Asteroko buletina
Zemendian erein garie, idien apatxean be.

Udazkena agurtzen negua besarkatzeko

Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin duen lan eta esfortzuaren ostean, zikloari bukaera eman dio, neka-neka eginda dago. Ez du beldurrik, konfiantza du, natura horrela baita, hasi eta bukatu, udaberrirako prest egongo da berriz, beste behin, indartuta eta energiaz beteta loratzeko eta ziklo berriari hasiera emateko.

Negua barne bizitza eta sormena garatzeko unea ere bada, fisikoki eta emozionalki birsortzeko aukera ematen digu. Energia gutxiago dugunez, etxeko goxotasunaz eta konpainiaz gozatzeko gonbita ematen digu.Etxekoekin eta lagunekin mahai inguruak eta tertuliak berreskuratzea gomendagarria da. Mahaiak apaindu, tokia olio esentzialez lurrindu (zitrikoak, erromeroa, kanela), garaiko eta ospakizun platerak prestatu eta partekatu, elkarrizketa eta momentu baketsuak eta osasuntsuak sustatu...

Giltzurrunak zaindu, hezurdura indartu eta beldurrak baretu. Hona hemen horretarako neguko elikadura eta zaintzarako tresnak. Hezurrak zaintzeko, oinarrizkoa da neguan eta hotz dagoenean ohitura osasuntsuak hartzea. Gorputza mugitzea, indarra lantzea, luzaketak egitea. Naturan eta egun argiz, eguzki ordutan. D bitamina hartzeko, saia zaitez eguzkitan jartzen egunero minutu batzuetan, neguan udan baino denbora gehiago.

Udazken bukaeran eta negu hasieran ditugun barazkiak lagungarriak dira giltzurrun eta hezurdurarentzat. Aztertu dezagun zeintzuk diren.

Lehen platererako, koilara erabiltzen den jakiak modan jarriko ditugu, zopak eta lekaleak. Beroak eta berriztatzaileak dira. Garrantzitsua da gure elikadura planetan ura, barazki saldak, zopak, barazki kremak eta infusioak txertatzea. Ureztatu dezagun gure gorputza, etxeko landarerik garrantzitsuena gara.

Aza eta azakiak

Kaltzio iturri begetalak dira, fruitu lehor eta lekaleekin batera. Magnesioa ere lor dezakegu hosto berdeetatik. Konposatu sufredunak ez ezik, funtsezko nutrienteen kontzentrazio handiak dituzte. Neguan, frutarik ez zegoenean, C bitaminaren iturri garrantzitsua ziren, gordinik edo apur bat egosita jaten baziren. Gainera, B multzoko bitaminak, A bitamina (beta-karotenoa), azido folikoa, selenioa, burdina, magnesioa, potasioa eta flabonoideak eskaintzen dituzte, dosi esanguratsuetan.
Lagungarriak dira azakien hostoak zauriak osatzeko. Urdaileko gaitz eta ultzeratan zukua hartzen da. Hesteetako arazoetan laxante eta erregulatzailea da. Hezurren laguna da, osteoporosia ekiditeko. Minbizi jakin batzuen prebentzioan eragina dute.

Kontuz: kruziferoek (brokolia, azalorea, aza…) tiroideak iodoa xurgatzea eragozten dute. Hala ere, iodoa bahitzeko ekintza hori desagerrarazi egiten da elikagaia kozinatuta edo hartzituta dagoenean.
Aza horietako asko egosi eta kremei gehitu dakizkieke, patata eta azenarioekin. Beste batzuk, lekaleekin nahastuta prestatzen dituzte. Animatu eta probatu pixka bat egosita jan daitezkeen barietateak (brokolia, aza, lonbarda, erromeskoa…) bikainak dira lurrunetan, erregosita, papillotean edo labur salteatuta berakatz eta intxaurrekin.

Aza hartzitua edo chucruta platerean jartzea izan daiteke modua gure elikaduran probiotikoen hazkuntza sustatzen duten eta toxina eta patogenoen aurkako lehen defentsa-lerro gisa diharduten bakterio onuragarriak gehitzeko.

Babarrunak

Babarrunek ezaugarri nutrizional ugari dituzte, osasunerako onura ugarirekin.Proteina-iturri oso onak dira. Beraz, bigarren plater bezala hartzen dut eta astean hirutan gutxienez, bigarren plater bezala lekaleak jatea gomendatzen da. Garrantzitsua da ogi, arroz, patata eta barazkiekin menua osatzea. Zuntz asko dute, ondo mastekatzen ez baditugu, arazoak ekar ditzakete digestio eta haizeekin. Poliki eta neurrian jatea gomendatzen dut.

Burdina eta zinka dituzte, defentsak handitu eta sistema immunologikoa indartzen dutenak.
Lekaleak prestatzeko modu asko dago: lapikoan, entsaladan, saltsan, hanburgesan, pastelak eginda... Lagungarriak dira anemia eta nekaldian.Tentsio altua dutenentzat ere bai, sodio gutxi eta potasio asko dutelako. Eta idorreria arazoetarako, zuntza dutelako.

Gaztainak

Dituen ezaugarri eta onurengatik, merezi du gaztainaz gozatzea bere sasoi osoan. Karbohidrato konplexuak dituenez, oso asegarria da eta mikrobiota elikatzen du. Ordu-artean eskutada bat gaztaina mokadu osasungarria da. Ez ahaztu ondo mastekatzea eta poliki jatea. Nutrizionalki, lekale eta zerealen antzekoak dira.

Gaztaina erreak jatea da ohikoena, baina egosi ere egin daitezke, eta errezeta askotan erabili daitezke gordinik, purean eta “marron glace” gozoan, adibidez.

Elikagai garrantzitsua dira ume, haurdun, ahuldadean direnentzat, nekatuta daudenentzat eta kirolarientzat.

Ondo bukatu urtea. Urte berriarekin bueltan izango nauzue.

Suaren kolorea duen azaroa, hazien aroa
Zer da zuretzat sukaldea? Niretzat, suaren tokia, sua dagoen aldea. Etxearen bihotza da, lapikokoa mimoz eta maitasunez  prestatzeko lekua. Gero, mahai inguruan  jateko, dastatzeko, partekatzeko... (+)
Urrian hobetu eta indartu zure immunitatea
"Kanpora begira" bizi izan garen udararen ondoren, udazkenak geure buruarekin berriro konektatzera, errutinara itzultzera eta bertan nola sentitzen garen entzutera gonbidatzen gaitu. Eta udazkenean zer... (+)
Iraileko kolore laranjak
Zer behar du momentu honetan gure gorputzak? Kontzientzia hartu, gure ongizatean denborak, atsedenak, mugimenduak eta garaiko elikadurak duten eraginaz. Gure ingurune naturalak, jakintzaz ematen dizkigu... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora