Astelehenero 8:00etan zure epostan
Zubietako erraustegian sutea gertatu zen hilaren 19an, bolumen handiko hondakinen birrintzailearen barruan. LABek salatu zuen zuzendaritzaren erantzuna ez zela pertsonak babestea izan, "langileak zuzenean arrisku gunera bidaltzea baizik". Taldeetan banatuta egin behar izan zioten aurre suari langileek, "suhiltzaile profesionalak balira bezala". Protesta moduan langile batzordeak elkarretaratzea deitu du astelehenean (13:00etan), GuraSOS plataformak salatu duen bitartean GHK-k "gutxietsi" egiten duela sute kopurua eta horien larritasuna, eta gertatutakoa "ezkutatzen" saiatzen dela, gainera. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak iragarri du espediente bat irekiko duela gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko.
Pasa den asteazkeneko sutean esku hartu behar izanaren ondorioz, bederatzi langile artatuak izan ziren ke toxikoa arnastu zutelako. "Enpresaren diruzalekeriak ez du mugarik, egoera zeinen larria den axola gabe, ekoizpena ez da inoiz gelditzen", kexu da LAB: "Ekobalentzat gehiago balio du fakturatzeak langileen bizitzak baino". Langileek "egoera guztiz lotsagarri eta etsigarrian" egin zioten aurre suari, sindikatuaren hitzetan: "Hurbilen zeuden sute-ahoak erabat apurtuta eta erabilezin zeuden; baliabiderik gabe, materialik gabe eta enpresaren aldetik inolako aurreikuspenik gabe, langileek euren larrua jokatu behar izan zuten eta itzaltze-lanak inprobisatu zituzten, industria-suteak itzaltzeko balio ez duen mangera arrunt bat erabilita. Bederatzi kide artatu behar izan dituzte osasun-zerbitzuek, "zaborraren errekuntzak sortutako keen ondorioz intoxikazio larria jasan ostean".
"Ozen eta argi salatzen dugu langileak suteak itzaltzera bidaltzea, beharrezkoak diren Banakako Babes Ekipamendurik (BBE) eta prestakuntza espezifikorik gabe", esan du LABek. Sindikatuak gaineratu du ez dela "gertaera isolatua", baizik eta "ohiko praktika arduragabea" dela Ekobal plantan sua dagoen bakoitzean.
GuraSOS: Nork kontrolatzen du beste aldera begiratzen duen kontrolatzailea?
"GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak gutxietsi egiten du sute kopurua eta hauen larritasuna, beti 'saihestezin eta noizbehinkako' gisa kalifikatuta", salatu du GuraSOS plataformak. Adierazi du dagoeneko hamahiru sute baino gehiago izan direla, eta GHK "ia denak ezkutatzen" saiatu dela. Langileak "arriskuan" jartzen dituela dio, eta "beti desbideratzen" duela erantzukizuna instalazioaz kanpoko eta plantan garatutako jarduerarekin zerikusirik ez duten jardueretara. "Dena den, GHK da ingurumen-baimenen titularra, eta berari dagokio jarduerari loturiko neurri zuzentzaileak betetzea", GuraSOSen hitzetan.
"Ingurumen-baimenak gogorarazten du ingurumen baimen integralean ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste larri edo oso larri gisa zehaztua dagoela, azken hori, pertsonen segurtasuna edo osasuna arrisku larrian jarri bada, ospitalean artatutako bederatzi langileen kasuan bezala", azaldu du plataformak. "Aipatu dugu jada hamahiru sute baino gehiago direla; horietakoren bat langileentzat arriskua izan duen istripu industrial larritzat kalifikatu dute, transformadorearen sutea kasu. Beste batzuek lixibiatuen isurketak eragin dituzte, eta ingurumen-delitu gisa ikertzen ari dira". Hala ere, plataformak dio Ingurumen Sailburuordetzak ez diola zehapen-espedienterik ireki GHKri, eta haren "erantzunkide –ezkutatzaile–" bihurtu dela, hondakinen sarreraren kontrol neurriak betearazteko duen betebeharra sistematikoki ez betetzeagatik. "Nork kontrolatzen du beste aldera begiratzen duen kontrolatzailea?", galdetu du GuraSOSek.
"GuraSOSek 10 urte daramatza lehenik errealitate hori iragartzen eta ondoren salatzen, eta denbora honetan guztian alde batera begiratzen ari diren eragile asko daude", salatu du elkarteak. "Oraingoz, GuraSOS da ingurumena eta herritarren zein langileen osasuna arriskuan jartzen ari den txapuzeria honen erantzukizun penalak auzitegietan argitzeko ikerketa bat bultzatu duen bakarra. Hori dela eta, bat egin du jarduera zuhurki geldiarazteko aldarrikapen sindikalarekin, langileen osasuna eta segurtasuna ez ezik ingurumenaren eta osasun publikoaren gainean dagoen arriskua ere bermatu arte".
Bien bitartean, bestalde, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak iragarri du espediente bat irekiko duela gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545