Ondo konpontzen ez diren bi barazkiren artean utzi daitekeen tartea Jakin nahiko nuke? Adibidez neguko kipula eta illarren artean? Eskerrikasko.
Onena tartean biekin ondo moldatzen den bat jartzea da. Orain negurako adibidez: uraza, marrubia, eskarola, erremolatxa, errefaua, azenarioa, aza eta azalorea. Ez bada aukerarik, sasoia egokia ez delako, barazki hori nahi ez dugulako edo dena delakoa, metro bete inguruko tartea utziko nuke. Borroka nagusia sustraien artean janaria harrapatzekoa da, eta tarte horrekin bi horientzako nahikoa da.
Gaur arte erantzundakoak (887 galdera-erantzun)
Goizeko eguzkia duen terraza handi samar batean jarri nahi genituzke ale batzuk. Bazkalondoan galtzen du eguzki argia. Aukera dugu igokaria zein bestelakoa jartzeko. Aholkurik? Bestetik, sasoi egokia da? Milesker
Edozein arrosondo mota jarri dezakezu. Zenbat eta handiagoa egiteko barietatea izaan, orduan eta loreontzi handiagoa beharko du. Eta handia esaten dudanean handia da, batzuek 100 litrotik gorakoa beharko dute. Tamaina da aukerarako baldintza bat eta bestea arrosondoak loraldi bakarra izatea, udaberrian, batez ere; eta bestea uda amaiera arte loratzen direnak. Lehenek loraldi bikaina izaten dute, betea eta barietate askok usaintsua. Bigarren motakoek lorea bakanago ematen dute, lore gutxi, baina luzez. Tamaina dela eta igokariak ez direnak lurraren mailan edo goian txertatuak izan daitezke; horrek arrosak zein mailatan izango ditugun aginduko du. Gero kolorearen aukera… Nik denetatik jarriko nuke…
Kaixo, maiatzeko ze egun lirateke onenak patata ereiteko? Eskerrik asko,
Patata ez da hazia, erreserbako tuberkulua baizik. Erein egiten duzula iruditzen bazaizu ilgora eta landatu egiten duzula uste baduzu ilbeheran. Beti sustrai egunean. Ilgoran 19, 20 eta 21 izango dira; ilbeheran, aldiz, 29, 30 eta 31.
Egunon, Nire etxeko melokotoietan argakian ikusten den onddoa atera zait (Taphrina deformans). Uste dut Kupre oxikloruroarekin tratatu dezakedala. Nola egin beharko nuke? Orain fruituak dauzkat zuahitzaten. Eskerrik asko
Argazkirik ez da iritsi baina melokotoiondoen gaitz hedatuena da urte sasoi honetan. Kuprearekin tratatzen da, bai, bere forma guztietan: oxikloruroa, salda bordelesa… Neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran begiak puztu eta irekitzen hasten direnean erasotzen du. Lehenik loreak irekitzen dira eta gero haien azpitik kimu eta hosto berriak etorriko dira. Irekiera horretan onddoaren esporak begi barrura sartu eta kutsatzen ditu lehen hostoak. Jeneralean gerora kon pontzen da, hosto berriak garbiak ekarriz, baina ez beti. Tratamendua salda bordelesarekin egiten da. Asun ura nahasiz gero hobe, baina xaboi potasiko pittin bat ere. Tratamendua lehen lorea ireki aurretik egin behar da, eta azken lorea zimeldu denean errepikatu.
Orain alferrik samar da tratatzea.
Egunon! Tomate mota desberdinak inguruan jarri ezkero, fruitu ematean jasotako hazia ez da bakoitzaren motakoa izango, ezta?
Hurbil baldin badaude polinizazio gurutzatua gertatzeko aukera handitu egiten da. Tomateak berez badu bere burua polinizatzeko eta gurutzaketa apaltzeko joera; barietate batzuk besteek baino gehiago… Horri autopolinizazioa esaten zaio. Baino hazia nahastutakoa izateko aukera ez da baztertu behar. Gerezi tomateak eta saihets nabarmeneko barietateek, adibidez polinizazio gurutzatua izateko arriskua dute. Barietate nahasgabe edo garbiak jaso nahi izatera aukera seguru bakarra isolamendua da. Landare bat aukeratu edo lore multzo bakanak eta muselina finezko oihalarekin edo begi oso-oso txikiko sarearekin bildu eta itxi, erleak eta polinizatzaileak ez sartzeko moduan. Hor barruan sortu diren fruituek dituzten haziak autopolinizazioaren ondorio direnez barietate garbiari eutsiko diote.
