Asteroko buletina
Done Emeteri Zeledon, porrua ereiteko aro on.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Urkia
2024-12-18 06:00 | Mikel

Noiz moztu behar da urkia oholak egin eta tallatzeko?


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-18 10:51

Iraupenari begira ahalik eta izerdi gutxienarekin moztea litzateke egokiena. Horretarako hiru baldintza betetzea da egokiena. Lehenik, negu-neguan moztu, izerdi gutxiena dabilkien garaian. Bestetik ilbehera da onena. Eta hirugarrena, ilbeherako sustrai egunak dira aproposenak. Urtarrilean edo otsailean moztu. Urtarrilean ilbehera 12tik 26 eguerdira arte izango da eta sustrai egunak 19, 20, 21 eta 22 eguerdira arte. Otsailean berriz, ilbehera 8eguerditik 22ra artekoa izango da eta sustrai egunak 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18.

Gaur arte erantzundakoak (917 galdera-erantzun)

Bulboak erosi ditut, loreontzi txikietan datoz, jazintoak laster loratuko dira besteak badaude loratan. Aldatuko ditut pote handiago batera?? Ez daukate ia lurrerik.

Eskerrik asko

Arantza, Sondikan bizi naz.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-03-09 11:12

Neguan loratzen diren erraboilak izango direla pentsatzen dut. Dagoenerako lorea luzatuta edo irekita baldin badute bere horretan utzi. Lorea zimeltzen denean orduan lur gehiago izango duten loreontzian edo lurrean landatu. Lorearen ondoren haziko diren hostoak ondo hazi eta agratzea komeni da. Hosto horiek erreserbaz beteko dituzte berriro lurpeko erraboilak, hurrengo urtean ere loreak eman ditzaten.

30 urte inguruko intxaurrondoek ez dute fruiturik ematen. Zergatik izan daiteke?
Horiek moztu eta berriak landatzea pentsatzen ari naiz.Ideia ona da?
Eskerrikasko Jakoba
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-03-01 12:23

Intxaurrondoak urte asko behar du fruta ematen hasteko. Are gehiago hazitik sortua bada, txertatu gabekoa, alegia.

Lur onean eta toki gozoan bizi bada oraindik ere gehiago kostako zaio fruta ematen hastea, gehiago hazi eta arbola izugarria egingo da, baina fruta emateko behar duen heldutasunera iristea kosta egingo zaio.

Arazo honi aurre egiteko txertatzen dira fruta arbolak, eta baita inausketak egiten dira, arbolari bizimodua neurri batean okertu eta fruta ematera makur dadin.

Kendu eta berriak jartzearena zeuk ikusi behar duzu. Agian proba egin dezakezu gutxi batzuk moztu eta ipurditik ematen duten altsuma berria hurrengo urtean txertatu, gustuko duzun barietateren batekin.

6 intxaurrondo ditugu 30 urte ingurukoak eta ez dute fruiturik ematen.Zergatik izan daiteke? Moztu eta berriak sartzea ideia ona da?
Eskerrikasko Jakoba
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-03-30 13:26
Intxaurrondoa urte asko bizi eta handia egiten da. Horregatik fruitua ematen hasterako urte dezente igaro daiteke. Seguruenera hazitik sortutako landareak izango dira. Txertatuak balira honez gero alea ematen hasita izango lirateke. Arbolari begiratu eta indarrean hazten ari badira ez arduratu, gazte sentitzen delako da. Heldutasunera iristen direnean ematen hasiko dira.

Kaixo!
400m2 lur sail batean herbizida bota genuen gure gustokoa ez zen belarra akabatzeko.
Orain lore horiko belar txar pilo agertu dira. Gehi goroldioa
Horien kontra komeni izango litzateke aste honetan karea botatzea?
Zenbat karea/m2
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-03-30 13:34
Herbizida erabiliz gero ondorioak okerragoak dira, gehienetan. Belar batzuk kenduko dituzu, baina okerragoak etortzen dira, gogorragoak direnak. Goroldioa agertzeak esan nahi du lur motela, itoa eta hezea dagoela. Irtenbidea lurra harrotzea, eta belar finak ereitea litzateke. Kareak harrotzen du bai lurra. Dosia erabakitzeko, azken urteetan karerik ikusi ez badu 150 gr metro kuadroko; tarteka karetzen bada 75-100 gr.

