Lurrak loreetan barre egiten du.

Pagotxa eta beste pagotxak

A ze pagotxa!, esan ohi dugu. Pagotxa edo mauka edo txokoa edo mantxunga edo… onturre edo probetxu ona ateratzen zaion zerbaiti edo horren aukerari esaten zaio “pagotxa”.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko maiatzaren 19a
Pagotxa loretan (Trifolium incarnatum).
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Pagotxa berez landare bat da (Trifolium incarnatum), hirusta gorrimin koloreko lorea duena, bai. Belar horren izena nolatan erabili da aukera edo mauka adierazteko? Gaur egungo nekazari jende bakan batzuek besterik ez dute pagotxa ezagutzen, baina aurrekoek ezagutzen zuten, bai. Jende heldu askori galdetu izan diot nolatan parekatze xelebre hori, eta gehienek bi gauza aipatzen dituzte. Baga, aziendarentzako jatenik onenetakoa da eta, biga, ukuiluratzeko segatzen eta biltzen oso erraza da. Segan ikasten ari ziren gaztetxoek pagotxa eta alpapa (Medicago sativa) omen zituzten eskola onenak.

Pagotxa bai, oso elikagai ona da aziendarentzat. Lekadun guztiek bezala, aparteko eman-hartua dute nitrogenoarekin. Sustraietan apopilo hartzen dituzte bakterio nitrofilo batzuk eta haiei azukreak ematen dizkiete eta trukean bakterioek nitrogeno ugari ekartzen dute airetik hartuta. Nitrogeno hori da landareen elikagai nagusia, eta hostoa, zarba, mastra sustatzen du, landarearen berdeari saka egin eta aitzinatzen du. Ondorioz, lekadunak proteinatan aberatsak dira eta belarjaleek maite dituzte. Era berean, lurra ere nitrogenoz asetzen dute.

Pagotxa eta alpapa dira hemen ezagunenak; lantzen errazak eta onenak direlako izango da, baina ez dira bakarrak. Hor ditugu hirusta gorria (Trifolium pratense), hirusta zuria edo zuri-hirusta (Trifolium repens), txirta edo zalkea edo zalga edo lalgene edo beza-borta edo zuhain-zalkea (Vicia sativa), basazalkea edo txingila (Vicia cracca), basatxintxila edo apo-ilarra (Vicia lutea), xotxa edo itsabalkia (Melilotus officinalis), mendiko uso-belarra (Lotus corniculatus) eta astorkia (Onobrychis viciifolia).

Garai batean horietako asko ezagutzen ziren eta gehienak erein egiten ziren; bai larreak aberastu eta azienda belarjaleari eguneroko horzkadakoak goxatzeko, bai belardietako belarrak moztu eta berdetan jatenetan emateko, edo onduta jaso eta azienda ukuiluan denean, edo kanpoan jatena urritzen denean haren anoa osatzeko erabil daitezke lekadun hazkurritsuak. Ha ze pagotxa! Denak pagotxa.

Adibidez, astorkia izugarri maite du behor aziendak, eta hortik datorkio Onobrychis izena: grekoz “ono” mandoa da eta “brycho” gogoz jatea, beraz, mando jendeak gogotsu jaten duena. Euskarazko “astorki” izena ez dakit noiztik erabiltzen den, baina burutazio beretik sortua da. Jose Maria Lakoizketa Santesteban apez botanikari handiak honela azaltzen du bere  Diccionario de los nombres éuskaros de las plantas en correspondencia con los vulgares castellanos y franceses y científicos latinos 1888ko liburuan: asto + orri + kia eta esanahia “astoari arrantza eginarazten dion orria”, izan ere, hainbeste gustatzen zaio, ze jan ahala arrantzari ekiten baitio.

Larre lekadunen ereintza udazkenean egiten da. Neguaren amaiera arte sendotu eta sustraijea hedatu eta indartzen du. Udaberriarekin, gauaren iluna moztu eta egunaren argia 12 ordu baino gehiago luzatzen denean, garatu, loratu eta haziak sortzera joko dute. Polinizatzaileek ere maite dituzte, eta eztiari aparteko dasta eransten diotela diote. Lur eta klima baldintza gogorrak eramateko gai dira. Gehienetan lekadunak loretan hasi orduko moztu egiten dira, baina loraldi ikusgarria dute, kolore deigarrietakoak. Deigarrienetakoa pagotxa bera da, ea inon topatzen duzun, gorrietan gorri.

Malkoen bideko babarrunak
2025-12-08 | Jakoba Errekondo
Babarrun aleak titi artean jaso eta aurrera. Ipar Amerikako jatorrizko herrialdeetako txerokiak XIX. mendean beren kulturaren lurraldeak utzi eta lur arrotzetara joatera behartu zituzten. (+)
Txin-txinaren palma-zuhaitzak
2025-11-30 | Jakoba Errekondo
Nire inguruan maitale gutxi dituzte. Palma-zuhaitzek. Maitari edo amatzaile gutxi horiek zale sutsuak dira, bai horixe! Gehienek, ordea, kanpotartzat jo eta muturreko eskuindarrek immigranteak bezala... (+)
Loreak lorategietan eta pertsonak kaioletan
2025-11-24 | Jakoba Errekondo
Pertsonak kaiolatan sartuta ezagutu ditu gure espezieak. Duela ez asko, Europako estatu handiustekoek mundu osoan koloniak zituztenean, kolonizatutako lurralde horietako lurrak bereak balira bezala jarduten... (+)
Sexuaren premia
2025-11-16 | Jakoba Errekondo
Ni hibrido bat naiz. Zu ere bai. Baita hura ere. Den-denok gara hibridoak. Ikusten dituzun animalia eta landare guztiak. Landare bakan batzuk kenduta, denok ditugu... (+)
Kuia jendearen festak
2025-11-10 | Jakoba Errekondo
Kuia jendea esanda zer familia etortzen zaizu burura?  (+)
gora