Etxe bueltan landare hesia jarrita daukagu aspaldi eta tamaña handia dauka, 2 metro pasa. Inausi behar denean lan handiak ematen digu eta iñoiz ikusi izan dut metro bete inguruan ebakitakoak. Egiterik ba al dago? Eta egitekotan noiz?. Gainera argazkian ikusten den moduan leku batzuetan ostoak galdu eta arre kolorea hartzen du, zerbait egin genezake?.
Horrelako hesiak egiterakoan oinarrizkoa da kontutan izatea zein lan emango zuen gero mantentzen. Garaieraren arabera lan hori nekeza, oso nekeza edo eraman ezina izango da. Bere lanerako (muga egiteko, zerbait ezkutatzeko…) garaiera hori ez baduzu behar lasai moztu nahi duzun altueran. Ondo hausnartu zein altueran izatea nahi duzun, eta mozterakoan urtebetean haziko dena kontutan izan eta hori beherago moztu., beti ere eskuera mozketa erraza izan dadin. Inausketa hori egiteko sasoi onena izerdi berriaren hasiera da, ez bada toki oso hotz batean martxoko ilbeheran. Indarrez biziberritzeko ongarritu ondo, onena orain udazkenean. Hosto arreena gertuagotik jarraitu beharreko gaia da. Agian lurreko onddoren batek sortutako gaitza da, edo hostaje handiaren barruan batzuk ihartzea… ea ebakialdi berriaren ondoren zer gertatzen den arretze horrekin.
Gaur arte erantzundakoak (906 galdera-erantzun)
Kaixo Jakoba, artoa aletu ondoren nola jaso tximeleta ez sortzeko? Gero jateko eta datorren urtean ereiteko izango da. Eskerrik asko aldez aurretik.
Nire ustez onena izozkailutik pasatzea da. Jarri artaleak ontzi edo poltsa hermetikoetan eta izozkailuan eduki 2-3 egunez. Honela aleetan egon daitezkeen tximeletak, arrautzak edo harrak hil egingo dira. Izozkailutik ateratakoan ontzi edo poltsa horietan mantendu, inola ere ireki gabe, bestela kanpotik tximeletak sartzeko arriskua dago. Erein behar dituzunak orduan bertan atera, eta gainontzekoak jan ahala atera.
Porruak,azak,azaloreak irailaren amaieran landatuta oso oso eskas daude.Zer egin?
Kaixo, Jakoba. Orain hogei egun inguru eraztundu zaigun Eskobare kerten baten neurriko Jupiter zuhaitza degu eta bere azalarekin zubi-txerto moduko bat egin genion segituan eraztunaren inguruan. Konturatu gera hostoak galdu dituela eta azken adarretako azala badirudi lehortzen ari dela -txertotik gertukoak ez du halako zantzurik-. Zalantza hauek sortzen zaizkigu: - Nola jakin txertoa bere funtzioa egiten ari den? berria egitea komeni da? hala bada noiz eta mota bereko beste zuhaitz baten azalarekin egin daiteke? edo hobeto adartxoekin egitea? bideragarria da bi motako txertaketak egitea aldi berean, azalarena eta honen azpi-goitik adartxoekin? zein da (dira) aukerik egokiena gure egoera honetan? Milesker.
Arbolari buelta osoan azala kentzea oso zauri larria da, gerrikotzea edo gerrikoa egitea da. Zalaren txertoak ondo hartzea oso zaila da, batez ere azala gogortua daukaten enborretan. Agian zubiarena egitea egokiagoa da. Nik azalarena mantenduko nuke eta zubiak egin. Neguaren amaiera aldera, martxoko ilbeheraren amaieran, lehen egindakoa azalarena lehortu eta askatzen bada kendu, goiko eta beheko ebakiak berritu eta berriz jarri, azal berri bat. Eta azal horren azpiagotik goraxeagora adar gazte indartsuekin zubiko txertoak egin. Txerto horiek egiteko indarrean dagoen espezie bereko arbola bat bilatu beharko duzu.
