Ondo konpontzen ez diren bi barazkiren artean utzi daitekeen tartea Jakin nahiko nuke? Adibidez neguko kipula eta illarren artean? Eskerrikasko.
Onena tartean biekin ondo moldatzen den bat jartzea da. Orain negurako adibidez: uraza, marrubia, eskarola, erremolatxa, errefaua, azenarioa, aza eta azalorea. Ez bada aukerarik, sasoia egokia ez delako, barazki hori nahi ez dugulako edo dena delakoa, metro bete inguruko tartea utziko nuke. Borroka nagusia sustraien artean janaria harrapatzekoa da, eta tarte horrekin bi horientzako nahikoa da.
Gaur arte erantzundakoak (887 galdera-erantzun)
Laranjondoa inausteko sasoia giro epelak eta lurra beroa dagoenean. Hemen azkarrenera apirilean eta ekaina aldera onena. Beti ere fruitualdia amaitu eta loraldi berria irekitzen hasi baino lehenago.
Ereintza lanak ILGORAn egiten dira. Gazteleraz ascendente. Ahal baduzu lore edo fruitu egunean.
Kaixo Jakoba, Urdazubi tik galdetu nai nuke !! Noiz erein dalia ren bulboak ??
Milesker.
Otsaileko ilbeheran egin dezakezu, eta Urdazubin baita martxokoan ere lasai asko. Otsailean 13 eta 25 tartean, 18an ezik; martxoan 12tik 23 eguerdira arte.
Galdera bat egin nahi genizuke. Alegiako herri eskolatik idazten dizugu eta jakin nahiko genuke, eskola inguratzen duen burnizko hesian itxitura naturala egiteko enredadera bat nahiko genuke.
Hau da gorra eta errez haziko dena, neguan babes beharrik gabe al bada.
Zure laguntza eskertuko genuke, erosi eta auzolanean landaketa egin aurretik.
Hona nire ustez aukera onenak. Begiratu bakoitzaren ezaugarriak: hosto iraunkorra edo ez, loraldi luzea edo motza, usainduna edo ez... Eta zuek erabaki. Hona sorta: pasiolorea (Passiflora coerulea), jasmina (Jasminum sp.), sasi jasmina (Trachelospermum jasminoides), huntza (Hedera helix, kolore askotakoak), bignonia (Campsis radicans), glicinia (Wisteria sp.), atzaparra (Lonicera caprifolium), klematisa (Clematis sp.), parra gorriak (Parthenocissus quinquefolia eta Parthenocissus tricuspidata). Ea moldatzen dezuten.
Kaixo, Jakoba:
Limoiondo bat eta mandarinondo bat dauzkagu loreontzi handietan. Urtarrilean ale ugari eman dituzte, eta, erantsi ditugun argazkietan ikus dezakezun bezala, handi samar daude. Hori dela eta, lurrera aldatzekotan gaude. Baina, halere, hainbat zalantza dauzkagu; izan ere, Berastegin bizi gara, Izotzalde auzoan, eta izenak dioen bezala baserria leku laiotzean dugu. Beraz, hauexek dira gure galderak:
1) Merezi al du lurrera aldatzea?
2) Hala balitz, non kokatu?
Guk bi aukera hauek ikusten ditugu:
Lehena lorategira (leku askorik ez dugu) aldatzea litzateke. Han, etxeak ipar-haizetik babestuko lituzke (pittin bat), baina arazo handi bat ikusten diogu: neguan ez du eguzkirik jotzen, batere; izotzak, berriz, gogotik.
Bigarren aukera baratzearen inguruko lur-sailera aldatzea litzateke. Han ere neguan eguzki oso gutxi eta ipar-haizearen aurkako inolako babesik ez lukete izango.
Zalantza horiek argitzen lagunduko diguzulakoan, mila-mila esker! Ondo izan!
