Astelehenero 8:00etan zure epostan
Intxaurrondoak ekainean emango du bere fruitua. Lan bikaina egin du, esfortzuak merezi izan du. Lehen beroaldiekin zirkulazioak eta bihotzak zaintza bereziak behar dituzte. Garrantzitsua da hidratazioa mantentzeko neurriak hartzea –ura, infusioa eta saldak– eta fruta eta barazkiekin elikadura plana aberastea. Salda diuretikoak oso gomendagarriak dira, oinak eta hankak arin edukitzeko. Gatz eta olio gabe prestatuak, tipula, baratxuria, porrua eta perrexilarekin prestatutakoak.
Hilabete honetan nire helburua sasoiko eta bertako fruta eta barazkiekin prestatutako entsalada gozo eta nutritiboak prestatzeko ideiak ematea da. Baratzeak edo ortuak kolorez beteta daude, hona hemen ekainean aurkituko ditugunak: piperrak, tomateak, kuiatxoak, lekak eta uraza bezalako barazkiak bere unerik onenean daude, testura, zapore eta mantenugai ugari eskaintzen dituzte. Fruta hauek ere jan ditzakegu: albertxikoa, meloia, sandia, mugurdia, ahabia, arana, platanoa, gerezia, ahuakatea eta mertxika.
Zertan laguntzen gaituzte entsaladek?
Entsaladek udan gorputza hidratatzen, freskatzen eta digestioa hobetzen laguntzen digute. Aberatsak dira bitamina, mineral eta konposatu antioxidatzaileetan.
Entsaladak modu egokian murtxikatzen baditugu eta otorduaren hasieran jaten baditugu, asetuta sentitzen eta digestioa hobetzen lagunduko digute. Mastekatzeko arazoak dituztenentzat edo jateko denbora gutxi dutenentzat, kantitatea eta plateraren neurria zaintzea komeni da, digestio arazoak ez izateko. Entsaladak polikiago jateko, gomendioa da gose garenean lehenik saldak eta zopak hartzea.
Osagaien eta kantitatearen arabera, entsalada izan daiteke lehen platera, osagarria edo plater bakarra.
Jarraibidea:
1. Entsalada lehen platera izango bada, jarraitu 1, 2, 3, 4, 5 eta 6 puntuak. Aldiz, entsalada plater bakarra izango bada, gehitu 7. puntua.
2. Aukeratu garaiko barazkiak: hostoak (uraza, kanonigoak), tomatea eta leka (egosita).
3. Eman kolore ukitu bat: azenarioa (gordina, egosia), erremolatxa, hainbat koloretako piperrak (gordinak, labean erreak, kontserbakoak), zainzuriak, errefautxoak...
4. Ausartu fruta eta lore jangarriak gehitzen. Testura eta kolore erakargarriak lortuko dituzu. Gogoratu begietatik jaten dugula.
5. Platerak apaintzeko kurruskariak gehitzea oso egokia da: fruitu lehorrak, germinatuak, haziak. Karbohidratoak platerera gehitzeko modu hauek daude: patata txiki bat, arroza edo pasta koilarada batzuk eta ogi xerra.
6. Gozatu entsalada. Limoi zuku edo ozpina, koipeak (ahuakatea, olioa, aliolia) eta hainbat saltsa ditugu aukeran, adibidez, jogurt saltsa. Entsalada ez hondatzeko, nire gomendioa da bakoitzak bere entsaladari gozatzekoak jateko momentuan gehitzea da.
7. Proteinak beharrezkoak dira, zure entsalada osoagoa eta asetzaileagoa izateko. Hona hemen ideia batzuk: arrautzak, lekaleak (ilarrak, txitxirioak, babak), hegaluzea edo sardinak kontserban edo haragi zuriak (oilasko egosia edo plantxan) gehitzea.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545