Astelehenero 8:00etan zure epostan
Astelehenean Urduña (Araba) Herri Eskolako hezkuntza komunitateak agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarrean eta EAJko ordezkariak azaldu zien "sukalde propio in situ eta bertikala" ezarriko duela Jaurlaritzak, egun dagoen ereduaren ordez.
2017an mobilizazioak egin zituzten Urduñan jantoki eredu agroekologikoaren alde.
Urduña Herri Eskolako Guraso Elkarteak adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari 2018an abian jarritako jantoki eredua kendu nahi duela Eusko Jaurlaritzak. Berez, hiriko ikastetxeko hezkuntza komunitatea Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egon zen atzo eta hori izan da eztabaidak utzi duen ondorioa, euren ustez.
Azaldu bezala, Herri Eskolako hezkuntza komunitateak 2005etik aurrera egindako lana aldarrikatu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean eta egungo ziurgabetasunari aurre egiteko neurriak eskatu zituen. Izan ere, 2018tik proiektu pilotu gisa ari da lanean.
PPk, PSE-EEk eta EH Bilduk eskolako eragileek eta Udalak egindako lana aitortu zuten eta horren alde egiteko prestutasuna adierazi zuten, baita EAJk ere, baina Alazne Arana ordezkari jeltzaleak aurreratu zuen etorkizunean (duela urtebete Hezkuntza Sailburuak iragarritako sukaldea eraikitzen denean) kudeaketa eredua aldatuko dutela. Hain zuzen, legebiltzarkideak erabili zituen hitzak izan ziren "sukalde propio in situ eta bertikala" ezarriko dutela.
Aranak argudiatu zuen modu horretan integratuko dutela proiektua Eusko Jaurlaritzako parametroetan, egonkortasun juridikoa bermatuko dutela eta beste hiru irizpide ere beteko dituztela: "Ikastetxe guztientzako ekitatea, finantza jasangarritasuna eta segurtasun juridikoa".
Halaber, jeltzaleak azpimarratu zuen modu horretan Guraso Elkarteari duen lan zama kenduko diotela gainetik.
Eba Colomino Guraso Elkarteko kideak Legebiltzarrean bertan erantzun zion Alazne Aranari eta aitortu zion Eusko Jaurlaritzak urratsak eman dituela Urduña Herri Eskolak baliatzen dituen irizpideen bidean (tokiko ekoizpena, agroekologia, gertuko hornitzaileak...), baina Gobernuak lizitazioan enpresei jarri dizkien pleguak oraindik oso urrun daudela euren praktiketatik.
Colominok erantzun baino lehen, dena den, iritzi trukaketak norabide ezatsegina hartu zuen. Hain zuzen, Alazne Aranak leporatu zion Urduña Herri Eskolari EH Bilduren gidoi politikoa jarraitzea eta ikastetxearen izen ona arriskuan jartzea. "EH Bilduk titular bat baino ez dizue emango eta Eusko Jaurlaritzak sukaldea jarriko dizue", esan zuen legebiltzarkideak.
Eunate Arbizu zuzendariak hitza hartu zuen orduan argitzeko hezkuntza komunitateak ez zuela inolako gogorik mozioa aurkezteko edo Eusko Legebiltzarrera joateko, baina Sailak ez dituenez euren galderak erantzuten eta komunikazio eta informazio falta handia dutenez, bide hori hartu behar izan dutela erantzunak lortzeko.
Halaber, zuzendariak nabarmendu zuen Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuak iaz iragarri zuenean sukalde berria eraikiko zutela, eskolan inork ez zekiela ezer: "Eskertuko genukeen bilera bat aurretik izatea informazio hori jasotzeko".
Gauzak horrela, aurreikuspenen arabera, 2027-2028 ikasturtean indarrean egongo litzateke kudeaketa eredu berria. Horren aurrean, Guraso Elkarteak aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari aldarrikapen eta mobilizazio zikloa abiatuko dutela irailetik aurrera, egungo jantoki ereduaren ezaugarriak bermatzen ez badira.
Egoera hori ez da ezezaguna urduñarrentzat, protesta ugari antolatu baitzituzten bere garaian, egungo eredua eskuratzeko.
Eusko Legebiltzarrera jo baino lehen, Urduñako udalbatzak ostiralean onartu zuen aho batez hezkuntza komunitateak proposatutako testua. EAJk eta EH Bilduk honako bost puntu hauen alde bozkatu zuten:
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545