Gurenda
Mugarrotzerakoan zauri handiak sortzen dira. Horiek sendatzea lan zaila eta nekeza da arbolarentzako. Ebakia egiterakoan adarraren oinarrian dituen orbaina sortzeko guneak ez moztea da garrantzitsuena. Zauria estali eta sendatzeko ukenduek kalte besterik ez dute egiten. Zaurian izerdia ahalik eta libreen ibiltzea da orbaina ondo eta sano sortuko denaren berme onena. Ez eman inolako ukendurik. Izatez gero laster ezereztu eta eroriko den ukenduren bat. Nire gomendioa: behi kaka, buztina eta salda bordelesa egiteko oinarrizko hautsa. Ondo nahasi, ur ttantta bat behar badu gehitu eta ore lodi bat egin. Zauria estali, baina euriarekin eta abar laster desegingo da. Salda bordelesak kuprea eta karea ditu, lehortzen lagunduko dute eta fungizida lana ere egingo dute, gaitzen lehen erasoetatik babestuz.
Kaixo, Jakoba:
Intxaurrondo handi bat daukagu, eta, fruituak eder eta ugari ematen baditu ere, apur bat kezkatuta gaude. Izan ere, enborraren erdialdean arrakala bertikal handi bat dauka eta azkeneko bi urteetan arrakala hori gero eta sakonagoa egin dela iruditzen zaigu. Negu honetan, berriz, arrakala pixka bat betetzen ari zaiola ematen du, baina ez gaude ziur. Zer iruditzen zaizu? Zure ustez, zer egin beharko genuke? Pena litzateke horrelako intxaurrondo bat galtzea.
Mila esker!
Ez inausi, ez. Utzi hazten eta zure alturatik behera adarren bat sortzen badute hura moztu, uda partean uztaileko ilbeheran. Inausi gabe ez dute fruta gutxiago emango. Txertuak egingo du lan hori. Eta luzeago eta hobeto biziko dira. Horrez gain, biak ala biak onddoen erasoekin asko sufritzen duten arbolak dira. Zauriak, badakizu, onddoak sartzeko eta gaitzak barruratzeko bide errazena dira.
Zerrauts berriak tanino asko du eta landareak hil ditzake, landare ttikiak. Ez handiak, zuhaitzak, arbolak eta abar. Horregatik handi horien azpian zabaldu dezakezu. Hala ere nire iritzian luartzea edo ontzea da onena. Nahasi simaurrarekin edo luarrarekin Hilabete batzuk utzi ondo usteltzen eta gero erabili ongarri gisa. Bakarrik ere utzi daiteke bazter batean eta luarra bezala landu usteldu arte. Errautsa oso desberdina da. Errautsak karearen tankera handiagoa du eta haren antzeko helburuekin erabiltzen da. Zerrautsa ongarritarako edo berdetan belarrik ateratzea nahi ez dugun tokiren batean.
Erdi Aroan pentsatzen zuten metalezko hariak eta iltzeak zuhaitzei eta arbolei enborrean sartuz gero ikaragarrizko indarra eta kemena ematen ziela. Burdinezkoak, kuprezkoak eta baita zilarrezkoak ere jarri izan zituzten. Lore gehiago, fruitu gehiago, gaitza gutxiago eta abar. Gerora ere jarraitu izan da jarduera horrekin. Alfer-alferrik ordea. Soilik zauriak egiten zaizkio landareari, eta zauri horietatik gaitzak eta abar sartzen dira. Horrek landarea ahultzen du, inausketak bezalaxe eta horren eragiten du lore eta fruitu gehiago ematea, baina epe motzeko eragina da hori. Askoz lehenago hilgo baita.
Kupre hariarena mahatsondoetan eta tomateetan erabili izan da, batez ere. Gorrinari egiten dio aurre kupreak eta landare horiek bereziki sufritzen dute gorrin gaitzak sortzen dituzten onddoen erasoa. Batzuetan alanbre haria enborrean alderik alde sartzen zaio, tomateari adibidez, eta beste batzuetan buelta eta bira enborraren bueltan jartzen zaio. Ustez landarea gaitz horietatik babestuko da hari horretatik hartuko duen kuprea medio. Maiz egin izan da saio hori, baina ez dago emaitza egokirik ematen duen arrastorik. Beraz nik ez nuke sistema hori erabiliko.
