Noiz moztu behar da urkia oholak egin eta tallatzeko?
Iraupenari begira ahalik eta izerdi gutxienarekin moztea litzateke egokiena. Horretarako hiru baldintza betetzea da egokiena. Lehenik, negu-neguan moztu, izerdi gutxiena dabilkien garaian. Bestetik ilbehera da onena. Eta hirugarrena, ilbeherako sustrai egunak dira aproposenak. Urtarrilean edo otsailean moztu. Urtarrilean ilbehera 12tik 26 eguerdira arte izango da eta sustrai egunak 19, 20, 21 eta 22 eguerdira arte. Otsailean berriz, ilbehera 8eguerditik 22ra artekoa izango da eta sustrai egunak 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18.
Gaur arte erantzundakoak (917 galdera-erantzun)
Zura eta egurra gogorra ditu arteak. Gogortasun horren bila artea izerdi gutxiena duen garaian bota behar da. Negu-neguan, alegia. Gogortasun hori indartzeko ilbeheran botatzen da. Bi baldintza horiekin zura itxiagoa eta lehorragoa izango da. Honek iraupena emango dio, eta izerdi gutxi duenez egurra jatera hurbilduko diren sits eta antzekoentzako bazka gutxi izango du. Era berean. Egur itxi eta trinkoa izaki, sua egiteko berezia da artea. Ez du ilgoran eta izerditan dagoenean botatako pagoak bezala su azkarra eta gar handikoa egingo. Berak gar gutxikoa baina iraupen handiko sua eta brasa egingo ditu.
Zalantza ugari nuen ea arazo larriren bat ote zen zuen papatetan azaltzen den hori. Azkenean uste dut gorrina dela, mildiua alegia, Phytophtora infestans. Gorrinak landarea erasotzen du, hostoak, zurtoinak eta zuen kasuan ondoren lurpeko tuberkuluetara hedatu da. Pentsatuko duzun bezala, kontserbazio garaian, patata usteltzen joango da. Ez dakit zein duzun egoera, baina ahalik eta azkarren kendu patata hori. Hurrengo urtean beste soro batean jarri patata. Hazia ere aldatu eta landareetan orban gorri-beltz horiek azaldu bezain pronto tratatu: salda bordelesa, esne gordina eta asun ura. Azeribuztan ura ere erabili dezakezu.
Benetako azaharra laranjondoaren lorea da. Zeuk diozun hori sasi azaharra da, edo filadelfoa, Philadelphus coronarius. Udaberrian loratzen da. Loraldi ikusgarria du, zuri-zuria eta usaintsua, arrazoi horiengatik azaharra esaten zaio. Inausketa loraldia amaitzean egin behar da. Landarea gaztetzeko adar zaharrak kentzen joan. Urte askotan ikausi gabe egon bada, denak batera ez kendu. Loraldiaren ondoren inausita, negua iritsi aurretik adar berriak hazi eta hurrengo urteko goizeko loraldia prestatzeko nahikoa denbora izango du.
Gorrina da tomatearen gaitz arruntena. Hasteko tomatearen landaketan kontutan izan: lur-tontorra egin, landaketa zuloan asun adarrak jarri, tarte handia utzi (tartean ibiltzerakoan ez ukitzeko moduan, makilak jartzerakoan kontutan izan gero estaltzeko "txapela" jartzeko aukera (goia soilik estali, aldeak libre). Gaitza egun ilun eta bustiak segidan direnean etortzen da; aurrea hartu behar zaio. Tratamentua: asun-ura, azeribuztan ura, esnea (ahal bada gordina) eta salda bordelesa. Hezetasun handi hori etorri aurretik tratatu behar da.
Txingurriek zuzenean ez dute kalterik egiten. Begiratu, ordea, leka landareen aihenen muturretan eta han zorriak egon daitezke. Horiek txingurriek ekarriak eta zainduak izan daitezke. Horiek egiten dute kalte. Horiek ez badaude txingurriak ez dira hurbilduko. Tratatu xaboi potasikoa, neem olioa eta Bacillus thuringiensisarekin.
