Gauza guzia bere denboran, baba zabala abenduan

Kautxu aleak debekatuta, artaburuak eta mahats-haziak

2031tik aurrera Europan debekaturik egongo da belar artifizialeko futbol zelaiak plastikozko bolatxo beltz nimiñoekin betetzea, kaltegarriak direlako ingurumenarentzat zein pertsonentzat. Klub batzuk hasiak dira jada alternatibak probatzen, izan artaburuak, oliba hezurrak edo mahats pipitak baliatuta. Duen kostuagatik, askorentzat berdegunea aldatzea ez da samurra izango. Gainera, inork pentsatua badu belar sintetikoa kendu eta haren ordez naturala paratzea, kontuan izan beharko ditu bazterrak geroz eta gehiago idortzen dituen beroaren ondorioak.


2026ko irailaren 30a
Belar artifizialeko futbol zelaiak kautxu aleekin bete izan dira. Baina, mikroplastikoen aurkako gudaren helburuetako bat bilakatuta, lau haizeetara zabaltzen den material hori ordezkatzen hasiak dira batzuk.MUSTAFA FATEMI / PEXELS
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Eric Cantona frantziar futbolari ohia ageri da bideoan. Sortu zen auzoan dago, Marsellako SO Caillols taldearen futbol zelaian. “Plastiko usaina dago hemen”, kexu da. Duela hamabost urte estreinatu zuten belardia, horrela deitzerik baldin badago xake taula gehiago dirudien zelaiari, zurigune eta beltz. Autoen gurpilak birziklatuta lortzen diren plastikozko pikortxoek, zelai sintetikoak betetzeko baliatu ohi direnek, berdea ia erabat jan dute. Behar-beharrezkoa dute, hortaz, azala aldatzea, ez soilik plastiko usainagatik edo beltzaren gainean ez dagoelako futbolean aritzerik. Hainbat ikerketak demostratu du pikortxoek substantzia toxikoak dituztela, eta Europako Batzordeak (EB) 2031ko urriaren 17tik aurrera debekatu egingo du haien fabrikatze eta  merkaturatzea, mikroplastikoen –5 milimetroz azpiko aleen– erabilera murriztea helburu duen araudi berriari men.

Puntako taldeek belar naturala duten zelaietan jokatu ohi dute, baina klub apalago askoren instalazioek –Euskal Herriko hamaikak, tartean– belar artifiziala daukate, horien mantentzea errazagoa eta merkeagoa delako. Araudia indarrean jartzeak ez du esan nahi material sintetikodun zelaiak desagertu egingo direnik, baina futbol taldeek bestelako alternatibak aurkitu beharko dituzte belardia betetzeko, beltza baita kautxu pusketatxoen etorkizuna. Belar naturala jartzea izan liteke beste aukera bat, baina, hain justu, naturala zuten talde batzuk kontrako noranzkoan ari dira, beroaldiek bultzatuta.

Oliba hezurrak

Lherm udalerrian jokatzen ditu etxeko partidak AS Lavernose klub frantziarrak. Duela bizpahiru urtera arte belar naturala zuen, baina zelai sintetikoa dauka orain. Zoruan ikus daitezkeenak SBR (estireno-butadieno kautxoa) bolatxoak dirudite, baina txiki-txiki egindako oliba hezurrak dira. “Alternatibarik egokiena hura zela iruditu zitzaigun”, adierazi du Frédéric Pasian alkateak: “France TVn erreportaje bat ikusi nuen. AEBetako futbol jokalarien minbizia kasuen eta SBR betegarrien arteko balizko loturaz mintzo zen. Gisa horretako zelaietan aritzea, aire zabaleko zabortegi batean jolastea bezalakoa da”.