Iepa Jagoba! Nola banatu beharko litzake karea sagastian? Granulatua edo hautsa hobe? Eskerrikasko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-03-30 13:41
Hautsak berehala egingo du lana, baina joan ere hala egingo da. Hori hobea da baratzean edo soroan erabiltzeko. Koxkorrak mantsoago baina luzez egingo du lan. Sagastian zalantzarik gabe koxkorra hobea da.

Noiz kendu mihura sagar zuhaitzetatik?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-02-09 12:43

Orain da mihura kentzeko sasoi onena. Ahalik eta azkarren, ikusi ordurako onena. Honela agertu nuen 2018ko LANDAREAK LANTZEN, ILARGIA eta LANDAREAK agendan:

MIHURA KENDU

Mihura zuhaitza edo arbola baten gainean bizi da. Beste baten bizkar bizi behar du, ez da gai bere gisa, bakarrik bizitzeko. Mihura, Viscum album, bizkarroia da. Zuhaitza edo fruitu arbola, izerdia nori kendua behar du.

Mihurak lorea ematen du eta handik fruitua: koxkor zuri-laru borobiltxoa. Heldutakoan, erortzean, lurrera erortzen bada, akabo, ez du mihura berririk emango. Fruituak azalean biska edo lika bat du eta horrekin adarretan itsasten bada mihura berria haziko da. Txoriak harrapatzeko biska, koxkor horiek zanpatuta egiten denez, biska izena mihuraren “Viscum” horretatik ote dator?

Mihurak zuhaitzaren azalaren azpian sustraiak botako ditu eta haien bidez izerdia zurrupatu. Hazten ari den neurrian gero eta gehiago zurrupatuko du, eta denborarekin bera dagoenetik aurrera adarra ihartu egingo da.

Mihura azaldu ordurako kendu egin behar zaio zuhaitzari, bizkarroi hutsa baita. Labana edo guraize zorrotz batekin ahal den zauri garbiena eginez ipurdi-ipurditik moztu.

Hilabete honetan ilargiaren arabera zein egun dira egokienak uztaboa atxurrarekin jotzeko? Milesker aldez aurretik!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-02-09 12:49

Landareari kalte gehien egiteko ahalik eta energia gehien hostoetan eta zuztarrean dituenean moztu behar da. Hori Ilgoran eta hosto egunean gertatzen da. 2021eko otsailean 14, 15 eta 16. Baina oropkorrean ilgora osoa da ona 9 eta 22 artean.

Kaixo Jakoba!

Gipuzkoako Goierrin baratza bat daukat. Iaz berandu hasi ginen baratza jartzen (aurretik baratza izan gabeko lursail batean). 

Aurten ongarriketa lanak ongi egin nahian nabil: Abenduaren 23an ximaurra banatu nuen baratzean, eta orain karea eman nahiko nuke. Gauza da, ximaurra oraindik desegin gabe dagoela lur gainean (erruz bota nuen). Eta belar batzuk jaiotzen ere hasi direla....nola egitea gomendatuko zenidake?? 

- Zuzenean gainetik karea bota?

- Zopizartu belarrak kentzeko, eta gero karea bota zuzenean?? edo zopizartu eta gero lurra irauli, eta gero karea bota?

- Lurra irauli, eta ximaurra desagertutakoan bota karea? 

"2021 ilargia eta landareak" liburu-agendarekin nabil, eta bertan ximaurra eta karearen artean ilargi bateko aldea uzteko gomendatzen duzu, baina lurra irauli edo ez ez zait garbi gelditu....gero ezer landatu aurretik, beste ilargi bat itxaron beharra dagoela argi daukat.

Lagungarri moduan pare bat argazki uzten dizkizut.

Eskerrik asko aldez aurretik.

