Astelehenero 8:00etan zure epostan
Aspaldian antzekorik ez zuten ur-estutasunak jasaten ari dira Asia hegoaldeko hainbat herrialdetan: batzuetan egundoko sikateak direnean, berealdiko euriteak nozitu behar izan dituzte besteetan, ezohiko heriotza-kopuruak eta kalte ekonomiko eta sozial kalkulaezinak metatuz.
Marcos Filipinetako presidentea uholdeak kontrolatzeko proiektu bat bisitatzen. Proiektu horietako asko iruzurra izan dira.
Monzoien nolakotasuna gero eta asmagaitzagoa bihurtzen ari dela esan liteke, ekialderago tifoien suntsikortasuna ere areagotzen doan heinean. Eta gogoeta tekniko edo filosofikoak alde batera utzita, inork ez du uste gertaera horiek behin-behinekoak izango direnik: egiturazko neurri ikusgarriak (eta garestiak) beharko dira. Hil edo biziko kontuak baitira.
Hala ere, aurrekontu-kostuaz harago, neurri horiek ez dira ifrentzurik gabeak izaten: zuzenean nahiz zeharbidez, ezinbestekoak dituzte gizarteen eta gizabanakoen jasankizunak. Eta adibidez, Filipinetan egin du eztanda, bere gordintasun osoan, kostu sozialen atal politiko horrek.
Ustelkeria izango litzateke hitz gakoa, baina Filipinetako politikagintzaren testuinguru berezian. Tifoi latzenen jasailea eta orografia malkartsuenaren jabea izateari gehitzen badiogu Filipinek, oro har, Bizkaiak edo Gipuzkoak baino populazio-dentsitate handiagoa dutela, berehala ulertuko da uholdeek han duten arriskua. Urtero-urtero berresten dena. Aurten bertan.
Ez da harritzekoa, beraz, uholdeak kontrolatzeko lanak izatea Bongbong Marcos presidentearen lehentasun gorenetakoa. Bertako elitea (Marcos-Romualdez-Araneta leinua, urrutiago joan gabe) ezagutzen duena, ordea, ez zen bereziki txundituta geratuko lan horietako asko proiektu fantasmak izan direla aditu duenean. Ezin zen besterik espero elite horietatik: aurrekontua arpilatu egingo zutela. Eta halaxe gertatu da.
Berritasuna da uholdeen kontroleko proiektu fantasma eta iruzurtien ezaguerak herri mobilizazio erraldoia sorrarazi duela; batez ere Manila inguruan, baina ez han bakarrik. Eta mugimendua ez datorrela Marcos vs Duterte klanen arteko gatazka politikoren segizioan, leinu biak daudelako ustelkeria horretan murgilduta. Aldiz, Eliza Katoliko ahaltsuaren itzala ez da hutsala protesta-ekintzetan, bere garaian Marcos aitaren eraispenean gertatu zen bezala: botere politikoan gehiegizko aginpidea lortu duten beste konfesio batzuei gehiengoen indarra erakusteko unea heldu bide da.
Urak zein arre datozen jabetzeko: Imee Marcos arrebak aurpegiratu die Bongbong presidenteari eta haren emazte Liza Aranetari drogazale porrokatuak izatea. Hau da, edonork aspalditik ziurtzat ematen zuena.
Krisiaren –oraingoz– azken jazoera da Marcos presidentearen eta Co klanaren arteko haustura zaratatsua, oraintsu arte Bongbongen kutunenetakoa izandako Zaldy Cok Filipinetatik ihes egin duenean ikerketei iskin egiteko. Antza denez, hegazkin bete dirurekin.
Uholdeak berak bezain kaltegarriak izan baitaitezke zenbait elite.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545