Sasiakazia lore, antxoa urre

Myanmar: lurrikarak ekar ote dezake gerraren amaiera?

Triskantzaren balantze humano eta ekonomiko ilunaren esperoan, galdera berehala bururatzen zaigu urrutiko begirale baino asko gehiago ezin izan garenoi: zer gertatuko da orain gerra zibil horretan? Nolako eragina izango du lurrikararen suntsiketak? “Nargis efektu” bat espero ote daiteke?


2025eko apirilaren 01a
Mandalay-n erreskate lanetan, Myanmarreko eta Txinako larrialdi zerbitzuak.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

2008ko maiatzaren 2an, Nargis zikloi tropikal txit bortitzak Mawdwin lurmuturrean ukitu zuen lehorra Myanmarren, ekialderanzko bidean; Ayeyarwadi ibaiaren delta, Yangon, garai bateko hiriburua, eta Bago zeharkatu ondoren, Kayin estatuko mendialdeak jo eta indarra galdu ondoren baretu zen. Bidean, 140 mila hildako inguru utzi zituen; eta, pentsa, Asian gutxitan ikusi ahal izan den moduko txikizioa: etxeak lur jota, arroz-soroak birrinduta, milioiak janik eta urik gabe...

Halaz eta guztiz ere, suntsiketa apokaliptiko hargatik baino gehiago, haren ondorio politikoa izan litekeenagatik gogoratzen da Nargis zikloia: Than Shwe jeneralaren diktadura militarraren akaberagatik. Zikloia bera bezain suntsigarria izan zen gerora “trantsizio demokratikoa” zabaltzea; hain zuzen, zikloiaren ondorengo kudeaketak sorrarazi zuen haserre sozialak ahalbidetu zuen eginbidean zen hala moduzko “trantsizio demokratiko” hori. Eta, 2015ean, orduko uholdeak uholde, Aung San Suu Kyi andrearen LND alderdia gobernura iristea ahalbidetu zuen. 2021eko otsaileko estatu-kolpera arte.

Harez geroztiko gerra zibilaren erdi-erdian, Mandalay-tik gertu epizentroa izan duen martxoaren 28ko lurrikara jazo da. Goizegi da kalteen balantzea, lehen unekoa ere, egiteko, jipoi latzena jasan duten inguruneetako berririk ere ez delako izan orain arte. Baina hildakoak milaka ez ezik dozenaka mila izan daitezkeela iradokitzea ez da ezkorregia izatea izango, zoritxarrez.

Triskantzaren balantze humano eta ekonomiko ilunaren esperoan, galdera berehala bururatzen zaigu, haatik, urrutiko begirale baino asko gehiago ezin izan garenoi: zer gertatuko da orain gerra zibil horretan? Nolako eragina izango du lurrikararen suntsiketak? “Nargis efektu” bat espero ote daiteke?

Itxura denez, Junta militarraren kontrolpean dauden eskualdeak kaltetuko zituen gehien lurrikarak: militarren eskuetan daude hirigune gehien-gehienak, hau da, gune urbanizatuenak eta, bide batez, astinduaren kalte suntsitzaileenak jasango zituztenak. Matxinoen eskuetan dauden eskualdeetan ere izango ziren kalteak, baina susma liteke abantaila militarrak lortzeko tentazioa ere ez dela txikia izango haien artean; lehen egunak igarota, inork ez du, behintzat, su-etenez eta antzekoez hitz egin.

2008ko anabasaren irakaspenak atera dituztelako edo, Junta militarrak atzerriko laguntzari uko ez baizik dei egin dio. Indiatik eta, bereziki, Txinatik halako dezente, eta azkar, iristen hasi zaiola ematen du. Ez da kasualitatea: Myanmarreko gerra zibilak gaur-gaurkoz duen galgarik handiena auzo dituen bi potentzia horietatik ari da heltzen, asaldagarria egiten zaielako beren mugetan halako gatazka bat edukitzea. Eta badakite inork irabazi ezingo duen gerra dela.

Baina, lurrikara eta guzti, bake iraunkorra ez ezik su-eten sendo samar bat ere urruti dagoela esan liteke. Hondamendi klimatiko eta geologikoak bezain iraunkorrak dirudite Myanmarreko gatazka politiko-militarrek.

Gorabehera ekonomikoak otorduraino heltzen direnean: arrozaren krisia
2025-02-18 | Mikel Aramendi
Estatu Batuen muga-zergak nahiko buruhauste ez balira, pasa den asteko albiste xalo samar batek dardara-uhinak helarazi ditu mundu-parte handi bateko otordu-mahaietaraino: Japoniako gobernuak bere arroz-gordekin... (+)
Su hartuko ote du Txinak eraiki nahi duen munduko presarik handienak?
2025-02-04 | Mikel Aramendi
Iazko azken hatsean Txinako gobernuak Yarlung Zangbo ibaiaren behe-arroan proiektu hidroelektriko handia abian jarriko duela iragarri izanak, urak harrotu ez, sutan jarri dituela dirudi gure... (+)
Obrak eta obrak, marra horia lausotzeko
2024-12-31 | Mikel Aramendi
Garai aproposa izaten da urteburua iraganeko lorpenak goraipatzeko eta, are gehiago, etorkizuneko asmo-usteak aldarrikatzeko. Eta halatsu da Txinan ere, alafede. Bide batez, ez da harrigarria... (+)
Txina, Kirgizistan eta Uzbekistan lotuko dituen trenbide faraonikoa eraikitzen hasiko dira
2024-06-11 | Mikel Aramendi
CKU trenbide hori egitasmo mitikoa da, hitzaren adiera zuzenean: itxuraz, koherentea ez ezik desiragarria litzatekeena, baina ameskerien mundutik kanpo zertzeko aukerarik gabea, orain arte behintzat.... (+)
Tritioaren diplomazia
2023-07-10 | Mikel Aramendi
Protestak protesta, Ozeano Barera isuriko dira, pixkanaka, ondorengo egunotan hasi eta urtetan iraun beharko duen operazioan, itsasikara batek sorrarazitako tsunamiak Fukushima Daiichi zentral nuklearrean 2011ko... (+)
gora