Usteldura hori zergaitik sortu daitekeen aztertu behar da. Ez ote dago animaliatxoren bat sustraiak jaten dizkiona? Hark egindako zaurietatik sartuko litzatake usteldura sortzen duen onddoa. Sataina, luhartza... Begiratu ea galeria tankerako zulotxorik ikusten duzuten sailean. Beste aukera bat da hezetasun handiegia izatea, plastikoa jarri delako, edo ura pilatzen den tokia delako sustraien hasierako parte hori usteldu daiteke. Pentsatu tipulari hezetasuna ez zaiola zipitzik ere gustatzen. Usteldura guztiak, azken beltzean, hezetasunak ekartzen ditu. Edozein eratara lurra harrotu, ildo-bizkarrak edo muntoak egin eta han landatu, eta abar egin saila lehortzeko.
Edozein materia organiko ongarri bihurtzen da. Beraz belar zaharra ere ongarri izango da ontzen denean. Onena simaurrarekin nahasi edo geruzaka pila egitea litzateke, luarra edo konposta bihurtzeko. Ezin bada, beste era bazter batean pilatu eta piskanaka jiratuz luarra egitea da. Azkenekoa litzateke lurrean barreiatuta uztea, baina horrela ere denborarekin desegingo da. Lur gainean zabalduta uzten baduzu, simaur zahar pixka bat bota gainetik, usteltzerako bidea azkartzeko. Inoiz ez utzi belarra enborraren kontra, usteltzerakoan azala erre bai diezaioke. Enborretik aparte, ukitzen ez duela utzi.
Amona mantangorria arduratuko da zorrien izurriteari tamainan eusten. Armiarma gorri ttikiak ikusteko modukoak baldin badira ez arduratu. Kalte egiten dutenak ia ikusi ezinak dira. Zerorrek ikusi, deskuidoan zorriak ugaritzen hasten badira tratamentua egin beharko duzu: tabako ura, neem olioa eta xaboi potasikoa edo beltza. Bidali duzun argazkia, ordea, beste gauza batek eman dit atentzioa: hostoak hori antzera ez ote dauden... Agian argazkiarena da, baina lupuloa oso berde iluneko landarea da. Zuri ere horrela iruditzen bazaizu, ongarri organiko hondua eman: simaurra, luarra, zizare lurra...
Arbola gazteetan normala da hori gartatzea. Iaz 7n ale eta aurten 200... Neurria hartu behar dio, tamaina, eta era berean hazi eta heldu landare gisa. Loraldia ona eta polinizazioa oparoa izanda ale asko hartu bai, baina gero janaria behar da horiei denei eusteko. Era berean gaztea izanik hazi eta handitu egin behar da landarea, eta bi horiek, indarrean haztea eta fruitu asko ematea bateraezinak dira. Lasai hartu. Zuk egin dezakezun gauza bakarra landarearen bizimodua erraztea da, hau da ondo elikatzeko baldintzak jartzea: eman ongarri organikoa erruz, eta urtero (simaurra, luarra, zizare lurra...)
Bost urteko elorria oraindik ume ttiki bat da. Ehundaka urte bizitzen denez, orain hazi eta hazi egin behar du. Baratze batean egonik, nahikoa janari aurkituko du eta handitzen ariko da. Loratzeko itxaron egin beharko duzu, eta egin dezakezun gauza bakarra ez inaustea da. Inausten baduzu loraldia atzeratu besterik ez duzu egingo.
Lasai hartu.
Antzeko galdera egin zidanari hauxe erantzun nion:
Borroka luze baterako prestatu behar zara. Potro-belarra egoskorra da. Lurpean duen tipulatxoa da gakoa. Hori akabatu behar da. Hor energia pixka bat den artean berpiztuko da. Borroka bakarra hostoak eman ahala kentzea da. Barkamenik gabe, bi edo hiru egunero hosto berriak tira eta atera. Horrela tipulak berriro hosto berriak eman beharko ditu bere energia xahutuz, eta zuk kendu hostoa, eta berak eman eta zuk kendu... Horrela tipulako energia bukatzen den arte.
Lan hau lursail ttiki batean egin daiteke, baina saila handi xamarra bada... Bestea ezikusiarena egitea da. Niri ez dit enbarazurik egiten landare artean ikustean. Landare ttikiak direnean dugu arazoa, gaina hartzen dietelako. Orduan bai, behin edo bi aldiz kendu hostoak eta landarea koskortzean berak hartuko ditu azpian.
Errotabatorra eta baratzeko tresnak dira potro-belarraren aliatu nagusiak, beraiek zabaltzen dute... Kontuz. Gune berri ttikiak kupidarik gabe kendu: aitzurrarekin eman eta lurpeko tipulak atera. Gutxi diren artean egin daiteke hori. Bestela laister izango da han ere andere eta jabe.
