Kukuak erromako zubian jotzen du amabirjina martxokoz.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Efelidoa pattal
2022-02-25 19:17 | Itziar Lopategi

Arratsaldeon Jakoba,

Efelido landarea erosi eta aste gutxiren barruan orriak galtzen hasi zan. Leku freskoago baten jarri dut, urik ez dau falta izan ez larregi  ez gitxiegi, behar izan duena hezetasuna mantenduz baina... Argazkian ikusi ahal duzunez egoera eskasean dago une honetan.

Egunero aireztatzen hasi naiz. Ez dakit berbiztu ahal izango dudan. 

Tiesto berean koleoak erein ditut eta astea bete orduko erne dira jada. 

Zure liburua kontsultau dut eta lainoztatzea aholkatzen duzu, hori zelan egiten duzu? Dutxara noanean nirekin eraman lurruna jaso dezan? 

Ahal baduzu erantzun eskertuko dizut


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-26 18:39

Landare mokofina da efelidoa. Ez da erraza asmatzen zer toki duen egokia: haize-korronteak, argia eta abar. Ureztaketa ere kontuz egitekoa du. Negu partean ur gutxi eman behar zaio. Udan gehixeago. ETXEKO LANDAREAK liburua baduzula ikusten dut beraz ez dizut uraren atal hori azalduko.

Lainoztatzeari dagokionez ihinztagailu edo ura fin xamar zabaltzen duen edozein esprairekin egin dezakezu.

Gaur arte erantzundakoak (28 galdera-erantzun)

Kaixo Jakoba. Bidezkoa da etxe barruko eta etxetik kanpoko landareen arteko bereizketa egitea? Izan ere, berez naturan sortzen dira landareak, beraz denak dira etxetik kanpokoak, ezta?

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-12-27 00:00

Kaixo Nerea. Landareak, denak zeuk diozun eran, kanpokoak dira, baina nongoak? Non da kanpo hori? Ez da gauza bera Larrabetzuko landare natural bat edo Tasmaniako bat. Espezie bakoitza bere baldintza ekologikoei lotua bizi da, toki bakoitzeko lurrari eta klimari, batik bat. Etxe barruetan urte osoan baldintza jakinak izaten dira, gutxi gorabehera: giro epela (15-25º artean) eta aire lehor samarra. Horregatik barruetan ditugun landareak naturan baldintza horiek ematen diren tokietatik ekarritakoak dira.
Eragin nabarmenena tenperaturak duenez, gehienak naturalki tropikoetakoak edo lurralde epeletakoak dira. Geurean kanpora aterako bagenitu neguko hotzekin ikaragarri sufrituko lukete. Era berean hemen kanpoan ondo bizi den landare bat, haritz bat kasu, etxe barrura sartuko bagenu ez litzateke luze biziko.

Kaixo. Argazkian ikusten duzuen landarea handi xamarra egin zaigu. Bestalde, beheko hostoak galtzen ari da eta ez dakigu zer egin landarea kontserbatzeko. Goreneko hostoak moztu? Orain egin daiteke? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-10-11 00:00

Kaixo Xabier. Diefenbakia bat da zuen landare hori. Argazkian garbi ikusten den eran, ontzi txikia du eta hor dagoen lurrean eskuera duen janariaren araberakoa hazi da. Landare guztiek bizitzeko etengabe hazi egin behar dute eta zeureak elikagaiak mugatuak izaki hosto kopuru jakin bat mantendu dezake. Ondorioz, hosto berri bakoitzeko zahar bat galduko du, gutxi gorabehera. Hostaje handiagoa izateko ontzi handiago batean jarri behar da, eta urari ongarri likidoa erantsi, pototan saltzen den hori eta “landare berdeentzat” jartzen duen horietakoa.

Muturra moztuta, beheragotik erraz berrituko da eta kendutako kimuak landare berriak sortzeko beste ontzi batean landatu, aise itsatsiko dira. Bestetik, itxura ederrekoa dago eta beraz bizi den tokia aproposa du. Bejondeizuela.

Kaixo lagunak. Schefflera bat daukagu etxean. Oso luze egin zaigu eta jakin nahi genuke nola eta noiz moztu, eta zer egin behar dugun mozten dugunarekin beste landare bat lortzeko. Eskerrik asko eta beste bat arte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-07-19 00:00

Kaixo Marisa. Orain sasoi egokia da mozteko. Abuztuaren amaia artean, lasai nahi duzunean. Nondik moztu erabakitzeko, moztu ordurako kimu berria bota eta laster berriz ere gorantz joko duela kontuan izan. Hau da, hostaia multzoa eduki nahi duzuna baino 30-50 zentimetro beheragotik moztu. Mozten duzun zatiko adarrak banatu eta uretan sartu edo zuzenean lurrean jarri. Erraz itsasten da, baina hormona hautsez laguntzen baduzu alde ederrean etorriko zaizkizu. Uretan jartzen baduzu, sustraiak pixka bat garatu ordurako lurretara pasa. Aldaxka edo eskejeak zuzenean lurretan sartuz gero, honi beti heze eutsi eta toki epelean eduki, eguzki zuzenetik urruti. Lan hauek denak ilbeheran egiten saiatu.

gora