Martxo eder eta lehorrak upelak betetzen.

Usainak eta kiratsak

Zuhaitzen lore sasoien usainak ederrak dira, batzuk. Igaro berri dira mimosarena (Acacia dealbata) eta goizeko magnoliena: magnolia izarra (Magnolia stellata) eta magnolia tulipa (Magnolia soulangeana). Usain ederrez ekarri digute itulan egun luzeen aroa. Eta orain sahatsak (Salix spp.) eta elorri beltzak (Prunus spinosa) ditut nik inguruan lurrinemaile. Horiek erdiz erdi hotzaldiak eta euri luzeak harrapatu dituzte eta ez daukate atarramentu onik; lurrina emanagatik zail dute polinizazioa eta fruitu eta hazi ekarri eta ematea. Sasiakazia (Robinia pseudoacacia) eta haritza (Quercus robur) begiak irekitzen eta hostotxo berrien artean lore zintzilikarioak bixtaratuta atzeman ditu hotzak eta irekiera mantsotu dute. Hurrengo bero kolpean a zer jantzia hartuko duten, eta sasiakaziaren lurrinak udako beroeneraino eramango du gogoa. Zer da gozoetan gozoa!

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko martxoaren 18a
Gingkoaren haziak. Irakin ondoren zartaginean erregosita oso goxoak dira.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lurrin gozoa ez duten landareak ere badira, ordea, badirenez. Egun hauetan etxean eta etxeko ditudan lagun batzuen etxean ere zuhaitz landaketan aritu gara. Sagastiak batetik (Malus domestica) eta udareondo (Pyrus communis “Sanjuan udare”), ezki (Tilia platyphyllos), arana klaudia gorri (Prunus domestica "Reine Claude d'Althan"), gaztainondo (Castanea sativa), xarma (Carpinus betulus) eta pagoa (Fagus sylvatica) landatu dugu, baina baita ginkgoa ere (Ginkgo biloba). Azken horiekin dator usainik onena. Hobeto esanda, kiratsik txarrena. Ginkgoa dioikoa da, hau da, zuhaitz batzuk arrak eta beste batzuk emeak dira. Biak udaberrian loratzen dira, baina alea eman, beti bezala, emeak ematen du. Ale hori udazkenean heldu eta lurrera erortzen denean inguruan egotea ezinezkoa da, lagunaren kaka-usaina du, garbia, imitazio ezin hobea. Oraindik ez dakigu zergatik imitatzen duen hain ondo gure gorotzaren usaina. Zer onura ematen dio haziaren zabalkundeari? Ikaragarrizko kiratsa zabaltzen du. Kutsadurari ondoen eusten dion zuhaitzetakoa da eta hirietako kaleetan asko landatzen da. Lehen edozein landare jartzen zen, hazitik sortu eta kitto, orain, ordez, usaina dela medio, soilik arrak landatzen dira; ugaldu ez beste lan guztiak bete ditzan: gure arnasa garbitu, itzala eman, hiria berdatu eta abar.

Emearen emankortasuna kirasduna izango da, baina ez txarra. Asia ekialdean jan egiten dute (Txinan, Japonian, Korean), eta prestatzea ez da zaila: ez usaituarena egin eta aleak bildu; mami kirasdunetik barruko hezurrak bereizi, eta uretan ondo-ondo garbitu; hezurrak berriro garbitu; bi minutuz uretan irakin, atera, koipe pixka bat duen kazo edo paderan erregosten jarri, estalita eta arto krispetak bezala lehertu eta azala pitzatuko zaie. Orduan daude jateko onenean, gatz ttantta batekin edo nahi bezala. Gutizia bikaina.

Boladan jarri bitartean aprobetxatu eta jan. Mendiko onddotan ez bezala, ez duzu konpetentzia handirik izango bilketan. On egin.

Sua lotzen duen lorea
2025-05-26 | Jakoba Errekondo
Egurra lorarazteko gai da. Egurra lore bihurtzen du, bai, izan zurgin, arotz, zur-langile, zur-lantzaile, maiasturu, benuzer edo menuzer, zur-apaintzaile, zur-egintzaile, zuharotz, zurgile, zurgin-neska edo zurgin-mutil... (+)
Pagotxa eta beste pagotxak
2025-05-19 | Jakoba Errekondo
A ze pagotxa!, esan ohi dugu. Pagotxa edo mauka edo txokoa edo mantxunga edo… onturre edo probetxu ona ateratzen zaion zerbaiti edo horren aukerari esaten... (+)
Baso bat da dolarea, baita sagardoa ere
2025-05-12 | Jakoba Errekondo
Aurten bai urtea da. Sagar urtea izango da aurtengo hau (Malus domestica). Eta baialdia behar bezala agurtu eta baliatzeko, besteak beste, dolareak gertatu beharko ditugu.  (+)
Hazi batetik mundu guztiak
2025-05-05 | Jakoba Errekondo
Lagun asko dut. Ezagutzen ditudanetatik hegalari jendea da mordoxka bat. Duela hiru bat urte, horietako baten bisita izan nuen; ez dut gogoan nor zen. Antxeta... (+)
Egurra diamantea baino arraroagoa da
2025-04-28 | Jakoba Errekondo
Egurra diamanteak baino arraroagoa, bakanagoa da. Bai, unibertsoan errazagoa da diamanteak topatzea egurra baino. (+)
gora