Astelehenero 8:00etan zure epostan
Laugarren greba egunaren ostean sinatu dute akordioa LABek, CCOOek eta UGTk patronalarekin. Eusko Jaurlaritzak ratioak murriztea proposatu ondoren heldu da adostasuna. ELAk, baina, ez du akordioa sinatu, “langileek eskatutako gutxienekoak betetzen ez dituela” argudiatuta.
EAEko eskola publikoetako jantokietako langileen “antolakuntzak eta borrokak” bere fruituak eman dituela ospatu du LAB sindikatuak. Hitzarmen kolektiboan aurreakordioa lortuta, bertan behera utzi dute asteartean hasitako bigarren greba zikloa. Sindikatuaren aburuz, “lan, soldata eta gizarte arloko hobekuntza garrantzitsuak” jasotzen ditu akordioak. Hitzarmen berriak 2024tik 2030era arteko indarraldia izango du.
Astearte arratsaldean bildu ziren enpresa eta langileak, laugarren greba egunaren ostean, Eusko Jaurlaritzak ondutako “proposamen hobe bat” eztabaidatzeko. Langileen eskakizunei jarraiki, Hezkuntza Sailak adierazi zuen “datorren ikasturtetik aurrera Lehen Hezkuntzan begiraleen ratioak pixkanaka murriztuko” dituela, eta bide horretatik iritsi da akordioa. Hala, hogei ikasle baino gehiagoko hiru urteko geletan begirale bat egongo da, eta Lehen Hezkuntzan, 2027-2028 ikasturtetik aurrerako ratioa 37 ikasletik 30era jaitsiko da. Ordura arte, 30 ikasle baino gehiagoko lehenengo, bigarren eta hirugarren mailako geletan begirale bat gehiago sartuko da.
Ez dira izan lortu dituzten hobekuntza bakarrak. Akordioan aurrera-pausuak jaso dituzte, besteak beste, aldagelen garbiketan, antzinatasunari buruzko eta LGTBI+ kolektiboko kideen jazarpenari aurre egiteko protokoloan, laneko arropan, eta eutanasiarako eskubidea aplikatzeko prozesuan dauden senideei laguntzeko baldintzetan.
ELA, desados
Soldatei dagokienez, LABek, CCOOek eta UGTk bilatzen zuten eskola jangeletako langileen soldatak administrazioarentzako lan egiten duten gainerako sektoreekin parekatzea (garbitzaileak, adibidez), eta jakinarazi dutenez, lortu dute. Horrek %6,5eko igoera ekarriko die jangeletako langileei.
ELAk, baina, ez du akordioa sinatu, soldaten auzian desadostasunak tarteko. Eskola jantokietako langileek euren soldatak sektore gisa negoziatu behar dituztela defendatu dute, administraziorako ari diren langileen soldatek baldintzatu gabe. Adierazi dutenez, akordioak "ez du bermatzen soldata-parekatzea, soldata-igoerak mugatzen ditu eta ez du KPIari buruzko erreferentziarik jasotzen". Ondorioz, esan dute langileek ez dutela "erosteko ahalmena mantentzeko bermerik". Salatu dute, halaber, Eusko Jaurlaritzak ratioen taula ez duela langile guztientzat aldatu, eta hitzarmenak ez duela sektorean gutxieneko lanaldirik ezartzen, "prekaritateari aurre egiteko funtsezkoa". ELAk gaitzetsi du sinatzaileek mobilizazio testuinguruan erabaki dutela akordioa ixtea.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545