Astelehenero 8:00etan zure epostan
Lehorteen eta ur eskasiaren ondorioz, Ipar Euskal Herrian eta Bizkaiko Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetan neurriak hartu behar izan dituzte ur kontsumoa murriztuta. Debekatu egin dituzte, esaterako, igerileku pribatuak betetzea edota ibilgailu eta gune pribatuak urarekin garbitzea. Bestalde, ur eskasiak ere kalteak ekarri ditu abeltzainentzat, larreak lehortuta baitaude.
Errobi ibaia, artxiboko irudi batean.
Euskal Herria pairatzen ari den lehorteak eragina du, eta handia. Azken asteetako beroak eta euri faltak ur eskasia eragin dute. Ondorioz, zenbait lekutan ur edangarriaren kontsumoa mugatu behar izan dute Ipar Euskal Herri osoan eta Bizkaiko kostaldean, zehazki, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko eskualdeetan.
Pirinio Atlantikoetako prefetak eta Euskal Hirigune Elkargoak alerta gorria ezarri dute Ipar Euskal Herrian, eta uraren kontsumoa beharrezko jardueretara mugatu dute. "Urdazuri eta Uhaitza errekak egoera kritikoan daude, eta Errobi, berriz, alerta azkartuan", ohartarazi du Elkargoak. Horiek horrela, 08:00etatik 20:00etara herritarrek debekatuta dute, besteak beste, kanpoko eremuak ureztatzea edo garbitzea, eta igerileku pribatuak betetzea. Abeltzainen kasuan, profesionalek egunean noizbehinka urezta dezakete, beti ere ezinbestekoa denean. Prefeturaren murrizketak errespetatzen ez dituenak 1.500 eurotik gorako isuna jaso dezake.
Bizkaian ere ur kontsumoa murriztuta
Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak neurri antzekoa hartu du. Patzuergoaren arabera, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko eskualdeak urez hornitzen dituzten ibilguak "egiturazko eskasi egoeran" daude. Horregatik, eskualde horietako 21 udalerritako udalei, tartean Bermeokoari, Busturikoari eta Ondarroakoari, eskatu die ur kontsumoa murrizteko neurriak hartzeko. Adibidez, kaleak garbitzerakoan eta lorategiak ureztatzerakoan. Bestalde, debekatu egin ditu, besteak beste, igerileku pribatuak betetzea eta ibilgailuak eta gune pribatuak urarekin garbitzea.
Abeltzainak "beldurtuta"
Berria egunkariak elkarrizketa egin dio Gipuzkoako EHNEko lehendakari Garikoitz Nazabali. Lehendakariak ohartarazi du larreak lehortzen ari direla, eta beraz, ez dagoela belarrik, garai honetarako "oso erreta" daudela. Hori dela eta, lehendik bildutako belarra hasi dira ematen animaliei. "Horrek esan nahi du hilabete eta erdi edo bi hilabeteko aurrerapenarekin ari garela; orain gastatzen dena gero neguan faltako da, eta datorren udaberria oraindik oso urruti dago", esan du.
Gainera, azaldu du espekulazio ariketa dagoela tarteko. "Erosi beharreko bazka garestitzen hasi da, gutxiago dagoelako, eta kalitate txarragokoa da gainera", adierazi du. Eta aurreratu: "Eskari-eskaintza horretan espekulazioa hasten bada, kostuak izugarri igoko dira". Horregatik, iradoki du aukera bat dela erosketa hori diruz laguntzea, edota ekimen publikoaren bitartez erosketa bateratuak egitea, inoiz egin den bezala.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545