Arratsaldeon Jakoba, argazkian bidaltzen dizudan arrosa handi egin denez ontzitik lurrera birlandatzea egokiena izango dela pentsatzen ari naiz . Inurriz beterik dago ordea. Kaltegarriak izan litezke arrosarentzat, ala ez? Birlandaketarena ilbeheran eta sustrai egunean egin beharreko lana da, hori ikasi dugu 😉, eta horrez gain zeozer kontutan izan beharko neuke? Eta inurriei jaramonik bez, ala zeozelan eraso? Milesker
Inurriengatik ez arduratu. Beraiek moldatuko dira egoera berrira. Landaketa egunak bai horiek dira. Ahalik eta azkarren egin lan hori, izan ere udaberria amaitzen ari da eta negu amaiera.-udaberri hasierako lana da. Orain egin eta uda beroa bada ureztaketa zaindu, lehen urtean behinik.
Sagarrondoari bacilus turingesis, Neem eta jaboi potasikoaz tratatzeko komentatu zenigun maiatzeko azken astean eta ekainaren bi astetan, gero beste pausu bat geratzen zen lira jauzi eta gerorako baina ez dugu gogoratzen eta melokotoiari tratatzeko erremedioa? Orriak tximurtuta daude, eskerrik asko.
Bi gai nahasi direla iruditzen zait. Batetik sagarrondoaren harjoaren izurritearen tratamendua, ondo daude bai produktuak baita denborarena ere. Bestea melokotoiaren leprarena. Horren tratamendua loraldiarekin lotzen da. Neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran begiak puztu eta irekitzen hasten direnean erasotzen du leprak (Traphrina deformans). Lehenik loreak irekitzen dira eta gero haien azpitik kimu eta hosto berriak etorriko dira. Irekiera horretan onddoaren esporak begi barrura sartu eta kutsatzen ditu lehen hostoak. Jeneralean gerora kon pontzen da, hosto berriak garbiak ekarriz, baina ez beti. Tratamendua salda bordelesarekin egiten da. Asun ura nahasiz gero hobe, baina xaboi potasiko pittin bat ere. Tratamendua lehen lorea ireki aurretik egin behar da, eta azken lorea zimeldu denean errepikatu.
Okondotik idazten dizut. Jakin nahi nuke nola akabatu argazkian bidaltzen dizun landarearekin. Hemen usta esaten diogu.
Uztaoa, lapaitza… izen asko du euskaraz. Sustrai eta guzti ateratzea da onena baina egingarria den aukera bakarra moztu eta moztu egitea besterik ez da. Simaurrarekin edo aziendaren larretzearekin ugaritzen da. Loretzen denean haziak zabaltzen ez utzi. Eta ahal izanez gero udaberri-udan hostajea ipurditik moztu. Kalte handiena ilgoran moztuta egiten zaio. Ilgoraero mozten baduzu, laister desagertuko da. Ilgora onenak, beretzako kaltegarrienak maiatzekoa, ekainekoa eta uztailekoa dira
Kaixo! Gurean beti belarra ekain amaieran mozten da, negurako ganbaran gordetzeko. Data hori maiatza hasierara mugitu ezkero zein onura eta desabantaila ikusten dizkiozu?
