Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bilboko itsasadarraren ertz biak lotzeko ibilgailuentzako tunelaren proiektuagaz batera, Areeta eta Sestao lotuko zituen anezka-tren bat ere iragarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiak 2022an. Orain, proiektua gauzatzeko ardura Eusko Jaurlaritzaren mendeko Euskal Trenbide Sareari (ETS) dagokiola adierazi du Carlos Alzaga Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko diputatuak. Itsasadarraren azpiko proiektuaren aurkako plataformak salatu duenez, "greenwashing maniobra bat baino ez da izan proiektuaren benetako izaera ezkutatzeko" .
Bizkaiko Foru Aldundiak eraiki gura duen Bilboko itsasadarraren azpiko tunela erabiliz, Areetako eta Sestao Metro Bilbaoko geralekuak itsasadarraren azpitik lotuko lituzkeen anezka-trenaren proiektua bertan behera geratu da momentuz. Aldundiak trenbide-azpiegiturez arduratzen den ETS Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakundeari helarazi dio orain proiektua gauzatzeko ardura. Hala baieztatu zuen eguaztenean, Carlos Alzaga Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak, EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez. Anezka horrek egungo ibilbidea 25 minututik 4 minutura murriztuko luke, San Ignazio inguratzea saihestuz.
Diputatuak iragarri zuen itsasadarreko tunelaren proiektuan etorkizunean trenbidearen trazadurara txertatzeko doikuntzak mantenduko dituzten arren, "trenbide-tunela diseinatzeke dagoela eta ETSri dagokiola". Hala, itsasadarraren azpitik Areeta eta Sestao artean zeharkatuko lukeen tren automatikoaren erantzukizuna bereizi du Aldundiak.
Anezka-trena 2022an iragarri zuen orduko ahaldun nagusi Unai Rementeriak, itsasadarraren azpiko tunelaren proiektu multimodalaren barruan. Orduan, infografiak aurkezteaz gain, 85 milioi euroko inbertsioaz ere hitz egin zuten. Hala ere, ia hiru urte geroago, aurrerapen zehatzik egin ez denez, eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak 2023an eskatutako bideragarritasun-azterlanaren emaitza publikorik ez dagoenez, ziurgabetasuna sortu da Bilboko metropoli-eremuko mugikortasun iraunkorrerako trenbide-lotura estrategiko horren etorkizunari buruz.
"Greenwashing maniobra"
Itsasadarraren tunelaren proiektua hainbatetan gaitzetsi duen Subflubiala EZ plataformak salatu duenez, trenbidearen proiektua "greenwashing maniobra bat baino ez da izan proiektuaren benetako izaera ezkutatzeko". Deitoratu dutenez, klima larrialdi betean, Aldundiak auto pribatuaren erabilera bultzatuko duen 500 milioitik gorako proiektua sustatu gura du.
Hori dela eta, plataformatik irmoki salatu dute "maniobra" eta Aldundiari proiektua bertan behera uzteko eskatu diote, aldiz, dirua garraio publikoa bultzatzera bidera dezala exijitu diote.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545