Amona Mantangorriak mesede besterik ez du egiten. Landareei kalte egiten dieten zomorroak jaten ditu. Beraz, saiatu ahalik eta amona mantangorri gehien izaten zure baratzean.
Gereziaren eulia izango da, Rhagoletis cerasi. Heldua denean euli bat da, baina hasieran harra zurizta bat da. Apirila aldera jartzen ditu euli helduak arrautzak gerezi aletxoetan. Helduak lurrean sortu dira, hori ekiditea komeni da: lurrean gerezi ale kutsatuak ez utzi, eta bat bera ere. Eta udaberrian, apirila aurretik gereziondoaren azpiko lurra landu, euliak hiltzeko. Era berean apirileako, tenperatura 18º eta gehio denean tratatu: bacilus thuringiensis + neem olioa eta xaboi beltza edo potasikoa. 15 egunero tratatu, 3-4 tratamentu.
Bai sagarrondo guztiak hermafroditak dira. Hau da, bi sexuak dituzte sagarrondo bakoitzak eta sagarrondo guztiek. Era berean bi sexuak lore bakoitzean agertzen dira. Beraz, sagarrondo lore bat ikusten duzutenean beti bi sexuak izango ditu. Badira hermafroditak izanagatik, hau da landareak bi sexuak izanagatik, sexu bakoitza lore bereizietan agertzen duten landareak: hurritza, intxaurrondoa, haritza... Baina sagarrondoak bi sexuak ditu landare bakoitzean eta lore bakoitzean.
Ez dut inor ezagutzen baratzea sistema biodinamikoan egin eta bere produktuak banatzen dituenik. Agian galdera hau bera Argian eta Irratian egin beharko dugu publikoari zabalduz, ea inor ezagutzen duen horrelakorik...
Bizi Baratzea liburua eskuratzea gomendatuko nizuke (https://azoka.argia.eus/produktua/8), tratamentu guztiak gaitzentzako bezala izurriteentzakoak ere bertan argi eta garbi azaltzen baitira. Gorrina onddo bat da eta beraz hezetasunari aurre egin beharko diogu. Salda bordelesa kuprea eta karea dituen nahasketa bat da. Nahi baduzu etxean egin daiteke, baina gehienek nahasketa bera erosten dute. Salda bordelesaren lana indartzeko asunarekin edo azeribuztanarekin egindako minda edo purina nahasten diote. Gogoratu tratamentua gaitzari aurrea hartzeko dela, ez sendatzeko, beraz gegun hezeak eta ilunak datozela aurreratzen dutenean tratamentua egin, beti aurretik.
Lan hori egiteko sasoia ilgora da. Ilgora ekainaren 18an 17:29ean hasiko da. Egun horren azken ordu horiek onak dira, baina hurrengo eguna, ekainaren 19ko arratsaldea ere, 16:00etatik atzera.
Tomatearen loreak zapuztearen arrazoi nagusia uraren estresa da. Jeneralean arazo hori bero handiekin sortzen da. Duela ez asko izan dira tenperatura oso goian ibili den egun batzuk. Orduan landareak ezin du behar adina ura garraiatu hostoetara eta estres hori pairatzen du. Arazo hori areagotu egiten da landarea ontzian dagoenean, ontzia bera, eta lurra ere gehiago berotzen baitira. Arazoa ez berritzeko, ureztaketa zaindu, batez ere bero handietako egunetan.
Eztitu gabe ere fruitua emango dute. Ez dakiguna da bere ama eta bere aita nor diren, eta horregatik ez dakigu nolako fruitua emango duen. Fruitu mota jakin bat nahi baduzu orduan eztitu beharko duzu.
Noiznahi botata ere kalte egingo dio. Nahi baduzu oraintxe bota. Hurrengo urtetan otsaila-martxoa aldera bota, horrela sustraiak mugitu eta kimua botatzen duen momentutik sentituko du kaltzioa lurrean eta bere eragina.
Marugatze horren itxura oso txarra du. Adarrak kimatu eta hautsita ditu. Horren ondorioz zauri izugarriak ditu. Hildako adar zatiak guraize zorrotz batzuekin zauri garbia eginez moztu. Eta egin dezakezun gauza bakarra landarea bakean uztea da. Inork ez dezala ukitu eta marugak biltzerakoan adarrak kontuz erabili. Hortik atzera, ongarria eman. Eman eta eman, ondo elikatuta egoerari buelta eman diezaion.