Kaixo Jagoba Azken hilabeteotan, duela bi urte aldatu nuen intxaur baten ingurua erreta edo igartua ageri da. Ematen du norbaitek herbizida bota duela, baina guk dakigula ez da holakorik gertatu. Susmorik hartzen al diozu? Mila esker
Herbizidaren itxura osoa du. Edo antzeko lana egiten duen zerbaitena. Adibidez aziendaren bat landareren batekin tematzen denean eta bere ipurdian pixa egiten badu, gainontzekoek ere arrasto hura berearekin estali nahi izaten dute eta horrelako guneak sortzen dira eta maiz landarea hil. Larreetan ere horrelako gunean maiz ikusten dira. Horrelako zerbait dela esango nuke. Zein animalia den jakin behar…
Arratsaldeon Jakoba Aiatik idazten dizut, guk etxevondoan sagasti bat dugu eta azken urteetan asuna asko ugaritu zaigu, ardiak ibiltzen dira zelaian tarteka baina urtean 2/3 aldiz desbrozatzen ditugu asunak. Entzuna dugu udaran ilberri garaian sasoi ona dela asuna eliminatzeko eta saiatzen gara horrela egiten. Orain udazken negu partean zer egin genezake? Ea laguntza txiki bat eman diezaiguzun, Eskerrikasko, Edurne
Asuna nitrogeno asko dagoen lurretan ugaltzen da. Simaurketagatik edo larretzen den aziendarengatik goititzen da nitrogenoa. Desbrozaketak laguntzen du atzeratzen; beti ilgoran egiten saiatu eta ahal izanez gero hosto egunetan. Udakoak oso eraginkorrak dira, baina onena urte guztian moztea da, azpiko sustraietako erreserbak ahultzeko. Era berean neguan egin dezakezuna da karea zabaldu. Sagastiarentzako bereiziki ona da eta asunari kalte egiten dio. Aspaldi karerik ikusi ez duen lurra bada 200 gr /m2 erabili. Eta urtetik urtera 50 gr gutxiago eman dosi arruntera iritsi arte: 75 gr/m2. Simaurrik ez eman urte pare batez behintzat…
Kaixo, Jakoba: Etxeko baratzerako bacillus thuringiensis-a erosi nahi eta produktu fitosanitarioen maneiatzaile-txartelik gabe ez didatela salduko esaten didate. Hori horrela izanik, Nafarroan non egin daiteke delako txartel hori eskuratzeko ikastaroren bat? Aldez aurretik, esker mila zure arretagatik
Hemen duzu Nafarroako Gobernuaren nekazaritza sailaren webgunean atal horren berri jasotzen duen gunea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/produktu-fitosanitarioen-erabiltzaile-profesionalaren-txartela
Bertan ikusiko duzunez edozein argibide behar izanez gero harremanetarako bide hauek dituzte:
Nekazaritza Zerbitzua
Landareen Ekoizpen eta Osasun Atala
González Tablas kalea 9, 1. solairua
31005 Iruña (Nafarroa)
Telefonoak: 848 426 665 / 848 426 239
Helbide elektronikoa: spsv@navarra.es
Kaixo Jakoba . Tipulatxoak hartu dittut lehenengoz . Zer egiten dira hauek erein edo aldatu? noiz dira ilargi eta egun egokiak? eskerrikasko Joxe
Nire iritzia erein baino landatu gehiago da. Ez da hazi bat, landare baten erreserba bat baizik, eta ama haren kopia bat sortuko duzu. Hala ere saio polita egiteko aukera duzu tipula ttiki horiekin. Landatu ilbeheran eta sustrai egunean: azaroaren 25, 27 arratsaldea eta 28. Eta erein ilgoran eta sustrai egunean: abenduaren 5,6,13, 14 eta 15. Eta ikusi emaitzak. Denak batera atera eta pisatu. Hitz egingo dugu.
Kaixo,
Arkaziak (robinia pseudoacacia),noiz da sasoia botatzeko?
Ondo izan,
Sabin
Sasiakaziaren zurari gogorra izatea eta busti-lehorrean luze irautea eskatzen zaio. Horretarako negu-neguan eta ilbeheran botatzea komeni da. Abenduko ilbehera 16tik 29 arte izango da, urtarrilekoa 12tik 25era eta otsailekoa 9tik 22ra.
Kaixo. Kalabazak noiz bildu? Eskerrik asko!