Ni ez naiz lan horiek data jakin batzuei lotuta egitearen aldekoa. Belarra moztu, ondu eta jasotzeko lanak, adibidez, noizko lanak dira? Nik belarrari berari begiratzen diot. Negurako belar ondu onena izateko. Kalitate goreneko bazka izateko, noiz moztu? Belarraren energia guztia hostoetan dago eta une jakin batean garatu eta lorea ematea erabakitzen du. Energia hostoetan eta lorean egongo da. Lore hori ernaldutakoan hazia bihurtuko da; orduan energiaren zati handi bat hazian pilatuko da. Hazitan dagoenean mozten badugu hazi asko erori eta galduko da ganbararako bidean. Niretzako sasoi onena, beraz lorea irekitzen duenean da. Zeuk ikusi, ondo ikuskatu eta zuen belazeko belar nahasketako belar gehienak loratzen direnean nik orduan moztu eta onduko nuke. Eguraldiak laguntzea beste upeleko sagardoa da…
Apirila erdi aldera erein nituen kuia, kuiatxoa eta beste batzuk. Orain ari dira ernatzen. Haunditzen direnerako ez ote al da beranduxamar izango baratzean landatzeko? Martxoan erein nituen txikoria eta beste batzuk ez dira ernatu :(
Ez, ez. Lasai hartu landaketa sasoia hasia da, baina ekainaren amaiera arte landatu ditzakezu kuiatxoak, kuiak ahalik eta azkarren. Beste horiek ez ernetzearena zer ote da?
Hobe berandu ezer ez jasotzea baino. Kuia ekainaren bukaeran erein izan dut eta kuiak jaso ere(azaroan). Zuzenean lekuan hazia sartuta hobe, zaindu barraskilo eta bareak
Lurretara pasatzean horrela gelditu zait. Bi aste ondoren honela dago. Lurrari bota diot humus eta perlita. Gaizorik dago edo biziko al da? Mila esker Jakoba
Ahuakateondo hori sufritzen ari da eta ez edonola. Beroa, aldameneko lanpararen argi erretzailea… Atera azkar kanpora, ez noski izotzak harrapatzeko moduko toki batera, baina bai 20 gradutara egongo den salatik balkoipe batera edo antzeko toki batera. Argi asko duen eta udan beroa izango den toki bat behar du. Eta ez ahaztu ureztaketa, lehenengo urtean garrantzitsua da.
Kuia haziak uretan ipini ondoren, ondoratu egin behar al dute sano badaude?
Batzuk ondoratuko dira eta beste batzuk, gehienak seguruenera ez. Onena ernatze saioa egitea da uretan busti ondoren heze dagoen paper edo batean edo lurrean erein eta egun gutxitan somatuko duzu sustraia sortzen duen edo ez.
Iratzeak ipurditik atera edo moztu? Ondoren anitz ongarritu?
Ipurditik ateratzen ez baduzu jai izango duzu. Iratzeak izugarrizko sustrai erreserbak izaten ditu. Horiak akabatu ezean berritu eta berritu egingo da. Nik uste dut aukera onena lurra irauli eta sustrai horiek azaleratu, ahalik eta gehienak bildu eta kendu. Iratzea egon den tokian lurra azidoa egongo da, beraz karetzek on egingo dio. Ongarria baino garrantzitsuagoa da karea. Landaketak egin aurretik denbora tartea izanez gero, biak egin ditzakezu, ongarritu eta karetu, baina ilargi bateko aldearekin.
Brokoli, baina eta beste lore batzuetan zomorro hau hostoak zulatu eta landarea zimeltzen hari da. Zer egingo nuke honi aurre egiteko?
Aza jendearen arkakusoa da. Hobeto esanda arkakusoetako bat. Tratamendua egiten hasi ahalik eta azkarren. Ez da erraza akabatzea, salto egin eta ihes egiten dutelako. Tratamendua egiteko nahasi xaboi potasikoa eta rotenona edo piretrina (intsektizida naturalak biak). Tratatu hiru-lau egunetik behin, alerik ikusten ez duzun arte. Tratatzerakoan ondo ihinztatu landareen parte guztiak, arkakusoak berak bustitzea da helburua, beraz alde guztietatik eman ezkutuan daudenak denak bustitzea nahi baita.
Kaixo Jakoba, Hasi berriak gara. Gereziondoaren hostoetan aldaketa sumatzen ari gara. Herdoiltzen ari ote diren pentsatu dugu baina ez dakigu zer egin kasu honetan. Alea hartzen hasi berri da eta ez genioke kalterik egin nahi
Nire ustez Gnomonia gaitza izan daiteke. Apiognmonia erythrostoma onddoak sortzen du. Hezetasunak dakar, batez ere, horregatik horri aurre egiteko neurriak hartu behar dira: inguruan haizea ibiltzea erraztu, lurreko hezetasuna kentzen saiatu, inguruko itzala kendu, hurbilean zuhaitz edo arbolak baditu kendu edo tartea utzi, eta abar. Onddoa hosto ihartuetan mantentzen da, horregatik komeni da erori ahala bildu eta su eman eta erre. Baita udazkenean denak erortzen direnean ere. Sustraietan zauriak edo arbolean (inausketakoak adibidez) izanez gero edota ahula baldin badago errazago erasoko du gaitzak. Salda bordelesarekin ere tratatu daiteke, xaboi potasikoarekin nahastuta eta hosto zaurituak erori baino lehenago. Zortzi-hamar eguneko tartearekin hiru tratamendu eman. Gerora berriz azaltzen bada errepikatu.