France TV telebistak, So Foot aldizkariak... Urteotan hainbat hedabidek plazaratu dituzte birziklatutako pneumatikoetatik eratorritako mikroplastikoen inguruko datuak. AEBetan ere egin dituzte azterketak, eta ondorioztatu dute pikor horiek 400 substantzia desberdin izan ditzaketela, tartean beruna, kadmioa, zinka eta bentzenoa. Erraz barreiatzen den materiala da, gainera. Euri-urek eta haizeak zelaitik kanpora zabaltzen dute; baita kirolariek ere, oinetakoen barruan edo erropa artean ezkutaturik. “Polimero sintetiko horiek mendeak iraun ditzakete geure inguruan”, ohartarazi du Nathalie Gontard-ek, INRAE institutuko ikerketa-zuzendariak.

Frantziako Futbol Federazioak mila futbol zelai baino gehiago aztertu zituen 2023-24 denboraldian, eta jakinarazi zuen %74ak pneumatikoetatik eratorritako pikorrak dituela. Horiek guztiak, Euskal Herrian dauzkagun hamaika instalazio sintetikoak bezalaxe, ez daude beharturik 2031rako belardia aldatzera, baina data horretatik aurrera ezingo dute pikor berriekin bete.

“Futbol zelaiak zaharberritu beharko dira, baina alarmismorik eta urgentziarik gabe”, zioen Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente Manu Diazek, El Diario Vasco-k 2023ko urrian egindako elkarrizketan. “Ez da katastrofea, ez gara hartxintxar zelaietara itzuliko eta ez gara guztiok belar naturala jartzen hasiko”. Trantsizioa pixkanaka egingo dela aipatzen zuen: “Gisa honetako zoruen bizitza erabilgarria 10-12 urtekoa da, eta ziur naiz material kontuetan urteotan egingo diren aurrerapenek konponbiderik eskainiko digutela”.

Koko-zuntzekin ari dira proba egiten klub batzuk, kortxo edo tortotxarekin besteak, pinu zurarekin, silize-harearekin... Bada alternatibarik futbol, errugbi edo padel pistetako mikroplastikoak ordezkatzeko, nahiz eta garestiagoak diren kautxua baino, eta behar duten mantenu lan handiagoa.

Luxuzko belar irlandarra

Lherm-etik kilometro gutxira, Monferran-Savés herriko futbol zelaiak ere belar sintetikoa du... betegarri moduan dauzkana arto-lokotx birrinduak. Gérome Byries-ek, herriko alkate eta beteranoen futbol taldeko aurrelariak, esan du artaburuek zelaiaren malgutasuna bermatu eta amortiguazio ona eskaintzen dutela, errugbilariak ere aritzen direla bertan. Ez dute usainik, gainera, eta belar naturalak baino arreta gutxiago eskatzen du, tartean behin ureztatu eta belardia orraztu behar den arren lokotx aletxoak sakabanatzeko. “Ekonomia zirkularra bultzatzeko”, hurbileko laborarien artaburuak baliatzen dituzte.

Murtzian, Espainiako Estatuko hego-ekialdean, mahats-haziekin ari dira probak egiten Cabezo de Torres-eko zelaian. Betegarri naturala da, biodegradagarria, ez toxikoa, eta bero egiten duenean zelaiaren tenperatura ez da kautxuarekin bezainbeste igotzen. Zortzi graduko aldea egon daiteke batetik bestera, udal ordezkariek azaldu dutenez. Jokoari mesede egiten dio, gainera: batetik, baloiak egin dezakeen Magnus efektua saihesten dela diote; bestetik, amortiguazioa eta trakzioa “hobeak” direnez, lesio arriskua murrizten da.

