Astelehenero 8:00etan zure epostan
Azken hilabetean bitan saiatu dira familia hori etxetik botatzen, baina AZET etxebizitza sindikatuak kanporaketa etetea lortu du, “lan sindikalari eta herri mobilizazioari esker”. Hirugarren saiakeran, ordea, dispositibo polizial zabalak bi adin txikikoak eta haien ama eta amona etxegabetu ditu.
Iturburu kaleko 94. zenbakiko etxegabetzea
Iturribide kaleko 94. zenbakiko familia etxegabetu dute: bi adin txikiko eta bi emakume bota dituzte “inolako alternatiba duinik eskaini gabe”, AZET etxebizitza sindikatuak salatu duenez. Sindikatuak 08:30etarako deitu du mobilizazioa, etxegabetzea berriz geldiarazteko eta “gorputza jartzeko”. Baina 08:00erako poliziek itxita zuten atariaren ingurua. Gutxienez, Bilboko Udaltzaingoaren hiru auto eta Ertzaintzaren sei furgoneta zeuden bertan. Segizio judiziala eta bi sarrailagile 09:15ak aldera iritsi dira, eta familiako kideak pixkanaka atera dira etxetik.
AZETen arabera, instituzioek –udalak zein epaitegiek– bazuten familiaren egoeraren berri, eta bazekiten ez zuela beste bizilekurik. Hala ere, sindikatuak salatu duenez, “ez diete inolako alternatibarik eskaini, ezta bide judizialean prozesua eteteko laguntzarik eman ere”. Horren aurrean, argi dute instituzioek “ez dutela inolako intentziorik egoera hau konpontzeko”.
Sindikatuak polizia dispositibo “erraldoia” ere salatu du. Elkartasuna adieraztera hurbildu diren bizilagunak “kontrolatzeko eta etxegabetzea geldiaraztea saihesteko mobilizatu dituzte poliziak”, adierazi dute. Aurreko bi saiakeretan, antza denez, ez zen halako dispositiborik izan.
AZETek bi saiakera horiek A11ko greba orokorraren aurretik izan zirela gogorarazi du, eta uste du greba igaro arte ez zutela “zaratarik sortu nahi izan”. “Behin greba pasata, normaltasun kapitalistara bueltatu gara, non jabetza pribatuaren eskubidea etxebizitza eskubidearen aurretik jartzen den”, salatu du.
Egoera horren aurrean, sindikatuak antolakuntza eta salaketa jo ditu bide bakartzat. Etxegabetzeak auzoetan egunero gertatzen direla gogorarazi, eta horien erantzuleak seinalatzeko beharra azpimarratu du. “Argi izan behar dugu konponbidea ez dela instituzioetatik etorriko, ezta alderdietatik edo hauteskundeetara aurkezten diren guztien eskutik ere”, adierazi du. Horregatik, etxebizitza sindikatuetan eta bestelako antolakundeetan antolatzeko eta borrokan jarraitzeko deia egin dute, “etxebizitza eskubidea guztiontzat izan arte”.
Indarkeria patriarkalaren eragina
AZETek azaldu duenez, amonaren senar ohia da etxearen jabea, eta, banandu zirenean, epaileak hari aitortu zion jabetza. Sindikatuaren arabera, gizonak beste bi etxe ditu, eta amonak ere dirua jarri zuen etxea erosi eta atontzeko, nahiz eta jabetza-agirian ez agertu. AZETek “indarkeria patriarkalaren” erakusgarritzat jo du kasua, jabeak etxegabetzea emazte ohia “zigortzeko” erabili duela salatuta.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545