Egun on Belazeetan uztabo asko atera da. Bere izena rumex pulcher al da? Eta orduan jangarri ona da olloentzat? https://www.miteco.gob.es/ca/biodiversidad/temas/inventarios-nacionales/iect_rumex_pulcher_tcm34-164118.pdf
Uztaoa esaten zaio Rumex generoko landare jendeari. Horietako bat da Rumex pulcher, baina Rumex generoko espezie asko dago Euskal Herrian. Eta denak ez dira R. pulcher. Denak jangarriak direla esango nuke. Oiloekin erraza da saioa egitea. Eman eta jaten badute ongi, bestela edo txarra egiten zaie edo ez dute gustuko. Horiek ere badakite mokofin izaten.
Zein egunetan inausi ditzaket intxaurrondoak? Aste honetan edo maiatzean.
Intxaurrondoak oso toki lehorrean bizi ez badira, Euskal Herriko Hego-hegoan adibidez, ez inaustea hobe da. Inausketak sortzen dizkien zaurietatik gaitzak sortzen dituzten onddoak sartuko dira; hezetasuna handia den tokietan gehiago, bere zaleak baitira onddoak.
Hala ere inausketa egin nahi baduzu oso berandu da, dagoenerako izerdia mugitua baino erabat indarrean dabil. Onena hurrengo urteko martxoaren hasierarako uztea litzateke. Aurten egitez gero maiatzaren 2 egun osoa eta 3 goiza, ilbehera eta sustrai egunak.
Kaixo! Gure baratzeko lurra analizatu nahi degu jakin ahal izateko ze ongarri komeni zaion. Nola egin dezakegu? Eskerriasko!
Eskualde guztietan daude bai Nekazaritza bulegoak eta baita Landa Garapeneko Elkarteak ere. Ez baduzu topatzen zure udalera deitu eta esango dizute zein tokatzen zaizuen. Han argituko dizute zer urrats eman analisia egiteko: muestrak nola hartu, nora eraman eta abar.
Egunon Jakoba, Bertizaranatik ,Nafarroa. Kuia haziak ereiteko noiz da egun egokia? Esker mila aunitz!
Potimarron kuia, kuia guztiak bezala, hemendik atzera nahi duzunean erein. Onena gero bizi eta haziko den tokian bertan ereitea da. Ezin izanez gero ontziren batean erein eta gero landatu. Ereiteko egunak ilgorakoak dira. Ilgora maiatzaren 9 (15:00) eta 22 (21:00) artean izango da. Egun onenak, hala ere, fruitu egunak dira maiatzaren 9, 15:00etatik atzera, 10, 17:00 arte, eta 18 egun osoa. Gaur eta bihar ere ilgora da; biharkoa 13:00 arte ere ez da txarra.
Gabon. Joan den neguan oloa erein nuen ongarri modura oso buztintsua den lurrean. Moztu eta bertan utzi nuen gero. Orain, lurra landu dutenean (lauhortzeko txiki batekin) ikusi dut harroagoa dagoela, baina gehio harrotzeko karea zabaltzea pentsatu dut. Zer iruditzen, mesede egingo dio ala kalte agian? Gero, lekak jarri nahi ditut. MIla esker.
Nik uste dut mesede besterik ez diola egingo. Lurrari eman diozun materia organiko hori desegiten eta bertako mikroorganismoen eskuera jartzen lagunduko du, baita zuzenean lurra harrotzen ere. Lekak ere karezaleak dira, beraz…
Intxaurrondo bati urtero izurrite hau agertzen zaio. Zelai berean dauden beste intxaurrondoak ez dute holakorik. Zer da ? Eta zerbait egin beharko genion?