Kaixo jakoba, jakin nahi nuke mendiko nisperoa hezurretik errez gehitu daiteken t nola. Mila esker. Paki
Nik ez dut ezagutu hezurretik sortutako mizpirondorik. Badira mendian, baina baratzean egindakorik ez dut ezagutzen. Mizpira ugaltzeko era ohikoena txertatzea da, elorri zuriaren gainean txertatzen da, neguan zotzetik eta udan begitik.
Ea ba Jakoba, densimetrok esaten ziak upela ixteko daketela, etxoin eingoiat ilbehera 19a eo oi baino lenau itxikoiat? Tenperatura 13°ta densidadea 1001. Ze komendatzeiak? Aioooo ta eskarrikasko aldez aurretio.
Historia osoa jakin beharko genikek (zer sagar mota, nahasketa, nozi jo eta muztioa upeleratua…) baina dentsitate horrekin nik lasai itxi egingo nikek. Nahi izatera, badaezpada, ixteko kortxoan zuloa egin eta tutu txiki bat jarri zeikek kanpoko muturra urez betetako botila batean sartuz. Urak etziok aireari sartzen utziko, eta era berean barruan gasik sortuz gero uretan barrena erraz asko aterako dek. Itxi, itxi, ilbehera arte itxaron beharrik eztakak.
Kaixo. Jakin nahi nuke,ea oilo ximaurra nahiko freskoa zabaldu daitekeen orain lurrean,eta ea udaberrian landaketa egiteko ez dihoen kalterik egingo lurrari Edo aldatzen denari fresko botatzeagatik ximaurra? Besterik gabe,zure erantzunaren zai geratzen naiz.Eskerrikasko!!
“Nahiko freskoa” horrek zer esan nahi duenaren arabera. Egin berria bada ez. Hobe bazterrean luartzen utzi eta hemendik urtebetera erabili. Luartzeko geruzaka jarri eta tartean materia organikoa sartu: garoa, orbela, belarra, arta zuztarrak… Eta Lehen bi ilbeheretan pila irauli. Dagoenerako 6-8 hilabetekoa bada, oilo zirinaren kasuan oraindik nahiko freskoa, orduan bai, beste 5-6 hilabete behintzat egingo dituelako lurrean ontze bidea osatzen. Aldatu berria den landareari ez eman sekula simaur berririk.
Hilgora honetan zein da egunon egokiena illarra ereiteko?
Ilgora datorren astelehena 18 eguerdian amaitzen da, eta egun guztiak dira onak, baina onena bihar ostirala 15, fruitu eguna baita.
Noiz bota bear dira arkaziak (robinia pseudoacacia), egurran elastikotasuna al dan aundia izateko?
Elastikotasunaren bila bazabiltza sasiakaziarekin ahaztu. Gurean ezagutzen den egurrik gogor eta zurrunenetakoa da. Zuzeneko tentsioak eramateko egur onenetakoa da, hesola, zutabe eta tankerakoetarako. Baina alboko tentsioa, edo okertzea bilatzen baduzu krak, laster hautsi eta pitzatuko da.
Hala ere elastikotasuna nahi baduzu izerditan dagoenean eta ilgoran moztu, abuztuan edo irailean adibidez.
Noiz izango dira egunik onenak biltzeko? Eskerrik asko
Dagoenerako iritsi da bai kiwiak biltzeko sasoia, izotzak ez harrapatzea baita garrantzitsuena. Ilbeheran biltzea komeni da eta ahal izanez gero eta sustrai egunean. Ilbehera 18 tik abenduaren 2ra izango da, eta sustrai egunak 25, 27 arratsaldea eta 28.
Kaixo Jakoba, Iaz geranioak garai hontan kimatu nituen, baina ez naiz ongi oroitzen azaro edo abenduan gomendatzen zenuen zuk, eta zein ilargi fasetan... ea lagundu nazakezun... Esker mile!
Martxoa da berez sasoi egokiena. Toki gozo eta negu epeleko urtetan otsailean ere bai baina onena martxoa. Ilbehera izaten da onena. Loreontzitan bizi badira eta urte pare batez edo gehiagoz luberritu gabe badaude hura berritu eta moztutako adarrak landare berriak sortzeko adaxka bezala erabili eta landatu. Bitartean toki hotzean bizi badira, horma bero baten kontra babestu eta behar izanez gero txapela bat jarri edota plastiko batekin harro harro tapatu.
Noiz txertatu egin behar da aguakatea eta zein dan txertaketaren era egokiena?
