Astelehenero 8:00etan zure epostan
Lagun asko dut. Ezagutzen ditudanetatik hegalari jendea da mordoxka bat. Duela hiru bat urte, horietako baten bisita izan nuen; ez dut gogoan nor zen. Antxeta mokogorria izan zitekeen, edo zozo eme bat, edo saldo handietan ibiltzen diren arabazozo pikart horietakoren bat, edo haitz-usoa, edo pagauso potxolo bat.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Bisitan, etxe aurreko hesian dauden tantai luzeetako batean jarri zen, inguruan bele, miru beltz edo zapelatz etsairik ba ote zebilen zaintzeaz gain paisaiaz gozatzen. Mendebalak gozo jotzen zuen abagunean, sasiakazia (Robinia pseudoacacia) masteleroaren muturretik ttak salta, frist abiatzerako zirin dosia askatu, blang-blang hego parea zabaldu eta badoa beheraxeagoko marrubidia (Fragaria x ananassa) miatzera.
Lagunak ditut bista edertu, ingurua doinuz jantzi eta fruituen jateko sasoian unean-unean onenak, ederrenak zein diren, mokoarekin xaki, markatzeagatik. Gure amona Zubietako Barrenetxeko Joxepa Amunarriz Arostegi zenak hala erakutsi zigun: marrubi edo sagar (Malus domestica) edo udare (Pyrus comunnis) edo arana (Prunus domestica) edo gerezi (Prunus avium) onena txoriren bat jaten hasi eta mokoarekin zulatutako hura zen.
Hartu eta eraman bakarrik ez, eman eta utzi ere egiten dute hegaztiek. Bere zirin aberats horretan, landareentzako elikagai on asko zabaltzen dute. Eta haziak. Hegazti ugariren elikaduran, garrantzi handia dute fruituek eta haziek; fruitujale edo bihijale esaten zaie.
Duela hiru urteko bisita hark arrastoa utzi zuen, zirin pustila mastelero tantaiaren oinean. Eta oparia barruan, hazi bat. Hazi gogor bat jan zuen hegaztiak, bere errotan edo heran dituen harri txintxarrekin ehotzen saiatu eta azala urratu besterik ez egin, gero urradura horiek digestioko azidoek sakondu eta zirin-faran hor doa arrautzak jartzeko zulotik. Zirinetan bapo doa hazia, erortzen den tokian erortzen dela bere ongarri dosiak inguratuta lurreratuko da. Hazia ernatu orduko jakiak eskura, sustraira, sustraien harmen, ezin hobeto.
Ba bisita haren ondorioz zuhaitz eder bat jaio zen atariko hesi nahasian, almeza edo basaka edo urkitza edo xarma esaten zaion zuhaitza (Celtis australis). Gure inguruan ez da ohikoa, eta etxe inguruko landaredian ez nuke nik landatuko. Kaleetan eta parkeetan ikusten da Euskal Herri hezean; ugariagoa da aieka lehorrean eta bertakotuta ia nonahi topa dezakezu. Non jan ote zuen gurean jaiotako zuhaitzaren hazia?
Almezaren haziak toxikoak dira gaztetan; berde direnean ez jateko garbi adierazten dute: mikatz-mikatzak dira. Gero gorrizta-horixkara mudatzen dira, toxiko baita ere, eta azkenean beltz distira urdinxkarekin "etorri-etorri, orain jateko modukoak gara" esaten dio jan nahi duenari. Ugaria den tokietan jendeak jaten ditu, baita anisetan edo uxualetan beratu eta likore gisa hartu ere. Gozoa izango da, agi danean, zenbait tokitan azukrearen ordezko erabili izan da-eta.
Beste animaliek ere jaten dute almez hazia: jendeak, azeriak, azkonarrak eta lepazuriak behintzat bai. Horietakoren batek erein-simaurtu ote zuen almez hau eman duen hazia?
Urte batzuk badira Berastegiko azokan bertoko Andres Etxeberria Iztueta zurgina ezagutu nuela. Hark erakutsi zidan almezaren egurra aziendaren zintzarrien lepa-uztaiak egiteko erabiltzen zuela. Bere egurra oso biguna da, moldatzen erraza; ezagutuko duzu, erabat egurrezkoak diren sarde horiek almezezkoak dira.
Jose Etxegarai Eizagirre jatorri euskalduneko idazle madrildarrak 1904an Literaturako Nobel saria eskuratu zuen Frederic Mistral Poulinet idazle okzitaniarrarekin batera. Mistral horren lehenengoetako lan bat, “Mireio”, ekarri zuen euskarara Orixek, eta han ageri da maiz almeza, baina Nikolasek “basaka” esaten dio. Horietako batean honela itzuli zuen: “Eta Maiatzak irri egitean basakaetan eratxikitzen diren erlekumeak”. Erlekume sasoia ere bada, bai, hau.
Istorio horiek denak eta etorriko diren gehiago jaio dira gure etxe atarian. Hazi batetik abiatzen dira mundu guztiak, eta gu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545