Urria usoaren galgarria

Klima aldaketa Araban: Suteak, mahats-bilketan eragina eta murrizketak uraren erabileran

Suak 300 hektarea erre ditu udan Araban, suhiltzaileen zerbitzuaren arduradun Iñaki Gurtubaik jakinarazi duenez. Ia sute txiki bat sortu da egunean. "Oso euri gutxi egin du, eta bero handia", azaldu du. Eguraldi lehorrak, bestalde, Arabar Errioxan mahats bilketa aurreratzea eragin du. Eta, neurri batean, mahats bilketa aurreratzeak eragin du Arabar Errioxan murrizketak egitea uraren erabileran.


2026ko abuztuaren 25a
Lantenon piztutako sutea.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Suak 300 hektarea kiskali ditu uda honetan Araban, Gurtubaik jakinarazi duenez Radio Vitoria irratian egin dioten elkarrizketan. "Europako sute handiekin alderatuta, gutxi irudi lezake, baina Arabarako asko da", haren hitzetan. Hilabete "oso zailak" izaten ari direla esan du, kargua hartu zuenetik –duela hiru urte– uda sasoirik konplikatuena, "alde handiarekin". Ia sute txiki bat sortu da egunean. "Oso euri gutxi egin du, eta bero handia", azaldu du Gurtubaik, Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatuak. "Ondorioz sute gehiago piztu dira, eta piztutakoak itzaltzea zailagoa izan da".

Hiru sute handik kiskali dituzte aipaturiko hektarea ia guztiak: Galarretakoak ekainean, Derediakoak uztailean eta Lantenokoak abuztuan. Gurtubaik azaldu du tximista batek eragin zuela Galarretakoa, eta gizakiaren esku-hartzeak beste biak. Sute gehienak nahi gabe piztuak izan dira, nahiz eta kasu batzuetan zalantzarik badagoen, nahita piztuak izan ez ote diren. Lantenokoari buruz adierazi du suhiltzaileen behin-betiko txostenaren zain daudela.

Mahats-bilketa aurreratu dute

Eguraldi lehor eta prezipitaziorik eza dela-eta, mahats-bilketak aurreratzen ari dira Arabako Errioxan. Klima aldaketak eraginda, aurreko urteetan ere bilketa lehenago hasi zen, baina aurten are lehenago ekin diote. Dena den, UAGA nekazarien elkarteak adierazi du uzta "bikaina" izango dela aurtengoa, heltze-maila "oso onekoa". Udan hezetasunik ez da izan, eta ez dira bakterioak, onddoak eta beste gaixotasun batzuk sortu. Mahats barietatearen arabera bilketa lehenago ala beranduago hasi ohi da, eta hala izango da aurten ere bai. Juanjo García Berrueco UAGAko ordezkariak jakinarazi du irailaren 15ean hasiko dela modu orokortuan, duela 20 urte inguru urriaren erdialdean hasten zirenean.

Mahats-bilketaren harira, UAGAk aurreikusi du aste honetatik aurrera sasoikako 500 langile beharko dituztela, eta sektoreko hitzarmenak zehaztutako soldata %12 hobetu dutela, lanpostua "erakargarriagoa" izan aldera, beste fruitu batzuen bilketa ere sasoi honetan egiten dela aintzat hartuta. Arabar Errioxako ardoak egiteko mahatsa eskuz jasotzen dela nabarmendu du Garcíak, beste leku batzuetan ez bezala. Errioxa jatorri deituraren Kontseilu Arautzaileak ezarritako kopuruaren arabera, hektareako 5.860 kilo mahats bildu ahal izango dira aurten, eskaera jaitsi egin delako –duela urte batzuk 6.500 kilo jasotzen zituzten–.

Murrizketak uraren erabileran

Duela astebete, Arabar Errioxako Ur Kontsorzioko presidente Padro Mari Rodriguezek azaldu zuen uraren erabileran murrizketak egingo dituztela, "gaizki" ez dabiltzan arren, kontsumoak nabarmen egin duelako gora uda honetan. Azaldu duenez, abuztuaren erdialderako, iaz urte osoan kontsumitu zen uraren %75 kontsumitua zuten jada eskualdean. Oraingoz, beste eskualde batzuetan bezala, lorategien ureztatzeetan edo igerilekuen betetzeetan izango dute eragina murrizketek, etxeetako ur kontsumoa murriztu behar ez izatea helburu.

Murrizketek, besteak beste, lotura dute mahats bilketarekin. Upategi batzuk hasiak dira inguruetako mahats zuria jasotzen edota beste leku batzuetatik ekartzen. Eta, upategiek, ura behar dute, Rodriguezek azaldu duenez: "Etxeetako ur kontsumoak du lehentasuna, baina jakitun gara sasoi honetan upategiek ur kantitate handia erabiltzen dutela; eta mahatsa eta ardoa dira Arabar Errioxako motor ekonomikoa".

Turismoa da beste adar bat. Jende ugarik du eskualdean bigarren etxebizitza, eta bisitari kopurua –beraz ur kontsumoa– gora egiten ari da. Eklipsea ikustera, esaterako, jende mordoa bertaratu zen, "etxe guztiak bete ziren, sasoi berean guztiak, hotelak eta jatetxeak lepo... ur kontsumoa handitzea ekarri du horrek guztiak".

 

 

Zubietako erraustegian elkarretaratzea egingo dute, iragan asteko suteak agerian utzi ostean "enpresak negozioa lehenesten duela, langileen osasunaren aurretik"
2026-08-24 | Jon Torner Zabala
Zubietako erraustegian sutea gertatu zen hilaren 19an, bolumen handiko hondakinen birrintzailearen barruan. LABek salatu zuen zuzendaritzaren erantzuna ez zela pertsonak babestea izan, "langileak zuzenean arrisku... (+)
Eskalatzaileen harrobian, harrobiek egindako zauriak osatzen
2026-08-10 | Jon Torner Zabala
Atxarte, Untzillatx eta Astxiki kareharrizko mendi pikoen arteko haitzartea, Urkiolako parke naturalean, eskalatzaileen harrobi eta eskola ezaguna. Paraje ederrak dira,  baina zauriak dauzka agerian, 1971tik... (+)
Aire girotuak berotu du klima larrialdiaren eztabaida
2026-07-16 | Jon Torner Zabala
Aire girotuaren inguruko eztabaida bizi-bizi dago Frantziako Estatuan. Bero sapak are gehiago hauspotu du afera: ezkerrak dio, besteak beste, aparailuek energia asko xahutzen dutela eta... (+)
Babestutako eremua izanik ere, Urederran bainatzen jarraitzen du jendeak
2026-07-16 | Jon Torner Zabala
"Hango uren urdin turkesak Kariben zaudela pentsaraziko dizu; erreka hau, ordea, Nafarroan jaiotzen da eta aurrez lekua gordeta soilik bisita daiteke". Hamaika webgune eta sare... (+)
"Bainatzea debekatuta": Pirinioak ez daitezen bihurtu jolas-parke
2026-07-12 | Jon Torner Zabala
Orain gutxi arte, aragoiar edo kataluniar Pirinioetako lakuen ederrak mendizale jendea erakartzen zuen batez ere. Edertasun hori, baina, maldizio ere bada, maldizio izan daitekeenez argazki... (+)
gora