Astelehenero 8:00etan zure epostan
Euskal komikigintza sustatu eta zabaltzeko asmoz, azaroaren 20 eta 21ean egingo dute aurtengo azoka Hernaniko (Gipuzkoa) Atsegindegi plazan. Goizez eta arratsaldez, argitaletxeen postuak, komiki-aurkezpenak, egileen sinadurak, zuzeneko marrazketa eta omenaldia izango dira, besteak beste.
Ainara Azpiazu 'Axpi', Aitor Huizi eta Dani Fano HernaniKomik 2026 aurkezten
HernaniKomik euskara hutsezko komikigintzari eskainitako azoka bakarra da. Aurten azaroaren 20 eta 21ean egingo dute, ostiral eta larunbatean, Hernaniko Atsegindegi plazan. Hernaniko Udaleko Kultura zinegotzi Aitor Huizik eta HernaniKomiken antolakuntzan dabiltzan Dani Fano eta Ainara Azpiazu Axpi komikigileek aurkeztu dute aurtengo edizioa.
Bi egunetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara irekita egongo da azoka, eta aurkeztuko diren komiki gehienak udazken honetako argitalpenak izango dira, berri-berriak. Horien artean, ARGIAren ‘Ategorrietan Fisterra’ komikia ere aurkeztuko dute, 1931ko maiatzaren 27an Donostiako Ategorrietan Guardia Zibilak zazpi langile hil eta dozenaka manifestari zauritu zituen sarraskia hizpide duen komikia. Ostiralean aurkeztuko dute egileek 17:30ean.
HernaniKomik euskal komikigileen eta Hernaniko Udal Liburutegiaren artean antolatzen da, eta horren garrantzia azpimarratu du Aitor Huizik asteartean egindako aurkezpenean: “Komikiaren bueltan dabiltzan euskal sortzaileekin egiten dugun elkarlan garrantzitsua da azoka hau. Erakunde publikook askotan baliabideak ditugu, baina ekimenek funtzionatzeko, sektorearen laguntza garrantzitsua da”.
Girotzen hasteko bertso-afari marraztua
HernaniKomik-en egitarauaren barruan, bigarren urtez bertso-afaria marraztua egingo dute azaroaren 20an Santa Barbara elkartean. Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendi ariko dira bertsotan, marrazkiak egiten Amaia Carrere eta Exprai, eta Asisko Urmeneta gai-jartzaile eta gidari lanetan.
Horrez gain, Buruntzaldea eskualdeko udal liburutegietan, euskal komikia irakurri eta gomendioak egiten dituzten irakurleen artean, zozketa jarri da martxan aurten.
Antolatzaileek HernaniKomik aurrera eramateko egiten den “auzolanaren” garrantzia azpimarratu dute. “Harro gaude HernaniKomik azokaz. Behar genuen euskal komikiaren plaza bat, eta hori da HernaniKomik. Hemen, euskal komikigileak ez gara kuota: nagusi gara”, adierazi dute Huizik eta Fanok. Hona hemen 20 eta 21eko egitarau osoa.


EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545