Hobe duzu kuprea bere forma ohikoetan erabili. Beti ere jakinda kuprea neurri batean toxikoa dela kontutan izanda. Hau da, ahal baduzu kuprea erabili aurretik beste tratamentu batzuekin saioa egin: asun edo azeribuztan minda eta abar.
Datorren ilbehera hori ona izango da gaztainondoa bezala, hostoa galtzen duten landare guztiak landatzeko, baita urtarrileko eta otsaileko ilbeherak ere. Abenduaren 20an ilbeheran sartuko gara, 05:35ean, baina ez da egun egokia. 21etik atzera urtarrilaren 1aren eguerdia arte denak onak. Urtarrilean 16 arratsaldetik 28ra eta otsailean 13tik 25era, egun horiek denak barne.
Egun on, Jakoba!
Durangoko azokan zure stand-ean egon nintzen, baina jendea zeneukan eta ez nuen aukerarik izan zurekin hitz egiteko. Egutegia hartu nuen ilargiaren eta une bakoitzean egin daitezkeen laburpena biltzen dituena (oso aproposa behar dudanerako) baina ondoko zalantzarekin geratu naiz. Sagarrondoak kimatu (podatu) nahi ditut, eta uste dut orain hasi eta otsaila aldera arte dela sasoia, baina zein egunetan litzateke egokiena....ilargia kontutan hartuta esan nahi dut...Ea erantzuterik baduzun! Aldez aurretik mila esker eta ondo segi! ;)
Orain landaketak egiteko garaia da, otsailaren amaiera arte. Sagarrondoak kimatzeko sasoi onena izerdi berria hasten denean da. Hemen martxoa aldera. Itsasalde epelean bizi badira edo gori oso beroak badoaz otsailean ere bai. Baina hori baino lehenago egitea ez da komeni. Inausketa edo kimaketa egiteko onena ilbehera da. Egutegian ikusi ahal duzunez martxokoa 12tik 25 eguerdira arte izango da. Otsailekoa16 eguerditik 28ra.
Udaberriaren atarian. Martxoan baita, tokia hotza bada, apirilean ere.
Hostoa galtzen duten landareak landatzeko sasoia da hau. Azaroaren erdialdetik hasi eta otsailaren amaiera arte. Hostoa galtzen duten fruta arbolak, adibidez: gaztainondoa, mizpira, kakia, mingranondoa, muxika, mertxikondoa, brinoia, paraguaioa, gereziondoa, abrikotondoa, aranondoa, arbendolondoa, udareondoa, elorri beltzasagarrondoa, gurbea edo maspila, pistatxondoa, hurritza, pikondoa, intxaurrondoa, marugatzea, irasagarrondoa, mahatsondoa, kiwaïa, kiwia..
Kontutan izan: izotzik izango ez den egunetan egin behar da landaketa..
Erosteko bi aukera dituzu mintegietan edo nekazaritza kooperatibatan eta hemendik atzera gero eta ugariagoak izango diren azoketan.
Berandu xamar da aldaxkak egiteko. Neguan babesean izateko negutegi edo antzeko tokiren bat izanez gero aurrera, bestela udaberriko izardialdi berriari itxarotea onena. Beti ere ilbehera egunean eta ahal izanez gero sustrai egunean egin. Azaroaren 30 eta abenduaren 1, adibidez. Itsasten laguntzeko ureztatzeko zumearen azal berriarekin eta hostoekin (txiki txiki egin eta uretan beratzen eduki 2-3 egun) edota dilistekin (paper edo oihal hezean ernatu ondoren txikitu eta urarekin nahasi) egindako ura erabili.
Aspaldiko urteetan artoa eta babarruna leku berean ereiten ari gara, 3000 m2 gutxi gora behera. Urtero kriston artoa lortzen dugu, baina azken bi urte hauetan babarrun gutxi. Babarruna jaiotzen da eta sustraia ihartzen edo usteltzen joaten zaio, barrutik hutsa bezala geratzen da, eta landarea ihartu edo batere indarrik gabe geratzen da. Lur saila Añorgan dago, ez da zelaia, urak korritzen du, nahiko lur hondartsua da. Ilada batetik bestera metro bateko tartea uzten dugu eta zuloen artean 70 cm gutxi gora behera. Zulo bakoitzean bi arto ale eta babarrun bakarra botatzen dugu.