Nire ustez eriniosia deituriko izurritea da. Begiz ikusi ezin daitezkeen akaro batzuk sortzen dute: Eriophyes tristriatus eta Eriophyes erineus. Udaberri bero eta lehorretan lehen hostoei erasotzen diete eta ziztatu eta izerdia zurrupatzen duten tokietan agertzen dira koskortxo horiek. Gero hurrengo belaunaldiak etorriko dira, baina ez dute kalte nabarmenik eragiten. Negua intxaurrondo beraren begietako ezkaten artean igarotzen dute eta hori izan daiteke beti intxaurrondo berean azaltzearen arrazoia. Ni ez nintzateke gehiegi arduratuko. Arazoa areagotzen bada tratamendua hau litzateke: Xaboi potasikoa, Bacillus thuringiensis eta Neem. Tratamendua zaila da, intxaurrondo osoa ondo-ondo busti beharko litzatekeelako.
Kaixo Jakoba, Aran arbola bat dugu, haran oso goxoak ematen dituena, lehendik ere Hernanitik ekarritako kimuekin txertatua. Zahartzen ari zaigula eta, egokia izango al litzateke, aran landarea erosi eta gure zuhaitzaren kimuak txertatzea? Eta hori egiteko noiz izaten da garai egokia? Halako landareak non erostea gomendatuko zeniguke? Eskerrik asko aldez aurretik.
Edozein aranondok balio du aranarentzako mentu oin lana egiteko. Baita Elorri beltza edo basarana ere. Txertatzeko bi sasoi daude: adarreko txertoa egiteko otsaila eta begiko txertoa egiteko uztaila-abuztua. Non eskuratu? Fruta arbolak saltzen espezializatutako mintegi bat da onena.
Donostiako ekogunean baratze partzelatxo bat daukat eta atzo horrelako 2 musker ikusi genituen. Baratzerako ona da horrelako muskerrak ibiltzea? Milesker eta ondo segi
Musker berdea da. Eta laguna dugu hau ere, noski. Kakalardoak, matxinsaltoak, armiarmak, karraskari txikien kumeak etab. jaten ditu. Animalia laguntzaile batzuk ere bai. Adibidez zizareak eta tximeletak. Baina beno, edonola ere aberastasuna ematen dio baratzeari, eta indarra oreka ekologikoari. Zorionekoa zure baratzea.
Ahalko didazu lagundu limoi zuhaitzak duen gaixoa tratársenos?
Nire iritziz ez da gaixotasun bat. Edo gaixotasuna etorri bada arazo fisiko bat izan delako da; nik uste dut kazkabarrak erasotu duela hostajea eta horrek puskatu du. Zauri horien ondoan kolorea galdu du. Eta posible da gero, zauri horietatik gaitza sartzea. Nik janaria emanez lagunduko nioke.
Goierrin ezpala kimatzeko garairik egokiena noiz litzateke?
Ezpela landare hesietako landare gehienak bezala kimuaren hazkundea makaldu denean egin behar da. Ekaina aldera eta bigarren kimaketa iraila aldera. Iazko ireilean kimatu ez bada, orain inausi edo utzi eta ekainean egin.
Jakin dezue, ia norbaiteri gertatu zaion...? Berdetan jateko baratxuria garbitzen nabil eta zurtoia janda eta hará agertu zait...?
Argazkian ikusten den hori "Porruaren harra" esaten diogunaren krisalida da. Porruaren harra esaten zaio porruan ezagutu delako eta eraso nabarmenenak porruetan egiten dituelako, baina porruaren familiako tipula eta baratxuria ere erasotzen ditu. Euli bat da, Phytomyza gymnostoma, arrautzak jartzen ditu landareetan eta hortik harra sortzen da; harrak hostoen zati zurian ikusten den zartatu hori sortzen du. gero metamorfosia egiteko krisalida hori sortzen du eta lurrera erortzen da. Gero handik eulia etorriko da. Berari aurka egiteko sistema onena saila sare batekin estaltzea da. sareak gehienezko begia 0'8 mm behar du eta goi samar jarri, hostoek ukitu ez dezaten bestela saretik barrena arrautzak jartzen dituzte eta alboetan ere ondo itxi lurreraino.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545