Astelehenero 8:00etan zure epostan
Genevilla herriko (Lizarrako merindadea, Nafarroa) errepidea moztu dute, makrozentral eolikora bidean zen kamioia gelditzeko. Bi ekologista porlanezko bidoi batera kateatu dira.
Ekosistemak babestu, makroproiektu kapistalistei ez lelopean, hainbat pertsonak Genevillako (Lizarrako merindadea, Nafarroa) errepidea moztu dute, Labrazan (Araba) eraikitzen ari diren makrozentral eolikoaren obrak geldiarazteko. Ekintzaileek ARGIAra bidali duten oharraren arabera, bi pertsona porlanezko bidoi batera kateatu dira, zentral eolikorentzat aspa bat garraiatzen ari zen kamioiari bidea oztopatuta, eta beste hainbatek aldarri ekologista ezberdinetako banderak dituzte. Nafarroako Foruzaingoa ekintzaren lekura bertaratu da, baina ez dago berri gehiagorik oraingoz.
Aixeindar enpresa zortzi errotako makroproiektu eolikoa ari da eraikitzen Labrazan. Uztailaren amaieran hasi ziren eraikitzen zentrala, eta urtea amaitu baino lehen martxan egongo dela aurreikusten da. Lurraren aldeko mugimendu ekologistek hainbatetan salatu izan dute horrelako proiektu batek arriskuan jarriko dituela Arabako eta Nafarroako lurrak.
Gaur goizean errepidea moztu duten ekintzaileek salatu dute makrozentralak, ingurune aberatsak suntsitzeaz gain, "inposaketa ankerra" suposatzen duela Labrazko herritarrentzat: "Proiektu hauek ez dira herritarron beharrak asetzeko pentsatu, ezta energia trantsizio ekologiko bat egiteko ere. Hazkuntza eta depredazio mugagabean oinarritzen den sistema honen jarraipena bermatu eta gutxi batzuen kapitala metatzen jarraitzeko egiten dira".

Adierazi dute horrelako makroproiektuek herritarrei "bizitzarekiko eta inguruarekiko harremanaz erabakitzeko eskubidea" lapurtzen dietela, eta aldarrikatu dute ordua dela "ondasun komunaren pribatizazioari eta lurren desjabetzeari" aurre egiteko. Azpimarratu dute lurra zaintzeko erantzun kolektiboaren beharra dagoela, "denon parte hartzearekin, gutxi batzuek dena suntsi ez dezaten".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545