Zer gomendatzen diguzu? (kontuan izan 3000 m2-ko soroa beste leku batera eramatea ez zaigula erraza egingo)
Ardi simaurra berria, ondu gabea, eta ez oso kantitate handian. Zenbat? Ez da erraza esaten. Zortzi traktoreka txiki.
Ardi simaur berriarena izan daiteke. Babarrunak berez ez du ongarririk behar, baina artoak bai. Berria izanik ontzen den artean hartzitzen ari da eta horrek ez dio batere laguntzen babarrunari. Artoarentzako ongarriketa egiteko ongarri berria baduzu orain eman, beranduenera neguan. Horrela landareak etortzen direnerako ondua egongo da.
Kiwia (Actinidia sinensis), gure lurretan ez da arbolean bertan heltzen edo umatzen. Arbolean utziz gero hotz handiak hastean biguintzen hasiko litzateke, baina denak batera, eta konturatzerako usteltzen ere bai. Kiwia jasotzekoe do gordetzeko nahi baduzu ahal den helduena baina izotzak harrapatu gabe batu behar da. Jeneralean urriaren amaieran edo azaroaren erdia aldera. Eta iraupen luzeagoa izan dezaten ilbeheran.
Batutakoan toki ilun, fresko-hotz eta egurastu batean zabal-zabal eginda jarri. Garrantzitsuena hori da: argirik ez hartzea, tenperatura ahl den eta baxuena eta airea berritzea. Gero heldu arazi nahi dituzunean, helduta dagoen beste frutaren batekin (sagar, banana...) ontzi edo poltsa hermetiko batean itxita jar
Limoiondoak neguan ez du hostajea galtzen. Horrelakoak udazken hasieran edo udaberriaren hasieran landatu behar dira. Limoiondoa bezalako berozaleak direnak udaberri hasieran hobeto. Martxoaren amaieran edo apirilaren hasieran. Txertatu martxoan adarreko txertoa bada eta begikoa bada uztaila-abuztuan.
Horrek esan nahi du oraindik ez duzutela BIZI BARATZEA liburua eskuratu...
Bertan honelaxe dio: errenka artean 25-30 cm eta errenkadaren barruan porrutik porrura 10-15 cm. Zenbat eta tarte handiagoa porruak lodiagoak egingo dira. Tarte estuagoarekin porru meheak baina gehiago.
Nire ustez pinudia izan izanak ez du eraginik. Hori baino garrantzitsuagoa da lurraren izaerak. Lur buztintsu eta astuna bada nik ez nuke intxaurrondorik jarriko. Buztinaren elastizitatearen eraginez sustraiak autsi egiten dira eta zauri horietatik sartuko dira onddoak. Beraz arazoa ez da onddoak bertan izatea (lur guztietan gutxi edo gehiago daudenak) baizik eta zauriak sortzea. Intxaurrondoari urak erraz alde egiten dion lurra gustatzen zaio.
Nik ez nuke inausiko. Inausketa behar bezala egi ezean fruitua atzeratu egingo duzu edota urte bat edo batzuetarako galdu. Inausi ezean landarea sanoago (zauririk gabe) eta loretarako begiak osatzeko indar handiagoz egongo da. Inausita lore eta fruitutarako kemena apaldu eta adar berriak sortuz lehengo forma berrezkuratzeko grina piztuko diozu. Adarren bat kentzea behar beharrezkoa baduzu, enbarazu egiten duelako edo, martxoaren amaiera edo apirila aldera moztu.
Kaixo zein da larrozak eta ortentziak mosteko garaia?
Zure erantzuna espero dut
Eskerrikasko
Arrosondoak eta hortentsiak inausteko sasoi nagusia otsaila-martxoa da. Abuztua-irailean ere egin daiteke, baina landare berriak sortzeko aldaxkak izateko besterik ez. Udaberrikoa da garai nagusia. Ilbeheran egin beharreko lana da. Landareak non bizi direnaren arabera lehenago edo geroxeago egin. Toki epeletan lehenago eta hotzena geroxeago.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545