Bi txerto mota erabiltzen dira, batez ere, ahuakatea txertatzeko: zotzekoa eta begikoa. Zotzekoa ekaina aldera egiten da, sasoi berriko hazkunde nagusia apaldu denean. Hemen erabiltzen den zotzeko txerto arruntaren aldean errazagoa da: ez da mentu-oina zartatu behar, azalaren alderago irekitzen da goitik behera mentuaren zabalera duen ebakia eta hor sartzen da mentua behean txistuan egindako ebaki bakarra enborraren aldera jarriz. Begiko txertoa uztaila eta iraila artean egiten da. Txerto hu hemen egiten den ohikoa da: mentu-oinari gurutze formako bi ebaki eginda azala altxa eta azpian begi bat sartzen da; gero bil-bil egin eta ondo ixten da. Emaitza onenak ematen dituen txertoa zotzekoa da.
Kaixo. Altza baso txiki bat dugu etxe ondoan eta arraz bete dela ikusi dugu. Hauek kentzeko modurik badago? Neguan hilko dira? Fruta arboletan arrik ez dagoela ikusi dugu, salbu dira? Arriskurik badago? Eskerrik asko Jakoba
Ondo konpontzen ez diren bi barazkiren artean utzi daitekeen tartea Jakin nahiko nuke? Adibidez neguko kipula eta illarren artean? Eskerrikasko.
Onena tartean biekin ondo moldatzen den bat jartzea da. Orain negurako adibidez: uraza, marrubia, eskarola, erremolatxa, errefaua, azenarioa, aza eta azalorea. Ez bada aukerarik, sasoia egokia ez delako, barazki hori nahi ez dugulako edo dena delakoa, metro bete inguruko tartea utziko nuke. Borroka nagusia sustraien artean janaria harrapatzekoa da, eta tarte horrekin bi horientzako nahikoa da.
Arratsalde on, jakin nahi nuke negu partean baratza plastikoz estaltzea ona den edo ez? Askok egiten dute eta nire zalantzak ditut. Mila esker!
Lurra zerbaitekin estaltzea ona da. Baina plastikoa azken aukera da. Eta bere alde txarrak ere baditu: lurrari arnasa hartzen ez dio uzten, lurruntzen den ura bertan geratzen da lurra istilduz edo urasetuaz. Hobe da material organikoren bat jartzea eta denetan onena bizirik dauden landareak edukitzea sail horretan. Ongarri berdea erein daiteke, sortzen diren landareek lurraren higadura mugatuko dute, lurra aberastuko dute eta amaieran ongarri izango dira. Garai batean bertan jaiotzen ziren belarrak uzten ziren. Ezagunena sapelarra da (sapabelar, txabarkoia, Stellaria media); neguan lurrean hazten uzten zen eta udaberrian, giro epelekin horitzen hasten zenean berak adierazten zuen lurra lantzen hasteko garaia etorri zela.
Epa Jagoba, Baratzean bankalak ditugu eta bertan pixkat denetarik. Garai honetan, porruak eta azakiak, brokolia, azaloreak eta romaneskua gehienbat. Kontua da osto guztiak guztiz janda ditugula baiña ez dudala tximeleta zuriaren arrik aurkitzen eta ezta arrautzarik ere. Horren ordez landare guztiak karakol txikiz beteta daude eta uste dut hauek jaten dituztela ostoak. Izan daiteke? Kalikanea bota dut bankalaren ertzetan baiña ez dut lortu karakolak uxatzea.
Bankalak edo txantalak edo taulenak mugatutakoak badira, mugr hori eraikitzeko erabilitako materialaren zirrikituetan (azpian, alboan…) ezkutatzen dira barraskiloak eta bareak. Barraskilo txiki horiek oso erasokorrak dira eta ederki asko jan dezakete uzta ia osoa. Pazientzia hartu eta bildu eskuz. Agian barraskilo handiak eta bareak ere ez dabiltza urrun. Horiek harrapatzeko gauez bisitak egin behar dituzu. Hostoak goi eta behe ondo miatu horiek ere aurkitu eta kentzeko.
Kaixo,
Izugarrizko kalabazak ditugu baina denak usteltzen ari dira jaso aurretik.
Zergatik izan daitekeen badakizue??
