Astelehenero 8:00etan zure epostan
2025eko uztailaren 14an Ezpeletan (Lapurdi) egindako manifestazioaren ondotik Jendarmeriaren aitzinean “Zakurrak ACABatu” zioen banderola jartzeagatik hamar hilabetezko gibelapenezko espetxe zigorra, 2.000 euroko isuna eta manifestatzeko debekua eskatu du prokuradoreak lau gazteren aurka. Otsailean jakingo da epailearen ebazpena.
Urtarrilean, ehun lagun baino gehiago bildu ziren, lau kideen atxiloketa salatzeko.
Polizia iraintzea eta polizien kontrako heriotza mehatxua egitea leporatu die prokuradoreak lau lagunei, Baionako epaitegian egin auzian. Ekintzaren eta beraien aurka abiatu den prozeduraren proportzionaltasun eza nabarmendu du Ilazki Ortego gazteen abokatuak eta adierazi du “akabatu” hitzaren esanahia gaizki itzuli dutela frantsesera, “bukatu” esan nahi duela eta banderolaren mezuak aldarrikatzen duela Polizia instituzioa bukatzea: “Nehor ezin da kritika politiko batengatik kondenatu”. Gazteak errugabe direla defendatu du abokatuak.
Horrez gain, prozeduran izandako hutsune eta akatsak azpimarratu ditu abokatuak eta prozesua balio gabe uzteko eskatu du. Beste behin, prentsaren aurrean salatu du “guztiz justifikaezina” dela Polizia 06:00etan lau akusatuen bila joan eta “armak aurpegian ezarriz atxilo hartzea”.
Prokuradoreak, bere aldetik, 2.000 euroko isuna, hiru urtez Pirinio Atlantikoetan manifestatzeko debekua eta herritartasun ikastaroa egiteko betebeharra eskatu ditu, baita hamar hilabetezko gibelapenezko kartzela zigorra ere. Alegia, hamar hilabetez nolabait etenda geratzen da kartzelara joateko betebeharra, eta epe horretan akusatuek ez badute beste deliturik egiten, ez dute kartzelara joan beharrik.
Datorren otsailaren 23an jakinaraziko du ebazpena Baionako auzitegiak.
Ez da lehen aldia U14 kolektiboko kideen aurka egiten dutena. 2024an, beste sei kide atxilotu zituzten, ARGIAn kontatu genuenez.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545