Otsaileko oloa olo; martxokoa, olotto; apirilekoa, ez olo eta ez lasto.

Egurra diamantea baino arraroagoa da

Egurra diamanteak baino arraroagoa, bakanagoa da. Bai, unibertsoan errazagoa da diamanteak topatzea egurra baino.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko apirilaren 28a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Karbono hutsa da diamantea, eta nonahi sor daiteke. Egurra emango duten zuhaitzak, aldiz, oso bizi baldintza zehatzak dituzten planetetan ez beste inon haz daitezke. Zeruzale baten, Neil deGrasse Tyson astronomo, kosmologo, idazle eta zientzia jendarteratzailearen hitzak dira. Nire bihotzeko bakanetakoa, zientziaren munduan izar bat da; 2007an, munduan gehien eragiten duten 100 lagunen arteko izendatu zuen Time Magazin-ek, eta, 2008an, “Zientziako 50 Garun Hoberenak” multzoan hautatu zuen Discover Magazin-ek. Tyson jaunaren edozein burutazio irakurtzen-ikusten dudanero, ilunabarrean etxe atariko arbolaren azpira joan eta pixkanaka egun horri dagokion kosmosa nola antolatu eta bistaratzen denari begira jartzen naiz, ia beti negar-aginean.

Bart arratsean, zuhaitzena eta diamanteena irakurri ondoren, etzan eta negar batean jaiki ezinik egon nintzen, negar-antsiz, luze. Izan ere, zuhaitzei gaizki tratatzen eta erasotzen dien zenbat jende dago! Diamantearena jakin edo ez, nola osatu dugu zuhaitzen balio izugarrien jakintza oraindik ere ikastetxeetatik hain urrun duen jendartea; eta, panorama ikusita, ez du urte asko eta asko baino lehenago zuzentzeko zantzu arrastorik. Euskaldunok, ustez arbolekin izugarrizko lotura estuak izan ditugun eta ditugunok. Berriz negarrez.

Zuhaitzen egurra diamanteak baino balio handiagoa duen altxorra dugu. Unibertso zabalean, toki ugaritan sor daitezke diamanteak: planeta erraldoien bihotzean, etsai antzeko munduen atmosferan, hildako izarren hondakinetan... Lurrean hain ohikoa den egurra, ordea, infinitu azkengabe bakanagoa da.

Zuhaitza hazteko oreka miragarri bat behar da: atmosfera oxigenoduna, ur likidoa, tenperatura aproposak eta bizitzari eusten dion ekosistema. Baldintza horiek gurea bezalako planetetan bakarrik daude, non bizia milioika urtez garatu den.

Egurra-diamantea uztarri honek gogorarazten digu benetan baliotsua ez dela distira egiten duena, bizitza ematen duena baizik. Zuhaitz bat, bere adarrak zerurantz, zer da ba, Lurrean modu berezian lerrokatu ziren indar kosmikoen emaitza ez bada. Diamanteak kristal mota bat baino ez diren unibertsoan, egurra mirari bat da, bizitza bere formarik berezienean.

Beharbada, bada garaia benetan arraroa eta baliotsua dena berraztertzeko.

Hurrengoan, zuhaitz baten etorkizunaz erabakiren bat hartu behar duzunean, begira ieazaiozu den unibertsoko mirariaren pareko gisa, gu denon arnasaren iturri amaigabea.

Aizkorak zorroztu, eta motozerrak, guraizeak eta zerroteak ere bai, erabiltzez gero zorrotza hobe, baina zertarako erabili da galdera. Begi zerra-ireki batean unibertsoko gairik bakanena, gairik arraroena emango duenari lepoa moztuko diogu. Eta zauritik negarra jarioko du.

Zuhaitz horretatik eratorritako egur horrek zure bizitzarako behar duzun zerbait sortuko badu (mahaia, ohea…), gaitzerdi. Plastikoz egindakoa baino hobea izango da. Eta, zurezko mahaian ari zarenean, gogoan izan, diamante artean bizi zara.

Sagardogintzaren zurajea
2026-05-18 | Jakoba Errekondo
Zurajea etxea da. Edozein tresna edo eraikuntzaren egitura da etxea. Gurdiak gurtetxea du, orgak orga-etxea eta xarretak xarreta-etxea; areak arretxea; goldeak golde-etxea; dolarearen egitura dolare-etxea... (+)
Hartz baratxuria eta larre lirioa
2026-05-11 | Jakoba Errekondo
Porru ederra dugu, era guztietako jendea bada. Mendira edo errio ondora joan eta ikusten duen landare guztia on, jangarri, bizi-lorea dela uste duena, eta, ahuntzak... (+)
Zuria, kolore eta olore
2026-05-04 | Jakoba Errekondo
Hor darraio genozidio batek. Ez da bakarra. Ez lehena, ezta azkena ere. Izugarria bai, zer garen eta zer izan gaitezkeen ederki asko erakusten diguna. Palestina. (+)
Azeribuztana adiskide
2026-04-26 | Jakoba Errekondo
Isatsa edo buztana, lukiaren edo azeriaren atzekia ikusten dugu euskaldunok landare batean (Equisetum telmateia). Luki-buztan, luki-belar, azeri-belar, azeri-isipu, azagari-buztan, oilar-puztan eta eztainu-belar ere esaten zaio.... (+)
Zuhaitzaren argia
2026-04-20 | Jakoba Errekondo
Zenbat denbora da ez dituzula ohean egiten diren gauzak zuhaitz baten azpian egin? Siesta bat, adibidez. Edo txortan. Edo negar. Edo galdera beste era batera... (+)
gora