Teorian intxaurrondoak fruiturik ez emateko arrazoirik ez dago. Beste upeleko sagardoa da fruitua emateko baldintza jakin batzuk bete behar dituela. Hasteko heldutasunera iritsi behar du, batzuk lehenago beste batzuk geroxeago heltzen dira. Bestetik janaria nahikoa izan behar du eskuera, lorealdian eta fruitualdian xahutuko dituen erreserbak biltzeko. Eta azkenik, lan hori hartzeko gogoa izan behar du.
Orokorrean arbolaren itxurari begiratu: pujak indarrean ematen baditu, hostaje berri ugaria badu eta kolorez mardul ikusten bada, lasai hartu; oraindik gaztearen indarra eta kemena ditu eta heldutasuna gero etorriko zaio.
Hazteko, handitzeko indar ikusgarria eta fruitua ematea bateraezinak dira. Utzi lasai hazten eta hazkundea apaltzen denean ekingo dio fruitua emateari. Ez da harritzekoa lehen fruituak emateko 15 urte igaro behar izatea. Izan ere ehundaka urte bizitzeko asmotan baita intxaurrondoa...
Aitzurrarekin moztea ona da; ahal baduzu lurrari pixka bat joaz, landarea berritzea zailtzeko. Onena maiz moztea da, txikia dalarik ere, ikusi ordurako jo. Lan hori egiteko sasoi onenean gaude. Beti ere ilgoran egin, maiatza, ekaina eta uztaileko ilgoran. 2019an ekainean 19tik uztailaren 2ra eta uztailaren 16tik 29ra.
Hasteko, zauriaren inguruko azalak hariak baldin baditu labana zorrotz batekin ebaki garbi bat eginez moztu. Zauriaren ertza zenbat eta garbiagoa, orduan eta errazago itxiko da. Labana alkoholarekin desinfektatu ondoren erabili. Gero zauria bakean utzi. Ez pintatu edo txertatzeko ore horiekin estali, laguntza baino kalte gehiago egiten dute. Amaitzeko aranondoari laguntza eman: uda partean ureztatu eta ongarria eman. Uztaila aurretik ongarritu, bere hostajearen itzalaren pareraino, gutxienez, simaurra edo luarra emanez. Ea buelta ematen dion...
Zorionak asmo horrengatik! Gaztainondoak arazo larriak ditu hemen ondo bizitzeko. Zenbat eta iparralderago eta okerrago. Lurreko bi onddok sarraskitzen dute, eta horiek hezetasunarekin puztu eta indartzen dira, gaztainondoa akabatu arte. Iparraldean bada talde bat lan horri heldu eta aldaera berriak probatzen ari dena... ( https://iparraldekohitza.eus/2018/10/03/berriro-bere-lekua-har-dezan/ ). Gehienak gaztain japoniarraren gainean txertatutakoak dira gaur egun. Itzuraz horiek dira gehien eusten diotenak lurreko gaitzari, hala ere nik ez nuke ziurtatuko ondo biziko direnik. Horrez gain, azken urte hauetan liztor batek birtizki erasotzen ditu gaztainondoen hostoak (https://www.argia.eus/argia-astekaria/2416/elorrio-du-gaztainondoak ). Nik zalantzan jarriko nuke gaztainondoaren biziraupena eta emankortasuna. Berriro diot, zenbat eta toki bero eta lehorragoa izan hobe; ez dakit non biziko diren gaztainondo horiek...
Intxaurrondoari buruz, toki lehor eta lur harro eta harritsuak ditu gustuko. Lurra buztintsua bada horrek ere jai izango du. Hala ere saiatu nahi izanez gero txertatutakoa landatu, intxaur beltzaren gainean txertatutako intxaurra. Hemen garrantzitsuena arbola honen erabilera erabakitzea da. Zertarako nahiko duzu: zuretarako, fruitutarako, bietarako... Horren arabera erabakiko duzu zein aldaera edo barietate jarri eta zein tarterekin landatu. Ikusgarri dituazu intxaurrondo sail galantak Frantziako Perigord eskualdean, Euskal Herritik gertu, eta merezi du bisita bat egiteak, nola lan egiten duten ezagutzeko. Museo bat ere badute ( http://www.ecomuseedelanoix.fr/ ).
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545