Abuztuaren erditik aurrera eguna moztu eta euliak zorroztu

Sua lotzen duen lorea

Egurra lorarazteko gai da. Egurra lore bihurtzen du, bai, izan zurgin, arotz, zur-langile, zur-lantzaile, maiasturu, benuzer edo menuzer, zur-apaintzaile, zur-egintzaile, zuharotz, zurgile, zurgin-neska edo zurgin-mutil denak.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko maiatzaren 26a
Eper-begiak, zainak eta kondotxoak hagin ohol batean.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Arituko da zurgintzan, zurgingoan, zuharozkintzan, maiasturugoan, maiasturuntzan, arotzeritzan, arotzian edo arozgintzan zurgin-olan. Zurginak artezko (Quercus ilex) kaxan duen marrusketa esku artean gozo-gozo bermatzen duenean eta egurrean pausatzen, arnas sakonxeagoa hartu eta aurrez marrazak zertxobait findu duen piezan bultzadizo arina eraginda fin-fin eramango du besoen luzerak ematen dioneraino; egurbidean marrusketaren mihiak, zorrotzaren zorrotzez egur xafla, mehe-mehe ia garden, airean gora kiribilduz lorea ernatuko du. Aroztegian leihoko errainu etzanak argiztatu eta erakusten duen zerrautsez zirripiztindutako airean loratzen da egurra. Egurraren lore horri txirlora esaten zaio, baina baita txirbil, txiri, txibiri, txiribiri, txirinta, txirrika, txirripizta, bonbona, kizkur, zirtzil, zirripil, xirringil eta zirringil ere; loreak txikiak badira txoskinak, txutxukakinak edo txurrustakinak eta handiak badira txurrustak dira. Lore itxia beharrean, zenbaitetan, oso irekia edo uhal tankerako zinta osatzen da, eta orduan xingola esaten zaio. Marrusketaren mihiak ez baizik eta labanaren mihiak eginak badira, zitxuketak edo zintxuketak dira. Ez dakit zorrozkailuak arkatzaren punta pikatzen duenean eratzen duen petalo ertzak arkatzaren azalaren kolorekoak dituen lore xutak zer izen ote duen. Inork baleki, gustura ikasiko nuke.

Txirlora fina sua egiteko gai egokia da, sua lotzen du erraz, baina etorri ahala joaten zaio, gar lasterra du. Txirlorak edo bonbonak egiten duen suak bonbonadak sor ditzake, gar handiak. “Amodioaren suzko bonbonadetan irazekita” aurkeztu zigun maitale beroren baten egoera Gregorio Arruek, 1888ko Mayetzeco ill edo Birgina chit santari consagratutaco Mayetzeco illa liburuan.

Egurrari lorea kentzen zaionean, zur bihurtzen da, landua da; jantzi egin dela esan daiteke. Landuz leundu da, hasieran aizkorak, gero opaitzurrak, trabesak, marrazak, trintxak, kubiak eta marrusketak, eskuz esku denak, pasaeraro egurra igurtzi eta txukun zurtzen ari ote den igarriko dion esku horrek.

Mihi txorrotxenekin leuntzearen fintzez, egurraren azala zena uki gozo eta atsegineko zur-mintz bihurtzen denean, egur bakoitzak berezkoak dituen akats, huts eta makurrak axaleratzen dira. Horiek zurginaren gustukoenak. Egur batek erakutsiko dituen arrasto horiek ez ditugu beste batean atzemango, bereak eta bakarrak dira. Zurginak eraikiko duen zurezko pieza horren osagai bitxiak. Jende askok ikusi ere egingo ez dituenak, baina zenbaitentzat zur hori urrearen parera eramango dutenak. Berezitasuna, bakantasuna, ohiz kanpoko bikaintasuna, gorabehera, irregularra, berebizikoa, nabarmena, bestelakotasuna, aldea, heinik gabeko bederekoa, horiek denen bila ariko da zuretan eskua.

Eta zuretan edertuko dira zoka, sustraije, eten, zulotxo, adabegi, zain, hari, kondotxo, alaka, begizta, adapo kuskur, adañi, adarrondo, atze-nini, arakaitz, arakaitz-trosko, troskote, trunpilo, garitxa, gargail, urrubi, porrilla, arakondo, bizien, txoskor, txurru eta txurro, lakar, gaztaina-titi, oilaur, zarakar, mozkor eta tipula. Niri gehien gustatzen zaidan akatsa eper-begia da, batez ere haginarena (Taxus baccata). Eta hegaztia aipatuta, Martin Itziar Agirre azkoitiarrak 1966an argitaratutako Txoriak: Gure txoriak liburuan jaso zuenez, garrapoari “arotz-txori” ere esaten zaio, eta okilak arotzak dira: arotz handi, arotz txiki eta arotz gibel-zuri. Zurgin ez baina arotz bai.

Bioaniztasuna? Ez, biobakuntasuna
2026-03-09 | Jakoba Errekondo
Ikusgarria da paisaia. Garitzak berde daude. Laboreen lurraldeak bete-bete eginda eta aurtengo uraren emana eta noiz-nola izan den kontuan izanda, esan daiteke ondo bidean iazko... (+)
Denak ez ditugu lagun
2026-03-02 | Jakoba Errekondo
Udaberria badoa. Lotsagabe xamarra dela pentsa dezakezu; izan ere, egiten diogun kasu eskasagatik, aspaldi erabaki zuen ez gintuela gehiago agurtuko, ez etortzen denean, ezta alde... (+)
Negu on igaro
2026-02-23 | Jakoba Errekondo
Aurten hotz pixka bat badugu, bejondeigula. Negurako jasotako jakiak gozatzeko eguraldi aproposa. Gaur egun izozkailua eta hozkailua ditugu horretarako erreginak, baina garai batean barazkiak, fruituak,... (+)
Inausketa eta orbaintzeko pasta
2026-02-16 | Jakoba Errekondo
Epaila badator eta zuhaitzen eta arbolen epaiketak, inausketak edo kimaketak egiteko sasoia da. (+)
Bakoitzak bere habia
2026-02-09 | Jakoba Errekondo
Zetazko habiak nabarmenak dira orain, prozesionaria edo pinu-beldarrarenak (Thaumetopoea pityocampa). Sortzen hasi zirenean aurrea hartu ez bazitzaien, behintzat. (+)
gora