Asteroko buletina
Urriko tenporetan ze haize, negu guztian alantxik

Gorabehera ekonomikoak otorduraino heltzen direnean: arrozaren krisia

Estatu Batuen muga-zergak nahiko buruhauste ez balira, pasa den asteko albiste xalo samar batek dardara-uhinak helarazi ditu mundu-parte handi bateko otordu-mahaietaraino: Japoniako gobernuak bere arroz-gordekin estrategikoetako 210 mila tona merkaturatzeko agindua eman du, herrialdeko jangai nagusiaren prezioen gorakada neurrigabeari aurre egiteko.


2025eko otsailaren 18a

Izatez, ez legoke arroz-eskasiarik ere Japonian une honetan: inportazioen bitartez konpondu behar izan zen 2023ko uzta kaskarraren ondoren, uzta txukuna izan da 2024koa (aurreko urtean baino 180 mila tona gehiago). Baina... espekulazio-asmoz egindako akaparatze-operazioak medio, merkatura, aurreko urtean baino 210 mila tona gutxiago iritsi omen dira. Eta horiexek lirateke gobernuak bere gordekinetatik plazaratu dituenak. Bizkitartean, saltokietan ere, jendea akaparatze larregia egiten ari zelako, prezioak biziro goratuz.

Merkatuaren “ohiko” bihurrikeriak izango dira, baina aspalditik (betidanik, agian) hari hauskor batzuetatik zintzilik dagoen merkatua da arrozarena. Eguraldiarena izan ohi da hari horietan hauskorrena. Montzoiek, lehorteek eta gainerakoek, aurten hemen eta datorren urtean han, pikutara bidal baititzakete ekoizpen-eskualde handietako uztak. Eta esan gabe doa gero eta gaiztoagoa izaten ari dela aparteko jazoera atmosferikoen eragina.

Halakoen –eta mundu-mailako merkatuen gorabeheren– ondorio zuzenetako bat izan ohi da arroza atzerriko merkatuetan saltzeko debekua edo mugapen estua, etxekoen otordua lehenetsi beharragatik. Protekzionismoa deituko dio norbaitek. Ukrainako gerra sutu ondoren Indiak ezarri zuen esportazio-debekua litzateke horren adibide gardenenetako bat.

Orain Japoniak baliatu dituen stock estrategikoak bezalakoak metatu beharra da beste ondorio bat. Ekoizle handiak ere beharrean aurkitzea ez delako harrigarria, jaleak asko direnean. Uztak, inportazioak edo, kasu honetan, espekulazioak behartzen dutenerako, Asia hego-ekialdeko herrialde guztiek dituzte gordekinak, joriagoak edo urriagoak.

Asia ekialde eta hegoaldeko herrialdeek osatzen dute arroz-ekoizleen top ten-a. Baina haien artean luzaz produzitzaile handienak direnek, Txinak eta Indiak, beren barne-kontsumo erraldoiak eskatzen diena baino asko gehiago ez dute ekoizten: 150 kilo inguru urtean biztanle bakoitzeko. Kanbodia, Thailandia, Vietnam, Myanmar, Bangladesh edo Indonesiari dagokie, proportzioan, esportatzaile handienak izateko betekizuna.

Guztien artean, gizateriaren erdia baino bilbatzen dute. Eta arroza dute elikaduraren oinarri-oinarria. Ez da jolasa.

Su hartuko ote du Txinak eraiki nahi duen munduko presarik handienak?
2025-02-04 | Mikel Aramendi
Iazko azken hatsean Txinako gobernuak Yarlung Zangbo ibaiaren behe-arroan proiektu hidroelektriko handia abian jarriko duela iragarri izanak, urak harrotu ez, sutan jarri dituela dirudi gure... (+)
Obrak eta obrak, marra horia lausotzeko
2024-12-31 | Mikel Aramendi
Garai aproposa izaten da urteburua iraganeko lorpenak goraipatzeko eta, are gehiago, etorkizuneko asmo-usteak aldarrikatzeko. Eta halatsu da Txinan ere, alafede. Bide batez, ez da harrigarria... (+)
Txina, Kirgizistan eta Uzbekistan lotuko dituen trenbide faraonikoa eraikitzen hasiko dira
2024-06-11 | Mikel Aramendi
CKU trenbide hori egitasmo mitikoa da, hitzaren adiera zuzenean: itxuraz, koherentea ez ezik desiragarria litzatekeena, baina ameskerien mundutik kanpo zertzeko aukerarik gabea, orain arte behintzat.... (+)
Tritioaren diplomazia
2023-07-10 | Mikel Aramendi
Protestak protesta, Ozeano Barera isuriko dira, pixkanaka, ondorengo egunotan hasi eta urtetan iraun beharko duen operazioan, itsasikara batek sorrarazitako tsunamiak Fukushima Daiichi zentral nuklearrean 2011ko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora