskizun paregabea da. Pagotxeta esaten zaio pagotxa sailari.
Hazia eskuratzeko Usurbilgo Kooperatiban granelean saltzen da. Ereintza dosia 25-40 kg/Ha da.

Ondo izan, eta besterik behar izanez gero idatzi lasai.
Jakoba

Kaixo Jagoba: Gaurko irratsaioan, galtzear dagoen, otso belarraren hasiak eskuragarri dituzula ulertu dugu. Horrela bada, eskertuko nizuke nola eskuratu ditzakedan esango bazenit. Baserriko nire lehengusinak senda belarrez osatutako ukenduak pasatzen dizkigu zerbait dugunean eta ziur ondo etorriko litzaioklea. Zure erantzunaren zain geratzen naiz. Agurrak

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-26 17:51

Otso-belarraz ez otsalizarraz aritu gara. Otso-belarra edo baso-anemona edo baso-eguerdililia Anemona nemorosa da, belar iraunkor bat. Otsalizarra aldiz, Sorbus aucuparia, zuhaitza da. Entzule batek eskaini ditu genero bereko  Sorbus latifolia zuhaitzaren haziak. Hazi horiek gogoko badituzu idatzi mesedez Landaberri saiora zuzenean: landaberri@eitb.eus.

noiz moztu behar da kañabera

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-20 14:36

Pardatarako edo makiletarako kanabera neguan mozten da, urtarrilean edota otsailean. Batzuek ilbeheran diote eta beste batzuek ilgoran. Onena zeuk proba egitea, eta esango diguzu…

Kaixo egunon naturzaleok!goierri aldean limoiondoa aldatu genuen 2022ko azaroan.dozena bat limoi jaso genituen eta aurten adarrak asko hazi zaizkio ,gure galdera da Ia komeniko litzatekeen kimaketa egitea forma emateko eta Noiz izango litzatekeen hori egiteko garai aproposa .Pasa den urtean plastikozko txapela jarri genion eta aurten ere jartzekotan gaude,agian bihar,zer iruditzen? Milesker zuen lanagatik!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-18 11:29

Inola ere ez. Ez du kimaketarik behar. Oraindik oso txikia izango da, gero izango denaren aldean. Kimatzen hasten bazara, fruitu gutxiago emango du, eta indarrak beti haztera bideratuko ditu. Pentsatu etorkizunean tamaina ertaineko fruta arbola izango dela… Adarren batek enbarazu egiten badu hura moztu eta kitto. Gainontzekoak hazi eta fruta emateko bere horretan utzi. Babes txapela bai, jarri eta enborra oihal leun batekin bendatu, adarretaraino.

Atsaldeon Jakoba! Fruta arbolak erosteko hemen inguruko tokiren baten berri ba al duzu?. Besteak beste, sagardotarako sagarrondoak topatzen nabil baina Euskal Herriko leku askotan fruta arbolak saltzeari utzi diote. Eskerrik asko! Nora

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-13 19:15

Hurbil dudalako ezagutzen dut Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren kooperatiban saltzen direla. Ea horrekin moldatzen zaren. Gainontzean idatzi berriz.

Egunon!! Etumeta basarritik idazten diat. Belardin uztau eta asuna ikaragarri erten tzitek eta galdera dek karie noiz bota, ardi puriña bota aurretik edo gero?? Hil goran edo hil beran?? Eskerrikasko aldez aurretik

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-13 19:27

Uztaua eta asuna purinak indartzen dizkik. Ahal izanez gero purinik ez bota, edo dosia jaitsi. Purina orain ematea onena eta karea urtarrilean edo otsailean. Uda partean beste karealdi bat eman zitekek. Belardia karetzeko ohitura baduzue 100 gr/m2 eta aspaldi karerik usaindu ere ez badik egin 200 gr/m2. Hiru bat urte horrela eta hortik atzera 75-100 gr/m2.

Egun on Jakoba,
Babarruna bildu dut eta nola jaso jakiteko idazten dizut. Izoztea komeni dela dut entzuna, izan ditzakeen intsektu edo gaitzei begira. Nola egin nezake izozte hau?

Eskerrik asko aldez aurretik, eta azaro on!

Maria

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-10 13:11

Izozteak babarrunean izan daitezkeen gaitz eta izurriteen arrasto ia denak garbituko ditu. Arazo nagusia gurgurioa da. Aleak jan egiten ditu eta zulatu. Gurgurioa bera, edo bere arrautza edo harra egon daiteke babarrunetan. Izozteko ontzi hermetiko batean jarri eta izozkailuan eduki bi-hiru egunez. Ateratakoan ontzia ez ireki, bestela berriz kutsatu daiteke. Erabiltzerakoan behar den babarruna atera eta gainontzekoa bertan eduki, itxita.

Egunon. Limoi arbola bat daukat gaztea baina limoiz bete betea eta eder ederra dagoena baina… euli txuriz betea. Zer egin?
Milesker.

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-10 13:09

Euli txuria giro lehorrekin harrotzen da. Orain etorri zaigun freskura eta batez ere eurite honekin berak egingo du atzera.
Euli txuriarekin batera kotxinila egotea batere ez harritu. Orduan hasi xaboi potasikoa dantzatzen eta horri Neem olio aedo estraktoa nahasten badiozu hobe. Hiru tratamendu 8-10 eguneko tartearekin. Udaberrian ere miatu eta bietakoren bat azaltzen bada tratatu.

 

Gabon.Gure baratzan buztin asko daukagu.Askotan esaten duzu ibaiko ondarra ona dala.Etxean daukagu arrobiko ondarra,galdera da,ona da baratzan botatzeko eta zenbat? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-11 19:54

Harrobi horretako harriaren arabera erabaki beharko da. Adibidez, kare harria bada kaltzio emana kontutan izan beharko da, gaindosirik sortu gabe, gainontzean bestelako janariak lurrean kateatuta blokeatuta geratu daitezke. Hondarrik onena silize hondarra da. Arabako Laminoria harrobiko silize hondarra sonatua da Europa osoan. Lurra harrotu eta emankortasuna hobetzeko 5-10 kg/m2 hondar erantsi. Nahi baduzu bi emanalditan. Eta hurrengo urtean erreparatu; gehiago behar badu eman berriz ere. Ez daukazu lurpera sartzen ibili beharrik. Onena lurgainean utzi eta euriak sartzea da.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora