San Mark, arthorik baduk, lurrerat emak.

Baso bat da dolarea, baita sagardoa ere

Aurten bai urtea da. Sagar urtea izango da aurtengo hau (Malus domestica). Eta baialdia behar bezala agurtu eta baliatzeko, besteak beste, dolareak gertatu beharko ditugu. 

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko maiatzaren 12a
Igartubeiti, dolare-baserri gotikoa, Ezkion.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gaur egun dolare gehien-gehienak metalezkoak dira, ezin herdoilduzkoak, eta lana errazteko motorrez jo, txikitu, estutu, zanpatu, lasaitu, harrotu eta berriz zanpatzen da sagarra. Sagardo puska bat egin behar duen jende gehienak metalezko horien aldeko hautua egina du. Eta, sagardoa egin eta ontzeko ere, egurrezkoak ez diren ontziak erabiliko dituzte: beira zuntzezkoak, hormigoizkoak edo betoizkoak, plastikozkoak, altzairuzkoak…

Urte sasoi honetan belazean ziza topatzea bezain zaila da, baina non eta han bada, oraindik ere, egurrezko dolarerik. Ia denak sagardo asko egingo ez duten tokietan. Baita dolare berriak ekarri eta egurrezko zaharrak atzera utzita daudenetan ere. Edo erdi eroritako etxeen hondakinen artean. Horiek denak maite ditut. Urtetan, ehundaka urtetan sagarra sagardotu duten egur horiek barnean dute gure kultura likidoa. Egurra belaki baten tankerakoa da, harroa, arola, fardoa, eta hanpatzeko gai da. Bizirik balego bezala, likidoak bere baitan har ditzake eta puztu, eta hurrengoan seko lehortuko da. Egurra sagardoz blaitzen denean ur-asetu egiten da eta ur-handitu. Bete egiten da, baina sagardoz. Egurraren barruan izango den sagardo horren kudeaketak haginduko du bere etorkizunaz, sagardoa ondu edo txartu egingo duen.

Egurra nolakoa, sagardoa halakoa. Dolareetan eta ontzietan egur asko erabiltzen da, baso bat biltzen dute. Baso bat basorako, edo koparako.

XV. mendean etxea dolarea zen, dolarea zen baserri handien zurajea. Ia erabat haritzezkoa (Quercus robur). “Baserri gotikoak” esaten zaie. Gero etorri ziren dolare barrokoa zuten baserriak, txikixeagoak eta etxearen zurajetik bereizita zeudenak. Egun ezagunenak ditugun zurezko dolareak XIX. eta XX. mendeetakoak dira. Ardatza burdinazkoa dute, baina gainontzeko egitura osoa zurezkoa: azpi-subilak, aska, kantalerak, sareak, hodiak, hagak, pats-oholak, puskak, giltzak eta urkatxua. Zur nagusia haritza da, baina sarea makalarekin (Populus nigra) edo zurzuriarekin (Populus alba) egin izan dute. Hodiak eta, zenbaitetan, pats-oholak haltzazkoak dira (Alnus glutinosa). Askak txuloa du, muztioak tinara alde egin dezan, eta, iragazteko, basaerratza (Ruscus aculeatus) edo asun (Urtica dioica) sorta jartzen zen. Dolare txikietan torlojua edo ardatza zuhandorrarekin (Cornus sanguinea) ere egin izan dira. Dolarean askaratu aurretik, sagarra subilarekin jotzen zen; horren burua pagozkoa (Fagus sylvatica), haritzezkoa edo sagar makatzezkoa (Malus sylvestris) da eta kirtena hurritzezkoa (Corylus avellana).

Subilarekin haltzazko edo haritzezko pats-ohola joz, kirikoketa musika sortzen da. XV eta XVI. mendeetako laneko musika eta erritmoa, talde lanarekin sortutako haltz bihozgabearen doinuak. Gero etorri zen txalaparta, dolare barrokoaren aska gaineko torlojuak jira eta estutzeko artezko (Quercus ilex), pagozkoa edo lizarrezkoa (Fraxinus excelsior) makila motzekin haltzazko pats-ohola bera joz eraikitako airea.

Aire horiek aditutako sagar muztioa sagardotzeko egurrezko ontziak izan dira herenegun arte nagusi. Orain metalezkoak. Dolarearen egurrak gero mama gozoa izango den sagardoan eraginik badu, tina, barrikote, barrika, bukoi edo upelaren egurrak ere zeresanik badu. Ontzira muztioa haritzezko onilarekin sartzen zen. Upolak batez ere haritzezkoak izan dira, baina baita gerezizkoak (Prunus avium eta Prunus cerasus), sasiakaziazkoak (Robinia pseudoacacia), gaztainazkoak (Castanea sativa), lizarrezkoak eta, oso gutxitan, pagozkoak ere. Ontzi horien uztaiak edo ailarak egiteko gaztaina, hurritza, gerezia, haltza eta zumar hostotxikia (Ulmus minor) erabili izan dira. Ontziak egitean, upolak edo pipolak estutzeko, zumea (Salix spp) erabiltzen zen. Ontzi horiek tarteka ireki ere egin behar, eta zipotza edo txotxa intsusazkoa (Sambucus nigra) edo arbustu arruntezkoa (Ligustrum vulgare) zen. Edale amorratua zela esateko, barrikaren intsusaren ondoan zegoela esaten zen.

Gero etorriko dira botilaren artelatzezko (Quercus suber) kortxoa eta eukalipto (Eucaliptus spp.) eta abarrezko etiketak. Etiketa horretan, komeni den bakanetan, gehienez ere haritza aipatuko dizute, basoa ikusten uzten ez dizun enbor hori.

Bioaniztasuna? Ez, biobakuntasuna
2026-03-09 | Jakoba Errekondo
Ikusgarria da paisaia. Garitzak berde daude. Laboreen lurraldeak bete-bete eginda eta aurtengo uraren emana eta noiz-nola izan den kontuan izanda, esan daiteke ondo bidean iazko... (+)
Denak ez ditugu lagun
2026-03-02 | Jakoba Errekondo
Udaberria badoa. Lotsagabe xamarra dela pentsa dezakezu; izan ere, egiten diogun kasu eskasagatik, aspaldi erabaki zuen ez gintuela gehiago agurtuko, ez etortzen denean, ezta alde... (+)
Negu on igaro
2026-02-23 | Jakoba Errekondo
Aurten hotz pixka bat badugu, bejondeigula. Negurako jasotako jakiak gozatzeko eguraldi aproposa. Gaur egun izozkailua eta hozkailua ditugu horretarako erreginak, baina garai batean barazkiak, fruituak,... (+)
Inausketa eta orbaintzeko pasta
2026-02-16 | Jakoba Errekondo
Epaila badator eta zuhaitzen eta arbolen epaiketak, inausketak edo kimaketak egiteko sasoia da. (+)
Bakoitzak bere habia
2026-02-09 | Jakoba Errekondo
Zetazko habiak nabarmenak dira orain, prozesionaria edo pinu-beldarrarenak (Thaumetopoea pityocampa). Sortzen hasi zirenean aurrea hartu ez bazitzaien, behintzat. (+)
gora