2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-02-09 15:55

Karea ematerako simaurra ondo hartua behar du lurrak. Agian gehiegi emango zenion... Lurra irauli edo ez da erabaki nagusia. Gero irauli behar baduzu. Orain egin, simaurra nahasi eta gainean karea erantsi. Iraultzeko asmorik ez baduzu utzi bere horretan azken momentuan karea eransteko, landaketak egin behar dituzunaren arabera zatika, alegia. Karea eman eta ez duzu denbora luzez itxaron beharrik. Lurra hezea badago egun batzuk utzi, bizpalau eta landatu.

Xabier-ren erantzuna
2021-02-09 16:08

Eskerrik asko Jakoba!
Orain irauliko dut palaren laguntzaz, eta ximaurra ondo hartzen duenean karea emango diot.
Ondo segi!!
Xabier

Kaixo:

Etxe inguruan lur-zail bat daukagu eta 750 haritz (bertakoak) landatzeko asmoa daukagu hurrengo astean. Familiako egitasmoa da, baina ez gara ados jartzen kontu batean. Haritzak hazten laguntzeko 1,5 metroko altuera duten sareak eta 1,7 metroko makilak erabiliko ditugu. Sareak lauki erakoak dira eta ondorengo zalantza daukagu: zuhaitza eta makila sare barruan jarri eta kanpotik lotu brida batekin, edo zuhaitzek leku gehiago izateko, sare barnean zuhaitza jarri eta makila sareari kanpotik lotu. Ondo azaldu izana espero dut.

Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-12-14 18:49

Neuk egin beharko banu landarea landatu, aldamenean, sustraiak ez zauritzeko moduan hesola jarri eta hesolari josi sarea zuhaitza bakarrik barruan hartuz.

Kaixo Jakoba, nire galdera da: kakiak noiz batu behar ditugu? Mila esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-11-09 18:42

Kaki fruituak iraupen motza du. Biguina da eta heldutasunean jaso ezkero laister jan behar da. Jan edo eraldatu: muztioaegin, marmelada, konfitura, lehortu...

Fruitua bera jaso eta jateko bada erabateko heldutasunera iritsi aurretik jaso eta toki hotz, ilun eta haizeberritzen den batean jaso. Irauteko ilbeheran jasotzea da egokiena. Aurten azaroaren 18 eguerdira arte.

Arratsaldeon Jakoba,

Noiz izaten da garai onena mendian erabiltzeko urritz makila mozteko garaia?

Milesker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-11-04 18:30

Hurritz makila malgua izatea komeni da eta horregatik izerdia duenean eta ilgoran moztu behar da. Ohikoena urriko edo azaroko ilgoran ebakitzea da. Esaerak dio urrian hasten den ilberrian mozten dela hurritza. Bada, ala ere, abenduko ilgoran mozten duenik ere.

Leitzetik idazten det. Berria naiz baratze lanetan, illarra (guisante), egin nao det, noiz ? Aste ontan ongi? Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-10-19 22:04

Ostegunetik atzera, urriaren 22tik azaroaren 5a bitartean nahi duzunean. Ilgorako lana da ilarraren ereintza.

Kaixo Jakoba.

Aitor naiz eta Beruetetik idazten dizut. Aste honetan etxeko bi belazetan sekulako har pila azaldu da. Ikaragarrizko mordoa. Argazki batzuk erantsi dizkizut ikus ditzazun. Batzuk errepidera ere atera dira, milaka.

Bi soroak oso desberdin daude. Bat lehorra dago oso. Ongarria bota berria du eta udan behiak ibili dira. Bestea berriz ureztatutako belar soroa da. Ez da animaliarik ibili udaberriaz geroztik. Jakin dut Gipuzkoan Billabona eta Anoetan ere azaldu direla horrelaxekoak. Ez dugu ezer berezirik egin aurten eta harriturik gaude nondik atera ote diren. 

Uda honetan inguruko zuhaitzetako hostoetan har asko egon dira, gaztainondo eta intxaurreta  su atu ditut. Hosto barruan halako garau batean har zurixka bat hazi da. Ez dakit honekin loturarik izanen duen.