Edo zer egin gehiago ustel ez daitezen??
Eskerrik asko eta egun ona izan
Aurten fruitu urte eskasa da. Hezetasun honek ez du batere laguntzen, eta gaitzak eta usteldurak sortzen dituzten onddoei aldiz izugarri laguntzen die. Kuiak lurra ez ukitzeak lagunduko luke, altxa eta lurreko hezetasunetik aldenduko lukeen zerbait jarri: ohol zati bat, kutxa bat, harri bat… Eta ez itxaron neguari, jaten hasi. Zer giro datozen ez dakigu eta jasotzea pentsatu beharrean azala oso oso ondo ez daukatenak edo zauri txikiren bat dutenak behintzat jan.
kaixo eguzki lore hau iaz dagoen tiestoan landatu nuen, denda batean erosita. aurten zoragarri egon da aurreneko argazkian ikus daiteken moduan. Irailean, ximeltzen hasi zenean kimu berri pare bat bota zituen. urrian. kimuan handitu dira eta landare zaharraren haziak askatzen hasi dira. zenbait galdera ditut: 1- kimuak berriak bertan utziko ditut usteltzen has daitezen? kendu eta beste nonbaiten landatu? 2- nola zaindu beharko nuke landare zaharra datorren urtean berriz jaio dadin? 3- haziak gorde eta haztegi batean jarriz, landare berriak lortuko nituzke? oharra: argazki pare bat gehiago jarri nahi ditut baina ez dakit nola milesker eta ongi izan
Eguzki-loreak bi urteko zikloa du; lehenengoan hazi egiten da eta sustraiak zabaldu, neguan desagertu eta bigarrenean loratu egingo da. Loratutakoan hil egiten da. Ipurditik bi kimu berri eman dituenez horiek ere ziklo bera izango dute. Bi kimu horiek bereizi nahi badituzu bakoitza bere aldetik bizitzeko gai dela ziurtatu behar duzu. Azpia miatu eta ea bakoitzak bere sustraiak badituen. Batek sustraiak baditu hura kendu eta landatu eta bestea ama zenaren sustraiekin utzi. Sustrairik ez badu batek ere, biak bertan utzi. Nahi izatera ipurdia lurrez estali daiteke ea horrela sustraiak ematen dituzten. Landaketa orain egin daiteke, baina nik uste dut hobea litzatekeela izerdi berriarekin egitea, otsaila amaieran edo martxoa hasieran. Beti ilbeherarekin. Landare zaharra bere horretan utzi eta normalena litzateke gehiago kimurik ez ematea eta hiltzea. Baina agian miraria gertatzen da; martxoa-apirila arte itxaron. Haziak jaso eta toki hotz eta ilun batean jaso, ontzi batean hozkailuan, adibidez. Otsailean edo martxoan erein, ilgoran.
Eunon Jakoba!!!! Urritze makiletako noiz moztu jakin nahiko nikek, batzuk fitxauta zezkeat ta.... Aldez aurretio eskerrikasko ta segi hola!!!!
Udazkeneko ilgoran mozten da. Batzuk urrian, gehienek azaroan eta gutxi batzuek baita abenduan ere. Azaroko ilgora 5etik 18 eguerdira arte izango da. 12 arratsaldea eta 14 egun osoa izan ezik beste edozein egunetan moztu.
Egun on Jagoba, Noiz eta nola Jaso behar dira kalabazak ahalik eta denbora gehien iraun dezaten
Kuia landarearekin lotzen duen txortena ondo ihartuta egoteak adierazten du jaso daitekeela. Biltzerakoan tiraka ez askatu, txortena osorik utzi eta landarearen zarba moztu bi aldeetara. Ondoren bi edo hiru egunez eguzkitan eduki, mamia gozatu dadin eta ondoren freskoa, iluna eta batez ere ondo haizeberritzen den toki batean jaso. Ilbeheran bildu behar dira eta ahal izanez gero fruitu egunean jasotzea komeni da, baldin eta helburua ahalik eta gehien irautea bada. Hemen normalean urriko ilbeheran jasotzen da. Ilbehera 22tik azaroko 5era arte da, eta fruitu egunak 26, 27 eta 28. Azarokoa ere ez da txarra izango, ilbehera 18tik hilaren amaiera arte da eta fruitu egunak 22, 23 eta 24.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545