Talde askorentzat ez da xamurra izango europar araudiari egokitzea, are, beroak futbol zelaien larruazala geroz eta sarriago zartatzen duen garaiotan. Ikusten ari gara, goi mailako klub profesionalek ere zailtasunak dituztela belardia osasuntsu mantentzeko. Paris Saint-Germain berak, Europako Txapeldunak, ezin izan zuen ligako lehen partida –abuztuaren 23an– etxean jokatu, zelaia egoera txarrean zegoelako. Berdegune hibridoa da, fibra sintetikoa eta belar naturala ditu nahastuta. Munduko onenetakoa omen, eta ezin izan zion beroari eutsi. Le Parisien-en irakurri dugu, tamainako deskalabrua ikusita paristar klubak Irlandan fabrikatutako kalitate handiko 700 belar biribilki erosi dituela, Printzeen Parkean paratzeko. Operazioaren daturik ez da publiko egin, baina egunkari frantziarraren arabera 500.000 euroko kostua izango zuen, gutxienez. Egun batzuk lehenago, Toulouse FC taldeak zientoka belar hibridozko pusketa eraman zituen Madrildik bere estadiora –hura ere idorteak kolpatua–, 21 hozkailu-kamioiren barruan. L’Equipe-ren arabera 600.000 euroko kostua izan du operazioak, zeina Toulouse Métropole entitate publikoak finantzatu duen.

Futbol zelaietan egingo diren aldaketa edo eraberritze lanen finantzaketak emango du zeresanik, ziur asko. Baita testuinguru klimatikoak ere. Entitate publikoek zenbat diru bideratuko dute EBren araudiari egokitzeko? Zenbat ur beharko da futbol instalazioak txukun mantentzeko? Ipar Amerikan jokatutako Munduko Txapelketa hartu duten estadio batzuek bezala, Europakoek ere aire egokituko sistemak izango al dituzte etorkizunean? Zelai mordoak sufritu ditu beroaren ondorioak, amateur mailan are bortitzago. Hilabeteotan partidak atzeratu dira, entrenamenduak bertan behera geratu, partiden egoitzak aldatu... Futbola, erregea izanik ere, ez da salbuespen. Hark ere sufritzen ditu klimaren larrialdiak. 

ENBA eta EHNEren haserrea, Jaurlaritzak iragarri ostean bazka erosketa bateraturik ez dela egingo
2026-08-31 | Jon Torner Zabala
Lehortearen eraginari aurre egitea helburu, Eusko Jaurlaritzak eta abeltzainek animalientzako bazka batera erosteko bideak lantzea adostu zuten Bazka Mahaiak abuztuaren 7an egindako bileran. Asteartean –irailaren 1ean–... (+)
Klima aldaketa Araban: Suteak, mahats-bilketan eragina eta murrizketak uraren erabileran
2026-08-25 | Jon Torner Zabala
Suak 300 hektarea erre ditu udan Araban, suhiltzaileen zerbitzuaren arduradun Iñaki Gurtubaik jakinarazi duenez. Ia sute txiki bat sortu da egunean. "Oso euri gutxi egin du, eta... (+)
Zubietako erraustegian elkarretaratzea egingo dute, iragan asteko suteak agerian utzi ostean "enpresak negozioa lehenesten duela, langileen osasunaren aurretik"
2026-08-24 | Jon Torner Zabala
Zubietako erraustegian sutea gertatu zen hilaren 19an, bolumen handiko hondakinen birrintzailearen barruan. LABek salatu zuen zuzendaritzaren erantzuna ez zela pertsonak babestea izan, "langileak zuzenean arrisku... (+)
Eskalatzaileen harrobian, harrobiek egindako zauriak osatzen
2026-08-10 | Jon Torner Zabala
Atxarte, Untzillatx eta Astxiki kareharrizko mendi pikoen arteko haitzartea, Urkiolako parke naturalean, eskalatzaileen harrobi eta eskola ezaguna. Paraje ederrak dira,  baina zauriak dauzka agerian, 1971tik... (+)
Aire girotuak berotu du klima larrialdiaren eztabaida
2026-07-16 | Jon Torner Zabala
Aire girotuaren inguruko eztabaida bizi-bizi dago Frantziako Estatuan. Bero sapak are gehiago hauspotu du afera: ezkerrak dio, besteak beste, aparailuek energia asko xahutzen dutela eta... (+)
gora