Zer diren, nondik agertu diren, ze tratamendu egin... Jakinen bazenu asko eskertuko nizuke zerbait erantzutea.

Mila esker eta agur bero bat.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-09-25 17:52

Belarjalea den har bat da, Mythimna unipuncta. Belar bat den artoa ere jaten du. Beroarekin suspertu eta ikaragarrizko izurritea izan da aurten. Etxe ingurua libratzeko bacillus thuringiensis eta xaboi potasikoa nahastuta tratatu, hiru bat egunetik behin hiru bat aldiz.

Hona informazio gehixeago:

https://www.asturias.es/Asturias/descargas/PDF_TEMAS/Agricultura/sanidad%20vegetal/fichas_y_boletines/ficha_13_2004.pdf

https://www.google.com/search?client=firefox-b-d&q=agrologica+mythimna

Hola egunon Beratik idazten dizut
Udazkenian soroak desbrozatu egiten ditugu
Nahi nuke jakin gero ze sasoi den ona iratzia eta osiña galtzeko
Ongarria eta karea ibiltzen dugu
Batzuk esaten dute ilargi gorapenean besteak berapenean ez dela berdin sasoia
Produkto naturakakin egin nahi nuke
Eskerrikasko aunitz
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-09-25 18:01

Iratzea eta asuna galtzeko gorapenean, bai ilgoran moztea komeni da. Onenak maiatza ekaina eta uztailekoak dira. Ahal dezun moztualdi gehienak eman. Kareak kontra egiten die, baina ongarriak lagundu egiten die. Ahal baduzu urte batean ongarririk ez eman eta kare dosi ona, 100-150 gr/m2

Ze ilargitan bota behar dira zuhaitz mota desberdinak beren egurra lantzeko eta sutarako?
3 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-09-19 09:16

Liburu oso bat dago galdera honen erantzunean.

Orokorrean gar handiko sua nahi duzunean zuhaitza ilgoran eta izerditan delarik botatzen da; pagoa adibidez abuztu-iraileko ilgoran. Gar txikia baina iraupen handiko eta txingar edo brasa biziko sua nahi izatera negu-neguan eta ilbeheran bota (haritza, artea etab.) Haltza maiatzeko hilgoran, malgu gera dadin gurdi-gaineko hagak eta abar egiteko.

Jon-ren erantzuna
2020-09-21 09:53
Jakoba, aipatu deken liburu hori altxor hutsa uzango huke. Ba al da holako libururik? Ez egotekotan proiektu mundiala izango huke bai oraingooi eta dai datozenei uzteko.

Eskerrik asko egiten deken lanagatik
Aitziber-ren erantzuna
2020-09-22 23:14
Eta altzaritako noiz?

Egun on
Beti entzun dut baratzean lurra batere belar edo landarerik gabe uztea ez dela ona. Komenigarria dela belar, orbel edo dena delakoarekin estaltzea. Nere galdera da: barrabas landarea deitzen dioguna (hazirik gabe noski) kentzean lur gainean utz daiteke?

Milesker!!!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-09-23 10:46

Inolako zalantzarik gabe. Moztu aitzurrarekin edo eskuekin tiraka atera, nahi duzun eran baina gero lasai utzi lur gaunean. Landareentzako azpiak egingo dituzu: urari hobeto eutsiko dio lurrak (aurten ondo etorriko zaio, urte hezeetan arriskutsua da), beste belarrak ateratzea eragotziko du eta ongarri gisa lurra elikatuko du.

Sutarako gerezi arbola noiz da egokia botatzeko? Eskerrak aunitz
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-10-02 12:24

Gereziondoaren egurrak su ona egiteko neguan botako nuke nik. Negu neguan eta ilbeheran, onena abendua eta otsaila artean. Honela egurra gogorra eta trinkoa izango da, suak ez du gar handia emango, baizik eta su iraunkorra eta brasa ona.

Norteko haritza noiz soildu behar da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-07-11 11:10

Norteko haritza edo haritz amerikarra (Quercus rubra) denari soiltze inausketa egiteko bi sasoi dituzu: bata oraintxe, ekaina-uztaila, eta bestea negu-neguan hostoak botata eta izerdirik gabe dagoenean.

