Astelehenero 8:00etan zure epostan
ELA, LAB, STEILAS, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek prentsaurrekoa egin dute salatzeko udalak isuna jarri diela, herritarrei grebaren berri kartel eta pankarten bidez ematean "arau hauste larria" egitea leporatuta. Sindikatuek "eskandalagarritzat" dute isuna, eta udalari dei egin diote "antolatzen diren langileen aurkako jarrerarekin" amaitzeko.
Sindikatuek Gasteizko Udalaren aurrean egindako prentsaurrekoan.
1.500 euroko gutxieneko soldata propioa eskatu, eta 1.500 euroko isuna jaso. Gasteizko Udalak isuna jarri die martxoaren 17an greba orokorra antolatu zuten ELA, LAB, STEILAS, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuei, herritarrei kartel eta pankarten bidez grebaren berri ematean "arau hauste larria" egitea egotzita. Sindikatuek prentsaurrekoa egin dute asteazkenean Gasteizko udaletxearen aurrean, isunaren berri eman eta udalaren erabakia gaitzesteko.
Azaldu dute sindikatuek "ahalegin militante handia" egin zutela, batzar eta bileren bitartez, herritarrak grebara batzeko. "Arrakastatsua izan zen, hamarka milaka pertsonak baliatu zuten grebarako eskubidea, deialdiari lotutako eskaerarekin bat eginda". Ordea, Gasteizko Udalak zigor espedientea ireki zien sindikatuei, langileei grebaren inguruan informatzeko erabilitako bideengatik. 1.500 euroko isuna da; sindikatuen esanetan, "eskandalagarria".
Sindikatuen ustez, isunaren zenbatekoa eta ezarpena ez dira "kasualitatea": "Euskal langileriarentzat eta Gasteizko langileentzat sinbolismo argia duen kopurua eredugarri bihurtzeko interesari erantzuten dio". Salatu dute isunak jartzeak udalaren jarrera "antisindikala" erakusten duela. "Isunen bidez lan aldarrikapenak isilarazi nahi dituzte, greba eskubideari eraso nahi diote eta etorkizuneko mobilizazioak baldintzatu nahi dituzte", kexu azaldu dira sindikatuak.
Prentsaurrekoan zuzenean mintzatu dira Gasteizko Udalari, bereziki EAJ eta PSE-EE alderdiei: "Isuna jarri digute Eusko Legebiltzarrean atzera bota zutenek gutxieneko soldatari buruzko herri ekimen legegilea, zeina 138.000 pertsonek babestu zuten". Horren aurrean, udalari eta bi alderdiei dei egin diete, batetik, mobilizatzeko helburuarekin antolatzen diren "langileen aurkako jarrerarekin" amaitzeko. Eta bestetik, "inplikatzeko" 1.500 euroko gutxieneko soldata "errealitatea" izan dadin. Beraien aldetik, esan dute langileria antolatzen jarraituko dutela, "informatzen eta aktibatzen, baldintzak hobetzeko".
Bilera eskatu dute
Beste aldetik, Berria komunikabideak jakinarazi duenez, ELA eta LAB sindikatuek bilera eskatu diote Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren inguruan hitz egiteko eta Confebasken blokeoa hausteko. Sindikatuen arabera, martxoko mobilizazioen ostean, elkarrizketetarako unea da.
Azaldu dute Torresek grebaren aurretik uko egin ziola bilera egiteari, eta salatu dute Eusko Jaurlaritzak ez duela ordutik mugimendurik egin gutxieneko soldatari buruz eztabaidatzeko. Hortaz, sindikatuen arabera, "oso larria" izango litzateke "EAEko bi sindikatu nagusiei berriro ere bilera ukatzea".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545