Elurretan jaio eta izotzetan bataiatu

Su hartuko ote du Txinak eraiki nahi duen munduko presarik handienak?

Iazko azken hatsean Txinako gobernuak Yarlung Zangbo ibaiaren behe-arroan proiektu hidroelektriko handia abian jarriko duela iragarri izanak, urak harrotu ez, sutan jarri dituela dirudi gure artean. Esan dezakegu alarmaren eskala osoa kurritu dutela iruzkinek: munduko handiena eta garestiena izango dela, Hiru Arroiletako presa erraldoiak halako hiru elektrizitate sortuko duela…


2025eko otsailaren 04a
Yarlung Zangbo ibai tibetarraren arroan energia hidroelektrikoa sortzeko Txinak darabilen proiektua aspaldikoa da.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Eta egundoko kinka (lurrikara ikaragarriak jasaten dituen eskualde batean egongo delako, adibidez) ez ezik sekulako kalteak ere erakarriko dizkiela urtegiak hartuko duen ibarreko biztanle, fauna eta florari; eta ikaragarrizko arriskuak ibaibidean behera bizi diren milioika indiar eta bangladeshtarrei. Ahaztu gabe Asiako bi potentzia nagusien arteko liskarbide izan behar duela baten batzuen ustez.

Horrela irakurrita, kosta egiten da hemen bertan loa ez galtzea. Haatik, ez du ematen India eta Txinaren arteko harremanek azken hilabete hauetan bizi duten epelaldian egitasmoak aparteko trabarik egin duenik. Mendebaldeko iruzkinek balizko arrakala gaiztotzeko grina badarabilten arren. Esanak eta izanak oso aldenduta dabiltza, antza.

Izan ere, aspaldiko egitasmoa da, gero beste ibaiadar batzuekin elkartuta Indiako Assamen Brahmaputra izena hartzen duen Yarlung Zangbo ibai tibetarraren arroan energia hidroelektrikoa sortzeko Txinak darabilen proiektua. Zergatia ere ulertzen erraza da: hartarako munduko lekurik aproposena dela esan liteke, ibaiak 2.500 metro inguruko desnibela baitu 200 kilometroko ibilguan. Energia hidroelektrikoa sortzeko sekulako ahalmen teorikoa du, beraz.

Ifrentzua ere nahiko ulerterraza da, ordea: munduko lekurik korapilatsuenetako batean dago kokatuta Medog konterria. Han, Yarlung Zangbo ibaiaren ibilgu osoa arroila piko eta estua da (“munduko arroilarik handiena”, diote); amildegi hutsa kasik, etengabeko lur-jausi eta harri-luiziekin, biztanle bakanak eta komunikabide are bakanagoak dituena... Lurrikara bortitzak sor ditzaketen failak azpian dituela, gainera.

Presa eta urtegi handi bat eraikitzeak edonon izango du zailtasun galanta; baina Sisiforen egitekoa izan daiteke Medogen. Eta hartan aritu behar dutenek betiere gogoan izango dute hitz madarikatu bat: Vajont. Urtegia burutu eta betetzen denean gertatu litekeena.

Berez, egitasmoaren xehetasun teknikorik ez da ezagutzen; ezta presaren kokapen zehatza eta haren egitura eta tasun nagusiak ere. Ematen du, haatik, hainbat presa elkarlotu izan ditzakeen egitasmo zabalago baten lehen etapa izan daitekeela oraingo hau.

Eta Indiaren kezka nagusia ez dela Txinak hura egitea, baizik behar bezain ondo ez egitea. Ondo egin eta Assameko uholde etengabeak menderatzen lagunduko balio, mesede ederra egingo liokeelako.

Gorabehera ekonomikoak otorduraino heltzen direnean: arrozaren krisia
2025-02-18 | Mikel Aramendi
Estatu Batuen muga-zergak nahiko buruhauste ez balira, pasa den asteko albiste xalo samar batek dardara-uhinak helarazi ditu mundu-parte handi bateko otordu-mahaietaraino: Japoniako gobernuak bere arroz-gordekin... (+)
Obrak eta obrak, marra horia lausotzeko
2024-12-31 | Mikel Aramendi
Garai aproposa izaten da urteburua iraganeko lorpenak goraipatzeko eta, are gehiago, etorkizuneko asmo-usteak aldarrikatzeko. Eta halatsu da Txinan ere, alafede. Bide batez, ez da harrigarria... (+)
Txina, Kirgizistan eta Uzbekistan lotuko dituen trenbide faraonikoa eraikitzen hasiko dira
2024-06-11 | Mikel Aramendi
CKU trenbide hori egitasmo mitikoa da, hitzaren adiera zuzenean: itxuraz, koherentea ez ezik desiragarria litzatekeena, baina ameskerien mundutik kanpo zertzeko aukerarik gabea, orain arte behintzat.... (+)
Tritioaren diplomazia
2023-07-10 | Mikel Aramendi
Protestak protesta, Ozeano Barera isuriko dira, pixkanaka, ondorengo egunotan hasi eta urtetan iraun beharko duen operazioan, itsasikara batek sorrarazitako tsunamiak Fukushima Daiichi zentral nuklearrean 2011ko... (+)
gora