Egun on.
Kanarietatik ekarritako adaxkatik sortutako bouganvilla honek, iaz, amaren balkoian lorea eman zuen. Geurera ekarrita, ordea, hostoa bai, baina lorerik ez. Eguzkia bete betean 20 minutuz edo jasotzen du egunez. Gu kostaldean bizi gara, Algortan eta landarea balkoian bizi da.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-06-06 10:00

Eguzkizale amorratua da Bouganvillea. Zerorrek esan duzu, egunean 20 minutu besterik ez, normala da lorerik ez ematea edo oso bakana izatea.

Noiz, hau da, ze momentutan moztu behar da garoa guztiz galdu dadin???
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-05-29 13:01

Garoa mozteko sasoi onena maiatza, ekaina eta uztaileko ilgorak dira. Hiruretan egiten baduzu hobe. Eta garomena karez ongarritzeak ere atzeratzen laguntzen du. Aurten maiatzeko ilgora 25ean amaituko da; ekainekoa 8tik 21era da eta uztailekoa 5etik 19ra. Hurrengo hilabeteetako ilgoretan mozten jarraitzea ere ez da txarra.

Kaixo Jakoba, Cherry tomateei, beste tomate landareei bezala, aldakaitza kentzea komeni al da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-05-29 13:19

Tomatearen kimaketa landarearen tamaina eta tomate fruitu ale bakoitzaren tamainaren arteko orekaren bila egiten da. Gerezi Tomateak oso ttikiak dira eta landare bakoitza asko hazi eta heltzeko gai da. Normalean ez da kimatzen eta bere zarba guztia uzten zaio. Horrek esan nahi du beste tomateetan uzten den tartea baino handiagoa utzi behar dela Gerezi Tomateetan.

Nahi dot jakin ea se sendatzen deu itsas krabelina sendabelarra
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-05-30 09:03

Neu ez naiz pertsona egokia belarren sendatzeko gaitasunez hitz egiteko. Zenbaitena nire inguruan ezagutu izan dut, baina itsas krabelinarena ez dut sekula entzun. Ea besteren batek laguntzen dizun.

Egun on!
Nola du izena landare honek. Betadine koloreko izerdia du eta, uste dut, garain batean zauriak eta osatzeko erabiltzen zela, baserri ondoan beti egoten zela.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-04-24 11:39

Guk zaran-belarra esaten diogu. Inguruan iodo-belarra ere esaten diote. Enada-belarra eta ainhara-belarra ere esaten zaio. Bere izerdi hori zauriak sendatzeko eta garatxoak kentzeko erabiltzen da. Zatitxo bat moztu eta zaurian sortzen den izerdi horrekin igurtzi garatxoa. Etxe inguruetan bizitzen da bai. Gure beharra du bizitzeko eta geuk ere bai berea.

ahozko hizkuntzan españolezko hizki batez   Añarra esaten dugu

                              euskeraz  nik Ainarra edo... ez nekien nola izango zen

                              frantzesez  Agnarra

kontua da hiztegia 3000 n ez zen agertzen ez eta Euskadi.elhuyar hiztegian ere

ea ulertzeko moduan idatzi dudan

Jon Uitzi

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-03-24 21:30

Añarra esaten diozuen hori txilarra edo ainarra da. Landare askori esaten zaio, denak hiru generotan bilduak. Baita izen asko dituzte: ainar, ainara, inar, ainizkar, ginarra, kilarra, gindarra, ilar...

Hemen duzu Euskaltzaindiako orotariko Hiztegian nola agertzen den:

https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_oehberria&task=bilaketa&Itemid=413&lang=eu&query=ainar

Geranioak bihar kimatzeko asmotan nengoen, ondo nabil?
2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-03-15 21:53

Ilbeheran kimatzea komeni da, bai, baina biharko eguna baino hobea izango da etzi goiza, soilik goiza.

Maite-ren erantzuna
2020-03-23 20:24
Egin det, mila esker
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora